Urak Urumea ibaian behera korronteari jarraituz nola, horrela egin du Maite Larburu musikariak etxerako bidea ere. Josh Cheatham lagunarekin Neighbor bikotea osatu eta Ura patrikan eta Hau diskoak kaleratu ondoren, bakarkako aurreneko lana sortu du orain: Hezurren azpian. Nomada izateari utzi ez badio ere, bueltako bidea egiten lagundu dio, eta etxeko eta berezko hainbat elementurekin «berriro topo» egiteko ere balio izan dio.
Hernani?n Musik zikloaren barruan, ostegunean, hilaren 11n emango du kontzertua Larburuk Biteri kultur etxean, 20:00etan. Salgai daude sarrerak, 7,5 euroan.
Bakarkako aurreneko diskoa duzu Hezurren azpian. Zer aldatu da aurrekoetatik?
Neighbor-en aurreneko diskoa Amsterdamen sortu zen; hemen kaleratu zen zirkunstantziengatik, baina han sortu zen, (Josh Cheatham eta biok) bizilagunak ginelako. Bigarren diska, erdi Amsterdamen, erdi hemen sortu zen, trantsizionala da diskoa. Eta Hezurren azpian, hasieran uste nuen Neighbor-en hirugarrena izango zela, baina erabat hemen sortu da. Dagoeneko ez gara bizilagunak; fisikoki esan nahi dut, beti izango baikara. Distantzia haunditu da bion artean. Bestalde, euskerarekin ere lotura haundia izan du disko honek hemen sortua delako, Harkaitz Canok ere hitz batzuk egin dituelako... Beraz, hemen sortutako diskoa da. Maite Larburu jarri diot horregatik; Joshekin distantzia gehiago eduki dudalako eta bueltako diskoa ere badelako. Neighbor lotuago dago hangoarekin, eta Hezurren azpian, hemengoarekin.
Sorkuntza prozesuan ere, izan da aldaketarik?
Aurreneko diskoa aurrez pentsatu gabea izan zen, sistemarik izan gabe gertatu zen. Kantuak sortzen nituen a capella, ahotsetik, bidaltzen nizkion Joshi eta berak gitarra hartzen zuen eta sartzen zion akonpainamendu instrumentala. Bigarrenean aldatu egin zen prozesua, zuzenekoetan instrumentuak jotzen hasi nintzelako; orduan, kantuak sortzen zitzaizkidan instrumentu eta ahotsetik, biak batera, eta Joshek sartzen zuen bere apaingarria. Eta hirugarrengoan, Josh ez da egon tartean. Hasierako kantu parea bidali nizkion, oraindik pentsatzen nuelako hirugarren diskoa izango zela. Baina prozesua sinplifikatzeko erabaki nuen bakarrik egitea, eta baita ere erronka sentitzen nuelako, jakiteko noraino iristen nintzen bakarrik. Kontzertuetarako ere, logistikoki, zailtasuna genuen; Josh behar nuen. Oraingoan pentsatu dut akaso dirurik ez badago bakarrik egin dezakedala, eta dirua badago, etor daiteke Josh. Baina Maite Larburu deituta lanari, askatasuna daukat.
Bakarka, betiko kidearen faltan, berdin atera dira kantuak?
Neregandik atera dira, lehen bezala. Joshen aportazioa ez dago, baina Josh pila bat dago disko honetan ere, asko ikasi baitut beragandik. Gainera, diskoa entzun du, asko gustatu zaio, bere gitarrak erabili ditut grabatzeko...
Hau, bigarren diskoan, kantu asimetrikoagoak, herrenak egin nahi izan zenituen. Orain, zure tresnara, biolinera itzulita, bide horretan segi duzu, ala akademizismorako joera haundiagoa izan da?
Egon dira transformazio ezberdinak. Iruditzen zait Hezurren azpian dela Ura patrikan eta Hau-ren arteko zerbait. Kantuak herrenak ziren Hau-n; saiatu nintzen nere eskemak apurtzen. Ahotsaren erabilerari dagokionez, adibidez, askoz erregistro agudoagoak erabili nituen, ahotsa deskubritzeko. Hezurren azpian-en aurkitu dut tarteko bide bat. Eta badago biolinarekin berriro topo egite bat. Asko kostatzen zitzaidan Neighbor eta nere biolin-jole lanbidea elkartzea. Neighbor izan zen hortik ihes egiteko modua, beste instrumentuak ikasi eta jo, akademizismoan erori gabe, gehiago pentsatu gabe aritzeko, biolinarekin pauta pila bat baitauzkat barruan, utzi ezin ditudanak. Hezurren azpian, alde horretatik izan da polita, biolinarekin lortu dudalako Neighbor-en mundu horretara, Maite Larbururen beste mundu horretara, kantagintzara gerturatzea.
