EGILEA: ALOÑA BERAZA PEÑA
Hernaniko Musika Bandaren San Joan eguneko aurtengo kontzertua berezia izango da, omenaldia egingo zaiolako Florentino Martin tronpeta joleari, 50 urtez Bandako kide izateagatik. Emanaldi hau izango da Tinoren tronpetaren hotsa Hernaniko Bandarekin batera entzuteko azken aukera, kontzertu horretan bertan erretiroa hartuko baitu musikariak.
Urteroko legez, emanaldi honetan Bandak urte osoan zehar egindako lana azaleratuko dio herriari, kurtso bukaerako ohiko kontzertua eskainiz ekainaren 24 eguerdian, udaletxeko arkupeetan. Musikarientzat oso kontzertu ezberdina izaten da egun honetakoa, herriko festak direnez jendea gogotsu egoten baita eta ikusle asko hurbiltzen baitira, hortaz taldeko edozein kide omentzeko egunik aproposena dela uste dute musikariek. Kontzertuaren amaierara heldu aurretik, omenduko den Bandako kidea zutitu egin ohi da eta dagokion oroigarria jasotzen du zuzendariaren eskutik, urteurrenaren kasuan Hernaniko Musika Bandako logotipoa duen pina janzten dio zuzendariak musikariari beraz, halakoa izango da Tinori egingo zaion omenaldia.
Urrezko omenaldia, aurtengoa
Urtero San Joan eguneko kontzertu berezia baliatzen dute omenaldiak egiteko, Bandarentzat kontzerturik kuttunena delako. Hernaniko Musika Bandak 25 eta 50 urte betetzen dituzten musikari guztiak omentzen ditu, beraz tronpeta jolea ez da lehenengo omendua izango. Hala eta guztiz ere, esan beharra dago Tinori egingo zaion omenaldia bereziagoa izango dela oso pertsona gutxi direlako Bandan 50 urte betetzen dituztenak. Ainara Garin Bandako zuzendaritzako kideak esan duenez, «25 urte egiten dituenari zilarrezko pina ematen zaio eta 50 urte egiten dituenari urrezkoa, denek ez dute pin hori, beraz esan daiteke oso oroigarri berezia dela». Hortaz Hernaniko Musika Bandako urrezko pina eskuratuko duen lehenengoetako musikaria izango da Tino.
FLORENTINO MARTIN, 'TINO':
«Mendeurren erdi baten ondoren Bandari agur esateko eguna heldu zait»
Florentino Martinek aurten 50 urte betetzen ditu Hernaniko Musika Bandako kide izaten eta urte luze hauetan hamaika istorio bizitu ondoren, erretiroa hartuko du San Joan eguneko kontzertuan egingo zaion omenaldian.
Zer dela eta hasi zinen horren gazte Hernaniko Musika Bandan?
14 urterekin hasi nintzen Bandan, Jose Antonio Ruiz Bona zuzendari zela. Garai hartan nire lagun taldeko gehienak musika ikastera joaten ziren eta niri ere betidanik gustatu izan zaidanez musika, Musika Bandan sartzeko erabakia hartu nuen. Bandan lehendabiziko urratsak perkusioarekin eman nituen eta danborrarekin batez ere, 16 urterekin hasi nintzelako tronpeta jotzen.
Nola bizitu dituzu 50 urte hauek Bandan?
Hernaniko Musika Bandak oparitu dizkidan 50 urte hauek izugarriak izan dira, ilusio handiarekin bizitu ditut eta kategoriaz gozatu. Oso esperientzia polita izan da, horren gazte hasi izanak nire familiako lehenengo bandako kide bihurtu nau, baina urteek aurrera egin duten heinean harrotasun handiz bizitu dut nire ondorengoak ere bandarekin bat egin izana, Pacheko Martindarrak besteak beste.
Zer sentitzen da horrenbeste denboran Hernaniko Bandan finko mantentzean?
