Pasa den igandean Emarri giza proba taldeak marka berria ezarri zuen Usurbilen. 32 urte eta gero Usurbilgo Harri Handia erabili zen. Ez da nolanahiko harria, eliz harria deitzen zaiotenetako bat da eta 3.800 kilo pisatzen ditu hain justu. 1924garren urtean erabili zen txapelketa batean eta azkenengo aldiz 1987an plazaratu zen. Harri ?historikoa? da eta Usurbilera orain 32 urte Euskal Herri osotik etorri ziren lehiatzera.
Oraingoan hiru talde bildu ziren. Bi mixtoak eta sei tiralarik osatuta; Lasuen eta Txorierri bizkaitarrak biak, nahiz eta Txorierrin aritu ziren bi neskak gipuzkoarrak izan: Alatzne Etxaburua eta Elixabeth Txertudi. Hirugarren taldea Astigarragako Emarri nesken giza proba taldea zen, baina taldeak berezitasun bat zuen. Sei tiralariren ordez 22 neska aritu ziren harritzarrari tiraka edo, hobe esanda, bultzaka. zergatik bultzaka eta ez tiraka? Hori tiralarien kopuruak baldintzatu zuen. Horrek suposatu zuen burdinezko egitura bat eraikitzea denak bultzatu ahal izateko.
Ordu erdiko lanean hiru plaza, bi zinta eta 2,20m osatu zituzten
Lehendabizikoak plazaratzen Emarriko neskak izan ziren. 30 minutu zituzten ahalik eta metro gehien egiteko harriari tiraka. Usurbilgo plaza lepo beteta zegoen eta ikuskizun ezin hobea eskaini zuten aurreneko aldiz neskez osatutako taldeak Harri Haundiari bultzaka.
Guztira hiru plaza, bi zinta eta 2,20 metro osatu zituzten, baina izan zituzten gora beherak bide horretan. Ez zen lan xamurra izan. Hasteko Usurbilerako marka jartzea zuten helburu eta horretarako 22 emakumezko behar zituzten. «Ez da erraza izan 3.800 kiloko harria mugitzeko prest eta ilusioz zeuden emakume kirolariak biltzea. Baina lortu dugu eta pozik gaude», dio Olatz Mitxelena Emarriko kideak.
Aurrez martxoaren 31, igandean, elkartu ziren harria mugitzeko gai ote ziren probatzeko. «Baina aldi hartan plaza bakarra egin genuen. Gaurkoan hiru izan dira. Ez genuen horrenbesterik espero». Izan ere, lehen aldia da soilik emakumez osatutako talde batek harri hori mugitzen zuela.
Garikoitz Etxeberria entrenatzaileak zuzentzen zituen esfortzuan, baina lehenengo plaza egin eta gero lehenengo arazoak etorri ziren. Saiakera pare batean harria ez zen mugitu ere egin, 20 minutu inguru geratzen ziren, baina indarrak joan zirela pentsa zitekeen.
Ez zen horrela gertatu. Usurbilgo probalekuak bere koskak ere baditu eta batean geratu ezkero zail izaten da bertatik irtetea. Lortu zuten krisi txiki hori gainditzea eta berriz ere ziztu bizian hasi ziren metroak egiten. Ziztu bizian esateko modu bat da, horrelako harri handia beti baita zaila mugitzen eta pixkana-pixkana egiten da aurrera. Emarrik lorturiko hiru plazak marka berria suposatzen du, beti ere kontuan hartuta berezitasunak. Orain arte beti seiko taldeak osatu izan ziren eta 22koa lehenengoz plazaratu zen.
Usurbilgo plaza lepo bete zen Lasuen, Txorierri eta Emarri lanean ikusteko 3.800 kiloko harriarekin
Bigarren plaza egitear zirela harriaren zati bat puskatu zen
Beste oztopo bat ere izan zuten. Bigarren plaza egitera iristear zeudela Usurbilgo Harria Handiaren zati bat askatu zen harritik, puskatu eta banandu egin zen. Erabaki azkar batean pusketa hartu eta harriaren gainean jarri zuten. Horrek bere alde ona ere bazuen, marruskadura gutxiago izango baitzen lurrarekin.
Behin plaza bat egin eta gero buelta ematea eta berriz bere lekuan kokatzea ere berezia zen. Horrenbeste tiratzailekin egiturari buelta eman behar zitzaion eta ondoko hesiak alde batera kendu, eta gero berriz bere lekuan jarri.
Garikoitz Etxeberriak agintzen zuen noiz hasi bultzaka, denak batera egitea garrantzitsua zen, baita zuzen jartzea ere. horregatik zuzentzen zituen behin eta berriz neskak ahalik eta hoberenen ipintzeko bultza aurretik. Gero agindua eman eta ehunzangoen moduan, kasu honetan 44 hanka batera hasten ziren mugitzen, koordinazio osoarekin.
