Bideoa: Mikel Duran Gonzalo, Astigarragako PSE-EEko alkategaia.
Garrantzitsua izan da oso Mikel Duran PSE-EEren zinegotzia azken legegintzaldi honetan, eta horretan jarraitu nahi du, beste legegintzaldi batez. Haien helburua, «beti izan da herriaren bizi-kalitatea hobetzen duten, eta bereziki, herritarrentzat onuragarriak diren proiektuak/proposamenak babestea», eta horretan jarraitzea da PSE-EEren asmoa, etorkizunera begira ere.
Azken legegintzaldiko giltza izan da udal talde sozialista Astigarragan. Zer-nolako emaitzak espero dituzue udal hauteskunde hauetarako?
Oso baikorrak gara eta emaitza onenak espero ditugu. Astigarraga herri oparoa, irekia eta plurala egiteko konpromezu sozial eta politikoa duen sozialisten hautagaitzaren buru naiz.
Gobernu berria osatzerakoan, zein da PSE-EEk izan dezakeen papera? EAJ-PNV babestuko al zenuke, berriro ere?
Nire helburua da gobernu plurala lortzea, legegintzaldiari egonkortasuna emango diona, enplegua, gizarte politikak eta garapen ekonomikoa lehenetsiko dituen gobernu programa batekin.
«Herri Eskolari, kultur etxeari eta ibai-parkeari lotutako gaiekin ere, entzuteko eta adostutako jarrera batera iristeko prest izan gaituzte»
Aurreko legegintzaldiaz, zein balorazio egiten duzu?
Balorazio positiboa. Talde sozialistaren jarrera beti izan da laguntzearena; eta gure helburua izan da ahalik eta kontu gehien hitzartzea, Astigarragaren eta astigartarren mesedetan. Hori dela-eta, besteak beste, hondakin bilketa sistemaren etorkizunaren inguruko galdeketa hitzartu eta bultzatu genuen. Gogorarazi nahi dut aurreko hauteskunde-kanpainako agintea izan zela Atez Atekoaren sistema zaharkitu eta zikina kentzea. Gure agintea bete dugu, eta egin dugu herritarrekin galdeketa bat hitzartzen, haien mezua entzuten.
Ulertzen genuen aurreko legegintzaldian bizitako krispazioaren eta inposizioaren ondoren, azkeneko lau urte hauek akordioarenak eta elkarrizketarenak izan behar zirela. Eta lan horretan aroti gara sozialistok aurreneko egunetik.
Herri Eskolari, kultur etxeari eta ibai-parkeari lotutako gaiekin ere, entzuteko eta adostutako jarrera batera iristeko prest izan gaituzte. Gainera, poztekoa da Haurreskolarentzat lokal egokia ezartzea gauzatu izana; berehala izatea espero dut.
Inbestidura plenoan EAJ-PNV-ren hautagai Jesus Maria Santosen aldeko botoa eman ondoren, EH Bilduren hainbat mozio babestu dituzu. Bateragarriak al dira?
Erabat. EAJ-PNV-rekin ez geneukan gobernu-akordiorik, eta beraz, gure helburua beti izan da herriaren bizi-kalitatea hobetzen duten, eta bereziki, herritarrentzat onuragarriak diren proiektuak/proposamenak babestea. Eta hala izan da.
Gehiengoaren interesak defendatzen dituen ezker posibilista ordezkatzen dut, eta beraz, mozioen eta egiten zizkidaten proposamenen atzean zeuden sigla politikoak ez ditut begiratu. Beti egon naiz prest gainontzeko udal taldeekin elkarlanean aritzeko, proiektuak gauzatzeko edo Astigarragako zerbitzu publikoak hobetzeko badira.
«Espero dut alderdi politiko bakar batek ere ez izatea tentaldirik hondakinen gudara bueltatzeko»
Zein dira Astigarragaren lehentasunezko beharrak? Eta ildo horretatik, zein dira PSE-EEren ustez,erronka nagusiak?
Azken urteetan Astigarraga biztanle kopuruan hazi egin da, eta horren ondorioz, beharrak ere hazi egin dira. Sozialiston ustez zerbitzu publikoak egokitu egin behar dira behar hauetara; hala nola, anbulategia haunditzea, DBHaren ezarpena, eta aldiriko trenaren geltokia eraikitzeko obra-lanak.
Hezkuntzaren gaia oso presente egon da legegintzaldi honetan. Nola egin dakioke aurre Astigarragak? Zein neurri hartuko zenituzkete?
Dudarik gabe, DBHaren ezarpenaren aldeko apustua egiten dugu, lehenbailehen. Hortaz, hurrengo legegintzaldiari begira, lehentasunezkoa izan beharko luke horretara bideratutako lursaila martxan jartzea. Eskolaren haundipena ere, datozen lau urteetan egin beharrekoen artean egon beharko litzateke.
Hondakin bilketaren sistemaren gaiak hartu zuen aurreko hauteskunde kanpaina. Berriro ere mahai gainean jarriko dela uste duzu?
