Erreportajeak

«Belaunaldi baten faltak, ekarri du gaupasako festak ez izatea Santioak»

Kronika - Erredakzioa 2019ko uzt. 24a, 02:00

Badatoz Santioak? Urteko zita politena, Aranon?

Nik politena ez nuke esango. Zaleagoa naiz Inauteriena eta San Martin egu­na­rena. Txikiagoak dira, baina bere­zia­go­ak. Santioak ere bereziak dira, noski; bai­na lan haundia ematen dute, eta herri txi­kia izanda, beti tokatzen zaizu, batean ez bada bestean aritu beharra. Herriko festak dira, eta oso potenteak guretza­ko; eta lana ere, proportzio berean to­ka­tzen da?

«Ilusioa egingo lidake, txikienek eskatzen dituzten gauzetan, 15-16 urteko gazteak laguntzen hastea; buruhaundiak ateratzen, adibidez»

Nolakoak dira Santioak, eta nola bizitzen dira Arano bezalako herri txiki batean?

Eguneko festak dira, batez ere. Gogoan dut, txikiak ginenean, gauean antola­tzen zirela kontzertuak, Amaia Zubiria, Erramun Martikorena? Eta Aranora bizikleta igoera ere bai, eta sekulako antolaketa izaten zen. Jende gutxi bai, eta antolatzeko gutxiago seguruenik, baina festa potenteak montatu izan dira. Azkeneko urteotan gertatu da, belaunaldi baten faltak, 16-30 bat urte arteko koadrila bat falta izateak, bul­tzada haundi bat kendu duela esango nuke; animo pixka bat kentzen du, eta eskulana ere bai. Beraz, lehendik gau­denok tira egin behar dugu, eta ba­tzu­e­tan kosta egiten da esku berriak sartzea. Beste batzuetan ez, eta azkenaldian kan­potik etorritako jendea, adibidez, oso fuerte sartu da. Lana tamainan hartu behar da, eta horrekin asmatzea da ga­koa. Arkume jatea ere egiten da, eta ho­rrek azpiegitura haundia eskatzen du? Pixkanaka, aurrera eraman deza­ke­gun horren arabera ari gara anto­la­tzen, gure neu­rri­ra, bakoitzak eskaini dezakeena erabiliz. Kanpokoei gutxi iru­dituko zaie akaso, baina ahalegin haundia dago atzean, eta festa politak ateratzen dira azkenean, bueltan bueltan.


Belaunaldi horren faltak, aldatu egin ditu Santioak, beraz...

Gazteria hori egongo balitz pil-pilean eta gauzak eskatzen? Orain iritsi dira adin horretara, eta laster hasiko dira es­katzen, gaueko kontzerturen bat, puri-purian dagoen talde bat ekartzea? Bai­na bitartean, hori aldatu da, gaupasako festa batzuk ez direla San­tioak, lehen izan zitezkeen bezala. Gau­pasa egin eta baratxuri zopa hartzea zen ohitura. Eta baratxuri zopa aspal­di­ko urtetan ez da egin; ez da inor egongo goizeko boste­tan edo seietan, baratxuri zopa egiten ari­tuko denik! Espe­ro dut, hemendik urte batzuetara eto­rriko di­re­la eskaera ho­ri­ek bueltan, gazteen esku­tik. Eta ilusioa egingo li­da­ke, baita ere, txikienek eska­tzen dituz­ten gauzetan, gazte horiek la­guntzen has­tea. Adibi­dez, buruhaun­diak nahi di­tuztela, eta 15-16 urteko horiek esa­tea, beraiek aterako direla. Pauso hori eman eta festen pres­ta­ketan laguntzen hasteko garaian dau­de oraintxe.


Aurreneko Santioak izango dituzu, alkatetza utzi zenuenetik. Bereziak edo desberdinak izango dira horregatik?

Ez dut uste deus aldatuko denik. Orain dela zortzi urte alkatetza hartu nue­ne­ra­ko, urteak neramazkien jai batzor­de­an. 10-11 urte nituenetik, Goizuetan eskolan nenbilen garaian hasi nintzen eta. Olatu gaztea sartu ginen orduan, herriko festetan laguntzeko. Beraz, hainbeste urtetan festa batzor­dean ibilita, nahi eta nahi ez, alkatetzan sartuta bi tokietan jarraitzen duzu. As­ko­tan, ez duzu jakiten bietako zeine­ta­tik ari zaren lanean, baina lana egitea da kontua. Eta orain, Udaletik aterata, berdintsu. Espero da guztiok zerbait egitea, herrian elkarte edo eragile gutxi egonda. San Roke elkarteak mus txa­pel­keta bere gain hartua du. Eta Udalak ere hortik jarraitzen duela iruditzen zait; ez dela soilik dirua jarri eta jai batzordeak antolatu ditzala, baizik eta Udalak ere parte hartzea gau­za batzuetan. Baina egia da, orain Jalki kultur elkartearen gain dagoela antola­keta. Aldatzen ari da antolatzeko mo­dua, pixka bat, baina dauden indar apu­rrak biltzen jarraitu behar da.


