GABONAK

Dozena bat emanaldik jarriko diete soinu-banda, Gabonetako jolas, tailer eta ekintza bereziei

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 14a, 00:00

Jolaserako tartea izango da Astigarragako zenbait txokotan, aurten ere.

Hernasaxek eta akordeoi orkestrak jarri zizkieten aurreneko doinuak Gabonei, atzo; eta bihartik aurrera, makina bat kontzertu, kale buelta eta erronda izango dira, bailara osoan.

Instrumentuen doinuek eta he­rritarren ahotsek emango diete bizitasuna, beste urte batez, Ga­bonetako egunei. Izan ere, do­zena bat emanaldi eskainiko dituzte, bailarako osoko musi­ka­ri eta abeslariek.
Atzo agerian utzi zuen data seinalatuak gainean direla, Her­­na­saxek eta Hernani Mu­si­ka Esko­­lako akordeoi orkes­­trak Milagro­san eskaini zuten Ga­bo­netako kontzertuak. Eta bihar ere, nabarmena izango da hori: emanaldi bana eskainiko dute, Hernanin, Astigarragan eta Goi­­zuetan. Eguerdiko 12:30etan ariko dira Umore Ona abesbatza eta Goizuetako haurrak, elizan, Eneko Amundarain eta Ainara Narbartek zuzenduta. Eta ordu berean daukate zita, Astiga­rra­gako Andre Maria elizan, Nor­berto Almandoz musika esko­la­ko musikari eta abeslariek, eta Aiztondo abesbatzak. Aurre­tik, gainera, entzunaldiak es­kainiko dituzte ikasle gazte­txo­e­­nek, 10:00etan hasita, musika eskolako aretoan.
Hernanin, berriz, kontzertu berezia eskainiko du Txistulari Bandak, 13:00etan Milagrosan, biolin-jole eta piano-jole bana­re­kin: Juan Jose Arregiri eske­rrak emango dizkiote, musi­ka­ren alde egindako guztiagatik.
Ereñotzun, asteartean izan­go da mu­sikaren txanda, San Anto­­nio elizan: Txirrita eskola­ko ikas­leak, Ozenki abesba­tza, eta Doinu Zaleko ikas­leak zein akor­deoi orkestra ariko dira, 19:00etan hasita.
Eta hortik aurrera, urteroko zitekin gozatu ahal izango dute, hernaniarrek: Gabon Kanten Ja­ialdia, eskoletako eta herriko abesbatzen eskutik; Gabon gau­e­ko eta Urte Zahar Eguneko erronda eta kale bueltak...
Emanaldi horiek guztiek ja­rriko diete soinu-banda, Ga­bo­nei; baina beste hainbat ekin­tza ere izango dira bailaran.

Jolas parkeak, tailerrak eta zinea gozagarri, gaztetxoek
Ekintza horietatik gehienak, haurrei zuzendutakoak izango dira. Hernanin eta Astigarra­gan, esaterako, jolas parkeak ja­rri­ko dituzte, hainbat egune­tan. Ereñotzun, berriz, Negule­kuetan izango dute aisialdi au­kera. Gaztetxoentzako zine sa­io­ak ere antolatu dituzte: Elkano, lehen mundu bira lau egunetan jarriko dute Herna­nin; eta Oreina eta Supertramp  emango dute Goizuetan. Ipuin kontaketa bat ere izango dute goizuetarrek: Amonaren isto­rio­ak, Amaia Elizagoienekin. 
Aranon ere jarriko dute peli­kularik: Napardeath ikusiko du­­te 28an, filmaren egileak ber­­tan direla; eta afa­ri batekin eta Atopia rol joko­arekin boro­bil­du­ko dute eguna.
Astigarragan, korrika egite­ko tartea ere izango dute hau­­rrek, Inu­xente Krosean, helduek bezala­. Eta Hernanin, hainbat tailer antolatu dituzte: Argigra­ma lan­tegia, sormen tailerra eta ko­mi­ki tailerra. Burbuilak an­tzez­lana ere eskainiko dute.
Baina bereziki, hutsik egingo ez dutenak, haurrak beraienga­na erakarriko dituzten lau lagun dira: bailarako herri guz­tiak bisitatuko ditu Olentze­rok, aben­duaren 24an; eta Hernanin eta Goizuetan izango dira Errege Magoak, urtarrilaren 5ean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!