XX.mende hasieran, Fortuna Donostiarrako mendizale talde batek urteberri egunean Adarrara igotzeko ohitura hartu zuen, eta 1924. urtean antolatu zuten lehen aldiz urteberriko adarrako mendi-irteera. Ordutik aurrera, urtero-urtero bailarako herritar askok horretarako erreserbatuta duten eguna izaten da urtarrilaren 1a, urte berria indarrez hasteko.
Mendeurrena, gertu
1924. urtean antolatu zuten lehen aldiz urteberriko Adarrako mendi-irteera Fortuna Donostiarrako mendizale taldeak, baina ohitura honen jaiotze data zehatza ezezaguna da. Ofizialki antolatu gabeko ekimena ez zenean ere mendizale talde horretan bazegoelako urte berriari hasiera emateko ohitura.
Ekimenaren lehenengo hamarkadetan meza ere izaten zen gailurrera iritsi orduko, Balentxi apaizaren eskutik, baina dagoeneko ohitura hori goizeko hamaiketako brindisak ordezkatu du.
92 eta 93 urteetako izozteak ere gainditu zituzten mendizaleek, eta urte gogor horietan ere urteberri egunean Adarrara igotzeko ohiturari eutsi zioten.
Astebeteko lan-prestaketak
Fortuna Donostiarrako mendizale talde batek antolatutako ekimena izan zen arren, 1974. urtetik aurrera, Andoaingo Euskalduna Mendigoizale Taldea arduratzen da ohitura hau mantentzeaz.
Abenduaren 28an hasten dituzte urteberri eguneko igoerarako prestaketak, aurretik antolamendu-lan handia eskatzen duen ekimena baita.
Igoeraren ondoren eskaintzen den hamaiketakoa aurrez prestatu behar izaten denez baita ere, inozente egunetik hasita astebetez luzatzen dira prestaketa lanak.
Hamaiketakoa, musutruk
Urteberriko Adarrako igoera ez litzateke berdina izango, helmugara iritsi orduko ez balego salda eta txorizo beroa hamaiketakorako.
Goizean goizetik hasten dira mendizaleak Adarra igotzen, baina normalean 09:30etatik 11:00etara izaten dira mendizale gehien biltzen diren puntako orduak, norberak bere erritmoa jarraituz. Behin tontorrera iritsita, hamaiketakoa jasotzeko sortzen den ilara ikusgarria izaten da, Andoaingo Euskalduna Mendigoizale Taldeak hamaiketakoa eskaintzen baitie mendizale guztiei, dohanik.
Hernani, Astigarraga, Urnieta eta Andoain inguruko mendizaleak izaten dira mendi buelta honetara animatzen direnak gehien bat, baina Donostia, Tolosa, Usurbil, Billabona eta Oreretakoak ere hurbildu izan dira egun honetan Adarrako mendi magalera.
Iragarpen metereologikoek, enbarazurik ez
Adarrara igotzeko adorerik eza oso kasu gutxitan eman da bailaran. 92 eta 93 urteetan ere urteberriari ongietorria egitera animatu ziren mendizaleek ere ez zuten amorerik eman. Hotza hezurretaraino sartzen zen urte horietakoak izan zirela, eta bidean izotz handia zegoela ere gogoan dute askok.
Azken urteetan izandako eguraldirik okerrenak ere gainditu dituztenez, edozein iragarpen metereologikoei aurre egiteko prest daude mendizale guztiak, urteroko zita horri uko egiteko aukera erabat baztertuz.
Partehartze jendetsua
Urtetik urtera partehartzaileen kopurua hazten doa, dagoeneko oso gutxi izango baitira ohitura honen berri ez duten herritarrak. Adin guztietako jendeak parte hartzen duen ekimena da, urtero haur, gazte eta helduen arteko topagunea izaten baita eta normalean Hernani, Urnieta eta Andoaingo herritarrak izaten dira bertara hurbiltzen direnak.
Denetik izaten da, normalean mendira joateko ohitura dutenek men egiten diote tradizio honi, baina egun horretan bakarrik igotzeko ohitura hartu dutenak ere izaten dira tartean. Badira urte zaharreko parrandatik lehenxeago etxeratzen direnak, biharamunean dena emateko asmotan, baina badira baita ere parranda Adarrako igoerarekin amaitzen dutenak.
Azken urteetan, orotara 2.000 lagun inguru elkartu dira ziman, salda emateko banatzen diren edalontziekin ateratako kalkuluen arabera, eta dirudienez, urte gehiagotan tinko mantenduko den tradizioa izango da.