Aritz Lujanbio (Hernani, 1988), CD Hernaniko kapitainak, ostegunean jokatu zuen azken partidua Zubipen. Futbolari bezala erretiroa hartzea erabaki du eta ia 20 urte taldean pasa ondoren ez du gehiago jokatuko. Nahiz eta luzapenean bi gol jaso eta 2-3 galdu, ez zuen festa zapuztu. Hernaniko zelaian Lujanbioren agurra sentikorra izan zen eta omenaldiarekin esan zioten gero arte. Hala ere, gaur jokatuko du Deban azkeneko partidua. Hemendik aurrera, Hernanik badu bere One Club Men.
Zergatik hartu duzu uzteko erabakia?
Nire inguruko jende gehiena uzten joan da eta nik segi egin dut. Gogoeta egin eta gero garaia iritsi dela uste dut. Taldeko bigarren beteranoena naiz. Nirekin batera ?Gurru?k bere ibilbidea amaitu zuen eta ni baino urte bete zaharragoa da. Bera seniorretan etorri zen taldera eta ni berriz txiki txikitatik hasi nintzen Hernanin jokatzen.
Noiz hasi zinen taldean?
Infantiletan hasi nintzen taldean jokatzen oraindela ia 20 urte, mende honen hasiera aldera. Beti ilusioarekin egon naiz, 19 urtetan, entrenatzeko eta jokatzeko eta adinarekin hori zerbait galtzen ari dela somatu dudanean nire burua egunerokotasun horretan ez dut behar bezala ikusten. Uzteko erabakian horrek bere biziko garrantzia izan du. Exijentzi maila jeitsi aurretik nahiago nuen uztea.
19 urte horietan denetatik biziko zenuen taldean. Zein izan da momenturik politena edo gogaingarriena?
2011an Hirugarren mailara igo ginen urte hori oso polita izan zen, oroitzapen ederrak ditut denboraldi horrenak. Goiko taldera iritsi eta talde oso ona osatu genuen. Partidu gehienak oso ongi irten ziren eta urte berezia izan zen. Ilusioa piztu zen herrian, taldean eta gure artean harreman estua sortu zen.
Urte bete egon zineten Hirugarren mailan.
Talde asko daude erdi profesionalak direnak, dirua sartzen da eta guk berriz aurreko urteko taldea mantendu genuen eta herriko taldea ginen. Bi-hiru baja izan genituen ikasketengatik eta nabaritu egin zen. Saiatu ginen, borrokatu genuen, baina ez zen posible izan mantentzea.
Eta momenturik gogorrenak ibilbide luze honetan?
Lesio larririk ez dut inoiz izan. Hirugarren mailako urtean, nahiz eta maila galdu, asko disfrutatu genuen. Egia esan zaila egiten zait momentu gogorren bat azpimarratzea.
Eraman al duzu jokatu dituzun partiduen kontua?
Ez, ideiarik ere ez daukat zenbat partidu jokatu ditudan. Federazioan bilduta egongo da. Azkenengo urteetan entrenatzaile bakoitzak eraman ditu kontuak, baina hori beraien lan egiteko eran sartzen da, ez kopurua neurtzeko.
Asko aldatu al da lehenengo taldea zu sartu zinenetik gaur egun arte?
Egia esan ez. Aldatu dena nire ikuspuntua da. Hasiera berria zera eta eredutzat hartzen dituzu urteak daramatzaten jokalariak. Orain ordea alderantziz da, baina kluba bera indartu egin da, jende gehiago sartu da lanera. Talde gehiago daude infantiletatik hasita. Egitura indartu egin da, baina bestela ez nuke esango asko aldatu denik.
Lan egiteko eran aldaketak nabaritu dira?
Lehen aipatu dudan bezala egituratuagoa dago. Garrantzi gehiago eman zaio entrenatzaile titulatuak izatea edo errendimendua aintzat hartzea baino baloreak lantzen dira. Hor bai eman dela pauso bat. Futbola bakarrik izatetik orain hezkuntza ere lantzen da.
Baduzu klubean jarraitzeko asmorik entrenatzaile bezala edo beste modu batean?
Azken urteetan entrenatzaile bezala ere ibili naiz. Hasieran neskekin hasi nintzen eta hiru-lau urte ondoren txikienekin nabil alebinekin. Entrenatzaile hiru titulu daude, bi aterata dauzkat eta hirugarrenaren bidean nabil. Futbola asko gustatzen zait eta entrenamendu mundua gustatzen zait. Egia da, hurrengo urteari begira atseden pixka bat behar dut, gainera asteburutan lanean hasi naiz... eta datorren urtea lasai hartuko dut, baina bai. Aurrera begira jarraitzea gustatuko litzaidake.
Nesken entrenatzaile lanetan aritu zarela diozu. Hor nabarituko zenuen aldaketa.
