Bizitza osoa daramaki futbolean, Garbiñe Etxeberria Aranburu hernaniarrak. Oiartzunen jokalari aritu zen 20 urtez, baita bi Kopa eta Liga bat irabazi ere; eta 2004an Realak emakumezkoen taldea sortu zuenetik ari da bertan, entrenatzaile aurrena, eta kirol zuzendari orain. Kopa irabaztea «momentu oso oso gozoa» izan da berarentzat, baina «egindako bidearekin» dago «harro». Hernaniko kaleetan, askok zoriondu dutela onartu du, eta horrek «ilusioa eta poza» eman diola.
Pasa dira aste batzuk, Kopako finala irabazi zenutenetik. Nola ikusten duzu lortutakoa, orain?
Gero eta gehiago baloratzen dut. Beharbada, momentuan, barruko pozarekin eta inguruan sortu den guztiarekin, ez ginen konturatu, zer egin eta zer lortu genuen; baina denbora pasa ahala, gehiago baloratu dugu.
Zure kasuan, gainera, taldearen sorreratik egonda, oso berezia izango zen.
Lortu dugun titulua haundia da klubarentzat, emakumeon kirolarentzat, eta batez ere, futbolaren mundu honetan. Nik orain arteko prozesu guztia baloratzen dut. Urte asko daramazkit honetan, funtzio desberdinetan, jokalari, teknikari, koordinatzaile, teknifikazioan, delegatu lanetan? Momentu hau oso oso gozoa da niretzako, baina egindako bidearekin nago harro, eta denak merezi izan du.
Gipuzkoa osoan, gainera, sekulako mugimendua eta ilusioa sortu duzue.
Haundia izan da. Nik uste dut, jokalariak ere ez zirela konturatu hasieran, zer lortu zuten. Igandean handik bueltatu ginenean, taldeak jaso zuen harrera Donostian, Aldundian, udaletxean? Anoetan bertan ere bai, mutilen Ligako azkeneko partiduan. Eta hor egin ziguten harrera ere, jokalarientzat haundia izan zen. Baina gero, astean zehar Gipuzkoan barrena egin genuen ibilbide horretan, konturatu ziren zer mugitu zen, nola iritsi ginen zaleengana? Eta neska-mutil gaztetxoek, beraien izenak zekizkiten. Telebistan ikusi zituzten, eta herrietara joan ginenean, izenez deitzen zieten. Jokalariak konturatu ziren horretaz. Eta oso oso polita izan zen, herrietan sortu zen giroa.
Horretan geratuko da, edo segida izango du, mugimendu eta ilusio horrek?
Uste dut segida izango duela. Ez dakit zenbateraino izango den horrela hemendik aurrera, baina jende asko inguratuko zaigula iruditzen zait. Realzalea dena, futbola gustatzen zaiona, emakumezkoen kirola gustuko duena, gure jokalariak gertu sentitu nahi dituen zale hori? Jende asko gerturatuko da. Gure erronka izango da zale hori mantentzea, eta horretan, jarri beharko dugu gure aldetik ere. Ligan gauzak ondo eginez, hazten jarraituta, eta joko erakargarria eginda. Baina uste dut beste pauso haundi bat eman dugula, eta lortuko dugula zaleak geureganatzea.
Ez da zure aurreneko titulua izan. Bi Kopa (1987 eta 1988) eta Liga bat (1990) irabazi zenituen Oiartzunekin, jokalari bezala. Ezberdinak izango ziren haiek, ezta?
Bai. Hasteko, nire rola oso desberdina zen. Orain dela 30 urte, jokalaria nintzen, eta zelaian aritzen nintzen buru-belarri, entrenatzaileak esaten zuena eginez, taldekideekin? Barrutik bizitzen. Orain, ardura desberdina da, beste perspektiba batetik, gauza gehiago baloratuz eta kontutan hartuz. Baina bi alderdiak izan dira oso oso politak niretzat. 20 urte egin nituen Oiartzunen, eta oso eskertuta nago han egindako guztiarekin. Han egin nintzen eta egin ninduten jokalari, eta han izan nuen aukera, futbola bere osotasunean bizitzeko. Eta horren ondorioz etorri zen Reala 2004an, eta Realean sartzeko aukera izan nuen. 15 urte hauek, beste funtzio batzuekin bizitu ditut, eta finala ardurarekin bizitzea berezia izan da. Final honetan, gogoan izan ditut nire inguruan izan diren pertsona asko eta asko. Zu zara proiektu honen buru, norbaitek izan behar duelako arduradun; baina sentitu dudana da, ingurukoak zenbat poztu diren, zenbat eskertu duten eta zenbat bizitu duten nirekin batera. Nire ondoan, ibilbide honetan, jende asko eduki dut; eta horrek ere asko bete nau.