Egia esan sentimendu kontrajarriak ditut urte guzti hauetan zehar Hernaniko Musika Bandan firme mantendu izanagatik. Izugarrizko harrotasuna sentitzen dut 50 urtez Bandaren parte izan naizela esaten dudan bakoitzean, benetan taldearen parte sentiarazi nautelako guztiek eta hori delako barruan sortzen zaidan sentimendurik garbiena, harrotasuna eta zoriontasuna. Baina beste alde batetik izugarrizko pena sentitzen dut zaharrenak zirenak joan egin direlako eta nirekin batera hasi ziren asko iadanik ez daudelako gure artean, gogorra da lehenengo urratsak zurekin batera eman dituzten kideak nola joaten diren ikustea.
«Musika bandako momentu eta kide guztiek zerbait berria irakatsi didate»
Zeintzuk izan dira Musika Bandan bizitutako momenturik onenak?
Urte guzti hauetan zehar Musika Bandak mila momentu on eskaini dizkit eta hortaz ezingo nuke bakarra aukeratu, denak izan direlako niretzat aberasgarriak. Asko ikasi nuen Manolo Sagarna zuzendariarekin, musikaren inguruan nuen ezagutza handitzen lagundu baitzidan baina azkeneko hiru zuzendari gazteekin ere asko gozatu dut. Gazteak oso prestatuak datoz eta aire freskoa eskaintzen diote taldeari, horren adibide dira azken urte hauetan izandako zuzendariei esker prestatu ditugun obra modernoak. Musika nahiko zaila lantzen gabiltza azken aldian, egiteko zaila den musika baina aldi berean zoragarria den estiloa, beraz inoiz ez zaio ikasteari uzten. Pertsonalki esan dezaket, niri Musika Bandako momentu eta kide guztiek zerbait berria irakatsi didatela.
Bandan eman dituzun kontzertu guztietatik zein izan da zuretzat bereziena?
Kontzertu guztiek dute bere xarma edo bere ukitua eta emanaldi bakoitza bakarra da, baina egia da niretzat kontzerturik bereziena duela inauteri batzuk eman genuen mexikarren kontzertua izan zela. Emanaldi horretan tronpeta jotzeaz gain abeslari moduan ere aritu nintzen eta ahaztezina izan zen niretzat esperientzia hura. Lehenagotik hasia nintzen kaleetan zehar abesten, Hernaniko Bandan eszedentzia hartu nuen 5 urteetan esaterako orkestra batekin hasi nintzelako kalez-kale kantari baina ez nuen inoiz nahastu kantua eta tronpeta jotzea, izugarria izan zen kontzertu hura.
«Hernaniko Musika Bandak oparitu dizkidan 50 urte hauek izugarriak izan dira, ilusio handiarekin bizitu ditut eta kategoriaz gozatu»
Zein izango da hemendik aurrera Tinok izango duen harremana musikarekiko?
Musikaria eta tronpetalaria izaten jarraituko dut noski, baina Hernaniko Musika Bandatik kanpo. Talde honen parte izatea zoragarria den arren, aurtengo San Joanetako kontzertuan taldeko kide izateari utziko diot baina tronpeta jotzen jarraituko dut, hori ezin baita utzi. Mendeurren erdi baten ondoren Bandari agur esateko ordua heldu zaidala uste dut, eta pena handia emango didan arren pozik uzten dut Banda, ongi pentsatu ondoren hemendik aurrera soilik Bandako bazkarietara joateko erabakia hartu baitut. Hernaniko Musika Bandak dena eman dit, jende paregabea ezagutzeko aukera izugarria eskaini dit hasieratik eta benetan bihotzez eskertzen dudana da Hernaniko Musika Bandak ondo pasatzen eta guztien artean egindako lanaz disfrutatzen erakutsi izana. Hortaz, gustura asko utziko diet nire entsegu eta kontzertuetako aulkia atzetik datozen gaztetxoenei, 50 urte hauetan betetako aulkia nire ustetan Euskadiko musika bandarik berezienaren eta onenaren aulkia izan baita.