Ez da nolanahiko eguna biharkoa, Astigarragarentzat: esku pelotako Herriarteko Txapelketaren finala jokatuko dute, Donostiako Atano III frontoian, Azpeitiaren kontra. Arratsaldeko 16:30etan hasiko dira partiduak, ohiko ordenean: kadeteena aurrena, jubenilena ondoren, eta nagusiena azkenik.
Azpeitia aurreko lau urteetako txapeldun izanagatik ere, irabazteko aukera ikusten dute astigartarrek, Jokin Santxezen hitzetan: «kadeteetan erdi eta erdi daude aukerak; eta gauzak ondo eginez gero, partidua aurrera atera dezakete Eñaut eta Ekain Lizeagak. Egiguren eta Elosegi azpeitiarrak oso onak dira, baina gureak ere bai. Partidu hori klabea da guretzat, oso garrantzitsua, jakinda jubeniletan daukagula zailena», dio senior mailako atzelariak.
Aimar Mujikak eta Ganix Urdangarinek jokatuko dute bigarren partidu horretan, Alberdi eta Larrañagaren kontra. Eta Mujikak berak onartu du, «oso zaila» daukatela. «Baina edozer gerta daiteke», gaineratu du Santxezek: «kantxara ateratzean, jokatu egin behar da, eta ea zer gertatzen den».
Nagusien partiduan, dena jokoan?
Litekeena da, nagusien mailako partiduan dena jokoan egotea. Hala uste du Mujikak: «kadeteetan gu gara faborito, eta jubeniletan haiek. Nagusiena borrokatua izan daiteke, eta beraz, badauzkagu aukerak, txapeldun izateko».
Oso parekatua ikusten du nagusien partidua ere, Jokin Santxezek berak. Hodei Exposito eta biak ariko dira, Apezetxea eta Murgiondoren kontra: «oso ondo ezagutzen ditugu. Nik bi-hiru urtez jokatu dut Apezetxearekin batera, Amezketan; eta Murgiondoren kontra makina bat aldiz jokatutakoa naiz. Hala ere, ezagutu bai, baina gero, egun guztiak ezberdinak izaten dira... Ea zorte pixka bat daukagun, eta ondo jokatuta partidua irabazten dugun».
Duela hiru urteko «arantza txikia» ateratzea, asmoa
Hain justu, Azpeitiaren kontra jokatu zuen orain arteko final bakarra, Astigarragak, duela hiru urte: «ea oraingoan ateratzen dugun arantza txiki hori. Orduan, jubenilena 20-22 eta nagusiena 19-22 galdu genituen, oso gutxigatik, eta pena geratu zitzaigun, baina gustora geratu ginen egindako lanarekin. Ea oraingoan ere lortzen dugun hori, gustora geratzea, emaitza edozein dela ere», dio Jokin Santxezek.
Azpeitiaren indarra nabarmendu du astigartarrak: «talde sendoa dira. Palmaresa begiratu besterik ez dago; azkeneko lau txapelak lortu dituzte, eta hori ez da lortzen talderik gabe. Klub bezala, gauzak ondo egiten dituzte, eta horrek bere fruituak ematen ditu».
Sarrerak salgai, Ikatzan, Txikin eta Sagartxon
Santxezek berak adierazi du, «ilusioa» nabari dela herrian: «herrian sekulako ilusioa dago. Azpeitian ere hala izango da, baina gure kasuan, historiako bigarren finala besterik ez da. Uste dut astigartar asko joango direla frontoira».
Horretarako, sarrerak salgai daude, Astigarragan bertan, hiru tabernatan: Ikatzan, Txikin eta Sagartxon. Kantxako aulkiak 10 euro dira, eta aurreneko solairukoak, 5 euro.
Eta hiru horietan eman daiteke izena, baita ere, finalaren ondorengo afarirako. Petritegin izango da, irabazi edo galdu, lortutakoa ospatzeko.