Iraulio Iraulio Panttalone Bertso Eskolako hamaika bertsolarik eman du Gipuzkoako txapelketan izena. Jada hasi da Gipuzkoa Bertsotan, sailkapen fasea: aurreko asteburuan Asier Azpirotzek (329), Iker Ormazabalek (325) eta Eñaut Martikorenak (318) emaitza onak izan zituzten; Hernanin bizi den Joseba Agirre azkoitiarrak (255.5) ez hain ona. Datozen bi asteburutan kantatuko dute Iñaki Zelaia, Eli Pagola, Oier Iurramendi, Andoni Mujika eta Beñat Mujikak. Beñat Gaztelumendi, Unai Gaztelumendi eta Agin Rezola udazkenean jokatuko den Gipuzkoako txapelketarako sailkatuta daude.
Maiatzeko fasean, 84 bertsolari arituko dira 14 saiotan. Bi multzotan banatu dituzte eta 34k lortuko dute Gipuzkoako Txapelketan lehiatzeko txartela, puntu gehien eskuratzen duten 17ak, multzo bakoitzetik. Beraz, 48ren artean jokatuko dute gero irailetik aurrera txapela, 34 horiek eta sailkatuta dauden beste 14k. Gai jartzaileak 15 dira eta 18 epaileen artean daude Iraulio Panttaloneko Bakarne Urreaga eta Amaia Otxotorena; baita Iñigo Legorburu Hernanin bizi den errenteriarra ere.
Esan bezala bertso eskolako Eñaut Martikorena, Iker Ormazabal eta Asier Azpirotzek aukerak dituzte aurrera egiteko. A multzoan, orain arte kantatu duten 12 bertsolarietatik hirugarren dago Eñaut Martikorena, 318 punturekin. Esan bezala, beste bost saioa falta dira, 30 bertsolari, eta 17k soilik dute lekua. Multzo honetako Andoni Mujikak, maiatzaren 19an kantatuko du, 17:00etan, Errezilgo Herri Eskolan; Eli Pagola, Oier Iurramendi eta Beñat Mujikak Bergarako Seminarixuan, maiatzaren 25ean, 17:00etan.
B multzoaren buruan dira Unai Muñoa eta Asier Azpiroz, 329 punturekin eta laugarrena da Iker Ormazabalek 325ekin. Multzo honetako Iñaki Zelaiak Donostiako Larratxo Kultur Etxean kantatuko du maiatzaren 25ean arratsaldeko 5etan.
Berezitasun bat edo beste izango du txapelketak. Multzo bakoitzean egingo diren zazpi saioetako irabazleek ez dute zuzenean aurrera egingo, puntuaketa altuena lortzen duten 17 bertsolariek lortuko dute txartela, talde bakoitzean. Saioren bat, oro har, oso ona ateratzen bada, denak pasa daitezke eta kontrakoa ere gerta daiteke, saioren batetik denak kanpoan gelditzea.
Egin beharreko lanei dagokionez, zortziko handian, ofizioan, batek jarritako egoeraren alde egin beharko du eta besteak aurka; aldiz, hamarreko txikian, kartzelan, binaka, biak egoera berean izango dira. Bakarka ere aritu beharko dira, bi bertso kantatu bakoitzak gai baten inguruan, nahi duten neurri eta doinuan. Zortziko txikian, ofizioan eta bi puntu erantzun. Bitxikeriekin jarraituz, egun berean bi saio egingo direnez, multzo bakoitzeko bat, gai berberak erabiliko dira bi saioetan.
Sailkapen faseko kanporaketetako sarrerak aretoetako leihatilan salduko dira egunean bertan 16:00etatik aurrera, 7 eurotan; bazkideek eta 6-16 urte arteko gazteek 5 euro ordainduko dituzte.
Bakarne Urreaga
«Epaitzea ez da zaila; ondo epaitzea bai»
Irailetik prestatzen ari dira Txapelketako epaileak, kanporaketetan egoki puntuatzeko. Bertsolariek ahalegin haundia egiten dute eta prestaketa aldetik euren mailan egon nahi dute.
