Herrira mugimenduaren aurkako operazioan atxilotu zuten Amaia Esnal Martiarena, 2013an, eta 2015ean, Aiert Larrarte Aldasoro abokatua. Baldintzapean geratu ziren aske -Esnal isuna ordainduta-, eta orain, irailaren 16an Audientzia Nazionalean hasiko den epaiketaren zain daude, 11/13 Auzian auziperatutako beste 45 lagun bezala.
Guztiei babesa eta elkartasuna adierazteko hainbat ekintza antolatzen ari dira herriz herri; gaur, Ereñotzun eta Hernanin. Irailaren 14an, berriz, Bilboko La Casillatik aterako da manifestazioa, Giza eskubideak, askatasuna, etorkizuna. Herrian lelopean.
47 auziperatu, 601 urteko kartzela zigorren eskaerak, 117.600 euro arteko isunak... Zifra haundiak dira, baina baita bestelakoenak ere; elkartasun mezuak, atxikimenduak... Nola sentitzen zarete?
A.E.: Alde batetik, egia da laguntza haundia dela ikustea jendeak babesten zaituela horrelako egoera batean, baina era berean, jakinda badaudela 250 pertsona kartzelan, erreparo pixka bat ere ematen du, ez garelako gu bakarrik, jende gehiago dagoelako gu baino egoera okerragoan.?Alde horretatik lotsa pixka bat ere ematen du, apuroa.
A.L.: Nik ere horrela bizi dut, apuroarekin, jendea ari delako lanean gure inguruan. Ulertzen dut, baita ere, egin behar den lan bat dela, politikoki astakeri bat delako egiten ari direna. Baina, maila pertsonalean, ematen du apuroa eta sortzen du frustrazioa, ikusteak zein modutara baldintzatu dezaketen herri batek daukan indarra. Eta ikusten dut arazo haundiena dela, bai humanoki eta bai politikoki, 250 preso dauzkagula, herri oso bat daukagula gatibu, eta indar guztiak dijoaztela pixka bat gure epaiketa babestera. Oso eskertzekoa da, eta egin behar den lana da, baina frustrazioa ere sentitzen da.
A.E.: Bestalde, kaleko ekintzak ere asko baloratzen ditut, baina bereziki eskertzen ari naiz jendearen deiak, maila pertsonalean ikustea jendea zurekin dagoela, espero duzuna eta espero ez duzuna ere bai.
Etxerat, Jaiki Hadi, Bitartekariak, Herrira, Abokatuak. Arlo sozialean edo profesionalean lan egiten dutenak, denak. Baina akusazioaren zati batean ?erakunde terroristan parte hartzea? egozten dizuete. Nola ulertu liteke?
A.E.: Momentu jakin batean operazio hauek hasi zirenean, ETAk erabakita eta iragarrita zuen betirako utziko zuela bere jarduera, eta bazeuden mugimendu garrantzitsuak, Aieteko Konferentzia bezala, ekartzen zutenak beste egoera bat. Begirada asko zeuden jarrita Espainiako Gobernuan, zerbait egin zezan presoen gaiarekin. Testuinguru horretan, baita ere, Estrasburgotik iritsi zen sententzia bat, zigorrak luzatzeko asmatu zuten doktrina hori hankaz gora jarriko zuena. Orduan izan zen Herriraren kontrako operazioa. Pentsa, zenbat molestatzen dieten presoen inguruko aldarrikapenek: euskal herriratzea, zigorra luzatzeko doktrina bertan behera gera-tzea, eta azken batean, bake prozesuarekin batera bide bat egitea, presoak etxera ekartzeko. Hori da espero daitekeena bake prozesu batean. Baina, uste dut eragile askok zeuzkatela begiradak jarrita Espainiako Gobernuan, eta honek ez zeukala horretarako inolako asmorik. Uste dut mugimendu hori neutralizatzeko behar batetik sortzen dela horrelako akusazio bat. Bestela, nola geldiarazi hau? Akusazio faltsua da, lanean ari garenok ez gara ETAkoak, baina Espainiako Gobernuak jarraitzen du ?dena ETA da? tesiarekin, nahiz eta anakroniko ere geratu den, nahiz eta inoiz ez duen zentzurik eduki. Ulertu behar bada, hortik ulertu daiteke.
