Bideoa: Zorione Etxezarraga Ortuondo, Astigarragako EAJ-PNVko alkategaia.
Legegintzaldi honetan EAJ-PNV eta PSE-EEren arteko akordioari esker izan zarete udal gobernuan. Berriro egingo zenukete akordioa? (zein emaitza espero dituzue?)
Maiatzaren 26ean herritarrek erabakiko dute nolako Astigarraga nahi duten, eta horretarako zeini ematen dioten babesa. Martxan ditugun proiektuak gauzatzeko Astigarragako EAJ-PNV taldekook herriaren alde lanean jarraitu nahi dugu eta prest gaude.
Azken lau urte hauen zein balorazio egiten duzue? Zein izan dira zailtasun handienak? Alkate aldaketa ere tartean izan da?
Orokorrean balorazio positiboa egiten dugu. Gure programak jasotzen zituen eginkizun guztiak bete ditugu eta beste berri batzuk ere martxan jarri ditugu. Horrez gain, Astigartar guztien propo-samenak entzun eta bideragarriak zirenak gauzatu ditugu. Argi dugu herriaren zerbitzura gaudela, guztiontzat, eta horrela jokatu dugu. Talde bat gara eta estrategia argi bat dugu: Astigarraga guztiona eta guztiontzat izatea. Gure taldea herriaren zerbitzura jarri dugu.
Urumea Berri proiektua zena, errealitate da, dagoeneko. Zein eragin dauka horrek Astigarragan?
Urumea Berri auzoak gure herria gaztetu du. Alde batetik, astigartarrek herrian bertan egin dezakete orain euren bizi-proiektua. Bestetik, etorri diren familia gazteak inguruko herrietatik etorri dira gehienak: astigartar berri asko euskaldunak dira. Beraz, Astigarragak aukera paregabea du: etorkizuna izango du.
Proiektu horrek, besteak beste, herriaren hazkunde demografikoa eragin du. Zein erronka dakarzki horrek?
Erronka bai, baina baita aukera polita ere. Hasteko herriko zerbitzuak hobetzeko balioko du: kiroldegiaren berrikuntza, Herri Eskolako handipena, martxan den Kultur Etxe berria, trena, autobusa maizago jarri? eta noski, oraindik ez ditugunak exijitzeko, garrantzitsuena: DBH.
«Inposaketa ez dela bidea eta erabakitzeko aukera eman behar zaiela herritarrei erakutsi dugu»
Hondakin bilketa sistemaren inguruko galdeketa egin, eta sistema aldatu duzue udal gobernuan egon zareten bitartean. Gaia pil-pilean izan zen aurreko hauteskundeetan. Oraingoan eraginik izan dezake?
Bai, noski. EAJ-PNVko gobernu taldeak erakutsi dugu herritarrei erabakitzeko aukera eman behar zaiela. Inposaketa ez dela bidea, ez hondakinak biltzeko sistemaren kasuan, ez beste arloetan. Astigarragako EAJ-PNVk herri galdeketa egingo zuela esan eta hitza bete dugu: sistema aldatu da. Herritarrak badaki hitza betetzen dugun taldea garela.
Legegintzaldi honetako gai nagusia bada, DBH. Herritarrak ere antolatzen ari dira. Zer egin dezake Udalak? Zein dira bere asmoak? Eta Haurreskola eta Herri Eskolaren inguruan?
Herritarrek egiten duten eskaerarekin bat egiten dugu. Gure alderdiak hiru legealdi daramatza DBHa izan dezagun Jaurlaritzarekin elkarlanean. Legegintzaldi honetan Hezkuntzari behin eta berriz helarazi diogu Astigarragak daukan gabezia eta Jaurlaritza jabetu da. EAJ-PNVk DBHa lortuko du Astigarragarentzat.
Hainbat azpiegitura berri egin dira azken urteetan: kultur etxe berria, tren geltoki berriaren proiektua? Zein behar eta zein erronka dauzka Astigarragak?
EAJ-PNVren udal gobernuaren kudeaketak kultur etxe berria, trena, ibai parkea, ikastolaren handitzea? ekarri dizkigu, legealdia hasi baino lehen pentsaezinak ziren egitasmoak. Gaur egun Astigarragak dituen erronka nagusiak mugikortasuna (garraio publikoa) eta irisgarritasuna, hezkuntza, enplegua eta uholdeen aurkako neurriak dira.
«Gure lehentasuna hezkuntza izango da: Haurreskola aukera hoberena bermatu, Herri Eskolari baliabideak eman eta Astigarragarako DBH lortu. Proposamen asko ditugu datorren legealdirako»
Oposizioak, hala ere, behin eta berriro aurpegiratu dizue inbertsio falta, eta aurtengo aurrekontuetan gerakin handia izan dela. Geldirik al dago Astigarraga?
Zifretan galdu gabe esan beharra dago udalaren inbertsio gaitasun errealean gabiltzala. Garapen urbanistikoa dela eta izan ditugun dirusarrera ez ohikoak aukera eman digute etorkizuneko Astigarraga diseinatzeko, baina ez edozein modura. Langile berriak ditugu udaletxean: alde batetik, berdintasuna, partehartzea eta elkarbizitza lantzeko, eta, bestetik, enplegua, merkataritza eta turismoari bultzada emateko. Kirol teknikaria lanaldi osoan dago guri esker, erregistroan bi langile?
