Hernanin Entzuna diskoan 1999an argitaratutako doinuak «lehendik grabatuta ez zeuden oinarrizko doinuak» dira Hernanirentzat, Joxan Goikoetxea Maritxalar, Aztarna argitaletxeko sortzaile eta Izura kultura elkarteko lehendakariaren esanetan. «Baina aurreikusten genuen altxorra zabalagoa zela».
Altxor horren zati haundi bat, hain zuzen, iaz, maiatzaren 12an zendu zen Jesus Mari Olanok eman zion Goikoetxeari, eta horrexegatik, datorren maiatzaren 12an Jesus Mari Olano Fondoa aurkeztuko da Udal Areto Nagusian, 13:00ean egingo den ekitaldian.
1960-70eko hamarkadetan Hernanin antolatu ziren euskera eta kulturaren alorreko ekitaldietako soinu-erregistroek eta hainbat dokumentaziok osatzen dute bilduma, eta ordubete inguru iraungo duen aurkezpen honetan, zuzeneko musika eta bildumako hainbat irudi eta grabaketa ere tartekatuko dira. Tartean daude Gabriel Aresti edota Iñaki Beobidek Hernanin emandako hitzaldien soinu-grabazioak, omenaldia egin zitzaiolako Xalbador bertsolariak egindako saioarenak, Ez Dok Amairuren aurreneko emanaldikoak... 150 bat grabazio ordu digitalizatu dituzte.
Ez Dok Amairuren soinu grabazioa, sortu aurrekoa
«Haren material asko nik daukat, lanean aritzen ginelako. Jartzen ginen biok, entzuten genuen grabazioa eta esaten zidan zer zen gauza bakoitza. Datak ere ematen zizkidan». Horrela egin zuen topo Joxan Goikoetxeak Jesus Mari Olanok ondo zainduta zeukan altxorrarekin.
«60-70eko hamarkadetan euskeraren alorrean sustatutako ekimenen dokumentazio eta soinu artxiboa zeukan gordeta. Jesus Marik osabarentzat, Juan Olanorentzat egin zituen gauza asko. Hasi zen dena grabatzen. Baina dena niri ematean, ez zekien oso ondo bobina bakoitzean zer zegoen, eta gauzak aurkitu ahala, guztiaz jabetu naiz pixkanaka. Ez nekien hau dena. Garai hartan zerbait antolatzen zela Hernanin bai, baina entzun ahala konturatu naiz: Hau Ez Dok Amairu da! Beste hau, Benito Lertxundi, eta hura, Xabier Lete! Joan nintzen Santa Barbara elkartera galdetzera, eta hantxe zegoen Juan Olanok eskatutako baimena, Santa Barbararen izenean Hernaniko Aitor antzokian Jaialdi Berezia antolatzekoa».
«Garai hartako baldintza eta debekuen gainetik egindako guztiek eredugarri eta gure kontzientziak pizteko balio behar lukete»
1966ko urtarrilaren 9an egin zen Jaialdi Berezi hartako programari begiratuta, lehendik ere bazuen ekitaldiko hainbat atalen berri, Goikoetxeak. Adibidez, Ramon Saizarbitoriak (Donostia, 1944), aurkezle lanetan arituta, gazteei egin zien deiaren berri: «Gazteok, izan zaitezte yeye edo nahi dezutena, baina lehenen eta beti euskaldunak». Horrela, euskal kantagintza zaharra ahaztu gabe, Euskal Abesti Berriaren izenburupean egindako jaialdi haren helburuaren berri argitu zuen: euskal gazteriak erderaz kantatzen zuela-eta, hutsune hori betetzeko asmoa. Baina, era berean, programari begiratuta bakarrik jakin ezin zitekeena jakin zuen Goikoetxeak Olanoren soinu-grabazioei esker; adibidez, programan agertu ez bazen ere, Benito Lertxundik ere parte hartu zuela. «Cliff Richarden kantua kantatzen du. Kantu era hori zegoen modan. Gero aldatu egin du kantaera, baina hasiera hori izan zen». Bestalde, Mikel Laboa entzutean, «hau baino grabazio zaharragoak gutxi» izango direla azpimarratzen du Goikoetxeak.
Altxorra, beraz, ez da nolanahikoa, «Ez Dok Amairuren aurreneko grabazioa» baitago Olanoren Fondo honetan. Baina, horrez gain, Juan eta Jesus Mari Olano osaba-ilobek kantaldi, hitzaldi, antzerki-ikuskizun eta bestelako hainbat ekitaldi ere antolatu zituzten garai hartan, eta egindakoa ez zen nolanahikoa izan. «Ez dut hori nik neurtu», dio Joxan Goikoetxeak; «entitate haundiko jendeak eman dio garrantzia».
