Bideoa: Jaione Aristregi Cao, Hernaniko Elkarrekin Podemos-Orain Hernaniko alkategaia.
Aurreneko legegintzaldia izan duzu pasa den hau. Nolakoa izan da esperientzia?
Ona eta positiboa izan da, baina gogorra momentu askotan. Zaila da tartea ateratzea lanerako, nire alaba zaintzeko eta gainerako lan publikoetarako (bizilagunekin bilerak, batzordeak?).
Gainera, EH Bilduren Gobernu Taldeak, ahal bezainbeste traba jarri dizkigu, gure funtzioak normaltasunez egitea galarazteko. Ez digute informazioa aldez aurretik eman, edo ukatu egin digute; eta hiru urte igaro ditugu dekretuetara sarbiderik izan gabe, besteak beste. Beste adibide gogor bat: Nora nire taldekideak elebitan eskatu zuen informazioa, eta Plenoan, alkateak esan zion ez zuela hauteskundeetara aurkeztu behar, euskeraz ez badaki; onartezina da hori, kontutan hartuta hernaniarren %40ak ez duela euskeraz hitz egiten, azkeneko ikerketen arabera. Norak ezin izan du batzordeetara normaltasunez joan, ez dutelako elebitan egin nahi izan, edo berari laburpen bat pasa gaztelaniaz.
Bestalde, zortea izan dut, imajinatu nezakeen talderik onenak lagundu didalako lau urte hauetan. Eta orain, taldearen zati bat egongo gara berriro, kide berriekin, asko aberastuko dutenak lantalde hau. Eta eskertu behar dugu, udaletxeko langileen prestutasuna, eskatu diegun guztian laguntzeko prest egon baitira beti. Mila esker!
Legegintzaldian zehar, aldaketak izan dira zuen taldean. Zein da oraingo egoera?
Bai, egia da desadostasunak izan zirela, eta dimisioa aurkeztu zuela gure zinegotzi batek. Baina aldaketa horren ondoren, ez genuen arazorik izan aurrera egiteko; eta gaur egun, gara talde bat kohesionatua, plurala eta Hernaniren alde lanean jarraitzeko gogoa daukana.
Oraingoan, Orain Hernani plataformaren izenean beharrean, Elkarrekin Podemos koalizioan aurkeztuko zarete. Zer aldatu da?
Orain Hernani, hauteskundeetarako talde bezala, legegintzaldi baterako bakarrik osatu zitekeen. Horregatik, aukera ezberdinak aztertu ondoren, erabaki dugu Elkarrekin Podemos-Orain Hernani dela aukerarik onena, egin dugun lanari jarraipena emateko. Izan ere, ildo ideologiko bera konpartitzeaz gainera, aukera ematen digu hautagaitzan integratzeko pertsona afiliatuak eta independenteak, sentsibilitate ezberdinak bilduko dituzten zerrendak osatzen jarraitzeko asmoarekin.
Aldaketak izango dira aurten: 17 zinegotzi izatetik 21era pasako da Udala. Emaitzetan zein eragin izan dezake? Zer espero duzue?
Espero dugu gehiengo absuluturik ez izatea. Uste dugu, gobernu on batek egin behar duela elkarbanatu, negoziatu eta oposizioko alderdiei parte hartzen utzi, herriaren kudeaketan. Alde bakarreko erabakiak saihestu. Elkarbanatzeak, herritar guztien multzoa aberasten du.
Gobernatzeko, gainontzeko alderdiekin balizko akordioak egiteko prest zaudete?
Orain ez dugu akordioetan pentsatzen; aurrena, entzun nahi dugu herritarrek esateko daukatena.
«Espero dugu gehiengo absoluturik ez izatea. Gobernu on batek egin behar du elkarbanatu, negoziatu eta oposizioko alderdiei kudeaketan parte hartzen utzi»
Legegintzaldia hasi zenuten Tokiko Gobernuan sartzen eta aurrekontuen aldeko botoa ematen. Ondoren, Tokiko Gobernutik atera zineten. Azken aurrekontuei, berriz, kontrako botoa eman diezue. Zein jarrera izango duzue aurrerantzean?