«Uste dut segida izango duela sortu den ilusio horrek. Ez dakit zenbateraino izango den horrela hemendik aurrera, baina jende asko inguratuko zaigu»
Garai haietan, nola zen emakume futbolaria izatea? Ezberdina izango zen?
Oso oso ezberdina. Garai haiek oso zailak izan ziren. Kopak irabazi ziren, Ligak ere bai, Gipuzkoako futbolak maila haundia zuen? Baina ez zen gauza erraza. Konpetizioak oraindik erregularizatu gabe zeuden, normaltasunez bizitu gabe. Egunerokoan bizi ginen, ez zegoen proiektu askorik. Emaitzak iritsi ziren, eta horrekin, zentzu gehiago hartu zuen denak, kirolean emaitzekin bizi gara eta. Baina kirola ez zen ezaguna, gu ere ez ginen ezagunak, eta egunerokoa oso zaila zen. Guk aurrera egin genuen, belaunaldi bat suertatu zelako, inguruak ere lagundu zuelako, eta asko gustatzen zitzaigulako futbola. Baina ez zen erraza, baginen pixka bat bereziak, nahiz eta esaten zizkiguten gauzek ez ziguten askorik eragiten. Garai hartan saskibaloia edo eskubaloia zeuden normalizatuago, Gipuzkoan. Neskak futbolean ikustea, ordea, ez zen oso naturala, nolabait esateko.
«Final honetan, gogoan izan ditut nire inguruan izan diren pertsona asko eta asko. Sentitu dut zenbat poztu diren eta bizitu duten nirekin batera»
Nola bizitu ziren Kopako eta Ligako garaipen haiek?
Haiek ere oso gogoan ditut. Kopako hiru final jokatu genituen Oiartzunekin. Aurrenekoa ez genuen irabazi, baina finala jokatzea haundia izan zen klubarentzat. Eta gero, bigarrena eta hirugarrena irabaztearekin, herrian sortu zen gureganako jarraipen bat, klubaren izena zabaldu genuen estatu mailan? Herriak asko eskertu zuen, eta harrerak ere haundiak izan ziren. Herrian ezagunak ginen, nahiz eta herrikoak ez izan. Nik Oiartzun oso barruan daramakit. Ilusioarekin bizitu genuen garai hura, eta niri, oraindik ere, orduko irudi asko etortzen zaizkit gogora, 32 urte pasata ere. Uste dut denborarekin gauzak askoz ere gehiago baloratzen ditugula.
Horiek izango ziren aurreneko urratsak, Gipuzkoan emakumeen futbolak orain bizi duen egoerara iristeko.
Bai, 80ko hamarkadan izan zen dena; zerotik hastea. Ez zegoen ezer araututa lehiaketa aldetik, eta pixkanaka izan zen, taldeak sortzea, lehiaketak egituratzea? 80ko hamarkada horretatik izan da emakumezkoen futbola, Gipuzkoan. Badakit aurretik izan zirela talde batzuk, baina puntualki. Eta horiek ere, herrietako festetan eta horrelakoetan antolatzen ziren partiduetan jokatzen zuten. Hori daukat entzunda. Baina araututa, 80ko hamarkadan. Uste dut, belaunaldi hari asko zor diogula, eta asko hitz egiten dugula orain ere, garai hartako jendeak. Orain daudenek jakin behar dute, nondik gatozen, eta zenbat lan egin behar izan den honaino iristeko. Gurea hori delako, lana eta lana.
Izan ere, emakumezkoek ez daukagu erraza kirolean. Ez geneukan erraza lehen, eta orain ere ez. Garai hartako klubek lan haundia egin zuten, eta asko daude. Añorga eta Oiartzun ibili ginen goran hasiera batean, baina gero etorri ziren beste batzuk, Gipuzkoan. Goraipatu behar da, klubetan egin den lan ixil hori; klubetako arduradunena. Batzuek gehiago sinesten zuten, beste batzuek gutxiago. Baina gure kirolean, sinestea da kontua. Jendea baldin bazegoen benetan gurekin lan egin nahi zuena, aurrera egiten genuen; baina zuzendaritza taldeetan ez bazegoen horrelako jendea, klubak ez ziren aurrera ateratzen. Hori horrela izan da beti.