Bestalde, kalera begiratzea besterik ez dago ikusteko azken lau urtetan Astigarragak zenbat egin duen hobera: kaleak garbi, lorategiak zainduta, parkeak berrituta eta estalpearekin, herri eskolaren handipena martxan, ibai parkea irekitzear, trena iristear, Santiagomendirako proposamen eta proiektu jasangarriak landuta, kultur etxe berria zutik?
Udal zorra kitatzeaz gain, datorren legealdirako kutxa diruz beteta utzi dugu, ez dugu guztion dirurik alperrik xahutu.
Maiatzetik aurrera gobernuan jarraitzeko aukera izanez gero, hasita duguna bukatu eta gure herriak behar duen udal estrategiarekin jarraitzeko aukera izango genuke: Ingurumena, kultura, ondarea, paisaia,? Astigarragaren etorkizunari begira ari gara lanean.
«EAJ-PNVk Udala herriarena dela eta herriarentzat lan egin behar duela ulertzen du, oposizioak ez bezala»
Udal gobernuaren eta oposizioaren arteko krispazioa nabarmena izan da lau urte hauetan. Nola bideratu daiteke hori?
Legealdiaren hasieran eskua luzatu genion oposizioari udal aurrekontuak elkarrekin diseinatzeko. Ez hori bakarrik. Alderdi arteko bizikidetza hobetzeko lantaldea ere antolatu genuen. Tamalez, errespetu falta besterik ez dugu jaso. EAJ-PNVk Udala herriarena dela eta herriarentzat lan egin behar dela ulertzen du, oposizioak ez bezala. Ariketa demokratiko hori oraindik egiteko dute zenbaitzuk.
Euskaraldia egin zen iaz. Soziolinguistika klusterraren azken ikerketaren arabera, euskeraren erabilerak behera egin du. Zein ildo jarraituko du udalak euskerari dagokionean?
Datu okerrekin zabiltzate. 2006-2011ko beherako joerari buelta eman zaio azken urte hauetan. 2011ean astigartarren %30,4ak soilik hitz egiten zuen euskaraz. 2016ean egindako azkeneko kale neurketaren arabera, aldiz, emakumeen %42,8ak eta gizonezkoen %34,4ak euskaraz egiten dute.
Udalak euskararen aldeko apustu sendoa egiten jarraituko du, emaitzak jasotzen ari baikara. Ikustea besterik ez dago herriak izan duen hazkundeak eragin positiboa izan duela euskararen erabileran.
27 Poligonoko trafikoa Astigarragako errotondora bideratzeko asmoa du Aldundiak. Zein eragin izan dezake horrek herrian?
Astigarragako industrialdea horri irteera-sarbide zuzena emango zaio herritik, lehen aldiz. Beraz, neurri positibotzat jotzen dugu, kontuan izanda Foru Aldundiaren proiektua dela eta Udalari ez diola gasturik eragin.
«Astigarraga guztientzat eta guztiona izatea da estrategia, gure taldea herriaren zerbitzura
jarri nahi dugu»
Txotx denboraldia onura zein kalte iturri izaten da, eta kalteei aurre egiteko hainbat neurri hartzen ari da Udala. Zer egitea aurreikusten da?
Bizikidetza arlotik ikerketa bat bideratu da txotx denboraldiaren inguruan herritarren iritzia ezagutzeko. Herritarren herenak kezkaz bizi du denboraldia eta udala prest dago arazoak identifikatu ondoren, herritarrekin batera diagnosia egin eta konponbideak emateko. Parte-hartze saio ezberdinak egingo dira, hartu behar diren neurriak elkarrekin adosteko.
Oposizioaren arabera ez da uholdeen kontrako neurririk hartu. Zein puntutan dago prozesua?
Uholdeen aurkako inbertsio eraginkorrak egiteko ezinbestekoa da informazio egokia izatea. Hortaz, legealdi honetan eskatu dugu azterketa zorrotza egitea Astigarraga 100 urteko ur joan-etorrietan uholdeetaz babesteko. Gure asmoa da neurriak hurrengo lau urteetan martxan jartzea. EAJ-PNVren udal gobernua ari da finantzaketa bilatzen erronka horri erantzuteko.
«Proposamen asko ditugu: erregistrioa hobetu, kirol eta kultur ekipamenduak berritu eta egonkortu, enplegua sustatu...»
Ezberdinen arteko akordioetara iritsi daiteke?
Akordioetara irits daiteke eta iritsi beharra dago. Astigarragaren eta astigartarren onerako. Herriak behar dituen proiektu estrategikoaetan zintzo jokatuz. Alderdikeriak alde batera utzita.
Zeintzuk izango dira legegintzaldi honetako apustuak?
Gure lehentasuna hezkuntza izango da: Haurreskola aukera hoberena bermatu, Herri Eskolari baliabideak eman eta Astigarragarako DBHa lortu.
Proposamen asko ditugu: udal erregistroa hobetu, kirol eta kultur ekipamenduak berritu eta egonkortu, merkataritza eta enplegua sustatu, Santiagomendin inbertitu, herriguneko plazak eta espazioak birmoldatu?
Igerilekua berrituko da eta estaltzea ere aztertuko dugu. Uholdeak, gazteria, adinduen arloa, berdintasuna? Landu ditugun proiektu guztiak sakon-sakonean ezagutzeko gure programa irakurtzera gonbidatzen zaituztegu.
Kalitatezko mugikortasuna bermatu nahi dugu: autobus zerbitzu ona, bidegorriaren erabilera indartu, eta, nola ez, Astigarragako aldiriko tren geltokia.