Hasieran, positiboa iruditu zitzaigun Tokiko Gobernu Batzordearen parte izatea, bere garrantziagatik. Uste genuen, EH Bilduk kontutan hartuko zituela gure ekarpenak. Baina erratu egin ginen, bakarrik nahi gintuen sinistarazteko erabakiak ez zituela bakarrik hartzen; elkarrizketa eta partehartzearen ilusio bat.
Antzeko zerbait gertatu zen aurrekontuekin: 2017koak babestu genituen, onartu zutelako gure emendakin guztiak exekutatzea, baina oraindik gauzatu gabe daude ia denak.
2018ko aurrekontuetara, iritsi ginen deskonfiantza haundiarekin, aurreko urteko emendakinak gauzatu ez zirelako, eta urtean zehar jasotako tratuagatik. Hala ere, haiekin hitz egitera eseri ginen berriro, eta gure proposamenak aurkeztu genituen. Bilera horretatik, oso desilusionatuta atera ginen. EH Bilduk ez zeukan inolako asmorik, urte horretan zehar gurekin kontatzeko; bere irudia garbitzeko ekintza interesatu bat besterik ez zen izan.
Zein dira Hernaniren erronkak zuen ustez? Zein proposamen zehatz dituzue?
Hernani oso zikin eta utzita dago. Babestu egin dugu kale eta poligonoetako garbiketa zerbitzua Udalak hartzea, baina ez da hobekuntzarik nabari. Baliabide ekonomikoak haunditu nahi ditugu, kale garbiketa hobetzeko, bankuak eta farolak margotzeko, jardinak konpontzeko, eta espaloiak presio-urarekin garbitzeko. Paperontzi gehiago egon beharko lirateke, eta hautsontziak eta animalien gorotzentzako biltegiak gehitu beharko litzaizkieke.
Azpikontratatu diren zerbitzuen kudeaketa berreskuratuko dugu, eta baita eraikin publikoen garbiketa ere. Oso sektore feminizatua da, lan baldintza prekarioekin eta lanaldi partzialekin, eta hobetu egin nahi ditugu.
Gure herriaren irudia hobetuko dugu, eta horretarako, beharrezkoa da parke eta jardin batzuk berregituratzea, gure material naturalak konbinatuz erakargarriagoak izateko, mantenimendu gastuak ere gutxituz.
Oso kezkatuta gaude airearen eta usainaren kutsadurarekin, herri osoa kezkatuta dagoen bezala. Horren erakusle da, otsailean Orain Hernanik antolatu zuen hitzaldira jende asko gerturatu izana. Hitzaldi horretatik atera zen lagun talde bat, mobilizazioak bultzatu eta erantzukizunak eskatzeko administrazioei. Eusko Jaurlaritzari eta potentzialki kutsakorrak diren Hernaniko enpresei, exijituko diegu beharrezko neurriak hartzea, egoera hau konpontzeko modu urgentean. Kabina gehiago eskatuko ditugu, neurketak egiteko eta airearen kalitatearen kontrolerako.
Jangelen kudeaketa Udalaren esku egotea nahi dugu. Auzolagunen gainkostuen eskandaluaren ondoren, ikusita jangelen monopolioa daukala Euskadin, EAJren eta bere gobernukideen oniritziarekin, frogatuta geratu da zerbitzu hori kudeatzeko modurik onena gertutasuna dela. Udal sukalde bat jarriko dugu martxan, lehentasuna emango diona elikadura sanoari, kalitatezkoari, garaian garaiko eta Km 0 produktuekin; eta ez da bakarrik arduratuko eskoletako jangelei banatzeaz, baita egoitzei eta baliabide ekonomiko gutxi dituzte herritarrei ere.
Etxebizitza zinegotzigoa sortuko dugu, etxebizitza kudeatzeko, alokairu sozialeko BOE bultzatzeko, eta etxebizitza hutsak merkaturatzeko. Horretarako, Kaleratzeak Stopekin egingo dugu lan.
