«Hau izan da lehenengo urtebetetzea, baino asko etorriko direnaren sentsazioa dugu, ate asko ireki zaizkigu eta»
Urtebete honetako balantze oso positiboa egin dute Javier Oyarzun, Ramon Sanchez eta Eneko Amundarain kideek. 10 kontzertu eman dituzte dagoeneko, eta 35 kantu baino gehiagoko errepertorio zabala sortu dute.
Zer dela eta erabaki zenuten gizonezkoen abesbatza bat sortzea?
Javier Oyarzun: Lagun talde bat bildu ginen, proiektu berri bat sortzeko asmoa genuenak. Argi xamar genuen zeintzuk ziren benetan landu nahi genituen esparruak: bai euskal konpositoreak eta baita kantatzeko koruaren soinua, kantatzeko modua, tinbrea eta kolorea.
Bereizgarria izango zen zerbait sortu nahi genuen. Talde gazteen artean horrelako errepertorioa edo horrelako kantaera lantzeko hutsune bat sortzen ari zela ikusten genuen.
Ramon Sanchez: Ahots grabeen koru bat egin nahi genuen eta hemengo kantaera landu; betiko errepertorioa, hemengo kantatzeko modua. Koru gazte bat sortu nahi genuen eta handik eta hemendik juntatu ginen. Abesten dabiltzan pertsona gazteetatik inork ez du aukeratu gure bidea eta guk hori landu eta hori kantatu nahi genuen.
Gizonezkoen abesbatzan errepertorio oso zabala dago eta gero eta talde gutxiago daude hori lantzen dutenak edo horretan jarduten dutenak maila batekin. Badaude gauza exigenteak eta zailak ahots aldetik, eta geroz eta gutxiago dira hori lantzen duten koruak.
Nola baloratuko zenukete lehenengo urteko eboluzioa?
R.S: Urtebeteko balantzea oso ona da gure aldetik. Hasieran gure buruari helburu batzuk jarri genizkion, zer egingo genuen jakin gabe. Era askotako emanaldiak eman ditugu, eta errepertorio handia lantzea lortu dugu hortaz urtebete honetako lanarekin oso gustura gaude.
Hau izan da lehenengo urtebetetzea, baino asko etorriko direnaren sentsazioa dugu, ate asko ireki zaizkigu eta.
J.O: Urtebete honetan hazi egin gara, kopuru aldetik ere bai. Jendea erakarri eta gureganatu dugu, hasieran, hazia 8 bat kiderekin sortu genuen eta orain 12-18 bat lagun biltzen gara.
Errepertorioa ere asko zabaldu dugu, sortu ginenean ez genuen espero urte baten 10 emanaldi emango genituenik, baino Errenteriko lehiaketa irabazteak ate asko ireki dizkigu. Sari horrekin dagoeneko ez garela erdipurdiko batzuk esan dezakegu, 3-4 ahotsetara kantatutako errepertorio potentea sortu dugu guztira 35 abesti exijenterekin.
Koru mixtoa bihurtzeko asmorik baduzue?
R.S: Koru mixto gehiago ez dira behar, herri guztietan dago abesbatza mixto bat eta dauden talde potenteenak ere mixtoak dira, hori oso babestua dago baino etorkizun batean gustatuko litzaiguke haiekin elkarlanean kontzerturen batean edo aritzea.
J.O: Gizartearen beste esparru batzuetan kate begi ahulena dena, kasu honetan alderantziz gertatzen da. Gizonezkoak dira kantugintzan ahulenak eta horretan gure alea jarri badezakegu, aurrera egingo dugu.
Aurtengo Gabonetako Lehiaketan saririk espero duzue?
Eneko Amundarain: Lehiaketa batera aurkezten zaren momentutik, beti joan behar zara irabazteko asmotan. Aurten ere uste dut saria errepikatu daitekeela, baditugu aukerak noski.
«Herriko gainontzeko koruak helduen abesbatzak dira, eta gazte jendeak gazte-koru batekin bat egiteko aukera izatea nahi genuen»
Kantuban Abesbatzak ere aurten bete du lehenengo urtemuga, eta dagoeneko hurrengo urteko proiektuetara begira daude kideak. Errenteriko Gabonetako Lehiaketa izango da taldearen hurrengo erronka.
Aurreko urtean sortutako Hernaniko gazte-abesbatza mistoa 16 partaidek osatzen dute egun; Orereta, Zestoa, Donostia eta Arizkunetik etorritako kideak barne eta Urumea Herri Guneko musika gelan entsaiatzen dute asteartero, 18:30etatik 20:00etara Alain Ayerdi zuzendariaren gidaritzapean.
Partaide berriak nahi dituztela, eta batez ere abestera animatzeko mutilen bila dabiltzala azaldu dute besteak beste, Leire Goñi, Edurne Garcia, Itxaso Lekuona eta Amaiur Tranche korukideek.
Nola sortu zen Kantuban?
Leire Goñi: Musika Eskolako abesbatzan ibilitakoak gara Kantubaneko partaide gehienak. Txikitan koru batean abesteko Musika Eskolara joan behar genuen eta heldutzean iritsi da puntu bat Musika Eskolara joatea ezinezkoa izan zaigula askori, ordutegiagatik, nagusiegiak sentitzeagatik edo dena delakoagatik.