Txapelketako epaile lan arduratsu eta ausartari heldu dio berriro Bakarne Urreaga hernaniarrak. Herriko bertsolari txapelketan probatu ondoren, 2003ko Gipuzkoako txapelketatik dabil zeregin horretan; 2009ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian epaile izan zen, Maialenek lehen txapela irabazi zuenean. Hurrengo bietan, ez, 2013 eta 2017an, juxtu bi alabak urte horietan jaio ziren eta. Tartean, Lizardi eta Orixe bezalako txapelketetan edota eskolartekoan jardun du. Bi urte barru, Txapelketan epaile izango ote den galdetuta, 2021ean «ikusten» egotea espero duela dio.
Irailetik ari dira epaileak Gipuzkoako txapelketarako prestatzen, zeregin hori zaila ote den galdetuta Bakarne Urreagak aitortu du ez dela erraza: «nola esango nuke, berez, zenbaki bat jartzea ez da zaila, ondo egitea da zaila».
Dena den, badakit, zuen lana ez dela zenbakia jartzea soilik, lana egiten duzue aurretik...
Prestakuntza handia eskatzen du; norberarena alde batetik, bertsolariak euren kantaera eta ezaugarriak ezagutu egin behar dira eta. Bestalde irizpideen orrazketa bat egiten dugu taldean, berrikusi, aztertu, eztabaidatu... noizean behin elkartzen gara bertsoaldiak entzun, puntuatu, eta, azken finean, prestatzeko.
Noiztik ari zarete horretan...
Irailean hasi ginen taldea elkartzen eta etxetik ere lan pixkat egiten dugu, on line.
Aurreko lan horren helburua zein da, zergatik egiten da?
Nire ustez, bertsolaritzak gero eta maila altuagoa dauka, ahalegin haundia egiten dute bertsolariek, eta guk ere prestakuntza aldetik euren mailan egon beharra daukagu, zor diegu hainbeste; epaile izatera ausartzea ere ez da gutxi.
Bai, baloratzekoa da... puntuek sortu ditzaketen haserreen gainetik, bertsolaritzak behar du epailearen figura ere...
Txapelketek nire iritziz funtzio garrantzitsua dute bertsolaritzan eta mantendu nahi badira, beharrezkoak dira epaileak ere. Horregatik, bertsolariekiko eta beraien lanarekiko errespetuarengatik, gutxienez, saiatu behar, beraien lana ahalik eta ondoen baloratzen.
Irizpideak aldiro eguneratzen dituzue, zerbait aipagarririk ba al da aspaldion?
Orain erabiltzen ditugunak, duela urte batzuk idatzita daude Euskal Herri mailarako eta saiatzen gara herrialdetara egokitzen, hizkera aldetik esaterako. Berrikuntza haundirik ez da irizpideen aldetik. Batetik bertsolariak ematen duen mezua izaten da kontutan, eta bestetik nola ematen duen. Mezua, ahalik eta argiena, koherenteena, ahal bada topikoetatik urrundua, sinisgarria,... izan dadila; garai batean asko begiratzen zitzaion bukaerari, orain bertso osoari ere ematen zaio garrantzia. Ofizioan binaka ari direnean osotasunari, ez bakarrik elkarri erantzuteari, lana aurrera doan heinean, elementu berriak txartatzeari, bidea zabaldu edo ixteari, hizkera aldetik erabilitako erregistroari -agian egokia da hika egitea-, kantaerari, gorputz adierazpenari... denetarik da. Ikusleek ere gehiago begiratzen die horiei.
Berrikuntzarik ba al da aurtengo Gipuzkoako txapelketan? Adibidez, bertsolariek pentsatzeko hartzen duten denboraren inguruan?
Denborarena, ez da berrikuntza, baina bai, azkena finkatu zen irizpidea. Duela urte batzuk. Ikusi zelako, lehenago bapatekoagoak ote ziren bertsoak eta joera dagoela denbora gehiago hartzeko.
Bertso eskolen ondorioz...
