Koronabirusaren hedapena geldiarazi edo murrizteko martxan jarri den osasun alarmarekin bat egitea erabaki du gaur arratsaldean Hernaniko 'Berriak' Merkatari eta ostalarien elkarteak, eta itxi egingo ditu tabernak, gaur arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
Astigarragako Zipotza elkarteak ere sare sozialetan zabaldu du mezua. «Korobinusaren hedapena guztion ardura dela sinetsita eta astigartar eta langileei zor zaien begiruneagatik, Zipotza ixtea erabaki dugu».
Hernaniko 23 taberna, itxita
Mertxe Jimenez, Berriak elkarteko ordezkariak azaldu du «herriarekiko ardura» dutela komertzioek. «COVID-19 birusaren foko izan gaitezke tabernak». Horregatik, ixtea erabaki dute. Gainera, «aurreratzea» erabaki dute, uste baitute, «agian, astelehenean ixteko agindua iritsiko dela. Gipuzkoan gaixotu gutxiago dago beste lurraldeetan baino, eta hemen ez daukagu kasurik. Hobe, aurrea hartzen badiogu».
Egoera noiz arte luzatuko den ez dakite. Oraingoz, besterik gertatzen ez den bitartean, beste bilera bat egingo dute gaur zortzi, datorren ostiralean, egoera berriro aztertzeko.
Elkarteko tabernak ez direnei dagokienez, berriz, dio ezin dutela ezer egin. «Berriakeko 23 tabernek itxi egingo dugu. Gainontzekoen berri, ez dakigu. Ezin dugu inor derrigortu, baina ixteko gomendioa luzatzen diegu denei».
Bestelako dendak irekita, baina hutsik
Elkarteko gainontzeko merkatari eta dendarien inguruan galdetuta, Berriak-ek azaldu du oraingoz irekita daudela, «baina, elikadurari lotutakoak kenduta, hutsik daude. Ez dute ezer saldu. Oraingoz ez dira itxiko, larunbat goiza bakarrik geratzen baita, astelehena baino lehen. Astelehenean ikusiko da erakundeetatik zer esaten duten».