Batzuk pixkanaka koru hori uzten joan ginen eta parrandetan edo kalean topatzen ginen bakoitzean aipatzen genuen gazte-koru bat osatzearen beharra. Elkar ikusten ginenero komentatzen genuen berdina, eta azkenean taldetxo bat elkartu eta lanean hasi ginen.
Zein helbururekin animatu zineten abesbatza berria sortzera?
Edurne Garcia: Betidanik gustatu zaigun horretan jarduteko eta elkarrekin ondo pasatzeko helburuarekin sortu genuen korua, baina batez ere gazte-abesbatza bat sortzeko helburuarekin.
Musika Eskola askotan umeetatik datorren zerbaitekin lotzen dugu, eta herriko gainontzeko koruak helduen abesbatzak dira. Hortaz, abestera animatu nahi duen gazte jendeak gazte-koru batekin bat egiteko aukera izan zezan nahi genuen.
Nondik dator izena?
Itxaso Lekuona: Hasieran Txotxote feminista izena okurritu zitzaigun, Sagardotegian Otxote bezala abestu behar genuelako eta Imanol izan ezik, denak neskak ginelako. Baina gero Kantuban bururatu zitzaigun eta gehiago gustatu zitzaigun.
L.G: Hitzak berak dioen bezala, kantuan aritzeko aditzari egiten dio erreferentzia baina “Kantuan” jarri ordez, adineko jendeak dioen kale hizkeran “B” hori gehitzea erabaki genuen, berezi egin nahiean eta horrela sortu zen Kantuban.
Zer du Kantubanek, beste koruek ez dutena?
I.L: Hasteko gu, eta gero guk koruari ematen diogun malgutasuna. Gure arteko konfiantzazko giro hori da abesbatza berezi egiten duena, gure ustetan. Lagunartean bageunde bezala sentitzen gara denok, eta horrek lanerako giroan asko laguntzen du. Libretik sortutako zerbait da, eta horrek askatasun handia ematen dizu.
E.G: Askotan ikusten da koru batzuetan hierarkia edo bertikaltasun bat ematen dela zuzendariaren eta gainerako kideen artean, eta guk horrekin hautsi nahi genuen.
Gurea ez da batere bertikala, guztiz horizontala dela esango genuke eta horren adibide da Kantubanek duen taldean jarduteko era; talde lanean funtzionatzen dugu, batzuk inprimatzeaz arduratzen dira, beste batzuk abestiak euskaratzeaz, beste batzuk partiturak bilatzeaz, talde lana oro har. Abestien aukeraketan ere berdin, zuzendariaren proposamenez gain beste abesti asko gutako edonori burura etorritakoak dira.
Oraindik ere Kantubanekin bat egiteko ateak zabalik daude?
I.L: Noski, eta beti egongo dira. Ez diogu inori ezetz esango. Umorea, abesteko gogoa eta ondo pasatzeko asmotan datorrenak Kantubanen lekua izango du, ziur.
E.G: Gazte korua garen heinean, gazte jendea animatzea gustatuko litzaiguke. Ez dugu adin tarterik finkatu, gaztea zer den definitzea konplexua baita, baina norberak ikusiko du herriko zein korutan ikusten duen egokiago bere burua. Gure artean ikusten badute euren burua, ongietorriak izango dira beti.
L.G: Ez dugu gurekin bat egiteko baldintzarik jartzen, baina egia da koruko kide guztiek hilabetean 15 euroko kuota bat ordaintzen dugula, gastuak ordaindu eta batez ere konpromezua hartzeko.
Aurreko urteko Errenteriko Gabonetako Lehiaketan hirugarren postua eskuratu zenuten, espero zenuten halakorik?
L.G: Ez, inondik inora ere! Ez genuen batere espero, ez guk ez bertan zegoen inork. Xelebrea izan zen, lehiaketa horretan parte hartzen genuen lehen aldia zenez ez genekien oso ondo nola funtzionatzen zuen sari banaketak. Dietak ordaintzeko izen zerrenda bat ematen hasi ziren, baina Kantubanen izena ez genuen entzun. Beranduago zerbait esango zigutelakoan edo geunden, eta gure atzekoek esan behar izan ziguten, gure izena zerrendan ez egoteak lehenengo hiru sarietako bat eskuratuko genuela esan nahi zuela.
Gu bitartean, gure artean barrez ari ginen ea gutako zein aterako zen dieten sobrearen bila. Sorpresa izugarria hartu genuen denek.
Amaiur Tranche: Inolako presiorik gabe, disfrutatzera joan ginen eta ondo pasatzera. Nik uste dut hori asko nabaritu zitzaigula. Oso gustura abestu genuen, eta egindakoaz harro geratu ginen.
Aurten espero duzue saririk?
L.G: Oso abesbatza onak joaten dira bertara eta lehenengo postua eskuratzea zaila dagoen arren, egia da beste bi postuetan lekutxo bat egiteko esperantza txikia hor dugula.
E.G: Dena den, dagoeneko ez gara berriak, hortaz ez dugu saririk espero. Oraingoan ez dugu aurreko urtean genuen nobedadearen grazia puntu hori, baina aurten perfekzio handiarekin goaz, oso ondo prestatuak, beti ere disfrutatu eta ondo pasatzeko asmotan.