Erreportajeak

«Ondo pasatzea da kontua; danbor gabe geratu direnak, kantuan batu daitezela!»

Kronika - Erredakzioa 2019ko uzt. 24a, 02:00

Eguna iritsi aurretik izan du arrakasta, dagoeneko, aurtengo Santio jaietako nobedadeetako batek: herri danborrada aterako da larunbat arratsaldean, Pasai txarangarekin batera, eta bizpahiru egu­netan bete zen zerrenda, 75 danbo­r astintzen aritzeko. «15 eguneko epea ema­tea zen gure asmoa!», dio Maite Ola­ziregik. «Niri lagun batek deitu zi­dan, kanpoan zegoela eta, esan ziotela zerrenda betetzen ari zela, eta mesedez apuntatzeko bera ere», gehitu du Ander Goikoetxeak. «Gehiagorentzat danborrak izan bagenitu ere, beteko zen segu­rue­nik. Datorren urtean berriro egiten badugu, zain egongo dira, zerrenda noiz jarriko; ilara egingo dute!», adierazi du Ainhoa Olasagastik, barrez.

Asmoa garbi daukate denek: ondo pasatzea eta jai giroa zabaltzea, mar­mitako bazkarian sortutakoari segida emanez: «koadrila askok hartuko dugu parte marmitako bazkarian, eta txa­ran­ga ere egongo da bertan. Beraz, baz­ka­lostean kantuan arituko gara. Horren segida izango da danborrada; abesten, eta danborra jotzen.


Inauterietako beroaldian, Santiotako danborrada ia antolatuta

Aurtengo Inauterietan sortu zen, San­tio­tan danborrada ateratzeko ideia: «Iñude eta Artzainekin batera, atera ginen dan­borradan, 50 bat lagun. Eta ederki pasa genuen. Bi entsaioetan, dagoeneko oso giro polita sortu zen, koadrila saltsero batzuk elkartu ginelako. Eta Inaute­rie­tan jo ondoren, pote bat hartzen, ko­mentatu genuen gustora aritu ginela, eta zergatik ez genuen Santiotan erre­pikatzen», azaldu du Olaziregik.

«Ni Inauterietakoan ez nintzen ate­ra, baina gero tabernan aurkitu nituen batzuk, eta Santiotakoa antolatzen ari ziren dagoeneko!», kontatu du Ola­sa­gastik. «Bai bai, horrela izan zen. Pasai txarangarekin ere hantxe bertan hitz egin genuen, ea haiek prest egongo ote ziren tutti frutti errepertorio bat jotzeko, eta baietz, deitzeko lasai, ohituta dau­de­la horrelakoetara», azaldu du Olaziregik.

Eta hortik aste batzuetara, aurrera segiko ote zuten komentatu, bilera ba­tzuk egin, eta martxan jarri.

Donostiako Angelitan erosi zituzten danborradak: «Arantzazuko Ama ikas­to­lak utzitakoekin jo genuen Inauterie­tan, eta orain ere, zenbait tokitan es­katu ditugu, baina ez ditugu lortu. Eta azkenean, kasualitatearen kasualitatez, Donostiako Angelita denda mitikoa itxi behar zuten, eta gu danbor bila gen­bil­tzanean, bigarren eskuko dan­borrak sal­tzen zituen, oso prezio onean. Horre­ta­ra­ko, dirulaguntza eskatu genion Uda­la­ri. 24 danbor eta 26 barril erosi geni­tuen, eta beste 15 danbor utzi dizkigute Martutenekoek», azaldu dute.


«Garai batean ere izan zen danborrada Santiotan, baina formala; gurea ezberdina izango da, ?ganberroa?»

Ez da aurreneko aldia izango, Santiotan danborrada ateratzen dena: «orain dela 40 bat urte edo, egiten zen, baina for­mala, militarrez jantzita, kantinera eta zaldiekin... Gurea ezberdina izango da. ?Ganberrada? moduko bat da, ondo pasatzea baita helburua», azpimarratu nahi izan dute. Garai bateko danbo­rra­de­tan ere, Angelitan alokatu izan zi­tuz­ten danborradak eta jantziak. Orain­go­an oso bestelakoa izango da janzkera: galtza edo gona bakeroak, kamixeta beltz bat, edozein zapi lepoan... «Eta buruan zerbait, bakoitzak aukeratzen duena. Izan daiteke mexikarren kapela bat, piratena, peluka haundi bat, pailazoena... Horrek ere saltsa pixka bat sortuko du!», aurreratu dute.


Zutik Elektrotxarangarekin batera, Ikatza tabernaren parean

Arratsaldeko 18:00etan abiatuko dira, Foru Plazatik; eta tabernaz taberna osatuko dute ibilbidea: Ikatza, Sagartxo, Kupela, Zipotza, eta berriro igo Astia­rran bukatzeko. «Horrela zuzenean gordeko dugu materiala. Bestela, beheran bu­ka­tuz gero, batenbat azalduko da goizeko ordu bietan, danborra buruan duela!», dio Goikoetxeak barrez.

Ikatzan, gainera, saio berezia eskai­ni­ko dute: «Gazte Asanbladaren baz­ka­rian elkartuko dira 400 bat gazte, eta Zutik Elektrotxarangarekin abiatuko dira gero. Ba beraiekin elkartuko gara Ika­tzan, eta elkarrekin jo eta abestuko ditugu bi abesti; Sarri sarri eta beste bat. Ea nola ateratzen den!».

Gainerakoan, danborradaren erre­per­­torioa prest daukate: Aupa gizonak, Ka­le­ra kalera, Ixil-ixilik, Praxkuarena, De­ba­­ko mar­txa... «Nik Donostiako Kaiko fes­te­tan jo nuen danborradan, eta bu­ruan dauz­kat abesti guztiak. Baina hemen zu­zen­da­ri bezala ariko naiz, eta horre­tan ez dau­kat esperientziarik!», dio Olasagastik.

Eta aurten danborrik gabe geratu direnei ere, bat egiteko gonbitea luzatu diete: «parte hartu dezatela haiek ere! Ez da soilik pasatzen ikustea. Gurekin bat egin dezatela, eta lagundu diezagu­tela kantari!», animatu dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!