AURTENGO martxoan, Hernani eta Ordiziako 13 lagun bildu ziren, buruari bueltak eta bueltak eman ostean, herrian hutsune bat zegoela nabaritu zuten. Nolabaiteko behar bat zegoela, eta asetu beharra zutela. Hara hor, Züttik Elektrotxarangaren erroa.
Aurreko urteetako San Joan jaietako kuadrila bazkari ostean, musika falta egon da, kaleak ixilik egon dira. Züttik Elektrotxarangako saxofoi jolea den Beñat Alvarezek adierazi du, zerbait egin behar zutela horren aurrean, errespontsabilitate bat bereganatuz; «giroa jarri behar dugu kaleetan».
Hernani eta Ordiziako
lagun taldea
Jon Ander Olazabal taldeko bateriak, aipatu duenez, «masterreko klasean lagun tronpetista bat geneukan. Honi Elektrotxaranga batean parte hartzeko aukera mahai gainean utzi, eta berehala lortu zituen abeslaria eta bonbardino jolea».
Ekainean eman zituen lehen emanaldiak Züttik Elektrotxarangak, Anoetan eta Hernanin. Hala ere, beste hainbat herrietako kaleetan barrena ere ibili dira; hala nola; Araia, Soraluze, Aramaio eta Lekeition. Hilabete batean, hainbat kontzertu emateko aukerak suertatu zaie, eta argi utzi dute taldekideek, hasiera batean ez zela beraien asmoa udan dozenaka kontzertu ematea. Olazabalek azpimarratu duenez, «proiektuaren helburua San Joanetan jotzea zen».
Anoetan jo aurretik, Instagram kontu bat sortu zuten, argazkiak igotzeko, eta elektrotxarangaren kontaktua eskuragai izateko. Behin perfila sortuta, hurrengo egunean, hiruzpalau herrietako eskaerek sorpresaz harrapatu zituzten.
Etorkizunean, zer?
Oraindik, barneratu ezinik dabiltza orain arte gertatutakoa, hala ere, aurrera begira, neguan entsaioak egiteko asmoa daukate, udaran Euskal Herriko kaleak musikaz apaintzeko helburuarekin. Olazabalek adierazi duenez,
«gure asmoa da, neguan entsaioak egitea, udako errepertorio polit bat edukitzeko».
Horrez gain, neguko eskaerak onartzeko asmotan daude Züttik Elektrotxarangako kideak. «Ez genuen espero udan horrenbeste jotzea, beraz, neguan gertatu daitekeenak ere sorpresaz harrapatuko gaitu», gaineratu nahi izan du Alvarezek.
Interakzioa beharrezkoa, Elektrotxaranga batentzat
Züttikeko taldekideek adierazi dute, hiru bloketan oinarrituz sortu zirela: lehena, elektrotxaranga, bigarrena, abesti txarangeroak, eta hirugarrena kalejirak. Azken honekin, lortzen dute interakzio gehien publikoarekin. «Jendea geldirik egonez gero, pare bat kalejira jo, eta berehala sortzen da giroa, iskanbila», azpimarratu nahi izan du Olazabalek.
Herri bat, sentsazio bat
Hainbat herritan jo ostean, sentsazio edo sentimendu ezberdinak pilakatzen dira taldekideen burmuin zein bihotzetan, baina bai Alvarezek eta bai Olazabalek adierazi dute, askotan ez dela herria, egoera bera dela sentsazio ezberdin horien erantzulea. Hala nola; bazkari baten aurretik jotzeak eta bazkaria amaitu ondoren jotzeak desberdintasun haundia dauka.
Lotsik gabe, inora
Elektrotxaranga bat aurrera eramateko, bi aholku eman dituzte Züttikeko gazteek; «lehena abestien trantsizioa, eta bigarrena lotsa; azken hau, etxean uztea hobe» azpimarratuz.
Züttik Elektrotxarangaren partetik; «eskerrik asko»
Taldekideek, zorretan daudela adierazi nahi izan dute, hori horrela, esker hitzak eskaini nahi dituzte; lehenik Joxean Goikoetxeari, eskainitako laguntza oparoagatik. Eta bigarrenik, Gaztetxeari eta Hernaniko Musika Eskolari, entsaiatzeko guneengatik eta eskuragai utzitako materialagatik.