Goi-Alde antzerki taldearen bitartez, antzerki, hitzaldi eta kantaldien kultur-gurpila, Hernani
Eugenio Arocena Egimendia oiartzuarrak, hain zuzen, 2000 urteko Euskal Antzerki Topaketen harira Garbiel Aresti Segurola: euskal antzertian biola eta mailuarekin liburuan aipatzen du Olanotarren erreferentziarik. 1969an Intxixu antzerki taldea sortu zuen Arocenak, oiartzuarrez osatua, eta 1982 eta 1997 urteen artean Eusko Jaurlaritzaren Antzerti programaren zuzendari izan zen.
Gaia gertutik ezagututa, beraz, liburuan aipatzen du Hernanik antzerkigintzan, eta oro har, euskal kulturgintzan zein garrantzia izan zuen, bereziki, Olanotarren bultzadari esker: «50-60 hamarkadan Tolosatik Hondarribiara, Zarauztik Oiartzunera eta Leitzatik Donostiara sortu zen kultur-gurpilaren ardatza Hernani izan zen, zirela antzerki emanaldiak, zirela hitzaldiak, kantaldiak eta abar. 1966 urtean Hernaniko Aitor antzokian kantu emanaldi bat eskaini zen eta emanaldi hau izan zen Ez Dok Amairu taldearen sorreraren lehen urratsa. Euskal kultur mugimendu guzti honen kudeatzailea Juanito Olano hernaniarra izan zen beste adiskide batzuekin batera. Juanitoren akolitoa, bere iloba Jesus Mari Olano izan zen».
«Harribitxi moduan, Xalbador, Mattin eta Xanpunek egindako saioan, Tturko hernaniar gaztea goratzen dute bertsotan»
Era berean, liburu horretan Jesus Mari Olanori berari egindako elkarrizketa agertzen da, eta kontatzen du nola hasi zen Goi-Alde antzerki taldean, eta nola, horri esker ezagutu zuen Gabriel Aresti, eta nola ekarri zuten Hernanira hitzaldi bat ematera. Olanoren esanetan, Pello Sarriegi (Hernani, 1906-1968) Gerra Zibilaren aurretik Hernanin arrakasta haundikoa izan zen Hernaniko Eusko Batzokia antzerki taldearen bultzatizaleetakoa izan zen, eta 1960eko hamarkadan Juan Olano osabarengana jo zuen berriro ere antzerki talde bat sortzeko. Haren aholkuari jarraituz jarri zioten Goi-Alde izena, eta bertan antzezle aritu zen hasieratik Jesus Mari. Baina, «antzerkia izanik ardatza, beste euskal ekintzetara zabaldu» izana aitortzen zuen Olano gazteak. Hain zuzen, «antzerki taldeekin harremanak estutzen» zebiltzala, Elorrion izandako batean, Gabriel Aresti ezagutu izana gogoratzen zuen, eta nola, ordutik haren hitzaldi guztietara jarraitu zion, 1967an Hernanira ekarri arte. Hura ere bere magnetofoiarekin grabatu zuen Jesus Mari Olanok, noski.
Gabriel Aresti, Xalbador eta Tturko, Artze edota Schola Cantorum
Antzerkirako zeukan zaletasunaz gain, musika eta hitzaldiak ere gertutik jarraitzen zituen Olanok, osabarekin ekitaldiak antolatuz eta grabatuz.
Gabriel Aresti 1967ko uztailaren 29an ekarri zuten Udal Areto Nagusira, Euskal literaturako izen poetikoak hitzaldia ematera. «Euskera batuaren inguruko gatazkari buruz aritzen da», dio Goikoetxeak. «Hitzaldi historikoa da. Arestiren Euskal Herria poemarioak 50 urte bete zitueneko Euskaltzaindiaren ekitaldian Mikel Martinez aktoreak bertsio dramatizatua eskaini zuen. Zinta digitalizatzea zaila izan da. Beste aldekoa sartzen da. Baina entzuten da Ramon Saizarbitoria ere, ekitaldia aurkezten, eta ekitaldia saboteatzera joandako jendea ere entzuten da». Jesus Mari Olanok berak gogoratzen zuen gertatutakoa, aipatutako liburuan: «Hitzaldi honetan presente egon ziren PNVko zenbaitzuk eta baita ELADIOko kideak ere. Hau ELA sindikatutik kanpo gelditu zirenen taldetxo bat besterik ez zen. Guzti hauen helburua izan zen Aresti españolistaz akusatzea. Alferrikakoa izan zen pertsonaia hauen maltzurkeria, zeren hitzaldian entzule ginen hernaniarrentzat argi gelditu baitzen Arestiren zintzotasuna eta euskalduntasuna».