«80ko hamarkadako klubek lan haundia egin zuten. Sinestea da kontua. Jendea baldin bazegoen benetan gurekin lan egin nahi zuena, aurrera egiten genuen»
Orain ari da indarra hartzen, emakumezkoen futbola. Nola bizitu duzu barrutik?
Garrantzitsua izan zen, Gipuzkoan Realak lidertza hori hartzea, duela 15 urte. Eta horretan, eskertu behar da klubak ados jarri zirela, ezinezkoa zelako Oiartzunek, Añorgak, Eibartarrak, Zarautzek, Anaitasunak edo besteren batek hau dena aurrera eramatea. Egitura haundia behar zen, eta ekonomikoki asko eskatzen zuen. Beraz, eskertu behar da, batetik, Realak lidertza hartu izana; eta bestetik, klubek jokalariak eskaini egin zituztela. Horrekin pauso haundi bat eman zen, eta gero, 15 urte hauetan, Realak egin duen lana haundia izan da. Gainera, lehiaketa ere asko aberastu da. Ligari ikusgarritasuna eman zaio, telebistan egotearekin. Gaur egungo gizartean, irudia da garrantzitsuena, eta sare sozialetan eta telebistan ikusten denarekin geratzen dira gazteak. Jokaldi batzuk, izen batzuk? Zentzu horretan, Ligaren hazkundea haundia izan da urte hauetan. Horri guztiari, gehitzen badiozu titulu bat irabaztera iritsi izana, oraindik eta gehiago indartzen zaitu.
Denboraldi honek, suposatu du gailur batera iristea?
Titulu bat lortu dugulako bai, badirudi izan dela urte borobilena. Baina ez dut atzean utzi nahi, izan direla urte onak. Kirolean batek irabazten du, eta batek barre egiteko, besteak negar egin behar du, finaletan eta konpetizio haundi hauetan. Baina azkeneko urteotan, maila ona eman du taldeak, joko aldetik, kontzeptu aldetik eta eduki aldetik. Behin etorri diren jarraitzaileek, errepikatu egin dute. Aurten, denboraldia Ligan oso polita izan da, jokalariak asko hazi dira, eta gazteak izan arren, heldutasun haundia erakutsi dute zelaian. Eta Kopak izan duen oihartzunarekin, bai izan dela urte borobilena. Baina aurrekoak ez dira txarrak izan. Gertatzen dena da, sailkapenean goran ez baldin bazaude, lehenengo edo bigarren, dirudiela ez duzula ezer egin. Eta hori ere baloratzen ikasi behar dugu.
Gaurko gizartean, dena da ona edo txarra, eta uste dut horrekin nahastuta gaudela. Txikienei erakutsi behar diegu, gauza batzuetan garaile izango zarela, baina merezi duena beste gauza bat dela. Egunerokotasuna, kirola egiteak ematen dizkizun balore guztiak? 15 urte hauetan gutxi hitz egin da gutaz, eta orain Kopa irabazita, badirudi orain arte ez garela bizi izan. Ibilbide osoa baloratzen jakin behar da. Datorren urtean ez badugu titulurik irabazten, txarrak izango al gara? Kontuz ibili behar da, eta bere neurrian begiratu.
Arriskua ikusten duzu, titulu edo finalik ezean, aurtengo ilusioa berriro itzaltzeko?
Guk lanean jarraitu behar dugu. Ligan aurten baino hobeto ibili behar dugu, Kopan txapeldun gisa aterako gara lehiaketara? Eta irabaztea oso zaila izango da. Denak ari dira indartzen, fitxaketak egiten? Titulurik ez badugu lortzen, garbi daukat ez dela urte txarra izango. Hortaz, oreka mantendu behar dugu, eta ez bururik galdu. Gora begira egin behar da lan, baina burua galdu gabe.
Badirudi, denboraldia bukatuta, garai lasaiagoa datorrela. Baina zure kasuan, lan gehieneko garaia izango da beharbada, ezta?
Hala da, bai. Garai konplikatua da. Denboraldi bat eta talde bat ixten duzu, eta hurrengora begira taldea osatu behar da. Eta horretan gabiltza. Fitxaketak, elkarrizketak?