Bai, izan daiteke, bertsolari asko berezkotik baino, naturaletik baino, beste nonbaitetik datozelako, eta ez diotelako azkartasunari hainbesteko garrantzirik ematen. Bapatekotasuna euste aldera, beharrezko zela ikusi zen.
Azkartasuna saritu ala moteltasuna zigortu, zer egiten da?
Biak. Epai irizpidetan zehaztuta daude zeintzuk diren mugak, zenbat denboratik aurrera zigortuko den; erlojuari begira egoten gara, horren zorrotz izan gabe, baina denbora pasatzean penalizatzen hasten gara. Aldi berean, muga hori baino dexente lehenago hasten direnak saritzen ditugu. Ahal dela saritzearen aldekoak gara, beti horren erraza ez den arren.
Bertsolariek nola hartzen dituzte irizpideak?
Ondo... txapelketaren aurretik bertsolariei ematen zaizkie, aukera ematen zaie eurek ere proposamenak egiteko eta irizpidetan parte hartzeko. Hala ere, oso gutxik parte hartzen dute.
Ados daudelako?
Hori pentsatzen dugu. Gero, bat da irizpidea bera, eta bestea, horren aplikazioa. Hor dago subjektibotasuna. Denborarena oso erraza da, objektiboa, segundu kopurua neurtu daiteke, baina besteak ez.
Epaile lanetan Amaia Otxotorena eta Iñigo Legorburu ere ari dira, ezta?
Maiatzekoan hiruok gabiltza. Amaia berriagoa da. Iñigo, aldiz, gutxi gorabehera nirekin batera hasi zen. Lehenxeago edo geroxeago, baina bateratsu.
Zu zeu, uste dut, gero eta lasaiago sentituko zarela lan honetan, esperientziak laguntzen du, ezta?....
Bai, noski. Patxada ematen du, eta puntuaketan gora eta behera egiteko ausardia. Epaileei sarri egozten digute 5 eta 7 artean puntuatzen dugula, lehen kostatzen zitzaidan, baina orain ez, aurreko asteburuan 3.5a eta 8.5a jarri nituen.
Aritz Zerain
«Une onean dago bertsolaritza»
Ekainean utziko du Aritz Zerainek Bertsozale Elkarteko koordinatzaile orokor lana.
Hamabigarren urtea du Aritz Zerainek Bertsozale Elkartean Koordinatzaile. Bertsogintzaren lehen lerroan izan da, elkartearen eta bertsolaritzaren azken urteotako ?zabalkundea? zuzen zuzenean bizi; herrialdetako txapelketak, Euskal Herrikoa, eta beste hainbat jaialdi antolatzen aritu da, talde zabal baten laguntzarekin; hainbat gogoeta eta egitasmoetan parte hartu du, 2008 hasieran Hernaniko Kronika utzi eta Bertsozale Elkartera jo zuenetik. «Kronikan urte mordoxka egin eta gero aldatzeko momentu polita zela iruditu zitzaidan, eta 2008ko urtarrilean hasi nintzen Bertsozale elkartean»; ekainean pasatuko du lekukoa.
«Ederra» izan da Aritz Zerainentzat, euskal kulturaren barruan, gizarte mugimendu erreferente nagusietakoan eta dimentsio haundia hartzen ari den proiektuan parte izatea. Pena ematen dio uzteak, baina aldi berean «arnasa» berreskuratuko du, «exijentzi eta ardura maila handia duen eta intentsitate haundia eskatzen dizun lana baita». Argi du bertsoaren munduan jarraituko duela, «orain bertsozale arrunt izatera itzuliko naiz berriz».
Kantatzera bueltatuko zara?
Hori jada zailagoa da, lagunarte mailan, bai; egia esan, faltan ere botatzen dut.
Une onean uzten al duzu bertsolaritza?