Grabatutako hitzaldi gehiago ere badira: Euskaltzaindiako Patxi Altuna euskera batuari buruz aritzera Ereñotzuko San Antonio elizara ekarri zutenekoa, Iñaki Beobidek udaletxean euskal antzerkiari buruz emandakoa, Joxan Artzek txalapartari buruz emandakoa...
Bestelako grabazioen artean, berriz, Xalbador bertsolaria omentzeko ekitaldikoa azpimarratzen du Goikoetxeak; «harribitxia». 1967ko uztailaren 30ean Hernanin izan ziren Jose Mari Satrustegi, hitzaldia emateko, eta Xalbador, Mattin eta Xanpun bertsotan. «Gero, Santa Barbara elkartean izan ziren bazkaltzen, eta Hernaniko bertsolarien liburuan (Bertsoaren haria Hernanin, 2014. Estitxu Eizagirre Kerejeta) agertzen ez bada ere, Tturkorekin egiten dute topo, eta bertsotan, Xalbadorrek goratu egiten du Tturko. Jarri nion grabazioa Tturkori, eta galdetu nion, ez ote zen gogoratzen, libururako aipatu ez zuela eta!».
Musikaren atalean, berriz, aurrekoen artean, beste grabazio bat ere aipatzen du Goikoetxeak. Gabriel Olaizola Gabarainek (Hernani, 1891-1973) sortutako Schola Cantorum abesbatzak Francisco Escuderok (Zarautz, 1912-Donostia, 2002) konposatu berri zuen Illeta obra kantatu zuenekoa, Donostiako Victoria Eugenian.
150 ordutk gorako soinu grabazioak eta gehiago, herritarren esku
Honekin guztiarekin, 1999an Aztarna argitaletxearekin Hernanin Entzuna izenpean aurkeztutako proiektuari tiraka jarraitu nahi du Joxan Goikoetxeak. «Herri bizitzaren musika eta hotsak daude hemen, baita hitzaren artxiboa ere».
Horren adibide da, hitzaldi, musika ekitaldi edo antzerki ikuskizunetako grabazioez gain aurkitutako bestelako soinu-erregistro mota bat: «Una carta sonora jartzen zuen. Familia baten ahots grabazioak dira, bizilagunak Kanadara joan direla-eta, hainbat kontu grabatzen dituena haiei bidaltzeko. Lujanbiotarren familia agertzen da bertan. Beraien ama eta Jesus Mariren aita anai-arrebak ziren, eta, beraz, eskura zuten, Olanoren magnetofoia. 1969 edo 70ekoa izan daitekeen igande goiz bateko grabazioa ere badago, txistularien diana entzuten dena».
Guztia, edo gehientsuena, webgune batean eskura egongo den artxibo batean bildu nahi luke Goikoetxeak. «Musika, euskera, hitza, bertsoa, dantza, antzerkia irudia... Atalka banatuta, Hernanirekin zerikusia duen guztia bildu nahi dugu. Beste atal batean, Juan Jose Iruretagoiena (Orio, 1919-Hernani, 1989) Fondoa jarri nahi genuke, adibidez, besteak bestek, musikarako lehenengo metodoa, euskeraz, berak egin zuelako, Hernanin».
Eresbilekin, Euskaltzaindiarekin eta Foru Aldundiarekin ere jarri da harremanetan, Fondoa bere osotasunean biltzeko moduaren bila. Baina helburu nagusia, hernaniarrei ematea da. «Hau da abiapuntua; hainbeste orduren ondoren, pentsa! Dena identifikatu, dokumentatu, behar den tokira eraman eta Hernanin ezagutarazi nahi dugu. Garai hartako baldintza eta debekuen gainetik egindako guztiek eredugarri eta gure kontzientziak pizteko balio behar lukete. Erreferentzia zen Hernani, baina, orain, kulturalki, galdu dugu hori. Non gaude? Iruditzen zait irakurketa hori ere egin behar dela. Gainontzean, kariñoa da dagoena. Soinu-grabazioetan agertzen diren asko ezagutu ditut, haiekin lan egin dut, eta iruditzen zait ezagutu behar dela jende hau. Badago chauvinismo pixka bat honetan denean, baina guretzat inportantea da! Honek bukatu behar du izaten datu-base haundi bat, eta Olano familiari eskerrak emateko modu bat».