EGILEA: LIBE MURUA MASID
Goizetik Txistulari Bandaren zuzendaritza aldaketa ez zen egun batetik bestera eman. Patxi Apezetxeak azaldu duenez, berak luzatu zuen aldaketa egiteko proposamena, eta denen artean adostu ondoren hartu zen erabakia. Zuzendari kargua ideia berriak izango zituen pertsona gazteago batek bete behar zuen, eta Ruth Martin aukeratu zuten lan horretarako. Apezetxeak dio musika aldetik bera baino jantziagoa dela Martin, eta ideia berriak azkar sortzen zaizkiola; beraz, kargurako prest ikusten du, eta Goizetik Txistulari Bandak berarekin gora egingo duela aitortu du.
Txistua hartu eta kalera
Apezetxeak eta Martinek, biek dute ibilbide luzea txistuaren munduan, baina bideak ezberdinak izan dira. Apezetxearen kasuan, behar batetik sortu zen txistulari izatea, ez afizioagatik. Izan ere, 1960ko hamarkadan dantza talde bat sortu zen Hernanin, eta haien artean zegoen Apezetxea. Taldean, ordea, ez zuten txistularirik, eta dantza egin nahi zuten bakoitzean laguntza eske ibili behar zuten. Hori dela eta, azkenean, Apezetxeak berak eman zuen txistua jotzen ikasteko pausua. Horrela hasi zen Apezetxea txistuarekin kontaktua izaten.
Martin, ordea, gazteagoa da, eta bere kasua ezberdina da. Bera musika ikasten hasi zenean, orain dela 40 urte, ez zegoen musika eskolarik Hernanin, eta instrumentu bat jotzen ikasteko bi aukera besterik ez zeuden: txistua edo akordeoia. Martin bi instrumentuak ikasten hasi zen, baina urteek aurrera egin ahala, txistua jotzen ibiltzeak konpromisoak ekartzen zituela kontuan hartuta (kalejirak, erregeak?), akordeoia alde batera utzi eta txistuarekin jarraitu zuen.
Martinek dio, garai haietan musika eskola bat izan balitz herrian, egun dagoen aukera guztiarekin, agian ez lukela txistua aukeratuko, ala bai. Baina garai haietan herri mailan musika munduan jarraitzeko bi aukera horiek besterik ez zeudenez, bide batetik edo bestetik joan behar zen. «Donostiara joateko aukera ere bazegoen, baina hori desberdina zen», azaldu du Martinek.
Baina gauza batean bat etorri dira biak; zehazki, beraien lehenengo emanaldia txistulari moduan ea gogoratzen zuten galdetzean, bien erantzuna berdina izan da: kalean. Gauza batean edo bestean izan, baina beti kalean ibiltzen zirela azpimarratu du Martinek; prozesioak, errege desfileak, San Joanak, San Isidro, Santa Zezilia, baina beti kalean izaten ziren emalnaldiak. Martinek dio orduak eta orduak pasa dituztela kalean: «ikaragarrizko hotzak pasata gaude, euria, ibilbide luzeak, orduak eta orduak». Emanaldi guztiak kalean izaten ziren, txistua hartu eta kalera. Orduan ez zen kontzerturik ematen, beraien jarduna igande goizetan diana jotzea eta, aipatu bezala, herriko ekintzetan parte hartzea izaten zen.
Goizetik taldearen sorrera
1964 urtean bi edo hiru txistulari besterik ez zeuden herrian, haien artean Apezetxea. Aurrerago musika eskola sortu zen, eta handik ateratzen ziren zenbait ikasle taldera batzen ziren. «Batzuek urtebete edo bi pasa eta hanka egiten zuten; besteek, ordea, jarraitzen zuten, Ruthen kasuan bezala, eta bandan dauden gehienen gisan», dio Apezetxeak.
Urte batzuk aurrera, zehazki 2006an, txistulari taldeak emanaldiak egiteko Udalarekin zituen akordioei ofizialtasuna eman behar zitzaien, eta horretarako elkarte bat sortzea proposatu zieten. Hala sortu zen Goizetik Hernaniko Txistulari Banda. Akordioaren bitartez, gaur egun, txistulariak talde bezala aitortuta daude, eta Udalak txistulariak behar dituenean, Goizetikek betetzen ditu txistulari lan horiek. Horretaz gain, talde bezala beraien kontzertuak eta emanaldiak ere antolatzen dituzte.
