FESTEK opari berri bat ekarri dute Ereñotzura. San Antonio egunarekin batera, ekainaren 13an, Begoña Garciak Ereñotzuko Denda jarri zuen martxan urte asko dendarik gabe egon eta gero. Eta auzotarrek eskertu dute. «Behar zen denda». Portu auzoan denda eduki eta gero Begoña Garciak Ereñotzura salto egin du.
«Egokiena zela iruditu zitzaidan, San Antonioetan irekitzea. Hasiera batean maiatzaren 31rako nahi nuen ireki, baina azken uneko xehetasunak luzatu egiten dira. Pasa den asteko asteartean iritsi ziren apalak, asteazkenean generoa eta ostegunean ireki nuen denda. Oraindik ere produktuak falta dira, baina festetan jendearen aurrean ezagutarazteko egun egokiak izan dira. Kanpoan bizi diren ereñotzuarrak festetan auzora etortzen dira eta ezagutzeko egokia zen orduan irekitzea».
Denda egunero dago irekia. Astean zehar 09:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 16:30etatik 19:30etara. Larunbatetan 09:00etatik 14:00etara egongo da irekia eta igandeetan 10:00etatik 13:00etara. Abuztuan goizez egongo da irekia.
Txilibita taberna zegoen lokalean dago kokatua. Ereñotzuarren eskaerari esker erabaki zuen Udalak lehiaketa librean denda jartzea. «Ni bakarrik aurkeztu naiz lehiaketara. Bertan, behar bat zegoen. Autobusak ez dira momenturo pasatzen, helduentzako erosoa da bertan denda edukitzea. Ogi arrailatua falta bazen etxean, irinarekin konformatu behar. Guraso eta gazteentzako ere egokia da Hernanira joan beharrik gabe bertan erosketa egitea».
«Ereñotzun baldintza onenak daude eta horrek prezioa merketzeko aukera ematen du»
Denetarik dago Ereñotzuko dendan. «Zerbitzu bat eskaintzen dugu. Hori da gure betebeharra. Lehendabiziko egunetan auzotarrek denda ezagutu nahi izan dute. Berea sentitzen dute eta hori da dendaren izaera, horregatik da Ereñotzuko denda. Ereñotzuarrena delako, elkartea, frontoia edo taberna diren bezala».
Herritarren elkargunea ere badela azpimarratzen du Begoñak. «Batez ere helduen kasuan etxetik gutxi irteten direnentzako. Orain dendan ikusi ahal dira edo ikusten dira eta nabari da. Auzotar batek esan zigun emakumeen taberna dela. Auzo kohesioa indartzen du dendak».
«Elkartea, taberna edo frontoia bezala Ereñotzuko denda ere auzotarrena da»
«Jendearen beharrak esango digu zer gehiago behar den»
Dendan denetarik aurkitu daiteke. Begoñak Portu auzoko denda zuen eta saiatu da eskaintza zabaltzen ahalik eta gehien. «Denborarekin jendearen beharrak esango dute zer falta den edo zer ez den behar. Fruta eta barazkiak daude, haragia badago, yogurrak, umeentzako goxokiak, izozkiak, txarkuteria... ia edozer aurkitu daiteke. Jendea arrituta geratu da. Bazekiten denda irekiko zela, baina ez zuten uste horrenbeste gauza egongo zenik. Supermerkatu txikia ireki dela diote auzotarrek eta hori da nahia denetarik egotea. Umeak oso gustora daude, jolasean dabiltzan bitartean bertara etortzen dira».
Begoña García Coviran kooperatibako partaide da. «Zortzi mila artikulu daude kooperatiban eta sekzioa guztietatik egin dut eskaera. Orain dendaren martxa berak erakutsiko du zer apal bete behar den gehiago. Coviran ere identifikaturik egongo da».
Portu auzoan bost urte egon zen eta Ereñotzuk baditu erakargarri egiten dituen baldintzak. «Hasteko ez dut alkilerrik ordaintzen. Udalak jartzen du lokala eta erraztasun haundiak ematen ditu. Baldintzak ezagutzera joan nintzen Udalera eta nik generoa bakarrik sartu behar izan dut. Abantaila izugarria da. Produktuak sartzea da egin beharreko gauza bakarra eta hori ez da kamara bat erosi behar izatea bezala. Baldintza onak izateak prezioak merketzeko aukera ematen dizu eta horrek denda txikiari beldurra kentzeko balio du. Supermerkatu haundien prezioekin parekatu dezakezu».
Begoña Garciak bakarrik eman zuen izena. «Gu Astigarragakoak gara eta gustora gaude. Baldintza onenak daude denda ongi joateko. Orain zerbitzu onena eskaintzen saiatuko naiz». Lau urterako kontzesioa du dendak, bi urte eta luzagarria hirugarren eta laugarren urtean. Lau urtera berriz aterako da kontzesioa.