Urtero moduan, hilaren azken egunean, San Inazio jaiek dute protagonismoa. Hainbat ekintza egingo dira egun osoan zehar, haien artean, herri kirolak. Berrikuntzekin datozenak hain zuzen ere, trontzan lau emakumek hartuko baitute parte. Hala nola; Loidi ahizpak; Amaia Otegi eta Izaskun Otegi. Maria Granado eta Eli Mondragon.
Loidi ahizpek, badaramate denbora bat trontzan, eta gaur, Santa Barbarako San Inazio jaietan aritzeko aukera suertatu zaie.
San Inaziotako herri kiroletan lehengoz
Orain arte, Osiñagako festetan bakarrik aritu dira Loidi ahizpak. Eta adierazi dute, San Inazioetako herri kiroletara animatzeko ideia afari batean sortu zela. Hasiera batean
«katxondeo» puntu batekin hartu zuten proposamena, baina auzoko emakumeak ere herri kiroletan atera behar zutela sentitu zutenean, berehala hasi ziren entrenatzen.
Esan bezala, lehenengo urtea da herri kiroletan parte hartzen dutena, baina urtero joaten dira Loidi ahizpak San Inazio jaietara, eta gaur ere ezin hutsik egin.
Etorkizun bati begira, Loidi ahizpek ez dute ikusten beren burua trontza txapelketetan, Amaiak adierazi duenez, «herri txikietako festetan bai, baina bestela ez». Hala ere, datorren urteetan, San Inaziotan, aukera suertatzen bazaie herri kiroletan parte hartzeko animatuko direla ere aipatu dute.
Herri kiroletan emakume izatea
Argi utzi dute, «harro» sentitzen diren emakumeak direla,alde batetik, herri kiroletan, trontzan aritzeko espazio bat eskaini zaielako, eta bestetik, «ausartak» moduan kontsideratzen dutelako beren burua, honako azpimarratuz, «jendea oraindik ez dago ohituta emakumeak herri kiroletan ikusten».
Bi ahizpa, bi talde
Bi ahizpek batera entrenatzen dute, baina jaietan aritzeko garaian, bakoitzak bere bikotea dauka. Izaskunek adierazi duenez, «hasiera batean, egongo ginen planteatzen biak batera ibiltzea, baina azkenean ez genuen hori erabaki». Gaurko herri kiroletan, ez dira Osiñagako bikoteekin arituko, aldaketak egon dira. Amaiarekin jokatzen duena Izaskunekin arituko da, eta Izaskunekin jokatzen duena Amaiarekin.
Urte honetan gainera, herrikoak izango dira San Inaziotako herri kiroletan arituko direnak, Loidi ahizpek adierazi dutenez, «indarra emateko herriko gazteei», hala nola; aizkoran: Suharri Paolla, Jokin Basozabal, Markel Bustieta eta Axel Larrañaga. Trontzan: Amaia Otegi eta Izaskun Otegi, Maria Granado eta Eli Barrenetxea. Eta azkenik txingetan: Xabat Arruti eta Aiert Paolla.
Emakumea herri kiroletan
Izaskunek adierazi du, emakumea, apurka- apurka, ari dela indarra edo lekua hartzen kirol alorrean. Arrauna jarri dute adibide gisa Loidi ahizpek, «Pike» asko egon da emakumezkoen arraunean adieraziz. Hala ere, Amaiak gaineratu du, asko falta dela oraindik, bide luzea dela emakumeena, kirol arloan batez ere, baina pixkanaka lortzen ari dela nolabait. «Herri kirolak ez dira mutilenak bakarrik, emakumeak ere hor gaude, eta posible den guztia emango dugu».
Gaurko eguna beraz indarrean dator, goizeko 10:00etan emango zaio hasiera San Inazio egunari. Tartean hainbat ekintza, hala nola, herri kirolak, 10 parte hartzailerekin eta haietako lau emakumeak, trontzari eman eta eman.
Ohi bezala, hileko azken eguna Santa Barbaran
Goizeko 10:00etan hasiko dira San Inazio festak eta 19:00etan amaitu
San Inazio eguneko festa bereziaren lekuko izango da gaur berriro ere, Santa Barbara. Goizeko 10:00etan trikitilariek emango diote hasiera San Inazio egunari. Segidan lore eskaintza, txistulariak eta bertsolariak egongo dira;?Andoni Mujika Anatx eta Eñaut Martikorena. Ohiko moduan, 12:00etan meza egongo da Santa Barbarako ermitan bertan. Bazkaltzeko gosea egiteko herri kirolen ikuskizuna izango da, hernaniarrak izango dira denak, aizkoran, trontzan eta txingetan.
Bazkariaren ostean, txikien ordua dator, haur jokoekin eta txokolatadarekin. Arratsaldeko 17:30etan, erromerian dantzatzeko aukera izan ondoren, herrira jaitsierarekin amaitutzat emango da San Inazio eguna.
EGITARAUA
10:00, Iñaki eta Joxe trikitilariak.
11:30, Lore eskaintza, txistulariak, eta bertsolariak: Andoni Mujika Anatx eta Eñaut Martikorena
12:00, Meza, Santa Barbarako ermitan.
13:00, Herri kirolak.
-Aizkoran:?Suharri Paolla, Jokin Basozabal, Markel Bustieta eta Axel Larrañaga
-Trontzarekin Amaia Loidi, Izaskun Loidi, Eli eta Maria
-Xabat Arruti eta Aiert Paolla izango dira txingekin.
14:00, Herri bazkaria, Santa Barbara jatetxean: Paella, entrekota, gazta tarta, kafea eta kopa. Txartelak salgai, 26 euroan: Aralar tabernan eta Santa Barbara jatetxean bertan.
16:30, Haur jokoak eta txokolatada.
17:30, Erromeria.
19:00, Herrira jaitsiera.