Ekarri dizu etxearekin lotura berreskuratzea ere?
Inkontzientea izan da prozesua. Hau da bueltako diskoa, bueltan ekarri nauena. Bertako elementu asko oraindik nomadarenak dira, beste diskoetan ere badaudenak. Nere bizimodua oso nomada da, orain hemen eta orain beste leku batean nago. Hor daude horrelako elementu batzuk: maletak, distantziak... Baina bestetik, hemengo elementuak ere badira: euskera bakarrik dago, ibaia azaltzen da elementu errepikakor bat bezala. Iruditzen zait Hernanirekin harreman haundia daukala ibaiak, edo nik behintzat; ibaiak ekarri nau nolabait. Nagore Legarretaren argazkiak ere hor daude. Dis-koa entzutean esan zidan argazkiak egingo zizkidala ibaian, maletekin. Bueltako elementuak daude. Ura patrikan han sortu zen. Hau izan zen haustura modukoa: urte askotan etxe komunitarioan bizi izan nintzen, 8 ginen, eta bat-batean hautsi egin zen, eta hortik sortu zen diskoa, kili-kolo hango eta hemengoaren artean. Hezurren azpian bueltako diskoa da.
«Kantatzen dudanean azentuak sortzeko errazagoa egiten zait nere hizkera erabiltzea»
Euskera aipatu duzula... Musika egiteko modua duzu etxeko euskera erabiltzea?
Hori ere nahiko inkontzientea da. Ura patrikaneko euskerazko kantuetan ere nere hizkera erabiltzen dut. Nerea edo hernaniarra edo etxekoa edo... Batua ez, behintzat! Horrela ateratzen zait. Kosta egiten zait batuan kantatzea. Beste batena balitz, agian joko nuke batura, baina nereak horrela ateratzen zaizkit. Inkontzientea izan da. Denborarekin ikusi dut euskalkietarako joera ere sortu duela Euskal Herrian batuak. Eta batua behar genuen eta oraindik behar dugu, baina eman dio euskerari ofizialtasun eta seriotasun bat, euskalkiek ez daukatena. Niri horrela atera zait. Kantatzen dudanean azentuak sortzeko errazagoa egiten zait nere hizkera erabiltzea. Iruditzen zait ingelesez, adibidez, asko egiten dela. Ez dute erabiltzen Oxfrod edo Washingtongo ingeles ofiziala. Kaleko jergak erabiltzen dira. Euskeraz, zergatik ez?
Josh ez, baina izan dituzu hainbat kide lagun lan honetan ere; tartean, hernaniarrak. Nolatan?
Baneukan gogoa, eta diskoari Maite Larburu deitu diodanez, aukera eman dit hemengo jendearekin harremanak sortzeko. Neighbor proiektu martzianoa ere bazen; hemengoa naiz baina ez naiz hemen bizi, ez dakit non bizi naizen ere, Joshek ez dauka honekin loturarik ni ez beste... Estratosferako proiektua zen, hemengo musika munduarekin lotura zailtzen zuena. Horregatik, baneukan beharra hemengo jendearekin gauzak egitekoa. Hor dago Harkaitz Cano, aspaldiko laguna. Aspaldian naiz bere fan, eta orain arte ez da suertatu aukerarik bion artean zerbait egiteko. Bidali izan dit zerbait, baina ez dut denborarik eduki diskoan sartzeko, eta orain gertatu da hemen egon naizelako. Aida Torres eta Beñat Iturrioz hernaniarrak, berriz, Nagore Legarretak aipatu zizkidan, argazkiak egiteko eskatu nionean, soinu banda bat egina baitzioten berari latak erabiliz. Kolaborazioak, denekin, oso politak izan dira. Carlos Taroncher lehen ere bazegoen, eta orain ere hemen dago.
Berezkoa duzun nomada ibilerak lana zabaltzen lagundu dezake. Hemen finkatzeak zailtasunak dakartza?
Neighbor egin genuenean ez genuen inolako asmorik. Demoa grabatzeko asmoa izan genuen, eta Ereñotzun grabatu genuen. Kontzertu guztiak hemen eman genituen. Amsterdamen gure auzoan ere jo genuen, eta Japonian, baina beste gauza batzuen bitartez han ginela aprobetxatuta. Ez dugu eta ez dut lanik egin Neighbor kanpoan bultzatzeko. Maite Larburu eginda ere, berdin. Ez dut pentstau euskeraz egiteagatik edo dena delakoagatik kanpora ez dela aterako. Ingelesez eginda mugituko al zen ba? Gauza horietarako ez naiz abila. Gustatzen zait kreatibo izatea, gauzak sortzeko beharra sentitzen dut eta hori egiten dut. Hortik kanpora, gauzak gertatu egiten zaizkit. Ez naiz fina nire burua promozionatzen, sare sozialetan... Pentsatze hutsak buruko mina jartzen dit.
