Ez da hainbeste, Iberoko burniola martxan izan zela; «aitonak entzun ditut kontatzen haien aitak aritzen zirela bertan lanean». Oraindik gutxiago pasa da, olak teilatua zuenetik: «1968an, Ama Lur pelikularen zati bat grabatu zuten hemen, eta teilatua zeukan». Ez da hain aspaldikoa ere, Iberoko baserrian jendea bizi zen garaia ere, «nik ezagutu dut jendea bertan». Eta zer esanik ez, Iberoko dorrearen teilatua eta solairuak erori zirela, 2006 eta 2009 urteen artean.
Baina Nafarroako konkistaren aurretik izan zuen bereziki garrantzia Iberok: «eta horregatik dauka garrantzia haundiagoa gaur egun, gauza gutxi baitaude ordukoak, Nafarroa independiente zenekoak, hain ondo kontserbatuta», dio Jose Javier Etxeberria goizuetarrak.
«Gauza gutxi daude konkistaren aurrekoak, Nafarroa independiente zen garaikoak, Iberoko dorrea eta burniola bezain ondo kontserbatuta»
Historiarako duen afizioak bultzatuta, ondo ezagutzen du Ibero: «konplejo bat da, dauzkana burniola, dorretxea, zubia eta baserria. Nafarroan, beranduenera arte iraun duen konplejoetako bat da, orain dela ez hainbeste arte egon baita martxan, 1870era arte edo. Bizkaiako labe garaiak konpetentzia haundiegia izan ziren, eta azkeneko urteetan, oso modu prekarioan aritu ziren hemen. Pena da hondatu izana, baina urak urte gutxitan egiten duen kaltearekin, joan liteke dena pikutara, eta eman lezake hemen deus ez dela».
15-20 ola, Goizuetari buruzko aurreneko aipamenetan
Goizuetari buruzko aurreneko aipamen idatziekin batera, XIII. mendean, 1270 urtearen inguruan, ageri dira Iberori buruzkoak ere: «15-20 ola aipatzen dira dagoeneko, denak martxan, bakoitza bere izenarekin». Garaiko jauntxoei lotuta azaltzen dira, Lopez de Haro, oñazinoak, ganboatarrak, guevaratarrak... Alduntzindarren esku geratu arte: «haiek kontrolatzen zuten dena, Errenteriatik hasi eta Leitzaraino. Bazituzten olak Galizian ere, pentsa! Konkistaren ondoren ere, beraiek izan ziren hemengo jauntxoak. Gertatzen dena da, ezkontza eta herentziak tarteko, beste abizen batzuk hartu zituztela ondorengoek: Areizaga, Larreta, Acelain... Lur hauek, Iberorenak, beti izan dira Leitzarenak; baina nagusiak, alduntzindarrak, Goizuetakoak ziren. Eta haienak ziren, Leitzako bi etxe haundienak ere, udaletxe zaharra eta oraingoa», dio Etxeberriak.
Suaren kontrako Leitzako elkarte batek erosi zuen Ibero, gerora, bazkideentzako aseguru modura: etxe bat erretzen bazen, horrekin ordaintzeko. «Inbertsio bat zen, baina hemen inbertsio gutxi dago, gastua besterik ez zien ekarriko. Eta ikusita abandonatuta zegoela, Leitzako Udalak hartu zuen», kontatu du Etxeberriak.
Goizuetatik Pasaiara, «zuzen eta aldapa askorik gabe»
Ola baino beranduagokoa da Iberoko dorrea, «1360 urtearen ingurukoa edo». Defentsarako eraikitako dorrea da, eta garaiak, kokalekuak eta testuinguruak azaltzen dute, bere zergatia: «orain oso aparte ikusten dugu Goizueta, baina garaian kokatu behar dugu. 1200-1300 urteen artean, kostako herriak sortzen eta indarra hartzen joan ziren, eta horrekin batera hasi zen komertzioa. Eta Goizuetatik Pasaiara, aldapa askorik gabe joan liteke. Gainera, Iruñatik Pasaiara marra zuzen bat marraztuz gero, Goizuetatik pasatzen da. Pasabide bat zen Goizueta», dio Etxeberriak; «garai hartan, ez zegoen garbi, bide azkarrena zein zen. Baina azkenean, Tolosako bidea finkatu eta indartu zen, XVI. mendean, eta hau baztertuta geratu».
Baina pasabide bat bakarrik ez, bidegurutze bat ere bazen Goizueta: «Oiartzundik etortzen zen bide bat; Hernanitik beste bat, Aranotik barrena; Lesakatik ere bai; eta hemendik, Leitzara, bi edo hiru bide ezberdinetatik», dio. Erromara bezala, Goizuetara eramaten zuten bide guztiek, garai batean.
