Euskal Ligako entrenatzaile berria zara, Fernando. Nola iritsi zara honaino?
Fernando Molina: Duela gutxi, martxoan, iritsi nintzen Donostiara, baita Espainiara ere. 2007tik naiz futboleko teknikaria, eta hona iritsi nintzenean, nire helburuetako bat izan zen talde bat zuzentzea. Hori horrela, Gipuzkoako Ligaren lan-poltsan jarri nuen nire kirol-kurrikuluma.
Andonik [Loran, koordinatzailea] deitu zidan eta esan zidan Euskal Ligako aurreneko taldearentzat entrenatzailea behar zutela eta presazkoa zela. Egia esan, entrenatzaile moduan izandako eskarmentuan, Argentinan, ez dut inoiz emakumezkoen futbol talde bat zuzendu. Batez ere, bertan hala dagoelako garatua; nire hirian, Tucumanen [Argentinaren iparraldean] emakumezkoen 4-5 talde besterik ez daude.
Hortaz, hutsetik abiatuko zara bai emakumezkoen talde batekin, baita Euskal Ligarekin ere. Haiek zer kontatu dizute Ligaren inguruan?
F.M: Lagunartekoak jokatzen aritu gara hainbat talderekin, eta egia da, Eibarren kontra jokatutako azkeneko honetan maila altua sumatu dudala. Ez, ordea, jokatu dugun beste taldeekin.
Eibarren kasuan, uste dut, nahasketa bat zela, eta bazeudela lehenengo taldeko neskak ere. Oso indartsu etorri ziren, hala ere, partidu ona egin genuen. Are gehiago, [Eibarko] koordinatzaileak Hernanikoa zoriondu zuen emakumezkoak buru-belarri aritu izanagatik. Izan ere, teknikoki ezberdintasuna nabarmena bazen ere, neskek ez zuten amore eman. Fisikoki bukaerara arte, 90 minutuz, eutsi zioten, nahiz eta nekatuta bukatu zuten; nire ustez, horrek zerikusia dauka jarrerarekin eta beraien borondatearekin, konpromezu haundia baitago beraien aldetik, baita aurredenboraldian egiten ari garen lanarekin ere.
Zer moduz joan da aurredenboraldia? Nola ikusten duzue Ligaren hasiera gaur?
Olatz Jaka: Iaz taldearentzat garrantzitsuak ziren jokalari batzuk utzi egin zuten, beteranoak gehienak. Horregatik, beldur pixka batekin hasi nintzen. Izan ere, ni naiz nagusienetakoa, 4 edo 5 urteko aldea daukat askorekin. Dena den, uste dut Euskal Ligako taldeak jakin duela mantentzen beheko jokalariekin; gogoa daukate, eta nabaritzen da. Entrenatzen taldea oso gustura dago, eta hori da, hain juxtu, nahi genuena. [Fernandok] aurreneko egunean galdetu zigun ea zer nahi genuen eta erantzun genion: konpromezua, jende askok entrenatzea eta intentsitatea. Oraingoz betetzen ari da, eta Liga hasteko gogoz gaude!
F.M: Nire aldetik, aurredenboraldi bat hastea eta planifikatzea emakumezkoen futbola ezagutu gabe eta jakin gabe neskak zein prestakuntza zuten? Erdi-mailako intentsitatearekin hasi genuen aurredenboraldia; maila profesionalean erdi-maila dena, oso maila altua da amateur mailan. Eta egia esan, horretara egokitzen joan dira. Dena den, nik uste dut aurredenboraldirako denbora gehiago behar izan dugula. Pauso bat da zuzendaritzak ere egin nahi duena, amateur izatetik profesional izatera dijoana. Pauso hori, batez ere, pentsaerakoa da; zerbait garrantzitsua bezala hartu behar dute, polita, eta hala hartzen badute, emaitzak izango dituzte, emaitza pozgarriak futbolean.
Erandioko Betiko Neskak izango dituzue lehenengo aurkari gaur.
O.J: Bizkaian jokatzea oso zaila da, baina nire ustez ez da gure gainetik dagoen talde bat eta gainera, Hernanin... irabazi dezakegu!
Gainontzeko aurkari batzuk ere ezagunak dituzue, eta Eibar B eta Reala B ere izango dira. Zeintzuk izango dira arerio gogorrenak?
O.J: Realaz eta Eibarrez aparte, Bizkerre ere ondo aritzen da, baita Tolosa ere. Orokorrean, lehen esan dudan bezala, Bizkaiako partiduak zailak dira. Euskal Liga liga zaila da, asko borrokatu beharrekoa. Partidu guztiak estuak dira; askotan pentsatu dezakezu [sailkapenean] behekoa dela, eta gero harritu egiten zaitu! Zubipetik kanpo jokatzea zaila da, baina besteentzat ere, Zubipera etorri eta irabaztea ere zaila da. Ea hala izaten jarraitzen duen!
Urtero esaten digute «mantetzea» dela denboraldiko helburua. Aurten ere?
F.M: Zuzendaritzak eskatu diguna hori da, maila honetan mantentzea. Baina ni erdi-eroa naiz; nik irabazi egin nahi dut, baina partiduz partidukako epe motzerako helburuak ere ezartzen ditut, noski. Baina guk gehiago nahi dugu. Iaz 13garren bukatu genuen, 5 garaipenekin; gure apustua da emaitza hori hobetzea. Talde honek ez dio beldurrik inori.
Nik neskei esaten diet zelaian dena emateko, jarrera garailea izan behar dutela. Badago esaldi bat gustatzen zaidana: jarrera ez da negoziatzen. Denboraldi honetan agian ez, baina igotzeko itxaropena eta gogoa badaukagu.