Bikain cum laudea lortu du Pedro Pablo Garcia hernaniarrak, tesian: Gipuzkoako gizartearen parte-hartzea eta erresistentzia okupazio napoleonikoaren lehenengo erdian (1808-1810). Foru Aldundian, beste arlo batean lan egiten badu ere, gustokoa du historia, eta lehendik ere egin zuen Master Amaierako Lana ildo beretsukoa izan zen: Okupazio napoleonikoaren eragina etapako herrietan: Hernaniko kasua. Tesian, ordea, urrunago joan da. «Sumatu nuen interpretazioak ez zirela oso onak. Bazegoela hemen 'kolaborazioa', baina hori ez zela 'kolaborazionista' izatea». Zalantzan jartzen ditu orain arteko teoriak (ikusgai, dialnet.unirioja.es webgunean).
«Euskal Herriarentzat oso erabakiorra izan zen okupazio napoleonikoa eta hortik aurrera sortu zen egoera, XIX. mendean»
«Konklusioak berritzaileak dira», azaltzen du. «Nazionalismo espainola sortu zen 1813an; lortu zen frantsesen okupazioa gainditu eta gerra irabaztea. Inperioa gainditu zen! Orduan hasi zen sortzen kontakizuna, eta gauza batzuk errealak ziren, baina beste batzuk ez. Esate baterako, hasi zen kontatzen erresuma osoan erantzun unitarioa izan zela, eta ez da egia».
«Sumatu nuen bazegoela 'kolaborazioa', baina hori ez zela 'kolaborazionista' izatea»
Gipuzkoako egoera, desberdina
Kontu hauek, askorentzat, «zaharkituak» geratu direla dio Garciak, «historiaurrea dira ia». Baina daukan garrantzia azpimarratu du. «Euskal Herriarentzat oso erabakiorra izan zen okupazio napoleonikoa eta hortik aurrera sortu zen egoera, XIX. mendean. Hor hasi zen foruen galera, eta bukatu zen foruak abolitu zituen 1876ko legearekin. Okupazioa hasi zen 1808an, eta 1809an frantsesek diote hemengo Batzorde Nagusiak kentzeko. Gero, aliatuak etorri ziren: Espainia, Ingalaterra eta Portugal. Eta ekarri zuten 1812ko Konstituzioa, La Pepa deiturikoa. Horrekin ere kendu ziren foruak tarte baterako, nahiz eta gero berriro ezarri ziren. Kontua da, hor hasi zirela sortzen hainbat interpretazio, gure testuinguruarekin loturarik ez zutenak».
«Gipuzkoako eliteek ikuspuntu neutrala hartu zuten, eta hori ukatu egiten da»
«Hernanirentzat oso garrantzitsua izan da okupazio napoleonikoa, lur komunal gehienak galdu baitzuen»
Eta horixe da tesian aztertu duena, erakusteko, Gipuzkoa desberdina zela. «Esaten da Gipuzkoan, baita Bizkaian, Araban eta Nafarroan ere, frantsesen aurkako erantzuna erresumako beste lurraldeetan bezalakoa izan zela, baina ez zen izan. Azken batean, egin zena izan zen itun bat, hemengo elitearen eta frantsesen artean, eta sortu zen sistema fiskal oso gogorra, herritarrentzat. Hemen, erresumako beste lurraldeetan ez bezala, ez zegoen ?gabatxoarekiko? gorrotoa. Erlazio ona zegoen Iparraldearekin, kultura, hizkuntza eta komertzioa zela eta. Aduanak ez zeuden Bidasoan edo Kantaurin, baizik eta Ebron, eta familia, klan komertzial asko sortu zen. Era berean, ilustrazioa oso inportantea izan zen Gipuzkoan; Azkoitian 15 entziklopedia ale zeudelako harrituta agertzen dira egile batzuk, eta Bergarako Errege Seminarioa aitzindaria izan zen penintsulan. Beraz, giroa ez zen berdina, eta hemengo eliteek erabaki zuten ez zutela iskanbiletan sartu nahi. Ikuspuntu neutrala hartu zuten, eta hori ukatu egiten da normalean. Independentzia Gerra deiturikoak sortutako mitoek diote erresuma guztian erantzun berdina eman zela, eta ez da egia. Eliteek zerga sistema sortu zuten frantsesekin harreman onak mantenduta, ejerzitoaren gehiegikeriak saihesteko. Gipuzkoan bost atseden puntu egon ziren: Hernanin, Tolosan, Urretxun, Arrasaten eta Irunen. Araban, adibidez, bakarra, Gasteizen. Eragozpenak haundiak ziren, baina, agian, beste modu batera egin izan balitz, okerragoa izango zen. Gero, aztertu beharko da elite horiek horrela egin ote zuten beren probetxuz, edo herriaren hobebeharrez».