Nik uste baietz, elkarteak 10-15 urtean behin egiten du azterketa soziologikoa eta azkenak hori esaten du, egoera onean dagoela, baina eskema batzuk aldatu beharrean; egokitze fase horretan gaude. Datuek esaten dute, sekula baino bertso saio gehiago dagoela, zale gehiago dabilela, eta horiek zerbait espezifikoaren bila dabiltzala ere bai. Zalea exijenteagoa da, eta bertsolarien eskaintza ere aldatu egin da; gero eta dibertsifikazio eta bertsolarien lanketa pertsonal haundiagoa dago, diskurtso berri asko etorri dira, beste diziplina batzuekin gero eta harreman sakonagoa dugu,... bertsolaritza, momentu interesgarrian dagoela uste dut.
Zeintzuk dira elkartearen erronka nagusiak?
Elkartearen helburu dira, bertsolaritza transmititzea eta aldiro eguneratzea. Hor sail nagusiak transmisioa bera, ekosistema osoa sortzea, batetik, eta orain arte sustapena deitu dioguna, bestetik, plaza, bertsogintza bera. Hor badu bertsolaritzak erronka polit bat, oraindik iritsi ez den kultur arloko esparruetara heltzeko. Bilakaera argia izan du, nekazal ingurutik hirietara zabaldu da, baina oraindik askorentzat euskaldun peto petoena da soilik. kultur munduan sail asko dauka irabazteko eta lan lerro bat horixe da...
Bertsolaritza ez dira bertsolariak bakarrik...
Lehendik ere bagenekien eta azterketa soziologikoak azpimarratu du... kultura, oro har, jendeak behar dituen sozializazio guneak dira, eta bertsolaritzak asko eskaintzen ditu. Bertso eskola da horietako bat. Bertan ez dira soilik bertsotan egiteko biltzen. Bertso eskolei funtzio sozial handia aitortzen zaie eta badute.
Zenbat lan egiten da bertsolariei begira eta zenbat bertsozaleei begira...
Oro har, dena bat da. hori da, elkartearen arrakasta handienetariko bat, bertsolariak eta bertsozaleak elkarrekin lan egitea, Hasiera hasieran eman zen eztabaida bat da hori, bertsolari elkartea zena bertsozale elkartea bihurtu zen. Eta mantentzen da oraindik. Bertsolariek parte hartze aktiboa dute eta bertsozaleek ere bai.
12 urtean egindako zerbait nabarmendu nahi duzu? Zer izan da garrantzitsuena?
Fase bat burutu eta ziklo berri batean uzten dut; gogoeta estrategikoa eginda eta 12 urterako helburuak markatuta. 2hartu ere hala hartu nuen, 2006an egin zen gogoeta eta 2008 hasieran heldu nion lanari... zabalkunde zikloa zen hura, bertsolaritzaren beharrei erantzuteko; elkartea egiteko modu bat ere bai, egitura horizontalagoa emateko, ekipo bat egiteko elkarte barruan: Mintzola fundazioa sortu da, xenpelar dokumentazio zentroa indartu, sail ezberdinak bultzatu, ikerkuntza aktibatu, transmisio sarea ikaragarri zabaldu eta txapelketa berriak sortu, Iparraldekoa esaterako. Gauza batekin geratu baino uste dut fase osoa izan dela garrantzitsu eta zabalkunde horri ondo erantzun zaiola...
Hernaniko bertso eskola nola ikusten duzu?
Hernaniko bertso eskola beti dago ondo, kopuruz, mailaz eta mugimenduz. Gipuzkoa bertsotan txapelketan ere ondo hasi dira.
Gai jartzaile ere aritzen zara?
Gustatzen zait, izan daiteke mikrofono edo oholtza gosea asetzeko aukera polita.
Tabernetakoan marka ona daukazu: bi aldiz atera eta bitan irabazi... Ze oroitzapen duzu?
Polita. Bertso munduan sartzeko ate bat izan zen. Ordura arte lagunartean aritzen nintzen inoiz plazan kantatuko nuenik pentsatu gabe. Gero Osinaldetik deitu zidaten, bertso eskolan hasi, Unai eta Irazu ezagutu, kronika elkarrekin sortu,... ibilbidearen hasiera izan zen. Askotan pentsatu izan dut, han kantatu ez banu... Zer pentsatu haundia ematen du horrek.