Gaur egun, Goizetik 8 kidek osatzen dute: bi txistu lehenek, bi txistu bigarrenek, bi silbotek eta bi perkusionistek. Astean behin elkartzen dira entseatzeko; hala ere, egoera berezietan, esaterako San Joanetan, bi entsegu egiten dituzte. Igandero diana jotzen dute kaxkoan barrena, eta igandekoaz gain, esan bezala, herriko ekintzetan zein kanpotik deitzen dieten emanaldietan parte hartzen dute.
Urteak pasa diren arren, ilusio berdinarekin jarraitzen dutela adierazi du Martinek: «Txistulari sena mantentzen dugu. Deitzen gaituzten aldiro, ez dugu eztabaidatzen, prest gaude, horretarako gaude, eta hau Patxik transmititu duen gauzetako bat da».
Etorkizuna
Etorkizunaz galdetzean, Martinek dio ez duela programa berezirik baina bere helburu nagusia taldeko rollo on hori mantentzea eta txistuaz gozatzen jarraitzea dela esan du: «Ez dut programa berezi bat, baina nire helburua txistua jotzen gozatzen jarraitzeko modu berriak aurkitzea izango da, orain arte daukagun jotzeko ilusioa mantentzea».
Apezetxeak, berriz, aldaketaren ondoren taldea uzteko asmoa zuen, baina taldekideek animatu ostean, bandan jarraitzea erabaki du, osasunak uzten dion bitartean. «Bandan jarraituko dut hauspoa dudan bitartean, oso gustura nago taldean», azaldu du.
Martinek, Apezetxeak gaur egun arte egindako lana azpimarratzen du; izan ere, izugarrizko errekuperazio eta dokumentazio lana du egina. «Lehen ia guztia buruz egiten zen partitura gabe eta egun dena digitalizatuta dago eta hau Patxiri esker izan da. Behin hori dena edukita, errazagoa izango da nire lana», azaldu du Martinek.
Hernani eta Txistua, Apezetxearen liburua
Hernaniko Udalak 1990 urtean lehiaketa bat antolatu zuen, eta bertara aurkeztu zen Apezetxea. 1530 urtetik gaur egun arte txistuari buruzko datuak jasotzen dituen lana aurkeztu zuen, eta aurreneko saria eman zioten. Lehiaketaren oinarrietako bat zen, lehenengo saria jasotzen zuenaren lana argitaratzeko eskubidea izango zuela Hernaniko Udalak, eta hala izan zen.
Bi urtetara, Kutxak ere argitaratu zuen Apezetxearen lana, eta azkenean liburu formatua jaso zuen. 2009an Xalaparta Elkarteak Hernaniar Bikaina izendatu zuen Apezetxea, liburuan burututako lanaz gain, urte luzeetan txistulari moduan egindako ibilbidea aitortuz.
Txistuak merezi duen lekua
Martinen iritziz, egunerokotasuna apurtzeko modu bat da txistua jotzea: «niretzat txistua jotzea egunerokotasunarekin hausteko momentu bat da, asko gozatzen dena, burua horretan duzulako, eta beste guztia ahaztu egiten duzulako».
Bestalde, txistua oraindik guztiz garatuta eta guztiz deskubrituta ez dagoen instrumentu bat dela dio: «ez dago deskubrituta duen potentzial guztia eta lan horretan jarraitzeak beste plazer txiki bat ematen du». Gainera, txistua jotzea Euskal Herriarekin duen konpromiso bat dela dio Martinek; izan ere, gure kultura eta historia erakusteko modu bat ere bada txistua, eta hortaz harro dela azaldu du.
Orain dela urte gutxi arte, txistua ezaguna zen, baina kalejiretarako eta dantzetarako soilik erabiltzen zenaren pertzepzioa zuen Martinek; orain, berriz, gauzak aldatu egin direla dio: «orain dela urte batzuetatik aurrera, eta nire ustez Jose Ignazio Ansorenak egindako lanari esker, txistuari ematen ari zaio instrumentu bezala merezi duen lekua».