Gabonak gertu izatearen ikur dira, urtero, txoko guztietan jartzen dituzten argiak ere. Ospetsua egin da, dudarik gabe, azken urteetan Vigoko hiriak (Galizia) hartu duen bidea; bertako Alkateak adierazi izan du, «munduko gabonetako argirik onenak» dituela Vigok. Ospe haundia lortu badu ere, eztabaidarako tartea ere ireki da: Gabonetako argiak beharrezkoak dira, bai ala ez?
Urumea Bailarako herri guztietan, argiak
Krisialdi garaiarekin Urumea bailarako kale eta txoko batzuk itzali baziren ere, egun herri guztiek daukate, behintzat, argi-punturen bat, bakoitzaren ahalmenaren baitakoa.
Aranok jartzen ditu argi gutxien, «udaletxeko balkoiean gutxi batzuk», azaldu dute. Eta gainontzeko dekorazioa herritarren esku geratzen da.
Goizuetan herrian zehar jartzen ditu Udalak, baita Astigarragan ere. Hau da, tokiko erakundeak ordaintzen ditu bai argiak berak, baita mantenu-gastuak ere.
Hernaniren kasuan, aldiz, Udalaren eta Berriak merkatari eta ostalarien arteko elkarlanari esker jartzen dituzte.
12.000 euro inguru, Hernani eta Astigarragako udalek
Hernanin, elkarlan horri esker, gastuak partekatu egiten dituzte, Udalak eta Berriak elkarteak, biek baieztatu bezala. Elkarteak alokatzen ditu herriko kaleetan zehar jartzen diren argi gehienak, eta horretarako, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jasotzen dute. 12.217,69 euro, BEZ barne, gastatzen dituzte alokairuan. Hernaniko enpresa bati alokatzen zaizkio, eta ondorengo txokotan jartzen dituzte: Andre kale, Kale Nagusia, Urbieta kalea, Elkanoko goiko aldea, Txirrita, Latsunbe, Antziola, Plaza eta Zinkoenea.
Udalak, aldiz, instalazioa eta horiek kentzea, eta mantenua ordaintzen ditu. Hain zuzen, 11.374 euro, BEZ barne, bideratzen ditu horretara.
Horrez gain, Udalak baditu bereak diren argiak, aspaldi erosi zituenak, eta horiek jartzen ditu gainontzeko tokietan.
Astigarragan, aldiz, guztiak alokatzen dituzte, eta horretara, 12.993,96 euro gehi BEZ bideratzen dituzte. Horiek dira, hain zuzen, herrian zehar jartzen dituztenak: Udaletxean, Kale nagusian, Barandiaran plazan, Apeztegi plazan, Sagardoetxea-kultur etxean, Erribera plazan, Mundarro plazan, Ergobian, Pelotari kaleko biribilgunean, Lekueder biribilgunean, Santiagomendin eta Landarbason. Kasu honetan, Ximenez Catalunya S.L.U enpresa kontratatzen da.
«Herria apaintzea eta Gabonetako giroa piztea», helburu
Berriak merkatari eta ostalari elkarteak azaldu duenez, «aurrekontu baten baitan hautatzen dugu zer jarri, eta helburua izaten da ahalik eta iluminazio gehien lortzea». Aipatzen dute, gainera, «argiak oso garestiak» direla.
Hernanikoak abenduaren 5ean piztu zituzten, eta Berriak elkarteak aprobetxatu zuen Gabonetako kanpainari hasiera emateko. Gabonetako argiek helburu bikoitza dutela adierazi dute: «batetik, herria apaintzea; eta bestetik, Gabonetako giroa piztea». Horri esker, «herritarrei adierazten zaie dendak prest daudela Gabonetarako».
Eta horrek nolabaiteko giro aldaketa dakar: «giro horren bueltan jendea animatu egiten da; giroa ezberdina da, eta animoa ere bai, kontsumoaren ikuspuntutik». Dena den, onartzen dute: «nahiz eta merkataritzarentzat urteko garai garrantzitsuenetakoa izan, ez da lehen izan zena, erabat jaitsi dira salmentak».
Horri eustea da, besteak beste, argien helburua, beste hainbat ekintzekin batera: musika, erakuslehioen lehiaketa...
