Erreportajeak

«Finala irabazita, helburua beteta lo lasai egingo nuela pentsatzen nuen, eta gau osoan ezin lorik egin»

Kronika - Erredakzioa 2019ko ira. 17a, 02:00

Endika Barrenetxea izan da asteburuko kirolari protagonista bailaran. Hernaniarrak lehenengo aldiz buruz buruko txapela lortu zuen Urrizari 30-27 irabazi ondoren. Gutxik espero zuten hernaniarra erremonteko txapeldun bihur­tzea, baina ezustekoa eman zuen Gala­rretan Urrizari irabazita.


Nola izan da txapela irabazi eta ondorengo biharamona?

Gozatzeko modukoa eta izugarri polita. Familiarekin ospatu nuen Lizeaga sagardotegian eta ondoren trago batzuk hartu ge­nituen. Asko gozatu dut garai­pena, eta esfortzu gogor eta lan askoren ondorioa izan da. Nire hurbilekoekin hori ospatu be­ha­rra zegoen. 


Finala ikusgarria izan zen. Zer sentsazio duzu orain, ia bi egun pasa eta gero?

Alde batetik nekea nabaritu dut. Irabazi eta gero gorakada eduki nuen, baina gero nekea etor­tzen da, hustu egiten zara. Alde batetik uste nuen gau horretan lo ederki egingo nu­e­la, lasai, jarraitu du­zun helburua behin lortu eta gero duzun sentsazioarekin. Baina ez. Ohe­ra sartu eta ezin izan nuen ia lorik ere egin, urduri nengoen begirik itxi gabe. Hurrengo egunean bazkaria edu­ki nuen senitartekoekin, amaren familikoen aldekoekin. 


Partidua berriz ere ikusteko aukera izan duzu?

Hain justu, lorik ezin egin eta partidua jarri nuen telebistan ikusteko. 

«Burugogorra izan nintzen, eta freskoago iritsi nintzen amaierara»

Eta kantxako sentsazio ­berdinak izan dituzu?

Bai. Momenturo gainera. Berriz ere jokatzen ariko banintz be­zala. Tanto guztiak gogora­tzen nituen, kolpe edo pelotakada guztiak; hor bi pareta eta kanpora, hor takoarekin joko dut, hor hori ez nuen egin behar, hor errebotera... Telebistan ikus­ten eta bizitzen ari nintzen be­rriz finala. 25nako berdinketan izerditan ere hasi naiz eta ama­ierako tantoetan ere malkoak irten zaizkit emozioarekin. 


Nola ikusi zenuen partidua? Sei eta zazpikoan bete egin  zi­ne­la zirudien, baina gero gorputzari buelta eman eta Urriza baino sasoiko amaitu zenuela ematen zuen ­kanpotik.

Bai, horrela da. Nik ere sentsazio hori eduki nuen, bera baino freskoago amaitu nuela. Tanto horretan Urriza baino gehiago mugitu nintzen kantxan, atzera eta aurrera, eta ondorengo sei tantoetan beherakada eduki nuen. Hala ere, partiduak au­rre­ra egin ahala hobeto sentitu nintzen eta amaieran indartsu. Matxin IIak esaten du erretransmisioan azkarrago ikusten zaidala amaieran koadrotik koadrora joaten eta horrela izan zen. Hori izan zen gakoetako bat. Urriza berriz amaieran ne­katuago ikusten zen. 20garren tantoa egin aurretik tanto batzuetan asko mugitu arazi nuen eta Zubiri botileroarekin ko­mentatzen genuen hori ordaindu behar zuela. Nik uste horrela izan ze­la. Amaieran pelotaren bila joaten zen zuzenean tantoa amaitu nahirik, arriskatuz. Hori ne­kearen seinale zen eta nik mo­mentua aprobetxatu nuen.


Hala ere hurbiltzen zinen eta berdinketaren tantoan berak berriz ihes egin edo zuk ­akatsen bat egiten zenuen. Hor beldurtu zinen?

Partidu amaieran Urrizari esan nion ez nekiela ongi buru gogorra izateagatik edo hobeto jokatu nuelako irabazi nion. Ez nuen etsi inoiz, joko aldetik nik uste bera adina edo gehiago jokatzen ari nintzela, baina ez nuen berdintzen eta horrek etsipena ekarri dezake. Ez zen nire kasua izan. Etorriko da momentua esaten nion nere buruari. Eta 25eko berdinketan etorri zen. Hau da nire momentua, esan nuen; eta finaleko sakerik hoberenak egin nituen 26na berdindu eta gero. Behin aurrea hartuta, nire burua gai ikusten nuen irabazteko.


29-27 aurretik eta azken tantoa finalaren laburpen ezin hobea izan zen.

Horrela da. Finalak merezi zuen horrelako amaiera eta Urriza gainditzeko nolako lanak egin behar diren erakusten du. Errestoari abiadura eman nion, beste batekin tanto izango zena eta Urrizak eraman; ondorengo pilotakada errebotera bidali zail jarrita eta hori ere ekarri;  ezker pareta ukitu hau tanto da pentsatu eta hala ere saretik ezinezkoa zen pelota ekarri; eta nik ahal nuen bezala dejada egin, atzelari batentzako erokeria, eta ia ia berriz ekarri egin zuen. Eskerrak bigarren botea egin zuen. Orduan askapena sentitu nuen eta besoa altxa eta familiakoak zeuden lekura begiratu nuen. 


Jokatu duzun partidurik borobilena izan da?

30-27 galdu nuenean bere aurka pasa den urteko ligaxkan agian gehiago jokatu nuen, baina hau finala zen eta zailagoa da ongi jokatzen. Boro­biltzea lortu dut eta aurkaria, momentua eta lortu dudana kontutan hartuta esan liteke baietz. Jokatu dudan partidurik onena izan da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!