«Distortsioak», nahita
Garai hartako kontakizunetan, beraz, «distortsioak» topatu ditu Garciak. «Esaten da espainiar nazio sentimendua 1492an, Errege-Erregina Katolikoekin sortu zela, baina ez da egia, XIX. mendean sortu zen. Mende horretan liberal batek esan zuen Espainia nazio bila ari zen estatua zela. Frantsesen kontrako garaipenak sortu zuen nazionalismo berria, eta historiografia liberala irudi unitarioa ematen hasi zen XIX. mendean. Beraz, Independentzia Gerra deiturikoaren interpretazio hau lotuta dago estatuaren lurralde artikulazioarekin».
Horrela, Garciaren esanetan, «historiografia liberala hasi zen edozein bidelapurrek egindako lapurretari kategoria politikoa ematen, esateko Gipuzkoan ere bazela erresistentzia. Adibidez, emakume bati tiro egiten diote lapurreta egiteko, eta soldadu frantses bizkarzainarekin dijoa. Baina liburuetan jasotzen da bakarrik soldadua hil zutela, eta arrazoia politikoa zela».
Hernanik galdutakoak
Dena den, «distortsio» horiek guztiak okupazioaren aurreneko erdian topatu ditu Garciak. «Bigarren erdian, 1811-1813, nire ikerketa eta bibliografian agertzen dena hurbildu egiten dira. Eliteen jarrera aldatu egin zen Gipuzkoan».
1809an ingelesak kostaldea erasotzen hasi ziren, eta herritarrak armatu egin ziren haiei kontra egiteko. Era berean, lapurren kontra ere sortu ziren taldeak. Izan ere, soldadu frantsesak kaltetuz gero, herriko 12 aberatsenak espetxera bidaltzeko arriskua zegoen. Bestalde, korso terrestrea sortzen da, frantsesak edo frantsestuak erasotzeko eta kolaborazioa eteteko. «Hemengo alkateak bahitzeko agindu zuten. Adibidez, gure inguruan, Astigarraga, Urnieta eta Andoaingoa bahitu zituzten, eta Amezketakoa Valentzia aldera eraman zuten».
Hori guztiaz gain, gosetea etorri zen, eta frantsesen eta eliteen arteko harremana aldatu egin zen. «Ordura arte egon zen Pierre Thouvnot generala. Izaera administratzailea zuen. Ordena berria inolako trabarik gabe onartu zuen probintzia bakarra Gipuzkoa zenez, beti esaten zuen bertakoak kontuan hartu behar zirela. Baina 1810earen bukaeran jarri zuten haren gainetik nagusi bat, ?militarragoa?». Gauzak horrela, frantsesei ordaindu beharreko zergak arazo larri bihurtu ziren. «Azken bolada horretan zergak ziren izugarriak, eta herriak hasi ziren lurralde komunalak saltzen».
Hernanik lur komunal asko saldu zituela dio Garciak. Horien artean, bitxikeria moduan aipatzen du egun Santa Barbarako jatetxea dagoen baserrian zegoela lehen ermita. Komunala zenez, saldu egin zen, eta ermita, mugitu. «Oso garrantzitsua izan da Hernanirentzat okupazio napoleonikoa, lur komunalen galera ekarri zuelako. Hernaniko azalera osoaren %10 pasa zen esku pribatuetara». Hain zuzen, denera 319 hektarea saldu ziren, eta salmenta batzuk «oso garrantzitsuak izan ziren». Esate baterako, Fagollagan saldutako zatia. «Burdinolaren etxebizitzak, patioa eta lurrak saldu ziren; burdinola ez, bestea». Baina salmenta garrantzitsuena Portu inguruan egin zen. Cristo del Humilladero edo Gurutze Santuaren otoitz lekuko etxebizitzatxoa saldu zen, eta Portun zegoen Franko errota. «Sonatuena, hala ere, Portuko lonjaren salmenta izan zen. Erriberako lurrak ere saldu ziren horrekin batera, eta nekazaritzarako oso lur onak ziren».
Garciaren esanetan, «baserri asko sortu ziren salmenta horien ondorioz, baina, aldi berean, hernaniar xume askok galdu zuten lur komunalak aprobetxatzeko aukera». Hori horrela, «aztertu beharreko beste kontu bat da batzuk gerraren ondoren aberastu ziren edo ez». Hori, hurrengo baterako.