Azken urtetan indartu egin da eta nabaritu da gorakada. Fitxa gehiago daude eta futbola ikusteko modua ere aldatu dute neskek. Lehen lagunekin egoteko momentua bezala ikusten zuten eta orain berriz futbolak berak erakartzen ditu, ez bakarrik lagun giroak. Eta pentsatzen dut Realaren Kopako garaipenak oraindik ere neska gehiago erakarriko dituela taldera. Herri eta talde guztietan nabaritzen da ilusio haundia.
Gaur jokatuko duzun partidua berezia izango da.
Dudarik gabe. Sentimendu kontrajarriak ditut. Alde batetik poza ibilbide eta aitorpenagatik, bestetik triste amaitzera doalako futbolari ibilbidea. Arraroa egingo zaitena seguru datorren urteko asteburuetan partidurik ez jokatzearena izango da. Animatzera jeitsi beharko dut Zubipera.
«Gaur egun jokalariak hobe prestatuak datoz, baina gauzak zail jartzean, griña faltak arazoak sortzen ditu»
Gogoratzen al dituzu izan dituzun entrenatzaile guztiak?
Ba bateon bat ahaztuko zait, baina ia denak bai. Infantiletan Txema eta Xubiturrekin hasi nintzen; gero Ivan Gil eta Aitor Portillo; Iban Oiarzabal eta Juanra; Jordi, Iñigo Cela; seniorretan David Muñoz, Ibor Manzano, Jon Zabaleta eta Alain Gerekaetxeberria. Hamahiruren bat guztira. Denekin gustora, bakoitzak bere metodologia dauka, baina denekin ongi moldatu naiz.
Zenbat urte egin dituzu kapitain bezala?
Hiru-lau denboraldi bai. Zortea eduki det eta asko jokatu dut urte guzti hauetan. Hasi nintzenean goiko taldean zerbait gutxiago jokatu nuen. Asko ikasi nuen urte horretan.
Aukera izan duzu Hernani ez den beste talde batean jokatzeko?
Egia esan ez. Zurrumurruak beti izan dira, baina inoiz ez zait eskaintzarik etorri eta beraz ez zait burutik pasa ere egin.
Beti defentsa zentral moduan aritu zara.
Gustoko izan dut. Txikitatik jokatu dut hor. Partiduren batean tokatu izan zait ezkerretik edo jokatzea, baina hori izan da nire postua.
«Hirugarren mailara igotzea izugarria izan zen, momenturik onena, asko disfrutatu genuen urte osoan»
Beste postu batean ez jokatzea faltan bota duzu?
Broma moduan asko komentatu dugu. Ilusioa egingo zidan.
Zentral moduan golak sartu izan dituzu?
Nahiko goleatzailea izan naiz defentsa izateko. Buruz ongi moldatu arren, aurten denboraldi bakarra izan da golik sartu ez dudana. Bestela hiru-lau gol sartzen nituen. Egia esan ez dakit guztira zenbat gol sartu ditudan.
Zer moduz ikusten duzu erregional mailako futbola?
Telebistak eta ordutegiek kalte haundia egin diote. Garai batean maila desberdinek ordutegi berdinak edukitzeak mesede egiten zion. Indarra galdu arazi dio.
Futbolariak gaur egunean desberdinak dira orain urte batzutakoarekin alderatuta?
Teknikoki hobe prestatuak datoz, gaztetan hasten dira klubean eta ikasiagoak datoz. Orain urte batzuk ordea griña gehiagoko jokalariak zeuden. Gabezi gehiago genituen, baina beste kasta eta lehiakortasun bat zegoen. Ongi bazoaz dena erraz doa, baina gauzak zail jartzen direnean gaur egungo futbolariek zailtasun gehiago dituzte. Oso goiz klubetan hastea ez dakit onena den. Gaur egun klubean 400 jokalaritik gora gaude.
«Datorren urtea lasai hartu nahi dut, baina entrenatzaile titulua dut eta lan horretan jarraitu nahi dut»
Zure futbolari doaiak zeintzuk izan dira?
Taktikoki, kolokazio aldetik ongi moldatu naiz. Ez naiz azkarra izan, teknikoki ere ez naiz nabarmendu, baina nahiko osoa izan naiz. Agintzea ere gustatu izan zait. Griñeko jokalaria, baina txartel gutxi ikusi ditut. Segadarik egiten ez dakidala diote taldekideek barrezka. Behin bakarrik izan nintzen kanporatua, Hirugarren mailako denboraldian.
Urte guzti hauetan zerekin geratzen zara?
Talde giroarekin eta sortzen diren harremanekin. Lagun miñak bihurtu dira asko eta asko. Gipuzkoa mailan aurkari direnak lagun bihurtzen dira. Harreman horiekin geratzen naiz.