A.L.: Orain denborarekin ikusita, aurreikusi zitekeen zerbait zela iruditzen zait. Ziklo aldaketa bat dator, dator estrategia aldaketa bat, eta estrategiaren aldaketaren pean etortzen den lehendabizikoa da, Bateragune Auzia. Eta bigarrena, eremu antierrepresibo solidarioa. Erabiltzen duten formula teknikoa da egoztea denei ETAkoak izatea. Garai hartan martxan jarritako ?dena ETA da? tesia estiratu ahal izan dute.
Egozten zaizkizuen karguak, dena den, ETAk bere jarduna bukatu ondorengoak dira. Hor dauka defentsak, giltza?
A.L.: Berez ez luke horrela izan behar, baina behin tribunaletara iritsita, behar dituzu tresna batzuk, eta hori izango da tresna nagusietakoa. Nola egotziko digute elementu terroristarik, terrorismo dioten hori existitzen ez denean? Eta ea horrek ireki ditzakeen ateak. Ikusiko dugu.
Abokatu zaren aldetik, beste aurreikuspen batzuk egiten dituzu epaiketaren aurrean?
A.L.: Guk printzipioz erabaki genuen gure buruaren abokatu ez izatea, eta uste dut erabaki ona izan zela. Pixka bat urrutiagotik ikusten saiatu gara. Gero, normala den bezala, auzi teknikoak buruan dauzkazu.
2013an hasitako prozesua da, eta urte hauetan denetan salatu dira prozesuan izandako arau hausteak, irregulartasunak... Salaketa horiek norabait irits daitezkeela iruditzen zaizue?
A.L.: 47 pertsona atxilotu zituzten, hainbat egoitza itxi, hainbat diru errekisatu, hainbat web orri itxi, hainbat twitter eta facebook kontu itxi, eta gure kontu pertsonalak ixteraino, baita familiarenak edo ingurukoenak ere. Orain epaiketan bilatzen den edo askatu behar den lehenengo korapiloa da askatasunarena, kartzelara ez joatea, eta ondorengoak ere joango dira askatzen. Ez dakigu nora arte; batzuk seguru asko ez dute soluziorik edukiko.
A.E.: Ezin jakin.
A.L.: Dena den, kaltea dagoeneko egina dago, eta korapilo asko askatuta ere, mugimendu oso bat, antolatuta zegoen mugimendu oso bat bertan behera geratu da.
A.E.: Eta ez dakizu zer espero dezakezun Audientzia Nazionaletik, ikusita, justizia baino, beste kriterio batzuk erabiltzen direla. Nahiz eta gure aurkako akusazioak faltsuak izan, zigortuta atera gaitezke.
Mugimendua aipatuta, Herrirak lortu zuen gizartea mobilizatzea. Horrelako kolpe batek lortzen du berea? Hau da, mugimendua apaltzea?
A.E.: Uste dut maila batean ezin dela esan honek ez daukala inongo eraginik. Helburu batzuk zituzten, eta oso ondo jakin zuten zein momentutan egin min mugimendu jakin bati; hein haundi batean lortu zuten. Horrek ez du esan nahi mugimendua desagertu denik. Beste forma batzuetan, beste jende batekin, presoen sustengua eta laguntza eta presoen inguruko aldarrikapenak hor daude, eta uste dut ez dela desagertu eta zaila dela desagertzea, badagoelako indar bat desagerraraziko ez dutena. Baina beste gauza bat da lortu al dituzten beraien helburu batzuk, eta nik uste dut baietz. Min egiten dute, eta ez pertsonala bakarrik; soziala eta politikoa ere bai. Gainera, Herrira, beste mugimendu batzuk ere bai, hain zuzen jaio zen momentu oso berezi batean. Zegoen ilusio haundia, oraindik esperantza zegoen gauza batzuk lortuko zirela, eta momentu horretan Herrira agertu zen bazegoen potentzial bat bideratzera, eta asmatu zuen. Izugarrizko mobilizazioak egin ziren, lortu ziren atxikimendu batzuk presoen euskal herriratzearen eta eskubideen inguruan ordura arte pentsaezinak zirenak... Uste dut estatuari ez zitzaiola batere gustatu. Gaur egun, urte batzuk beranduago ikusten dugu zein zen estatuak hartutako bidea; auziari ez dio erantzunik eman. Orduan ez genekien, eta bagenuen esperantza mugimenduak etorriko zirela, baina gaur egun ikusten dugu ezetz, eta, beraz, ikusten dugu zein zentzu zuen operazio honek.