Nolakoa da lan hori guztia?
Ba urtetik urtera konplikatuagoa. Lehen askoz ere errazagoa zen. Zuzenean hitz egiten genuen jokalariekin, dei bat eginda, eta baiezkoa edo ezezkoa ematen zizuten. Eta gaur egun, agente eta ordezkariak daude, gero eta gehiago. Eta elkarrizketak ere konplikatuagoak dira. Baldintza gehiago daude: kirol maila, proiektuak, ekonomikoki ere beste modu batera negoziatzen dira kontratuak? Baina horrela beharko du. Egunetik egunera ikasten dugu, eta birziklatzea ezinbestekoa da.
Taldeko arduraduna izan arren, lan ezezaguna da zurea.
Postu honetan, gauza askoegiten dira. Batetik, lehenengo taldetik gertu egon behar dut, eta talde teknikoarekin informazioa trukatu egunerokoan. Hitzartutako klubekin ere lan egiten dugu, jokalarien jarraipena egin oinarrizko futbolean. Bigarren talde bat ere badaukagu, eta horren jarraipena ere egiten dut, entrenatzaileekin. Instituzioekin ere, ni naiz harremanetarako pertsona, federazio ezberdinekin? Pixka bat dena da, bulegoko lana eta zelaiko lana. Eta horrez gain, futbola ikustea gustatzen zait, eta fitxaketak egiteko ere, futbolaren jarraipena egin behar dut, noski. Atal ezberdin asko daude, gero eta gehiago, eta mugatzen joan beharko dugu. Izan ere, ezin da denera iritsi, eta ez da komeni denetan egotea ere.
Eguneko momenturen batean, uzten diozu kirol zuzendari izateari?
Lehen, irakasle lanetan ere aritzen nintzen, Haur Hezkuntzan, 2 urteko umeekin. Eta oso ondo etortzen zitzaidan. Bi mundu ezberdin ziren. Hemendik ateratzen nintzenean, umeekin burua despejatzen nuen. Baina orain, lan honetan buru-belarri nabilela, ikasi dut dena eramaten, eta nire burua neurtzen. Zaila da, egia baita denbora asko eskaintzen diodala; baina neurtzen ikasten ari naiz, eta hala behar du. Bestela, etxera eramaten dituzu kezkak, mugikorra ere martxan daukazu beti? Oreka bilatu behar da.
Zentzu horretan, desberdinak izango ziren, futbolean bizitu dituzun etapak, ezta?
Oso desberdina da. Kirolaria zarenean, modu batera bizitzen duzu ardura. Zelaiko jokalaria zara, baina aginduak jasotzen dituzu, eta norbaitek esaten dizkizu beti, egin beharrekoak. Gutxitan daukazu iniziatiba. Ez lukeela hala beharko, baina beti zaude norbaiten menpe. Eta niretzako polita izan zen hori, ez nuke ezertxo ere aldatuko etapa horretatik, momentu zailak ere bizitu arren. Kirolak eman dizkit lagun asko, eta bizitzeko era bat. Orain, daukadan ardurarekin, pixkanaka egokitu naiz. Desberdina da, baina gustura nago. Egia da lan karga haundia dela, eta bereziki ardura. Baina ikasi behar da erlatibizatzen. Hasieran buruari buelta asko ematen nizkion, eta orain lasaiago bizi dut. Eta noski, inguruan lan talde bat daukat, gauzak konpartitzeko; laguntza haundia dira niretzat.
Nolakoa da Reala barrutik? Familia giroa eta gertutasuna aipatzen dira beti?
Eta horrela da. Realean, lana lasai egin dezakezu, erraztu egiten dizu dena, gertukoa da, eta asko eskertzen dizu. Ni sartu nintzenetik, asko haunditu da langile aldetik, eta langileok barruan daukagun elkarbizitza oso aberatsa da. Kirolaren munduan bizi gara denok, baina beste gauza batzuk ere konpartitzen ditugu. Gertuko talde bat da, eta pertsonengana oso erraz iristen zara. Bi eraikin nagusi daude, Zubieta eta Anoeta, bi pertsonal desberdinekin. Zubietan gaude, baloitik gertuago bizi garenak; eta Anoetan, dena kudeatzen duen taldea. Ni eroso sentitzen naiz bietan, gertutasun haundia dago, eta jendearen jarrera oso ona da.
Zenbateko indarra daukate emakumezkoen taldeek, klubaren organigraman?
