Gaur hasi da Donostiako Heineken 54garren Jazzaldi ospetsua. Igandera arte izango dira hiria jazz musikarekin girotzen artista nazional zein internazionalak, hamasei eszenatokitan. Horien artean, Ainhoa Larrañaga hernaniarra izango da bakarlari moduan bere lehenengo diska aurkezten: Eskumiñak. Heineken Terrazan emango du kontzertua izen haundiko beste lau muskariekin batera, arratsaldeko 18:00etan.
Donostian antolatzen diren ekitaldi eta zita garrantzitsuenetariko bat da Jazzaldia. Hain zuzen, bost egunez mundu osoko abeslari eta musikariak oholtza gainean arituko dira beren musika aurkezten. Artisten eszenatokiak hiri osoan daude kokatuta, urteroko lekuetan; horietako batzuetan ordaindu beharreko kontzertuak emango dira, baina besteetan sarrera doakoa da.
Bestalde, antolatzaileek adierazi dute jazz euskaldunak protagonismo haundia hartuko duela, aurten ere. Zehazki, hogehita hamabi euskal talde eta bakarlari izango dira. Musikari guzti horietatik, Jazzaldiak Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituko lau talde programatu ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuarekin sinatutako hitzarmen bati esker.
Ainhoa Larrañagaren kasua da azken hori. Katapulta plataforman lanean ibili da azken bolada honetan, eta Jazzaldiak diska aurkezteko aukera eskaini dio. Katapultaren helburu nagusia da «musikaren alorrean nabarmentzen ari diren Gipuzkoako talentu berriak sustatzea», eta Larrañagak modu honetan lortu du Jazzaldirako pasea.
Larrañagak lekua egin du, euskal artista ospetsuen artean
Gaztea izan arren, ibilbide zabala du hernaniarrak abeslari eta aktore lanetan. Lan haundia egin du eta begi bistakoa da esfortzuak fruituak eman dituela; lehenengo diska kaleratu du bakarlari moduan eta aurtengo Heineken Jazzaldian aurkeztuko du, beste lau musikariren laguntzarekin.
Larrañaga ahotsa izango da larunbateko kontzeruan, Iker Lauroba kontrabajua eta gitarra, Amaia Miranda gitarra, Garazi Esnaola pianoa eta Haritz Lauroba bateria. Kontzertua Kursaaleko terrazetan izango da, Heineken Terrazan; «Esparru informala da, zelai artifizialak lurrean etzan edo esertzera gonbidatzen du ikuslea». Beraz, kontzertu polita izango dela aurreikusten da.
Doako kontzertua izango da, eta guztira Larrañagaren diska osatzen duten hamar abestiz gozatzeko aukera egongo da. Horietako bi bertsoak dira, Mikel Urdangarinen Badira hiru aste eta Chris Isaaken Wicked game. Gainontzeko abestiak bakarlariarenak dira, guztiak euskaraz.
Pop erritmoekin nahastua, Jazz ikutua duen emanaldia
«Poliki-poliki» prestatu du hernaniarrak bihar aurkeztuko duen diska. Jazz ikutuak dituela esan du, pop erritmoekin nahastuta. Soulak ere protagonismoa hartuko du emanaldian, eta kontrabajua eta bajuen jazz soinuekin, Jazzaldian entzungo diren doinuekin bat egingo du abeslariaren musikak.
Urduri dagoela aipatu du, baina dio «izugarrizko plazerra izaten ari da musikari hauekin egotea eta nire kanten eboluzioa ikustea». Gainera, familia eta lagunak joango zaizkio ikustera, eta zoriontsu dago bihar gertatuko denagatik. Dio, oraindik ez dakiela etorkizunak zer ekarriko dion, baina «nahi nuen hori» egin duela.
Zita garrantzitsua da beraz, biharkoa. Hernaniarraren txanda arratsaldeko 18:00etan izago da, eta jarraian beste bi kontzertu izango dira; Elkano Browning Cream lehenengo eta Rei ondoren, gaueko 22:15etan.