Sagardotegiak

Astigarraga eta Hernaniko txotx denboraldiak, etenda

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 13a, 14:04

Xabier Lertxundi alkateak eta Jon Peña, sagardogileen ordezkariak eman dute prentsaurrekoa.

Astigarragako sagardotegiek ere erabaki bera hartu dute, arratsaldeko bileran. Hernanin, Xabier Lertxundi alkateak eta Jon Peña, Hernaniko sagardogileen ordezkariak eman dute erabakiaren berri, eguredian. Hernaniko ostalariak biltzekoak dira. 

Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko neurriak zabaltzen ari dira egunez egun eta orduz ordu, eta txotx denboraldiari ere eragin dio. Astigarragako sagardogileek txotx denboraldia, «beste berririk izan arte» eta «prebentzio modura», bertan behera uztea erabaki dute, arratsaldeko bileraren ondoren. 

Hernanin, goizean hartu dute erabakia. Eguerdiko 13:30etan emandako prentsaurrekoan jakinarazi du Hernaniko alkate Xabier Lertxundik «Hernaniko txotx garaia eten egin» dela. Dena den, azpimarratu du «eten bai, baina ez dela bukatu». Erabakiak gaur bertan du eragina, eta dagoeneko itxi dituzte Hernaniko sagardotegiak. Noiz arte iraungo duten horrela, oraindik ez dakite, osasungintzatik iristen diren gomendioen araberakoa izango baita erabakia.

Alkateak azaldu du goizean bildu dela koordinazio mahaia, erabakia hartzeko. «Sagardo denboraldiak Hernaniri arrisku larriak ekarri diezazkiokeela ikusita, sagardogileekin bildu gara, eta sagardogileek arduraz jokatzeko erabakia hartu dute».

Astigarragako sagardotegiek ere, ixteko erabakia

Jon Peña, Hernaniko sagardogileen ordezkariak ere hala berretsi du, eta arratsaldean beste bilera bat egitekoak ere badirela aurreratu du. «Elkarte guztiak bilduko gara, Sagar Uzta, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea eta Sagardo Mahaia. Izan ere, sagardotegiak Euskal Herri osoan gaude eta egoera honek denoi eragiten digu». 

Hain zuzen, Astigarragako sagardotegiek ere ixteko erabakia hartu dute, udaletxeko komunikazio arduradunak jakinarazi duenez. «Prebentzio modura sagardotegiak ixtea erabaki dute, beraz, beste berririk izan arte sagardo denboraldia bertan behera geldituko da Astigarragan». 

Ostalariak ere, biltzekotan

Bestalde, Hernaniko tabernari eta ostalariek ere gaia lantzeko asmoa badutela aurreratu du Lertxundik. Arratsaldean dira biltzekoak, erabakiren bat hartuko duten edo ez eztabaidatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!