Esango nuke, orain haundia dela. Niri tokatu zait prozesu osoa bizitzea klubean, eta polita izan da. Ez da batere erraza izan, hasieran sartu ginelako gizonentzat egindako mundu batean, eta kluba horretarako zegoen egituratuta. Gauza batzuk mugitu eta aldatu behar izan ziren, eguneratu. Eta detaile txikiak dira, baina arropa berria egin behar zen, emakumeentzako arropa alegia; aldagelen kontua ere bai? Momentu honetan, beste edozein talde bezala dira emakumezkoenak. Noski, ez da berdina, elite mailako taldeak edo oinarrizko futbolekoak daukan presentzia eta funtzioa.
Zein izan behar dira hurrengo urratsak, emakumezkoen futbolarentzat?
Daukaguna hobetzen jarraitu behar dugu. Etxe barruan, kalitate gehiagorekin entrenatu, daukagun pertsonala formatzen jarraitu? Baina lehiaketak ere gauza asko ditu aldatzeko. Federazioen aldetik begirada aldatu behar da. Gauzak sortu ahala egin dira, baina hobeto aztertu behar dira; garbi eduki, zer egin dugun orain arte eta nora joan nahi dugun. Hortaz, lehiaketari ere eman behar zaio garrantzia gehiago, ordutegiak zaindu behar dira? Instalazioak ere hobetu behar dira. Guk instalazio onak dauzkagu, baina toki guztietan ez da horrela. Antzeko baldintzetan mugitu behar dugu, Ligako taldeok. Bestalde, aztertu behar da, esaterako, telebista sartzen bada zein ordutegi izango ditugun. Zer izango gara, gizonezkoen ondorena? Maila berean jarriko gaituzte? Zaila izango da hori, baina gure tokia aurkitu behar dugu.
Asko dago oraindik hobetzeko. Komunikabideetan presentzia haunditzea, gure izenak eta funtzioak ezagutzea, ekintzetara goazenean nor garen jakitea. Irakurtzen ditugu adibidez, «Realeko jokalari bat agertu zen» bezalakoak, izena aipatu gabe. Badaude horrelako detaileak, zaindu egin behar direnak. Elkarrizketa batzuetan egiten diren galderak ere, onartezinak dira, eta oraindik gertatzen da. Gure jokalarien elkarrizketek, kirolari buruz izan behar dute.
Hernaniko emakumezkoen futbola jarraituko duzu? Nola ikusten duzu?
Beti jarraitu dut, eta CD Hernaniko bazkide naiz. Ez Zubipeko garaitik bakarrik, baita Txantxillan jokatzen zenean ere; ordu asko sartutakoa naiz. CD Hernaniko futbol saila asko jarraitzen dut. Emakumezkoena gehiago, eta ahal dudan guztietan Zubipera jaisten naiz. Lan ona egiten du klubak. Uste dut kanpotik ez dela ikusten, baina futbolean gabiltzanok badakigu zenbateko lana egin behar den jokalariak mugitzen, antolaketan, logistikan, entrenatzaileak aurkitzen? Oso zaila da. Badakit arazoak izaten dituztela beti, entrenatzaileak lortzeko. Eta hemendik animoak bidali nahiko nizkieke, bertan arduradun egon direnei eta datozenei. Lanean jarraitu dezatela, egiten dutenak balio haundia duela, eta jende asko mugitzen dutela. Neska txikientzat ondo egituratuta dagoen kluba da: eskola kirola ondo antolatuta, infantiletan sartzeko aukera, kadeteetan? Euskal Ligara iristeko, eskailera polita eginda daukate. Eskertu egin behar da, egiten duten lan ixila.
«Asko jarraitzen dut CD Hernani, eta ahal dudan guztietan jaisten naiz Zubipera.
Lan ona egiten du klubak emakumezkoen futbolean, eta neska txikientzat ondo egituratuta dago. Eskertu behar da, egiten duen lan ixila, kanpotik ikusten ez dena»
Eta zer esango zenioke, futbolean hasi berri den neskatxa bati?
Disfrutatu dezala, urrutira begiratu gabe. Erreferenteak jarri ditugu emakumezkoen futbolean, eta horiei begiratu diezaiela, baina egunean disfrutatuz. Eta ikasi dezala. Ikastera irekita egon behar dute. Entrenatzaileei eta arduradunei kaso egin diezaiela.