Erreportajeak

Zer ikusi, aurtengo Zinemaldian?

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Izagirre Brosa 2019ko ira. 14a, 02:00

Gaizka Izagirre Brosa

Azkenik iritsi da zinemazaleok elkartzeko aitzakia paregabea izaten den Donostiako Zinemaldia. 67garren edizioa izango den honetan, errenka luzeetan urtero topatzen dituzun ?ilara-lagunekin? berriro el­kartzeko unea iritsi da. 

Go­mendioetan sartu aurretik, abenturarako animo gutxirekin bazaudete, urteroko ohar berbera emango dizuet: kontuz Sail Ofizialarekin. Mundu mailan ekoitzi diren eta estreinatu ez diren film luzeen aukeraketa den hau, benetako loteria bat izan baitaiteke. Polita da bertan murgiltzea, baina baditu bere arriskuak. Ez duzula arriskatzeko batere gogorik?  Per­lak sailean murgiltzea go­mendatzen dizut orduan. Sail ho­netako filmek kritikaren txaloak eta sariak jaso baitituzte nazioarteko beste jaialdi batzuetan. Azken urteetan bertan ikusi ahal izan ditugu: Inglorious Basterds, Gravity, Children of men, Prisoners, Argo, Three Billboards eta Little miss sunshine, besteak beste. Egiari zor, film hauen guztien ibilbide komertziala askoz lu­ze­agoa izaten dela ere esan be­har dizuet eta ziur, zinema are­toetan ikusteko aukera ge­hiago izango dituzula, aurrerago bada ere. 

Nire gomendio ga­rrantzi­tsu­­ena, beraz: arriskatu eta go­za­tu ahalik eta gehien! Tira, go­men­dio hori beste baterako gorde nahi baduzu eta segurola familiako kide bazara, hemen duzue nire aurtengo aukeraketa:


La Trinchera Infinita

Ez da oharkabean pasatu az­ken edizioetan, eta aurten ere ziur zeresana emango duela Mo­riartikoen (tartean, Jon Ga­raño astiargarra) lan berriak. 36ko gerran dago girotuta: hura piz­tu zenean, errepresalien beldur, etxean ezkutatu eta 33 ur­tetik gora itxialdian eman zu­en bikotearen istorioa konta­tzen du. Belen Cuesta eta An­tonio de la Torre aktoreak dira protagonistak.


Mientras Dure la Guerra

Alejandro Amenabar zinegile ezagunaren lan berria ere 36ko udan kokatzen da, herriaren egoera gatazkatsua konpon­tzen lagunduko duelakoan, Mi­guel Unamuno idazle ezaguna, altxamendu militarraren alde publikoki agertzen den unean, hain justu.


The Other Lamb

Erlijio alternatibo baten ja­rrai­tzaile sutsua den nerabea izango da film honen ardatza. Zu­zen­dariak, Malgorzata Szu­mowska, Berlingo Epai­ma­haiaren Sari Nagusia jaso zuen iaz Twarz/Mug filmari esker.


Zeroville

The Disaster Artist filmarekin Urrezko Maskorra irabazi on­doren, bueltan da James Fran­co aktore eta zuzendari ezaguna, 60ko hamarkada bukaerako Hollywood aldakorrean gi­rotuta dagoen filma aurkezteko.


The Climb

Bi gizonen arteko harreman gatazkatsua erakusten duen lana, eta batez ere, lagunen artean dauden (edo falta diren) mugei buruzko gogoeta interesgarria egiten du, zuzendaria bera, Kyle Marvin, eta Gayle Rankin aktorea, buru.


Beanpole

Tesnota filmarekin debuta egin ondoren, Cannesko Un Certain Regard saileko zuzendari onenaren saria eskuratu zuen Kantemir Balagov errusiar zuzendari gazteak. 1945, II. Mundu Gerrak Leningradeko ingurua erabat suntsituta utzi du, bai eraikinak, bai biztanleen bizitzak ere. Bi emakume gazte, Iya eta Masha, hondamendi horretan beren bizitzak berregiten saiatuko dira.


Parasite

Ezinbestekoen artean sartu behar duzuen beste izenburua, Bong Joon-ho zuzendari korearraren azken lan hau da. Urrezko Palmorria eskuratu du Canneseko azken zinema-jaialdian eta bertan klase bo­rroka eta familia loturak oinarri dituen komedia gordina erakusten du, zinema beltzaren zertzeladak dituena. Ez galdu!


O que arde

Oliver Laxe, Parisen jaiotako zinemagile galiziarrak lan berezi hau aurkeztuko du. Sute bat eragiteagatik espetxe-zigorra bete ondoren, herrixka galdu batera itzuliko den gizona du protagonista.

«Kontuz Sail Ofizialarekin, mundu mailan ekoitzi diren eta estreinatu ez diren film luzeen aukeraketa den hau, benetako loteria bat izan baitaiteke»

The Lighthouse

Adi, urteko onenen zerrenda askotan agertzen hasia den ekoizpen bitxi honekin; eta bere aurreko lan zoragarria ikusita, The Witch, ez da ha­rritzekoa.  Robert Pattison eta Willem Dafoe protagonista dituen Ro­bert Eggersen  XIX. men­dean gi­rotutako zuri-bel­tzezko lana. Ingalaterra Be­rri­ko kostaldeko uharte urrun ba­tean isolatuta dauden bi farozainen istorio sailkaezina kontatuko duena.


Zubiak

Jon Sistiaga kazetariak eta Alfonso Cortés-Cavanillas errealizadoreak Euskal Herrian zubiak berregiteko beharrari buruz zuzendu duten dokumentala. Juan Mari Jauregi ETAren biktimaren istorioa ardatz duen lan honek, haren bizitzako bi pertsona garran­tzitsuenak bilduko ditu: haren alarguna eta bizia kendu zion pertsona.


Varados

Helena Taberna zinemagilearen azken dokumentalak, Ate­na­seko eraikin okupatuetan eta errefuxiatu eremuetan bi­zirauten duten pertsonen egunerokoa islatuko du. Zaporeak erakundearen ekimenez heldu zen proiektua zuzendariaren eskuetara.


Agur Etxebeste

Hamalau urte beranduago Asier Altuna eta Telmo Esnalek Aupa Etxebesteren jarraipena estreinatuko dute. Oraingoan ere Patrizioren eta Maria Lui­sa­ren abenturak dira filmaren ardatza, baina pasatu diren urteek ere eragina izango dute istorioaren garapenean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!