EGILEA: ANDONI REKONDO IZAGIRRE
Hogeitabosgarren urteurrena tarteko, Ozenki abesbatzako kideak izango dira jaiei hasiera eta amaiera emango dietenak. Egindako ibilbide luze bezain politaren ondorioa da haientzat urteurren berezi hau, eta emanaldi ugari eskainiz amaitu dute ikasturtea. Udako oporrei hasiera borobila emateko modu bezala ikusten dute txupinazoaren ekitaldia. Haietaz gehiago jakiteko, abesbatzako hainbat kiderekin hitz egiteko aukera izan dugu: Mari Carmen Santa Cruz, Maite Zabala, Ainhoa Pineda eta abesbatzako zuzendari den Imanol Kamiorekin.
Aurtengoa urte berezia da zuentzat, 25garren urteurrena ospatzen duzue. Nola bizi duzue egoera?
Bai, hala da. 25 urtera iristea ez da lorpen makala. Ospatzeko eta gauza bereziak egiteko unea da, eta urteak ahalik eta ondoen betetzeko lana egiten ari gara. Inoiz baino gogo haundia daukagu eta lanean jarraitzeko asmoa daukagu.
Urteurren berezi horri begira, emanaldi bereziak ere izango zenituzten?
Bai, noski. Jada bi egin ditugu, lehena bakarrik eta bigarrena Kantuz eta Goizuetako Umore Ona abesbatzekin batera. Urtean zehar beste hainbat emanaldi berezi ere izango dira. Besteak beste, Llodioko eta Galiziako abesbatza batzuekin kantatzeko aukera izango dugu.
Nola bizi izan duzue abesbatzarekin egindako ibilbide luze hau?
Momentu on eta ez hain onak pasatu ditugu. Hasierako urteak ez ziren batere errazak izan, beti kostatzen da proiektu berri bat martxan jartzea. Ereñotzuko jendeak bakarrik osatzen zuen abesbatza eta zaila zen kanpoko jendea erakartzea. Gaur egun, aldiz, asko aldatu da gure egoera. Herri askotako jendea daukagu geure artean, eta esan beharra dago urte guzti hauetan abesbatzatik pasa den jende guztiarekin oso eskertuta gaudela.
Zein uste duzue dela hainbeste urtetan irauteko gakoa?
Imanolek berak eragin handia eduki du abesbatzaren iraupenean. Oso ondo ezagutzen du taldeko kide bakoitza, eta taldea kohesionatua mantentzea lortzen du. Bestalde, harreman ona edukitzeak eta familia handi bat izateak asko lagundu digu. Halako kasuetan eztabaidan hasiz gero ezinezkoa da aurrera egin ahal izatea.
Bat aukeratzekotan, zein da bereziena izan den unea?
Momentu guztietan izan dira kontzertu eta emanaldi politak. Hala ere, azken urteetan egindakoekin geratuko ginateke. Urteen poderioz geure maila ere handitzen joan da eta horrek gauza zailagoak eta ikusgarriagoak egiteko aukera eman digu.
Beraz, hasiera zail hartatik gaur egunera, zuen mailan hobekuntza handia ikusi duzue?
Bai, dudarik gabe. Urtero saiatzen gara pixkanaka gora egiten eta lan horrek bere fruituak ematen ditu. Esaterako, Kursaalen, Vigon edota Ribadeon kontzertu handiak eskaini ditugu. Hala ere, abesbatza honen ezaugarri nagusia giro ona edukitzea dela esango genuke. Azken finean, disfrutatzen dugulako gara proiektu honen parte eta hori mantentzea iruditzen zaigu garrantzitsuena.
Nola jaso zenuten jai batzordearen deia?
Egia esan, ez genuen espero. Halako dei bat ez da egunero jasotzen eta guretzat ohore handia da herriko jaietan halako protagonismoa eta paper garrantzitsua edukitzeko aukera izatea.
Hotzean pentsatuta, zer sentitzen duzue txupinazoaren enkargatu izatean?
Momentu oso berezia izango dela iruditzen zaigu. Udaletxeko balkoira atera, plaza gainezka ikusi eta hitz batzuk esatea? Pentsatze hutsak hunkitu egiten gaitu. Sentimendu handiarekin egiten saiatuko gara, eta han bertan emozio asko aterako direla argi dago. Horregatik, gogo eta ilusio ikaragarriarekin ekingo diogu. Itxaron luzea izan arren, momentu handia iristen denean pena mereziko duela iruditzen zaigu.
Nolako San Joanak opa dizkiezue hernaniarrei?
Herriko festak herritar guztiok disfrutatzeko egunak dira. Hernaniz gozatzea eta egitarauan dauden ekintzez gozatzea opa diegu denei. Bestalde, bai txupinazoan eta bai banderaren jaitsieran herriko plaza betetzeko eskaera egin nahiko genieke, denon artean momentu politagoa sortu ahal izateko.
Hemendik urte amaierara, baduzue ekintza berezirik?
San Joanetako ekintzekin amaitzen dugu ikasturtea. Txupinazoaz gain, herriko beste abesbatzekin hainbat kontzertu eskainiko ditugu. Oporren ondoren, urteurrena tarteko, zenbait abesbatzaren bisita jasoko dugu, haiekin kontzertu bereziak egiteko. Besteak beste, Vigoko abesbatza etorriko da. Aurreko batean, gu geu joan ginen Galizia aldera, eta aurtengo urte berezian haiek egin nahi izan digute bisita. Hala ere, urteroko kontzertuak ere egiten jarraituko dugu, gabonetakoa esaterako.
Nola definituko zenukete, hitz gutxitan, Ozenki abesbatza?
Zaila da hitz gutxitan esatea. Daukagun giro onarekin familia bezala definituko genuke. Elkar ezagutze horrek eta daukagun konfiantza mailak ematen digutelako aurrera jarraitzeko behar dugun indarra. Horrez gain, ausartak garela iruditzen zaigu. Lan asko egiten dugu astean zehar eta lan hori abesti zailak eta ezohikoak prestatzeko erabiltzen dugu. Batzuetan hobeto eta besteetan okerrago egin dezakegu, baina, ausardia puntu horrek ondo definitzen gaitu.
Etorkizunera begira, nola ikusten duzue abesbatza?
Oraingoz gogotsu eta ilusio handiarekin gaude denok. Etorkizunean zer gertatuko den ezin du inork ziurtatu; hala ere, urte luzez lanean jarraitzeko intentzioarekin gaude. Esan bezala, ondo pasatzen dugu eta oso gustura joaten gara edozein tokira abestera. Horregatik, aurrerantzean ere halaxe jarraituko dugu.
50. urteurrenera begira jarri da Ozenki?
Hori ez dago gure esku. Urte asko dira oraindik aurretik ditugunak, baina, jende gazteak hartu behar du helduenen erreleboa. Jende gazte hori erakartzea izango da gure abesbatzak epe luzera duen erronka handiena. Azken finean, halako aldaketak beharrezkoak dira jarraitu ahal izateko.
San Joan hauetan non ikusi ahal izango dugu Ozenki abesbatza?
Bi ekitaldi nagusi izango dira. Atzo Aurorak ospatu genituen eta herriko kaleetan zehar ibili ginen kantuan. Gaur San Joan bezperako kontzertua emango dugu, Kantuz abesbatzako eta Amher elkarteko lagunekin batera. Oso ekitaldi polita izaten da hori, eta Urbieta kaleko eszenatokian egongo gara arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Herritar guztiei egiten diegu kontzertura azaltzeko deialdia, seguru ez direla damutuko.