Saltsa guztietan sartuta ibiltzea tokatzen da, beraz? Feriaren antolaketaren ardura daukazue zuek.

Saltsak nahi diren adina hartzen dira, egia esan. Batzuk badira, saltsa gutxia­gorekin konformatzen direnak; eta guk, nonbait, saltsa asko xamar behar izaten dugu! Ez da gauza bakarra izaten, baina feriaren ardura daukagu guk. Ahizpe­ta­ko batek beste herriren batean ikusita, ideia polita iruditu zitzaigun orduko batzordean, eta ani­ma­tu egin ginen egi­tera. Guk koor­di­na­zio lana egiten dugu, baina gero, ma­ha­iak montatzen eta bil­tzen herri erdia izaten da. Oso festa go­xua eta herrikoia da. Herriko artisauak biltzen dira, ber­din dio orain dela 10 urte egindako lan bat aurkeztu, etxeko urdaiazpikoa era­man jendeak proba­tze­ko, edo postre­ak? Borondatezko zerbait da, jendearen bo­rondatearen arabera­koa. Eta urtero gal­de­tu, eta batek basur­dearen gisatua ate­rako du, besteak ardi zaharra­rena, hirugarrenak ez dakit zen­bat tarta eta bizkotxo, hurrenak urdai­az­pikoa, odol­kia eta txistorra? Polita de­na da, hain herri txikia izan­da, ber­tako jendea iza­tea, mahaiaren atzean egongo dena irri­par batekin, berak borondatez ekarri duen hori partitzen.


Eta zer aldatu da zure bizitzan, azkeneko zortzi urteotan?

Zaila erantzuten, motzean behintzat? Non­dik hasi! Nire seme zaharrenak zortzi urte ditu; bera maiatzean jaio, eta azaroan sartu ginen udaletxean. Eta nire semeek, horrela ezagutu naute beti. Orain esaten zidaten, ea nolatan utzi be­har nuen, ez nautelako ezagutu alka­te­tzatik kanpo. Banuen gogoa eta be­ha­rra, pixka bat etxe aldera begiratzeko, nire semeei eta nire buruari; kezkekin eta herrira begira egotetik, horretara iga­­­ro. Uste dut lehengo Ainhoa bera nai­­­zela, baina nire bizitzan gauza asko alda­tu dira, eta ez alkatetzagatik baka­rrik.


Zer izan da zuretzat, alkate izatea?

Gu sartu ginen herritar talde bat, zu­zen­bidean eta kudea­ke­tan for­ma­kun­tza­rik eta espe­rien­tziarik ez geneukana. Bai­na helburua garbi geneukan: he­rri­an aldatzeko edo hobetzeko ikusten genu­ena, horretan sa­ia­­tuko ginela. Eta horixe izan da ilusioa. He­rri­tarren aldetik ez daukat ke­xarik, uste dut on­gi ulertu du­tela zer egin na­hi izan dugun, eta zertara iri­­tsi garen. Baina trabarik haun­di­ena izan da, eko­nomi­ko­ki oso momentu txa­­rrean sartu gi­ne­la. 2011tik 2017ra, Nafarroako Gober­nu­tik ez dugu lagun­tza­rik jaso in­ber­tsioetarako. Eta hori oso gogo­rra da, egin nahi eta ezina. Ba­li­a­bide gu­txi­rekin, ahalegina egin dugu, gauza batzuk hobetzeko.


Pozik geratu zara, lanarekin?

Nire gorabeherak izan ditut. Beti egin liteke gehiago, baina onartu behar duzu: ahal du­zun guztia egin baduzu, zer gehia­go egin zenezake, ezta? Nahiz eta askotan ez den agerian gelditzen, egindako lan guztia. Lan asko dago, ikusi eta ima­jinatu ere egiten ez dena.

«Gure harribitxia, Maisuenea martxan jartzea izan da; eta aldiz, harri kozkorra, frontoiaren estalkia ezin egin izana».