Galdeketa egiteko akordioa lortu zen, eta emaitzak erabatekoak izan ziren Atez Atekoa kentzearen alde. Hortaz, espero dut alderdi politiko bakar batek ere ez izatea tentaldirik hondakinen gudara bueltatzeko. Izan ere, gogorarazi nahi dut herri honetako elkarbizitza haustea ekarri zuela.
«Egia bada Astigarragako errotondan 5.000 kotxetan areagotuko dela trafikoa, nire ustez kezkatzekoa da»
Biztanleriaren hazkundeak behar berriak ekarri ditu, baita zerbitzuak hazkunde horri egokitzeko eskaera ere. Zertan nabaritu da hazkundea? Zein gaietan egin behar da lan?
Herria hazi egin da, eta bereziki, familia gazteak iritsi dira. Zerbitzu publikoak hobetu egin behar dira, behar berri horiei erantzuna emateko.
Zer-nolako eragina izan du Astigarragan, 27 Poligonoko trafikoa berbideratzeko proiektuak? Zer egin daiteke?
Esan beharra daukat kontu honekin kezkatuta nagoela. Informazio gutxi daukat honen inguruan, eta uste dut Gipuzkoako Foru Aldundiaren Erre-pideetako sailetik datu gehiago eman beharko lizkiguketela.
Egia bada Astigarragako errontondan 5.000 kotxetan areagotuko dela trafikoa, nire ustez kezkatzekoa da. Gardentasun gehiago eskatzen dut eta erabakirik hartu aurretik, bideragarritasun plan bat egitea.
Euskeraren bueltan, zein izango da PSE-EEren politika? Azken azterketek diote erabilera jaitsi egin dela. Zer egingo zenuke zentzu horretan?
Euskeraren defentsan, politika aktiboen alde egiten dugu sozialistok, haren kudeaketa interes politiko eta alderdikoietatik babestuz. Euskera ezin da arma politiko gisa erabili, ezta herritarren zati baten identitate-elementu gisa ere. Ikuspuntu horretatik, erakundeetatik, beti egin dugu euskeraren erabileraren alde, herritarren kultura- eta komunikazio-ondare bezala.
Onartu behar dut, zoritxarrez, nik ez dakidala euskeraz. Nire alabak, ordea, primeran hitz egiten du. Aita gisa, beti oso argi izan dut erantzukizuna nuela nire alabak gaztelaniaz zein euskeraz komunikatzeko gaitasuna izan zezan. Hori horrela, beti babestuko ditut euskera ikastearen eta erabiltzearen aldeko neurriak.
Txotx denboraldia onura zein kalte iturri izaten da, eta kalteei aurre egiteko hainbat neurri hartu izan dira azken urteetan. Zer egitea aurreikusten duzue?
Txotx denboraldiak herri honentzat duen garrantziaz jakitun naiz, diru-sarrera oso garrantzitsua da; Astigarragarentzat eta zonalde osoarentzat. Ekonomikoki onura haundiak dakartza, baina kontziente naiz, ekitaldi garrantzitsu honekin batera, astigartarrek jasaten dituzten arazoetaz, txotx denboraldiari atxikituta dijoazenak: zarata, usain txarrak, herri-segurtasun ezaren areagotzea, eta trafikoa areagotzea.
Elkarbizitza baketsua lortu behar dugu, gure sagardoaz eta sagardotegiez gozatzera etortzen direnen eta atsedenerako eskubidea duten gure bizilagunen artean. Izan ere, uste dugu txotx denboraldia bultzatzen jarraitu behar dugula, baina ez gure bizilagunen ongizatearen kontura. Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren presentzia areagotu beharko litzatekeela uste dugu.
Era berean, hurrengo legegintzaldian kalitatezko eta etorkizuneko Sagardoetxearen kudeaketaren kontua jorratu behar dugu. Gaur egun etorkizuneko beharrei ez die behar bezala erantzuten.
Azken legegintzaldian krispazio-giroa nabaria izan da bi talde nagusien artean, hau da, EH Bildu eta EAJ-ren artean. Ze iritzi duzu horren inguruan? Zer egin daiteke elkarbizitzaren alde?
Ordezkari politikoek proiektuak proposatu eta kudeatu egin behar ditugu gure bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko. Baina erantzukizuna ere badugu, eta hori da, hain zuzen, elkarbizitzaren irudia eta errespetuaren irudia ematea. Datorren legegintzaldiari begira, baretasun pixka bat eskatuko nuke, ordezkari politikoak bizilagunen esanetara egon behar baitugu.
Titularrak
1. Mikel Duran Gonzalo.
2. Juan Pedro Risco Romero.
3. Silvia Gonzalez Castiñeira.
4. Juan Carlos Hernandez Rosende.
5. Maria Francisca Guenaga Arregui.
6. Manuel Camara Galende.
7. Maria Isabel Gomez Fernandez.
8. Restituto Ayuso De La Fuente.
9. Eulogia Francisca De Abajo Nuevo.
10. Jose Luis Valles Molero.
11. Igor Zabala Muniozguren.
12. Maria Soledad Silva Ferrero.
13. Maria Vicenta Echeverria Undabeitia.