Kalitatezko turismo eredua bultzatuko dugu Hernanirentzat, balioan jarriko duena gure ondare historiko, kultural eta natural aberatsa; eta horretarako, martxan jarriko dugu mugikorrentzako aplikazio bat, eta zabalduko dugu katalogo turistikoa, interes haundieneko puntuak seinalizatuz.
«Parte-hartze prozesuekin konprometituta gaude, baina asko dago egiteko, horiek hobetzeko. Horietan erabakitakoa zentzuzko epe batean gauzatu behar da»
Berdintasun arloak garrantzia gero eta handiagoa hartu du. Emakumeen Etxea errealitate izango dela dirudi. Zein dira zuen proposamenak?
Ukaezina da, Hernaniko gizarteak urte asko daramazkiela borroka feministan. Konprometitzen gara, Emakumearen Etxea ahalik eta azkarren bukatzen; izan ere, milioi bat euroko aurrekontua daukan proiektua da, eta EH Bildu ez da gai izan aurrera ateratzeko, bere kudeaketa txarragatik. Emakumeen Etxea izango da, Hernaniko emakumeek erabakitzen dutena.
Hainbat parte-hartze prozesu egin dira legegintzaldi honetan, baina batzuetan kritikak izan dira. Zer dago aldatzeko?
Parte-hartze prozesuekin konprometituta gaude, baina asko dago egiteko, horiek hobetzeko. Horietatik ateratzen diren erabakiak, zentzuzko epe batean gauzatu behar dira; eta jende askok utzi dio parte hartzeari, hori ez delako betetzen. Adibidez, duela hiru urte erabaki zen haur parke bat estaltzea, 125.000 eurorekin; eta hauteskundeak baino 15 egun lehenago hasi da gauzatzen, onartutako aurrekontua hirukoiztuz. Ez da onargarria, Hernani Erabakiren azkeneko hiru urteetako 1.500.000 euroetatik, soilik gauzatzea %32 barregarri bat. Horrek erakusten du, beste behin, EH Bildu egiten ari den kudeaketa penagarria.
Alderdien arteko akordiorik bilatuko duzue parte-hartze prozesu gehiago antolatzeko?
Bai, gure ADNan eta gure programan daramakigu.
Herri osora iristeko ahaleginean, auzo batzuek ahaztuta daudela salatzen dute. Zer dago aurreikusita arlo horretan?
Auzo bakoitzak arazo jakin batzuk dauzka, eta auzo batzuk oso utzita daude. Auzo elkarteekin elkarlanean aritu gara, haien eskaerak bideratzeko, eta udal baliabideak modu proportzionalean banatuko ditugu horretarako. Horkonpon aplikazioa jarriko dugu berriro martxan, orain desaktibatua dagoena, herritarrek modu errazean komunikatzeko, geolokalizatutako argazki bat bidaliz mugikorrarekin, ikusi dituzten kalteen berri emateko.
Txotx denboraldia onura zein kalte iturri izaten da, eta kalteei aurre egiteko hainbat neurri hartu izan dira azken urteetan. Zer egitea aurreikusten duzue?
Minimizatu egin behar ditugu, txotx denboralditik eratorritako ondorio negatiboak. Udal ordenantzak betearaziko ditugu, gaueko aisialdirako lokalen aforoa kontrolatzeko. Araudi zibikoa ere aplikatuko dugu, jarrera desegokiak saihesteko, lehentasuna emanez herritarren atsedenerako eskubideari eta herriko biztanleen gozamenari. Saihestu behar dugu, haurrak haztea pentsatuz hau dela aisialdirako modelo normalizatua. Autobusen aparkalekuetarako gehiengo aforo bat ezarri nahi dugu txotx garaian, aldez aurreko erreserba bidez funtzionatuko duena.
Aparkaleku falta ere arazoa da askorentzat. Konpontzeko proposamenik baduzue?
Larria da aparkalekuen kontua Hernanin. Auto askok denbora gehiegi ematen dute zirkulatzen, aparkatu ahal izateko; eta horrek oraindik eta gehiago kaltetzen du herriko airearen kalitatea, besteak beste. Horregatik, beharrezkoa da aparkaleku bat eraikitzea, arazoari konponbidea emango diona.