Horrez gain, Gabonetako argiek beste funtzio bat betetzen dutela ere onartzen du Berriak elkarteko ordezkariak: «Hernaniko Kaxkoaren arazoa da ez dagoela oso iluminatuta, eta neguan, oso azkar iluntzen du». Horri aurre egiteko, erakuslehioak iluminatzeari ekin zioten merkatari eta ostalariek duela 3-4 urte. Baina aurreko urtean apostu sendoa egitea erabaki zuten, argitasun-beharra asetzeko: «eta horregatik, batez ere, bizilagunek zoriondu gaituzte». Horregatik, bide berdina jarraitzea erabaki dugu.
Herriko merkataritza laguntzeko, Udalak
Nahiz eta Berriak elkarteak onartzen duen argien eragina zenbatekoa den neurtzea «oso zaila» dela, «herritarrak herriko dendetan erostea» sustatu dezakeela diote. Hori kontuan hartuta, «herriko merkataritza laguntzeko den heinean», Hernaniko Udalak laguntzea erabaki du.
Laguntza horretatik sortu da bien arteko elkarlana, ardura banaketen bitartez.
Eztabaida piztuta, Goizuetan eta Astigarragan
Urumea bailaran, aldiz, badira Gabonetako argien eraginkortasuna zalantzan jarri dituzten Udalak ere.
Astigarragakoa izan zen aurrenekoa. Duela bi legegintzaldi, 2011-2015 epealdian, EH Bilduko Andoni Gartzia alkate zela egin zen aurreneko hausnarketa: «orduan erabaki zen herria beste modu batean apaintzea».
Ondoren, 2015-2019 legegintzaldian, EAJ-PNV Udal gobernuan zela, berriro ere egin zuten argien aldeko apustua.
Legegintzaldi berria hasi berritan, EH Bilduko Xabier Urdangarin buru duen udal gobernuari «bat-batean» etorri zitzaion «argiak jartzeko erabakia». Hori horrela, «hausnartzeko astirik izan gabe, aurreko legegintzaldian bezala egitea erabaki genuen», onartu dute Udal Gobernutik.
Astigarragan, argi guztiak alokatzen dituzte, eta horretara, 12.993,96 euro gehi BEZ bideratzen dituzte, horretara. Astigarragako zein Goizuetako Udalek bere garaiean azaleratutako kezkek bat egiten dute azkenaldian talde ekologista batzuek kritikatu izan dutenarekin.
Hemendik aurrera, aldiz, «hurrengo urterako denboraz gaia landu nahi dugu».
Goizuetan ere landu dute gaia, azkeneko urteetan. Aurreko legegintzaldian, EH Bilduko Unai Loiarte alkate zela, ekin zioten hausnarketari: «Udalak kezka zuen, argiek susposatzen zuten gastuak direla-eta».
Horregatik, «aurreko urtean inkesta bat burutu zen herritarren artean, argiak jarri ala ez erabakitzeko». Goizuetarren %80ak Gabonetako argiak jartzearen alde egin zuten. Hortaz, herritarren eskariari jarraituz, eutsi egin diote Gabonetako argiekin Goizuetako kaleak apaintzeari.
Energia-kontsumo gehiegi egitea, kritika
Astigarragako zein Goizuetako Udalek bere garaiean azaleratutako kezkek bat egiten dute eztabaida bolo-bolo dagoen honetan talde ekologistek kritikatu izan dutenarekin.
Haiek, besteak beste, bi arazo aipatu izan dituzte eztabaida honen bueltan: energia-kontsumo eta energia-baliabideen erabilera haundia suposatzen dutelako, eta bestetik, gastu ekonomikoa ere, gehiegizkoa dutelako.
Goizuetan, «aurreko urtean inkesta bat burutu zen
herritarren artean, argiak jarri ala ez erabakitzeko»; goizuetarren %80ak argiak jartzearen alde egin zuen.
Herritarrak Gabonetako giroan murgiltzea, elkarteen asmoa
Moduak edozein direla ere, Gabonetako giroan murgiltzea da Urumea Bailarako herri guztien asmoa, herritarrek ere hori senti dezaten. Eta hori kaleetan ere islatzeko, dekorazio bereziak jartzeaz gain, herrian ekintza bereziak egiten dituzte.
Horien artean dira, hain zuzen, Hernaniko merkatari eta ostalariak dagoeneko hasi duten erakuslehioen lehiaketa edota Astigarragako Astiko elkarteak, beste hainbat eragilerekin elkarlanean atzo egindako Gabon Apartsuen Jaia. Izan ere, eztabaida alde batera utzita, eta argiak jarrita edo argirik gabe, aurtengo Gabonak hemen daude!