1987 urtea izan zen azken aldia harria plazaratu zela eta oraingoan hiru taldeak desberdin antolatu ziren.
Jendearen animoek lagundu zuten
Plazan bildutako jendeak ere lagundu zien tiratzaileei: «Tiraka hasi garenean eta ikusi zutenean azkar gindoazela jendea harrituta hasi zen hizketan». Proba gogorra izan zen. Gustora agertu ziren protagonistak lortutakoarekin: hiru plaza pasatxo. Gainera harria mugitzen ikusteak ikuskizuna hobetu zuen. Askotan, kilo asko eta ezin mugitzen aritzeak ikuskizuna itsusitzen baitu.
22 tiralari lortzeko jendeari deika eta beraien kontaktu bidez
22 neska edo mutil 3.800 kiloko harriari tiraka jartzeko animoarekin ez da erraza lortzen. Emarri taldeak berez hamar neska inguru izaten ditu taldean saio desberdinetan aritzeko, baina 22 kopuru haundia da. Hainbeste probalari lortzeko deika ibili ziren, baina telefonoa eta beraien kontaktua ere jarri zuten martxan jendeak deitu zezan. Antolatzaileek ere horretan lagundu zuten. Olatz Mitxelenaren esanetan, «24 neska bildu ziren eta, azkenean, bik kanpoan geratu behar izan zuten».
Lasuen eta Txorierri lau gizon eta bi emakumez zeuden osatuta, eta zegoen markatik plaza batera geratu ziren.
Lasuenek Txorierri gainditu zuen zinta bateko aldearekin
Emarriko nesken saioa eta gero Lasuen eta Txorierriko talde bizkaitarren txanda izan zen. Hori bai, aurretik puskatu zen harri zatia konpondu zen eta Emarrik erabili zuen egitura kendu eta sei tiralarientzat prestatu. Aurretik lauk tiratzen zuten eta bik bultza atzetik. Mixtoak ziren taldeak, lau gizon eta bi neskez osatuak.
Lasuen aritu zen lehenengo eta bere marka ez zen plazara iritsi 10 zinta eta 2,34 metrorekin. Txorierrik bederatzi zinta eta 2,20 metro egin zituen. Lasueneko Gorane Ugarte eta Batirtze Izpizu neskek aurrean beste bi mutilekin aritu ziren tiraka eta beste bi mutilek bultzatzen zuten atzetik. Txorierrin aldiz lau mutil aritu ziren tiraka eta Alatzne Etxaburua eta Elixabeth Txertudi bultzaka atzetik.
1987ko marka, plaza bat, hamaika zinta eta 1,10 metro urruti geratu zen
Usurbilgo Harri Handiarekin errekorra Bizkaiko Artadialdek ezarri zuen 1987ko saioan plaza bat, hamaika zinta eta 1,10 metrorekin. Talde hartan zegoen Markinako Leoia beste indartsu batzuen artean. Beraz plaza batera geratu ziren irabazleak. 1987an zazpi taldek hartu zuten parte eta seik lortu zituzten pasa den igandeko irabazlearen marka baino lan hobeak. Bigarrengo marka onena Gabikako bizkaitarrak dute: plaza bat, zazpi zinta eta 0,74 metrorekin. Iruzubietak du hirugarren plaza, lau zinta eta 0,35 metrorekin.
Usurbilgo talde batek amaitu zuen urte hartan laugarren: plaza, bi zinta eta 0,15 metrorekin; Ispaster bosgarren plaza, zinta eta 1,25 metrorekin; Lapurdi seigarren: 12 zinta eta 2,10 metrorekin eta Arabako Motxotegik: zortzi zinta eta 1,05 metrorekin.
Bihar marka saiakera, 600 kiloko harriarekin Bentetan
Hurrengoan zer izango den galdetuta Olatz Mitxelenak jarri du hitzordua. Bihar, 18:00etan, Astigarragako Bentetako probalekuan. San Isidro ospakizunekin ari dira jarraitzen Zamalbide eta Bentetan eta Euskal Pentatloi ikusgarri baten ondoren Emarriko zortzikoteak 600 kiloko harriarekin marka saiakera egingo du ordu erdian.
Euskal Pentatloian zazpi kirolari ariko dira: Xabier Ariztegi Santxin, Beñat Amade, Iñaki Errazkin, Jagoba Otaegi, Joseba Otaegi, Luis Txapartegi, eta Unai Ardeo Zaldua.
Egin beharreko lanak, gogorrak: 100 kiloko bolari 15 jasoaldi, 400 kiloko harriarekin bi laza, kanaerdiko egurra moztu, 50 kiloko txingekin sei plaza eta kilometroa korrika.
Lan guzti horiek jarraian egin behar dira eta denbora gutxien egin duenak irabaziko du.