«Lanbide Heziketa mundua enpresa munduarekin dago erabat erlazionatuta, eta enpresa mundua nahiko erdalduna izan da», onartzen du Ainitze Blancok, Hernaniko Lanbide Heziketako zuzendari eta Laneki Lanbide Heziketa indartu eta hobetzeko Elkarteko lehendakariak.
Errealitate hori aldatzeko sortu zuten, hain zuzen, Elkarte hura 2001. urtean, Ikaslan Gipuzkoa, Ikaslan Bizkaia, Ikaslan Araba eta Hetel elkarteen artean. «Lanbide heziketaren euskalduntzea» zuen helburu, eta horretan dihardute, besteak beste, Buruntzaldeako Udalen laguntzari esker.
«Lantokiko Prestakuntza egiten duten ikasleen %62,74ak euskaraz egiten du»
Ikasmaterialen hizkuntza, oztopo
Bide horretan, ikasmateriala euskaratzeari ekin zioten, izan ere, «arazoa zen, baita ere, material asko gaztelania hutsean zegoela, eta euskarazko eskolak ematerakoan, oztopatu egiten zuen», dio Blancok.
Horri esker, egun 24 arlo profesionaletako 801 ikasmaterial daude euskaratuta www.jakinbai.eus web-orrian.
Horrekin batera, Lanbide Heziketako hiztegia ere jarri zuen martxan Laneki elkarteak 2010. urtean. 2017an hiztegi kolaboratibo bihurtu zuten, eta horri esker, dagoeneko 11.000 termino jasotzen ditu, hau ere, Lanbide Heziketa euskaraz ikastea errazteko.
Enpresetan jarraipena, euskarazko ikasketek
Aurreneko oztopoan, beraz, laguntzen ari da Laneki elkartea, baina bigarren pauso bat ere beharrezkoa da ikas-prozesu osoa euskalduntze aldera: «oso garrantzitsua da ikasle euskaldunei aukera ematea praktikak ere euskaraz egiteko». Ez bakarrik ikaslearentzat berarentzat: «era berean, gizartean nabaritu egiten da hori», onartzen du Hernaniko Lanbide Heziketako zuzendariak.
Horrek datuetan eragin zuzena dauka. Egun ikasleen %40ak euskaraz ikasten du Lanbide Heziketan, eta kopuru hori are altuagoa izateko, lanean ari dira Buruntzaldeako Udalak.
Ikasketen alderdi praktikoab ere, datuak positiboak direla onartzen du Lanekiko lehendakariak: «Lantokiko Prestakuntza egiten duten ikasleen %62,74ak euskaraz egiten du, eta Duala egiten ari diren ikasleen %52,24ak egiten du euskaraz».
Prestakuntza horretan jarri du indarra azken urteotan Gipuzkoako Foru Aldundiak: «Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritza nagusiak lantokietan prestakuntza aldiak euskaraz egiteko diru-laguntzak ematen dizkie hala eskatzen duten enpresei». Zehazki, 2018an, lurraldeko 90 enpresek jaso zuten laguntza, guztira, 72.000 euro.
Baina ez da kopuru kontua bakarrik; «enpresak kontzientziatuagoak daude», dio Hernaniko Lanbide Heziketako zuzendariak. «Beharra» ere areagotu egin dela diote Urnietako?Salestar ikastetxetik.
Eusko Jaurlaritzak bultzada ikas-prozesuan
Lanekik materialarekin egiten duen lanaren, eta Foru Aldundia prestakuntza euskalduntzeko egiten ari den indarrarekin bakarrik ez, Eusko Jaurlaritza ere «bultzada» ematen ari da ikas-prozesua euskaraz izateko, Ainitze Blancoren ustez. Baita Buruntzaldeako Udalak ere, urtero animatzen baitituzte ikasleak euskaraz ikastera.
Horren islada da, hain zuzen, A eta D ereduen artean dagoen B+ ereduaren ezarpena: «honen arabera, talde bakarra dago euskaraz eta gaztelaniaz ikasle euskaldun eta erdaldunekin. Gai batzuetan bikoiztu egiten dira, eta orduan, euskaldunek dagoeneko bermatuta daukate gai batzuk euskaraz egitea». B ereduaren arazoetako bati aurre egitea da arrazoietako bat, gaztelaniaren presentzia gutxitzea; eta bide batez, «ikasleak animatzea D ereduan izena ematen».
Izan ere, Urnietako Salestar ikastetxearen iritziz, «DBH edo Batxilergoa euskaraz ikasi duen ikasle batek eskubidea dauka bere formakuntzarekin euskaraz jarraitzeko».
Ikastetxe berria, Lasarte-Orian
Euskaraz ikasteko aukera zabaltzea da helburua, beraz; eta horretan, aurrerapausoa ere egin dute Buruntzaldean. Aurretik zeuden ikastetxeei beste bat gehitu baitzitzaien aurreko ikasturtean: Lasarte-Oriako EAGI (Gipuzkoako Eraikuntza Eskola).
Hortaz, egun, bost ikastetxeetan ikasi daiteke Lanbide Heziketa D eta B ereduetan: Andoaingo Leizaran institutuan eta La Salle Berrozpe ikastetxean; Hernaniko Lanbide Heziketa institutuan;?Usurbilgo Lanbide Eskolan; Urnietako Salestar ikastetxean; eta Lasarte-Oriako EAGIn.
Azken hau eraikuntzaren gaiaren bueltan formakuntza eskaintzen duen Gipuzkoako ikastetxe bakarra da. Erdi-mailako bi ziklo eta goi-mailako beste bat eskaintzen dituzte: «lan ikaragarria dago, eta oso ikasle gutxi», azpimarratzen du Lidia Alcerreca ikastetxeko zuzendariak.
D EREDUA BURUNTZALDEAN
Andoain
Leizaran Institutua
- Goi maila: gizarteratzea.
Informazio gehiago:
leizaran.hezkuntza.net
943 899 259
La Salle-Berrozpe
- Goi maila: fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa. Informazio gehiago:
lasalleberrozpe.eus
943 590 557
Hernani
- Erdi maila: mantentze-lan elektromekanikoa.
- Goi maila: sistema elektroteknikoak eta automatizatuak; fabrikazio mekanikoko diseinua; animazio soziokulturala eta turistikoa.
Informazio gehiago:
hernanilanh.hezkuntza.net
943 551 958
Usurbil
- Erdi maila: administrazio kudeaketa, instalazio elektriko eta automatikoak; mekanizazioa; hozteko eta girotzeko instalazioak; beroa sortzeko instalazioak.
- Goi maila: administrazioa eta finantzak; automatizazioa eta robotika industriala; energia eraginkortasuna eta eguzkia-energia termikoa; fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa; instalazio termiko eta fluidoen mantenimendua. Informazio gehiago:
lhusurbil.eus
943 364 600
Lasarte-Oria
EAGI
- Erdi maila: Eraikuntzako teknikaria eta Barruko obrak, dekorazioa eta birgaitzeko teknikaria.
- Goi maila: Eraikuntza-Obrak antolatzeko eta kontrolatzeko goi-mailako teknikaria.
Informazio gehiago:
eagi.eus
943 56 92 22
eagi@eagi.eus
Urnieta
Salesiarrak
Informazio gehiago:
urnietakosalesiarrak.com
943 551 789
Andoain
La Salle-Berrozpe
Informazio gehiago:
lasalleberrozpe.eus
943 590 557