Euskaraldia egin zen iaz. Soziolinguistika Klusterraren azken ikerketaren arabera, euskeraren erabilerak behera egin du. Zein ildo jarraituko duzue euskeraren arloan?
Herri euskalduna gara. Jende askok egin du eta egiten du lan euskeraren normalizaziorako, euskeraz egiten ez duten pertsonak barne, haien seme-alabak D ereduan matrikulatuz. Ez zaio inorri inposatu behar euskera, eta inor ez da bigarren mailako hernaniartzat jo behar, euskeraz hitz egiten ez duelako.
Euskera erakusteko ereduetan eboluzionatu nahi dugu, udal euskaltegiko edukiak eta materialak modernizatuz. Bere erabilera sustatu nahi dugu, jendea euskerara gerturatzeko errespetuz eta maitasunez, inposaketarik gabe. Babestu eta animatu behar ditugu, euskera ikasi nahi duten pertsonak, ordutegi malguekin eta doako klaseekin. Eta euskeraren erabilera bultzatzeko kanpainak lagundu behar ditugu, Euskaraldia edo Euskara Ari Du bezala.
Garbiketa publifikatu da, eta orain, konposta egitea ere herriaren esku geratzeko ahalegina egin da. Hondakinen kudeaketari dagokionez, zer proposatzen duzue zuek?
Guk apustua egingo dugu, ahalik eta hondakin kopuru txikiena sortzea bermatuko duten politiken alde, sustatuko dutenak berrerabilpena, birziklapena eta elikagaien hondakinak gutxitzea; Hernaniko herritarrek barneratuta daukate hori.
Hondakinen gaikako bilketa sistema garbiago eta erosoago bat proposatzen dugu, posteak garbituz eta organikoaren poltsak diruz lagunduz. Tasak birbanatu nahi ditugu, sortutako hondakinaren arabera. Beirazko ontziak itzultzeko sistemak sustatuko ditugu, eta kristalezko pitxerrak emango dizkiegu ostalaritza establezimenduei, plastikozko botilen erabilera saihesteko.
Elkarbizitzaren alorrean, legegintzaldi hasieran sortu zen Bizikidetza Mahaia, baina azken hilabetean desadostasunak sortu izana kritikatu duzue oposiziotik. Horiek gainditu eta ildo horri jarraitzeko modurik ikusten duzu?
Herritarren eskaera bat da, eta gure ardura politikoa da hori gauzatzea. Elkarbizitzan aurrera egiteko, ezinbestekoa da guztien sufrimendua errekonozitzea, eta elkarrizketarako espazioak irekitzea, guztiok batera iristeko elkarbizitza eta bakea eraikitzera. Horretarako, beharrezkoa da iraganaren analisi kritiko bat egitea. Giza eskubideen urraketa oro, bidegabea da.
Titularrak
1. Jaione Aristregi Cao
2. Lurdes Lopez Gorrotxategi (independentea)
3. Pedro Pascual Barquilla
4. Nora C. Rey Rey
5. Asier Bilbao Diez de Salazar
6. Maite Chivite Bengoetxea
7. Aritz Hernani Mena
8. Eva Benkö Zoltan
9. Borja Martin Arozena (independentea)
10. Nagore Arrastua Barbado
11. Marcos Tolosa Oyarbide
12. Isabel Garcia Berrio (independentea)
13. Juan Ramon Jodar Arruiz (independentea)
14. Jaione Zubeldia Tellechea (independentea)
15. Javier Diaz Agredano (independentea)
16. Josune Garayar Garmendia (independentea)
17. Iosu Gonzalez Rollan
18. Mentxu Agredano Muñoz (independentea)
19. Juan Manuel Gonzalez Simon
20. Ixiar Gurmendi Olabiaga (independentea)
21. Txema Mercado Acero
Ordezkoak
1. Monica Mora Reluz
2. Txonio Dominguez Cuenca (independentea)
3. Ainhoa Pineda Urruzola (independentea)