«Kaltea dagoeneko egina dago, eta korapilo asko askatuta ere, antolatuta zegoen mugimendu oso bat bertan behera geratu da»
Mugimendua, hala ere, badago. Baina baita beste aldekoa ere. Biktimen sektore batek indarra dauka epaileengan. Baldintzatu dezake horrek epaiketa?
A.E.: Pertsonalki onartu behar dut nik beldurra sentitzen dudala. Balizko zigorrei beldurra diet. Amorrua ere ematen dit. Horrek eduki ditzakeen ondorioen inguruko kezka hor dago.
A.L.: Gure aurka pertsonatuta daudenak dira AVT eta Dignidad y Justicia. Bakoitza bere berezitasunekin, baina paper zehatz bat jokatzen dute. Inoiz ez dakizu jokatzen duten paper hori berezkoa den eta baldintzatzen duen estatua, edo estatuak erabiltzen dituen beraiek, baldintzatzeko beste egoera batzuk. Abokatuen partetik saiatzen ari gara ahalik eta zirrikitu gehien bilatzen, eta zenbait egoera normalizatzen eta estabilizatzen, oraindik 250 preso baitaude. Baina gu saiatzen garen bezala, hauek kontrako aldera egiten dute indarra.
Apuroa aipatu duzue, indarrak epaiketa honetan pilatzeagatik. Baina, 250 presoak gogoan, hainbat zirrikitu bilatzen ere saiatzen zaretela diozue. Gainontzekoei ere eragingo dien konponbiderik bilatzeko aukerarik ikusten duzue?
A.L.: Arduraz jokatu genuen lehen, lanean ari ginenean, eta orain ere bai. Saiatzen gara hartzen ditugun erabakiak preso daudenen mesedetan hartzen, edo egonkortu eta normalkuntza bat bilatzen. Sartu ginen mugimenduan eta era kolektiboan lan egiten genuen. Gure-tzako badaukate balore bat kolektiboak eta gainontzeko kideek, eta emango ditugun hurrengo urratsetan talde bezala erantzungo dugu, denen adostasunez. 2015ean jarri zuten lege bat, ez dakigu nondik, baina dio zigortu daitekeela norbait kide-tzagatik, baina bi gradu jaitsi daitekeela kondena, eta kartzela saihestu, egindako ekintzek ez dutelako zerikusirik ekintza terroristekin. Orain arte egin diren akordio guztiak horri helduta egin dira, eta ez dira izan epaituak izaten ari zirenak salbatzeko. Saiatu ginen horrek proiekzio bat izan zezan, baita ere, barruan zeudenengan. Nahi duguna da erdibideko konponponbide horiek egonkortzea, nahiz eta frustranteak diren. Azkenean, politikoki ere beldurra ematen du, onartu behar duzulako terrorista zarela, eta gero inhabilitazioak daude eta... Baina beti ere kolektiboan pentsatzen dugu, eta lehenetsi, ez dadila inor kartzelara joan.
Europatik zerbait espero daiteke?
A.L.: Instantzia mundial eta europarretan egiten da lana, egiten da ahalegina, bideratzen dira indarrak eta egiten da inbertsio bat, eta egin behar da gehiago. Baina Europa da, dena. Ez pentsa hor, Pirinioetatik gorago demokrazioa eredugarri eta interesik gabekoak dauzkagunik.?Hori ez da horrela. Esperantza eduki behar dugu, eta beti izango da azken esperantza, baina ezin dugu horren zain egon.
A.E.: Gainera, normalean etortzen dira urte batzuetara. Bateragune Auzikoa, adibidez, espetxealdi osoa jan ondoren iritsi da. Arrazoia zenuela onartuko dizute, baina kaltea egina dago.
Nola prestatzen da bat horrelako prozesu baten aurrean? Eta nola prestatu, familia? Motxiladun Umeak txostenean jasotzen diren ondorioek kezka sortuko dizuete...
