URUMEA KUTXA EKOGUNEA
Naturaren zainketan eta kontzientziazioan «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko beste aukera bat eskainiko du Kutxa Ekoguneak urteko azkeneko eta hasierako asteetan, hots, Gabonetan zehar.
Bereziki, bi ekintza nabarmendu dituzte Kutxa Ekoguneako arduradunek: batetik, Negulekuak; eta bestetik, Haur Parkeko ekintza bereziak.
Negulekuetarako, azkeneko deia aste honetan
«Kutxa Ekogunean ez dugu hibernatzen!» lelopean egingo dituzte aurten Negulekuak, hau da, «neguko udalekuak». Ohi bezala, 3 eta 11 urte bitarteko gaztetxoentzat zuzenduta izango da: «neguan natura lozorroan sartzen da. Animaliak gordelekuetan sartzen dira eta lasaitasuna da nagusi. Baina neguan ere asko dugu ikasteko», diote Kutxa Ekoguneatik.
Ekintza mordoa egingo dituzte, horretarako. «Goizero, kabietan hasiko dugu eguna, eta hibernaziotik ateratzeko eta eguna goxo-goxo hasteko, ipuin bat kontatuko diegu», azaldu dute Kutxa Ekogunetik. Hortaz, horrekin ekingo diote egunari, eta gainerako ekintzek emango diote jarraipena: tailer bereziak egingo dituzte, jolasak, baita ekintza bereziak ere, tartean, Gipuzkoa Solidarioaren bisita jasoko dute, Gabonetako kontsumo ohiturei buruz hausnartzeko, eta neguko baratzean oinarritutako sukaldaritza tailerra egingo dute, baita ere.
Hain zuzen, bi asterako ekintzak antolatu dituzte. Abenduaren 23an emango zaie hasiera, eta urtarrilaren 3ra bitarte luzatuko dira. Bi txandetan egingo dute: aurrenekoa, abenduaren 23, 24, 26 eta 27an egingo dute; eta bigarrena, aldiz, abenduaren 30 eta 31n, eta urtarrilaren 2 eta 3an.
Goizeko 09:30etan hasi eta eguerdiko 13:30ak bitarte izango da, nahiz eta zaintza zerbitzuari eta bazkariari esker luzatu ahal izango den.
Izena eman nahi duenak oraindik badauka aukera, hilaren 18ra arte egin ahal izango da. Informazio gehiagorako: www.ekogunea.eus.
Abenduaren 22 eta 23an 'Adoptatutako animalien maitasun istorioak' kontatuko dituzte zortzi testigantzaren bitartez.
Publiko osoarentzat ekintza bereziak, baita ere
Negulekuez gain, Gabonetan zehar ere ekintza bereziak izango dira Haur Parkean: «Gabonekin baino, neguarekin lotura duten ekintzak izango dira», diote.
Sei egun berezi izango dituzte, tartean. Abenduaren 21ean ipuin kontaketa izango da, goizeko 11:30etan: Zein koloretakoa da musu bat?.
Ondoren, abenduaren 22 eta 23an bina jarduera egingo dituzte. Goizean, Adoptatutako animalien maitasun istorioak kontatuko dituzte: «zortzi testigantza izango ditugu. Jabeen eta txakurren arteko maitasun istorioak kontatuko dituzte, animaliak ere bertan direla», diote arduradunek. Arratsaldean, Olentzeroren lagun berritsuen bisita jasoko dute Haur Parkera bertaratzen direnek: «Olentzerori mezuren bat eman nahi diotenentzat».
Inuxente eguna ospatuko dute abenduaren 28an, Kutxa Ekogunean ohitura den bezala, eta ipuin antzeztua izango dute hurrengo egunean.
Eta Gabonak bukatzeko, Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan egindako ekintza errepikatuko dute urtarrilaren 2an: Euskal Karaokea.
Bien bitartean, Gabonetan zehar Trukegunea izango dute martxan, objektuak era librean utzi eta hartzeko, ordainketarik gabe. Haurrek erabiltzen ez dituzten jostailuei bigarren bizitza bat ematea da helburua.
GABONAK KUTXA EKOGUNEAN
Abenduak 21
11:30 Ipuin kontaketa: 'Zein koloretakoa da musu bat?'.
Abenduak 22 eta 23
11:00-13:00 'Adoptatutako animalien maitasun istorioak'.
17:00-18:30 Dinamizazio-ekintzak: 'Olentzeroren lagun berritsuak'.
Abenduak 28
11:30-13:00/16:00-18:30 Dinamizazio-ekintzak: 'Inuxente eguna'.
Abenduak 29
12:00-13:00 Ipuin antzeztua: 'Grufaloren alaba'.
Urtarrilak 2
16:30-18:30 Dinamizazio-ekintza: 'Euskal karaokea'.
NEGULEKUAK
Abenduak 23-urtarrilak 3, 09:30-13:30 bitartean.
Haur zaintza zerbitzua eta bazkaria ere izango dira, aukeran.
TRUKEGUNEA
Ekarri trukatzeko duzun hori.
HAUR PARKEA
Ordutegi berezia izango du abenduaren 20an hasi eta urtarrilaren 6ra bitarte: goizez, 10:30-14:00 bitarte; eta arratsaldez, 16:30-20:00 bitarte. Abenduaren 24 eta 31n goizez bakarrik irekiko dute; eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean, aldiz, itxi egingo dute.