Erreportajeak

«Garraio publikoa herrira igotzea da erronketako bat, eta badago aukera»

Kronika - Erredakzioa 2019ko mai. 18a, 02:00

Bideoa: Joxan Ruiz Miner, Aranoko Arano Herri Aierriz taldeko alkategaia.

Joxan Ruiz Miner izango da, aurtengo Udal Hauteskundeetan, Herri Aierriz taldearen alkategaia, Aranon. Ainhoa Ansa alkatearen erreleboa hartu, eta berarekin bi legealdiz zinegotzi aritu ondoren, aurreneko lerrora emango du pausoa, Ruizek. Edozein kasutan, Ansa­ren bideari segi nahi diola nabar­men­du du, eta azpiegiturak ditu erronka nagusia. Zerbitzuei dagokienez, garraio publikoa Aranora ekartzeko eskaera, errealitate bilakatzea espero du, dato­zen lau urteotan: «gauzak agindu beza­la betetzen badituzte, aukera badagoela dirudi, baina ikusiko dugu zertan gel­di­tzen den proiektua».


Lantaldetik alkatetzara pasako zara. Animatuta zaude?

Bai noski, bi legealdi zinegotzi bezala pasa ondoren, polita izango da erronka hau hartzea.


Bost laguneko taldea osatu duzue. Nola ikusten dituzu lankide berriak? Bakoitzak zein gai landuko du?

Lan talde polit bat osatu dugu, indarrak berritzeko lankide berriak ondoan edu­kitzea ezinbestekoa dela iruitzen zait.

Alde batetik, Xabier Legarretak, orain arte hirigintzako zinegotzia izan­ denak, gurekin jarraituko du. Eta bestetik, aurpegi berrien artean, Xabi Cuetok alkateordearen lanak egingo ditu; Kontxi claver Gizarte Zerbitzue­tako zinegotzia izango da; eta azkenik, Jon Mari Beasainek euskera eta kultur arloak jorratuko ditu.

Denon artean, datozen lau urteetan lan polit bat egitea espero dut.


Ainhoa Ansaren lan taldean egon zara aurreko legealdietan. Lan ildo beretik jarraituko duzu orain, alkatetza hartuta?

Zalantzarik gabe jarraituko dugu, Ainhoak ireki duen bide horretatik.  Azkeneko urteetan, ekarpen politak egin dizkiogu herriari, eta ildo beretik jarraitu nahiko nuke.


Zer dago egiteko Aranon? Zein erronka dauzka herriak?

Lehendik datozen lanekin jarraitzea da asmoa, eta azpiegituretan daukagu erronka nagusietako bat. Hemendik inguruko herrietara joatea erraza da; baina belaunaldi berriei begira, hauek herrian gelditzea nahi badugu, ahal den herri osasuntsu eta erakargarriena egiten indar haundia jarri beharra daukagu.


Besteak beste, Maisuenea jarri da martxan legegintzaldi honetan. Zein onura ekarri dizkio herriari?

Edozein motatako kultur ekiltadietara­ko ego­kia da, eta egunerokotasunean bilgune bat suposatu du, hainbat ekin­tza antolatzen baitira bertan; besteak beste, ludoteka umeentzat, gitarra ikas­taroak, yoga... Eta euria egiten duen egunetan, aterpe bat izatea supo­satzen du.


Honekin batera, Jalki Kultur Elkartea ere sortu da. Zein eragin izan du eta izango du Aranoko herri bizitzan?

Jalki kultur elkartea, herriko kultur dinamika astintzeko sortu da; eta aldi berean, herriko garapenean eragiteko. Udalarekin elkarlanean aritzeko bo­rondatea duen elkartea da Jalki kultur elkartea, eta indarrak batzea beti da ona herriarentzat. 


Beherakada demografikoa arazo bilakatu da herri txikietan. Aranon nola bizi duzue kontu hau? Zer egin daiteke halako herri txiki batek biziraun dezan?

Argi dago, bertan bizi eta lan egiteko aukerak sortu egin behar direla. Ezin gara lo gelditu, lehendik datorren belaunaldi baten faltak berriz ere hu­tsu­nea ekarriko duelako. Baina zorio­nez, haur asko ditugu orain herrian, eta jende berria ere etorri da kanpotik. Horri eutsi behar diogu.


Kostata, baina Goizuetako pediatra zerbitzua berreskuratzea lortu da. Pediatra zerbitzua Aranora ekartzeko aukerarik izango litzake? Nola dago kontua?

Ez dugu inoiz pentsatu Aranora ekarri beharko litzatekeenik, ikusita zenbat ara­zo sortu diren pediatra eskasiare­kin. Baina Goizuetako zerbitzua kolo­kan egon denean, ez gara isilik gelditu. Hala ere, bestelako premiak azalean utzi dizkigu honek; Osakidetza eta Osasunbidearen arteko hitzarmen ba­ten aukera aztertu beharra, esate bate­rako. Hitzarmen hau eskatu dugu, esa­terako, Osasunbidean.


Beste zerbitzu publiko batzuk ere, ez daude Aranon bertan. Hurbildu behar al dira?

Zerbitzu publiko guztiak ongi etorriak izango dira. Asko dira Aranon falta direnak, eta oraintxe bertan, erron­ke­tako bat litzateke garraio publikoa herriraino igotzea. Gauzak agindu bezala betetzen badituzte, aukera ba­dagoela dirudi, baina ikusiko da zertan gelditzen den proiektua.


Herritarrei bidea errazteko, Nafarroaren eta Gipuzkoaren artean hitzarmenik behar al da?

Izatez hitzarmen batzuk egon badaude, baina badago zer hobetua. Eta arlo batzuetan, ari gara gai horiek lantzen; pediatriaren arloa adibidez. Segurtasun arloan ere, hobetu beharreko gauzak daude, administrazioen artean.


Lau urte hauetan Nafarroako Gobernuan izandako aldaketak, lagundu al du Aranorekin zeukan harremanean?

Bai, badirudi aurreko legealdietan baino jarrera gertukoagoa izan dutela behintzat. Hizkuntza aldetik nabaritu da, eta nabaritu da herri txikienganako keinu bat, nahiz eta oraindik legeak ez dauden herri txikientzat pentsatuta. 


Saiakerak egin dira, Irakurri Poligonoan herriko ekonomia sustatuko duten jarduerak bultzatzeko. Nola dago proiektua gaur egun?

Gorabeherak zuzentzea zaila izan da. Poligono pribatua da, eta herrirako onuragarriak diren jarduerak bultzatu nahi ditugu, sortu daitezkeen lanpos­tuak ezinbestekoak baitira herriaren garapenerako. 


Euskararen erabilera kontuan hartuta, arnasgune da Arano. 

Zein erronka ditu, zure ustez? 

Galdu ez dadin, euskalkia bera man­ten­tzea da erronka nagusia. 


Titularrak

1.    Joxan Ruiz Miner

2.    Xabier Cueto Martin

3.    Xabier Legarreta Etxarri

4.    Jon Mari Beasain Irazusta

5.    Kontxi Claver Oiarbide

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!