Eusko Jaurlaritzak Euskadiko ikastetxe guztiak ixtea erabaki du gaur goizean, eta 13:00etan emandako prentsaurrekoan azaldu ditu xehetasunak. Erabaki honek Astigarraga, Hernani eta Ereñotzuri eragiten dio; bihar hasi eta 15 egunez, itxita egongo dira ikastetxe guztiak.
Goizueta eta Aranori dagokionez, eguerdian, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza sailburu Carlos Gimenok esan du herrialdeko ikastetxeak ixteko aukera ez zegoela mahai gainean. Halere, errealitatea «aldakorra» dela, eta «egoera une oro aldatzen» ari dela gaineratu du. Hain zuzen, arratsaldeko 18:00etan Maria Chivite presidenteak prentsaurrekoa eman du, eta Nafarroako hezkuntza zerbitzu guztiak ixteko erabakiaren berri eman du; hasi haurtzaindegi eta Haur Eskoletatik, eta unibertsitateetaraino. «Gutxienez bi astez» itxiko direla iragarri du, astelehenean hasita. Dena den, bihar bertan eskolak ixteko gomendioa luzatu du.