Dena den, eman duzu kontzerturen bat dagoeneko. Nolakoa izan da harrera? Nola sentitu zara bakarka?
Gernikan eta Bergaran izan gara. Gernikako harrera oso ona izan zen. Publikoa oso irekia da, zoragarria da han jotzea; gertukoa da, hirugarren aldia baita han egon garela. Bergarakoa oso desberdina da. Askoz hotzagoa. Bestalde, oso diferente ikusten dut nire burua. Carlosek jo zuen aurreko diskoan ere, eta, beraz, ohituta nago berarekin jotzera. Baina desberdintasun haundiena da Josh ez dagoela, eta neretzako beldurgarria da, orain arte bere babesa eduki baitut, eta orain ez daukat. Baina hori zen erronketako bat: gai izatea, bakarrik bada ere, egin ahal izateko, bidean ikastea. Eta Aida eta Beñatekin aritzea, adibidez, zoragarria da. Zoragarriak dira, gogoa daukate, eta opari ederra egin didate denbora eta gogoa eskainita. Bergaran laurok aritu ginen. Gernikan, Carlos eta biok. Hernanin laurok ariko gara.
«Kantagintzaren kontua jolas moduan sortu da, eta zorionez, ez daukat horretatik bizi beharrik»
Honek guztiak ez dauka zerikusirik zure formazioa eta lanbidearekin. Horrekin ere jarraitzen duzu?
Antzinako musikarekin aritzen naiz; klasikoaren barruko espezializazioa dela esan liteke. Zirkuitu moduko bat dago Europan antzinako musikaren inguruan; orkestra eta talde desberdinek ni kontratatzen naute haiekin (biolina) jotzeko. Horrela antolatzen dut agenda, eta beraz, indiferentea da non bizi naizen. Kantagintzaren kontua jolas moduan sortu da, eta zorionez, ez daukat horretatik bizi beharrik.?Hemen musikarien egoera oso prekarioa da. Denbora asko eskaintzen diot, ikaragarrizko lana baita, baina nire burua espresatzeko beste modu bat da. Nire ogibidea ere bai, eta asko maite dut. Dena den, kuriosoa da Euskal Herrian arreta eman zaitela honekin; inork ez daki kanpoan zer egiten dudan.
Prekarietatea nabaria da?
Holandan sozialki onartuagoa dago autonomo musikari izatea. Hemen prekarioagoa iruditzen zait sozialki, eta ordaintzeko momentuan beti delako tabu haundi bat. Kanpoan prezioa dago, galdetzen dizute eta hori da. Hemen askotan ez da galdetu ere egiten zenbat izango den, ez delako konsideratzen musikari baten lana lan; da hobby bat. Baina ez da gertatzen bakarrik musikagintzan; idazleak, marrazkilariak... artearen arlo guztiak nahiko prekarioak dira.
Orduan, ez zara geratzeko bueltatu?
Beti bidaian nabil etengabe. Lehen ere horrela bizi nintzen eta horrela bizi naiz. Hori ez da aldatu. Hemen nagoenean, ez daukadanez antzinako musikako kontzerturik, Maite Larburu eta Neighbor izan dira hegazkina hartu beharrik gabe hemen kontzertuak emateko modu bat. Biterikora, oinez joango naiz! Etorkizunean berriz... Uste dut egindako lanaren ondorioz hain lur jota zaudenez, ezin dela jakin. Gustatuko litzaidakeena da musikagintzan jarraitzea; ariketa bat, ikasketa bat da neretzat kantuak sortzea.
Eta Hezurren azpian-etik zer espero duzu?
Bukatzea bera balentria modukoa da! Pozik nago horrekin. Hortik aurrera, kontzertuekin ari gara, eta polita da. Entzuleak hartzen duena zure jabetzatik kanpo dago; ametsa litzateke entzuten duenak bere buruaren zerbait bertan aurkitzea; ez nirea, baizik eta berea. Horrek esan nahi luke zerbaitek funtzionatu duela. Beste askok seguru asko ez, baina ez da ezer hasi eta ezta ezer bukatu ere, lan honetan. Prozesuan dago, bizitzan dena bezala!