Jaiotzez Altzakoa da Nahuel Gutierrez (2001), baina Astigarragan bizi da orain. Xabier Aranzabal (1998), berriz, astigartarra da, betidanik. Hala ere, Waterpolo Donostia taldean egin zuten topo. Aurredenboraldia prestatzen laster hasiko dira, eta herritarrak ere animatu egin nahi dituzte: «etor daitezela entrenatzera!».
Elkarrekin, aurten
Gutierrez ume-umetan hasi zen, uretako kirol honetan. «Altzan aukera zegoen, eta amak nahi zuen nik kirola egitea, beraz, waterpolo eta igeriketa ikastaroetan eman zuen nire izena. Entrenatzaile bera zen bietan, beste pare bat jokalari ere ezagutu nituen...». Eta horrela hasi zen, duela 13 bat urte. «Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan nengoela hasiko nintzen, eta ordutik, ez naiz geratu!».
«Ni baino 10 urte gehiago daramazkizu, orduan!», dio Aranzabalek. «Duela hiru bat urte hasi nintzen. Eskubaloia egiten nuen, baina ura ere gustatzen zitzaidan, eta horrela hasi nintzen. Baina ez dute antzekotasunik».
Pasa berri den denboraldian jubeniletan aritu da Aranzabal, eta aurten, seniorretara egingo du salto, Gutierrezen mailara. «Hauek txikitatik aritu dira waterpoloan, eta gu ari gara, baina poliki-poliki... Gehienok berriak gara!», dio. Agian bi talde egingo direla dio Gutierrezek. «Jubeniletatik dezente igoko dira, eta inor kanpoan ez geratzeko, agian B taldea sortuko dute bigarren ligarako, inor erretiratu ez dadin. Kirol askotan, jendeak 18 urte egitean utzi egiten du, ez dagoelako non jokatu. Klubak hori saihestu nahi du».
Erresistentzia, giltza
Nork erakutsi badauka, beraz, Aranzabalek. Biek posizio berean jokatzen dute, gainera; buia dira. «Helburua izaten dugu kanporatze bat lortzea edo gola sartzea», azaltzen du Gutierrezek. «Ez da tranpa egitea, jokoaren parte da». Ondo ikasia dauka Aranzabalek ere. «Kanporatzeak 30 segundukoak izaten dira. Hori aprobetxatzea da kontua. Horrela lortzen dugu uretan gure taldeak jokalari bat gehiago izatea». Tranpak egiten dituena, hain zuzen, kanporatua izaten da. «Ur azpian asko heltzen da, eta hori ez da goitik ikusten! Ezta bi arbitro izanda ere!». Ados dago Gutierrez ere; «batzuetan tatuaje berriarekin ateratzen gara uretatik...».
Hori saihesteko, fisiko ona izatea da giltza. «Ez baduzu entrenatzen eta fisikoa mantentzen, nabaritu egiten da, zure kontrarioak indar gehiago izango baitu. Azkenean, erresistentzia haundia izatea, fisikoa izatea eta hanka onak edukitzea da giltza. Kirol hau ez da gizakiarentzako ingurune naturalean egiten, eta kosta egiten da. Oso fisikoa da, eta konstantea izan behar da, eta entrenatu».
«Ur azpian asko heltzen da, eta hori ez da goitik ikusten!»
Denboraldi berria, berri-berri
Ezinbestekoa denez entrenatzea, hilabeteko atsedena besterik ez dute izan, eta irailean hasiko dira aurredenboraldia prestatzen. Denboraldi berria, berri-berria izango dute, ordea.
Seniorrak Euskadiko aurreneko mailan aritzen dira, baina beti, nazional mailara igotzeko asmotan. Espainiako Txapelketan ere hartu dute parte aurten, Granadan. Orain, ordea, aldaketak izango dituzte taldean, eta «helburu nagusia mantentzea izango da, baina beti, gora begira!». Bigarren taldeak, berriz, aurreneko urtea izango du maila honetan, eta «taldea osatzea» izango dute helburua. Aurten, gainera, arau berriak jarriko omen dizkiete, «zorrotzagoak». Fortunarekin izaten dute pike haundiena, eta beste hainbaten aurka bezala, Hernaniren konta ere aritzen dira. Nor egokituko ote da ondoen?