Erakunde publikoek hainbat neurri hartu dituzte COVID-19, Koronabirusaren hedapena geratzeko helburuarekin, prebentzio neurri gisa, eta Urumea bailaran ere izan dute eraginik, gomendio eta neurri horiekin bat egitea erabaki baitute Hernani eta Astigarragako Udalek.
Aurreneko neurrietakoa, eskola publiko guztiak ixtea izan da. Euskal Autonomia Erkidego guztian itxi dira, gaur hasi, eta oraingoz, 15 egunez. Beraz, Astigarragako Herri Eskola, Ereñotzuko Txirrita, eta Hernaniko Elizatxo, Langile, Urumea, Inmakulada, Hernani BHI Institutua eta Lanbide Heziketako zentroak itxita daude.
Nafarroan, atzo goizean oraindik ez zuten erabaki hori hartu, baina Maria Chivite presidenteak arratsaldean emandako prentsaurrekoan hezkuntza zentro guztiak ixteko erabakiaren berri eman zuen, «gutxienez, bi astez». Astelehenean itxi beharko dira, gaurtik ixtea gomendatu bada ere.
Zerbitzu gehiago ere itxita, Hernanin
«Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren gomendioak jarraituta», Hernaniko Udalak hainbat udal zerbitzu ere bertan behera uzteko erabakia hartu du. Horrela, gaurtik aurrera, hainbat eraikin itxi eta bertan egiten diren ekintza guztiak bertan behera geratu dira. «Momentuz, ezin da zehaztu noiz irekiko diren», azaldu du Udalak.
Horrela, itxita daude kiroldegia, Biteri kultur etxea eta udal liburutegia, musika eskola, udal euskaltegia, Goiz Eguzki jubilatuen etxea, Plaza Feminista, Gaztelekua eta Gabriel Zelaiako ikasgela zerbitzua. Azken eraikin honi dagokionez, hala ere, irekita egongo dira bertan kokatuta dauden enplegu orientazio zerbitzua eta Iturola, baina, murrizketekin, «jende pilaketak saihestu nahian, bulegora sartuko dira, bakarrik, artatuak izango diren pertsonak. Besteek kanpoan edo korridorean geratu beharko dute txandaren zain». Berdin, udaletxean, udaltzaingoan eta udaletxeko HHZ, Herritarren Harrera Zerbitzuan.
Era beran, Udalak gomendatu du «herriko elkarteei utzitako eraikin eta egoitzetan jende pilaketak saihesteko».
Kultur eta kirol ekitaldirik ez
Honek guztiak eragina dauka hainbat ekitalditan. Horrela, Hernanin, bertan behera geratu dira gaurko programatuta zeuden zine foruma eta asteburuetako Biteriko zine saioak, Gaztelekuan martxan jartzekoa zen BeatEroak egitasmoa, Langile ikastolako 50garren urteurrenaren harira gaur egitekoak ziren diskofesta eta bideokliparen aurkezpena eta biharko jaialdi erraldoia, bizikidetzaren aldeko herritar ekimenak hilaren 17rako antolatutako Bizimiñak antzerkia, biharko San Joan Konpartsak antolatutako erromeria saioa... eta oro har, aipatutako eraikinetan programatutako ekitaldi guztiak. Astigarragan ere, oraingoz, astebururako programatutako kultur ekitaldiak bertan behera geratu dira: Irradaka dantza ekitaldia edota haur antzerkia, adibidez.
Ereñotzuko Auzo Udalak ere oharra kaleratu du, «Auzo Udalak zuzenean antolatuta edo berak antolatu ez arren auzo udaleko eraikin ezberdinetan antolatzen diren jarduera ezberdinak bertan behera uzteko» erabakiaren berri emateko. Beraz, atzoko auzo batzarra ez zen egin, eta ez dira emango ludoteka, gazte txokoa, yoga eta bestelako ikastaroak, Berriketan saioak edota haur zaintza zerbitzuak.
Kirol ekitaldiei dagokienez ere, bertan behera geratu dira eskola kirola eta federatutako kirolari lotutako ekitaldi guztiak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak «eskolaren esparruan hartutako prebentzio neurriekin koherenteak» izateko dei egin duela-eta. Horrela, Hernani eta Astigarragako kirolariek ez dute izango partidurik palan, futbolean, eskubaloian... Era berean, JOCC tixrrindulari taldeak antolatuta asteburuan Hernanin jokatzekoa zen Hernani Saria proba ere bertan behera geratu da, eta beraz, ez da errepidean mozketarik izango.
Ttapa Ttapa eta pentsiodunak ere, geldi
Era berean, «adineko pertsonen artean COVID-19aren zabalkundea murrizteko», bertan behera utzi du Hernaniko Udalak asteazkenetako Ttapa Ttapa egitasmoa.
Pentsiodunek ere, asteleheneroko plazako elkarretaratzea bertan behera uztea erabaki dute, «prebentziorako».
Murrizketak Kronikan, Koronabirusagatik
Herritarrei bulegora ez gerturatzeko eskatu nahi die Kronikak. Harremanetarako, emaila eta telefonoak erabili ahal izango dira.
Erakunde publikoek prebentziorako egin duten deialdiarekin bat egitea erabaki du Kronikako lan-taldeak ere, eta hori horrela, hainbat neurri hartu ditu.
Hasteko, lan egiteko eran aldaketak izango dira. Bulegoan ahalik eta jende gutxien pilatze aldera, langile guztiek txanda berezietan egingo dute lan, eta lan asko etxetik egingo dituzte. Dena den, bulegoan beti egongo dira langile bat edo bi, oraingoz, beharrezkoak diren egitekoak eta etxetik egin ezin daitezkeenak egiteko.
Herritarrei eskainiko zaien arretari dagokionez, berdin-berdin jasoko dira eskaera eta berri guztiak, baina bulegora ez etortzeko eskatzen zaie. Harremanetan jartzeko, kronika@kronika.eus helbide elektronikoa, edo 943 33 08 99 eta 688 66 07 14 telefonoak erabili daitezke, beti bezala.
Paperezko Kronikari dagokionez, baliteke datozen egunetan edizioak murriztea, ekitaldi asko bertan behera geratu direlako.