Zein pena geratu zaizu, eta zer lortzeak poztu zaitu bereziki?

Gure harri kozkorra izango da, frontoiaren estalkia. Ez da mo­mentu erraza izan, estalkia egi­teko. Hurrengoek egiten ba­du­te, babes guztia izango dute, handik edo hemendik lagundu badezakegu; gauza ederra de­la­­ko, herrian estalpe bat iza­tea. Eta bestetik, mendian landare asko atera da, atera beharra ze­goelako; eta ezin gehiago sar­­­tu izana daukat pena, bai­na hori ere baliabide falta­ga­tik izan da. Etorkizunean inber­tsio hori egi­tea, oso inportantea litzateke.

Eta lortutakoetan, gu­re ha­rribitxia Maisuenea izan­go da. Kultura eta euskera da, ni oso eroso sen­­ti­tzen naizen eremu bat; eta Maisueneak ema­ten du ho­rretarako azpie­gi­tura oso po­­lita. Horrek mar­txa hartzea izan da, harro sen­titzeko zerbait.


Joxan Ruiz alkate berriak dio, lan ikaragarria egin duzula, eta zuk hasitako bidea dela jarraitu beharrekoa.

Poza ematen dit horrelako gau­zak entzuteak. Baina Jo­xanek esango zuen nik lan ika­­raga­rria egin dudala, ez esatea­ga­tik taldean lan ika­ra­garria egin dugula; umila izan da horre­tan. Nik lan asko egin dut, baina tal­dea atzean zela. Joxanek berak ere lan asko egin du; eta ziur na­go, nire bidea ez, be­rea egin­go duela, eta oso bi­de polita izan­­go dela. Talde polita dago Uda­le­an, eta pozten naiz. Lor­tu behar dute Udalak herri­a­­rekin elkar era­gi­te bat izatea; Udala ez sen­ti­tzea urruti. Nire ga­ra­ian, ez dut uste urruti sen­titu gaitue­nik inork. Plazan ibili ga­­ra, he­rri­an, eta eskura izan gai­tuzte; behar zuten guztian la­guntzen saiatu gara. Uste dut ger­tuko Udal bat izan ga­rela. He­rri txikietan hori behar da.

«Ez dakit ikusiko nauzuen ipuin kontalaritzan, kantagintzan edo baratzan. Baina zerbait sortzeko gogoa daukat»

Nola ikusten duzu Aranoren etorkizuna?

Ongi esan nahi nuke. Oso kri­ti­koa naiz ni, egia esan. Kosta egiten zait dena ona ikustea, eta matizak ateratzen ditut. Herria polita ikusten dut, na­hiz eta iruditzen zaidan, elkar eragiteaz eta auzolanaz hitz egiten dugunean, asko dau­ka­gula egiteko. Aranok aldaketa haundia izan du azkeneko ur­te­otan. Bertakoak ziren fami­lia batzuek alde egin dute, etxe huts asko geratu dira, eta bir­sortzen joan da. Eskerrak kan­potik jendea etorri den, haiei esker dago herria bizirik. Bai­na egia da, bizimodua ere desore­katu egin dela pixka bat, nola­bait esateko. Jende desberdin asko biltzeak, zurrunbilo mo­du­ko bat sortu du Aranoko ha­rremanetan, eta horretan dau­ka­gu lan pixka bat egin beha­rra, elkar ulertzen.


Non ikusiko zaitugu, aurrerantzean?

Beti eduki dut, lan bat bukatu orduko, bestea ate joka. Eta orain da momentua, akaso nik ere horixe bilatuko dudalako, atseden bat izango dudana. Bai­na badaukat gogoa, gus­ta­tzen zaidan zerbait egitekoa. Bu­ruari bueltaka ari naiz, eta uste dut definitu dudala gus­ta­tzen zaidan hori. Uste dut zer­­bait sortuko dudala. Ez da­kit ipuin kontalaritzan iku­siko nau­zu­en, kantagintzan, esku­lan­gintzan edo bara­tzan. Bai­na zerbait sortzea gusta­tzen zait, eta uste dut terreno hortan bila­tuko beharko du­da­la nire tokia. Eta azkenean, inon den fabrikarik ilunenean bukatuko dut komunak garbi­tzen, horre­tan dabilenari meriturik deus kendu gabe, noski...; eta ez zait batere inportako. Baina zer­bait sortzeko gogoa daukat. Den­bo­­rak esango du!


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!