Goi Mailako Musika Ikastegian, Musikenen egin zuten topo Jon Patxe hernaniarrak, Luis Álvarezek (Burgos), Guillermo Eizagak (Logroño) eta Carlos Rubiok (Andoain). Laugarren maila hasiko dute irailean aurreneko biek, hirugarrena Eizagak, eta Musikenen bukatuta, Munichera joango da Rubio. Aurretik, Donostiako Musika Hamabostaldian dute erronka. «Patxek liatu gintuen!», diote. Bihar joko dute, 19:00etan Miramarren. Sarrerak, 5 euroan: quincenamusical.eus.
Four Beats. Lau taupada. Zuen barrutik ateratako proiektua da?
Perkusio taldea egiten dugu urtero Musikenen, eta talde horretan, asko garelako, denok ezin dugu jo askotan; 10 garelako. Beraz, egiten dugu batean lauk, bestean hiruk... Eta Hamabostaldiari begira, Musikenek beti aukera ateratzen du Gazteen Zikloarena, eta guk bageneukan talde bat, gustatzen zitzaiguna nola lan egiten genuen. Ikasgairako osatu genuen laukote horietako bat aprobetxatu genuen aurkezteko, eta pentsatu genuen beste batzuk egiten zituzten lanetatik batzuk ere prestatzea. Horrela sortu zen Hamabostaldirako aurkezteko ideia. Gu ibiltzen gara jotzen, baina talde bezala proiektu honetarako sortu genuen. Eta hasieran, Carlos ez zegoen taldean, baina besteak ezin zuen, eta horrela geratu da azkenean.
Nolakoa izaten da prozesua, Hamabostaldian sartzeko?
Modalitate bakarra dago, eta ziklo honetan bost kontzertu izaten dira. Talde bezala edo bakarlari gisa aurkeztu zaitezke. Kasu honetan, 40 bat aurkeztu ginen. Arratsalde batean pasatzen gara denok; 10 bat minutuz jotzen dugu. Eta aukeratu dituzte lau talde eta bakarlari bat.
Perkusioa entzutean danborra irudikatzen dugu...
Perkusioa oso gutxi ezagutzen da gaur egun, eta gehienek, perkusioa esatean, bateriara joaten dira. Hemen, agian, atabala ere bai, dultzainarekin eta, ikusi dutelako. Baina beti da gomendagarria ikustea, perkusioa askoz ere gehiago delako. Gure kasuan, kontzertu erdia izango da ?laminak? deitzen dioguna; marinbak, xilofonoak, bibrafonoak... Eta beste erdia izango da ?partxea? esaten dioguna. Hor bai, danborrak eta... Badago pieza bat lau danborrekin egingo duguna. Hori ere egongo da. Baina gero badago beste bat, marinba danborrekin uztartuko dituena, edo bonbo bat eta bongoak... Denetarik dago. ?Laminak? gutxien ezagutzen dena, eta perkusioak duen hori, soinua ateratze hori ere egingo dugu.
Ez gaude ohituta formazio hauetara... Perkusioa gehiago da beste tresnei laguntzeko? Edo kontrakoa aldarrikatzen duzue?
Guztiz aldarrikatzen dugu hori, noski! Beti pentsatzen da horrela, egia esan. Agian, ezjakintasunagatik. Kontua da, hau ikustea askoz ere zailagoa dela. Perkusioa laguntzen ikustea errazagoa da. Baina, noski aldarrikatzen dugula. Gainera, beste soinu tresnak laguntzea da, guk Musikenen egiten dugunaren %10. Dena dira obrak bakarlari gisa, edo taldeka. Ikusiko da kontzertuan nola gauza potenteak egin daitezkeen, ez laguntzaile bezala, baizik eta talde bezala. Perkusioa ere bakarlari izan daiteke, beste instrumenturik gabe jo daiteke.
Hamabostaldian parte hartzean ematen du aukera jarraitzeko? Asmoa baduzue taldearekin jarraitzeko?
Egia esan, sorpresaz harrapatu gintuen. Ez genuen espero hartuko gintuztenik. Orduan, maitzean azterketak egin, Carlosek ekainean ikasketa amaierako errezitala... Eta hori guztiaren ondoren, deskantsoa behar izaten da. Egun batzuetan aparte utzi genuen. Eta udaran... Bakoitzak bere parteak egin ditu, baina gutxi elkartu gara. Hori guztia, berez lasaienen gauden garaian! Beraz, garai okerrenean, ikasturtean zehar, ez dakigu nola moldatuko garen elkartzeko. Gainera, Carlos Munichen ariko da ikasten... Seguru asko, bihar pentsatuko dugu honekin segi behar dugula, kristorena dela... Baina zuhur jokatuta, oso zaila izango da. Hala ere, niri gustatuko litzaidake jarraitzea. Ez dakit!
Zuk zein asmo duzu azken ikasturteari begira?
Hasi naiz pentsatzen ikasturte amaierakoan. Beti iruditu izan zaizkit kontzertu horiek plano samarrak. Ez du pertsona baten izaera, edo kasu honetan, perkusioarena adierazten. Kasu honetan, nik egin nahi nuke zerbait euskal musikarekin. Hori, ikasturte amaieran. Eta datorren ikasturteari begira, ari naiz pentsatzen masterren bat egitea. Gure kasuan, bi aukera dira nabarmenenak; orkestra masterra edo bakarlari garaikide masterra, marinba eta horrelakoak gehiago. Nik nahiago dut aurrenekoa. Prestatzen zaituzte orkestrako musikarako. Baina oraindik ez dakit zer egingo dugun.
Oraingoz, orduan, jendea bihar Donostiara gerturatu dadila, zuek ikusteko.
Hori da. Ari gara esaten, bereziki lagunei, ez beldurtzeko. Etorri izan dira kontzertu batzuk ikustera, eta egia da edonori ez niokeela esango etortzeko... Baina ensembleko kontzertua egin genuen, eta obra hauetako batzuk jo genituen. Badaude batzuk agoantatzeko zailak... baina kasu honetan, honi perku-pop deitzen diogu! Uste dut oso eramangarria dela kontzertua. Ez da oso luzea izango. Ordubete inguru. Erakargarria izango da edonorentzat.