A.E.: Egia esan, nire kezka haundiena prozesu honetan hori izanda. Orain arte ez diogu ezer kontatu umeari, eta orain saiatu gara azaltzen, berak ulertzeko moduan, epaiketa bat izango dudala eta horrek epe motzean zein eragin izango duen beregan. Ama ez dela etxean egongo egun batzuetan. Eta gero, gauzak etorri ahala azaldu beharko dizkiogu. Egia da, psikologoen txostenean azaltzen den bezala, ondorioak baduazkala umearengan, eta gehiago ere eduki ditzakeela segun eta epaiketaren ondorioak zein diren. Guraso den edonork seguru ulertuko duela gure egoeran gure buruak baino askoz gehiago kezkatzen gaituela gure seme-alabenak.
A.L.: Saiatzen zara ingurukoen aurrean garrantzia kentzen. ?Ondo aterako da? edo ?zerbait egingo dugu? esaten, eta gero, bakoitzak berea dauka barrutik. Ni, lotsa pixka batekin ere bai, baina lasaitzen nau, nire iheserako balbula da esatea 250 dauzkagula ikaragarrizko panoramarekin, eta ez kezkatzeko niregatik. Horrek hobeto uzten nau. Bestela, apuroa ematen dit, dauzkagun panoramekin, ni epaiketa baten zain nagoelako inori lata emateak, ondokoa kezkatzeak... Zerbait egingo dugu!
11/13 Auzia
Irailaren 16an hasiko da 11/13 Auziaren inguruko epaiketa. 2013ko irailean Guardia Zibilak 18 lagun atxilotu zituen, Herriraren aurkako operazioan; 2014ko urtarrilean, beste 8 lagun, Bitartekariak zirenak; 2015eko urtarrilean, beste 12 abokatu eta Herrirako 4 kide; eta martxoan, Etxerateko 2 kide eta Jaiki Hadiko beste 2. Horien denen aurkako epaiketa da hasiko dena.
Auziperatuak, 47 lagun.
Taldeak, 5: Herrira, Bitartekariak, Abokatuak, Etxerat, Jaiki Hadi.
Espetxe zigor eskaerak, 601 urte, denera.
Isunetan, 117.600 euro.
Herrira
Euskal preso eta iheslarien egoera konpontzea bultzatzeko asmoz 2012an sortutako mugimendua; ETAk 2011ko urriaren 20an jardun armatuaren behin betiko etena iragarri ondoren.
Bitartekariak
EPPK, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak 2012an barne eztabaida hasi zuen. Horren ondorioz, bere zuzendaritza eta bozeramaileak nortzuk izango ziren publiko egin zuen. Bitartekarien lana da «EPPKren hausnarketak eta erabakiak inolako, filtro, intoxikazio edo manipulaziorik gabe ematea». Agerraldi publikoak erabiltzen dituzte horretarako.
Abokatuak
Presoen defentsa eta aholkularitza juridikoan lan egiten duten abokatuak. Bereziki, Auzitegi Nazionalari dagozkion prozeduretan aritzen direnak, baina baita espainiar estatuko epaitegi arruntetan eta Europako beste erakunde judizial batzuetan ere, hala nola Auzitegi Gorenean, Konstituzio Auzitegian edota Europako Giza Eskubideen Auzitegian.
Etxerat
Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunek osatutako elkartea da, 2001 urtean sortua, eta besteak beste, bere zeregina da senideei asistentzia, aholkularitza eta informazioa eskaintzea, eta espetxean edo erbestean daudene eskubide urraketak salatzea.
Jaiki Hadi
Osasun arloko profesionalen (psikologo, sendagile, psikiatra...) elkartea, estatu espainiar edo frantsesaren aldetik bortizkeria politikoa jasan duenari osasun arreta integrala eskaintzeko sortua, 2008an.
ELKARTASUN ASTEBURUA
11:00, Jolasak eta kirolak haur eta gaztetxoentzat, Ereñotzuko futbol zelaian.
12:30, Kantujira, Ereñotzun barrena.
13:45, Elkartasun argazkia, Ereñotzuko plazan.
14:15, Herri bazkaria, frontoian.
Ondoren, bertsoak, musika...
18:30, Kronoeskalada, Hernanin: Ibaiondo poligonoan hasi, eta Landaretik igota, Karabelen sartu, eta Balantxako aldapan gora, Kale Nagusian barrena, Plazan bukatu. Parte-hartzaileek 17:30etan elkartu beharko dute Plazan. Bertan eman ahal izango da izena, momentuan.