Pasabidea zen Goizueta, eta jendea hemendik pasatzea interesatzen zitzaien, olaren jabeei. Segurtasuna eman behar zieten, horretarako, eta funtzio hori betetzen zuen dorreak: bidaiariak babesten zituen. «Mendi inguruetan, beti izan dira bandidoak; frontera de malhechores deitzen zioten inguru honi», kontatu du.
«Kate baten parte», Iberokoa
Beste ezaugarri bat ere bazen, garai hartan: «1220 urte inguruan, mugak finkatu zirenean, Goizueta muga zen Gaztelarekin, Gipuzkoarekin. Beraz, elkartzen dira pasabidea zela, muga zela, interes ekonomikoak... Eta horregatik eraikitzen dute dorrea», dio Etxeberriak.
Baina Iberokoa, ez zen dorre isolatu bat: «kate baten parte zen, segurtasuna bermatzeko sistema baten parte. Iruñatik kostarako bide horretan, baziren gehiago. Horrelako dorre bat egitea gastu haundia zen garai hartan, baina bazeukan bere zergatia».
Dorre horietako hiru daude Goizuetan. Beste biak dira, herriaren sarrera banatan daudenak: Alduntzindarren dorretxea, Hernanitik etorrita; eta Zibolako dorretxea, Leitzatik etorrita. «Dorreak izaten ziren etxe altuak, pareta lodikoak; eta normalean, kadalso bat izaten zuten, andamio gisako irteera bat, behetik etortzen baziren, kontra egin ahal izateko. Alduntzindarrena, jauregi bihurtu zuten XVII. mendean, baina nabari da dorre bat dela. Kontua da, konkista garaian, derrigortu zutela dorreak moztea. Zibolakoa ere, erdia edo bota zuten, eta etxebizitzak egin zituzten. Baina sekulako paretak dauzka, izugarria da».
Azalera karratukoak egiten ziren dorreak, eta altueran izaten zuten sarrera: «diote, atea behean dutenetan, geroagokoa izango dela atea». Hala dauka Iberokoak ere: «falta duena da kadalsoa, baina akaso izango zuen. Orain daukan itxura da azkeneko mendeetan zeukana, altuera eta tamaina berberarekin. Baina noski, honek izan ditu hainbat konponketa, 700 urte baitauzka ia. Paretak irekierak zeuzkan, kanoientzako eta; baina armak erabiltzeari utzi ziotenean, funtzioa galdu zutenean, almazen gisa erabiltzen hasi ziren, eta irekierak tapatu zituzten eskoriarekin; olan sobratzen ziren puskekin. Guk horrela ezagutu dugu, eta horrela mantendu nahi izan dute orain, berritzean. Teilatua berritu dute, baina pareta utzi dute zegoen bezala», azaldu du Etxeberriak.
Santa Kruz apaiza Iberon, zaldi eta guzti uretara
Gerra garaietan, «mota guztietako pertsonaiak» pasa ziren Goizuetatik, Etxeberriak kontatu duenez: «karlistak, liberalak, frantsesak, konbentzioko gerrakoak... Bakoitza bere kontuekin. 1512an, Nafarroaren konkista hasi zutenean, Goizueta izan zen, hartu zuten aurreneko herria. 1936ko Gerra Zibila deklaratu zenean, aurreneko gauza egin zuten, Iruñatik Goizuetara etorri, eta Artikutzara joan, urak moztera. Zortea izan zuen, gehienetan ez zutela txikizio haundirik egin. Horregatik, ikusten dituzu oso etxe zaharrak, oraindik zutik».
Ez zen beti horrela izan, hala ere: «1429an, beamontesen eta agramontesen arteko gerran, sartu ziren herrian eta txikitu egin zuten. Eta gero, Vianako printzea hil eta 10 urtera edo, berriro txikitu zuten. Baina hortik aurrera, ez zuen sufritu horrelakorik, kenduta 1555ean herria ia osorik erre zela, sute baten erruz. 1429koaren harira, konkretuki, azaltzen dira Iberoko aipamenak; herri guztiarekin batera, burdinola eta dorrea ere erre zituztela».
Goizuetatik pasa ziren pertsonaien artean, «askotan» izan omen zen Santa Kruz apaiza: «badago haren anekdota bat jasota, bigarren gerra karlistakoa Iberoko zubian justu. Heldu zela hona, zaldi gainean. Zaldiak aho delikatua omen zuen, eta zubia pasatzerakoan, tira ziola frenatzeko, eta zaldiak salto bat eman zuela. Biak erori ziren uretara. Esaten da, minik gabe atera zirela biak, eta bertan zegoen bentara joan zirela lehortzera; Iberoko baserrira».
Zubiak, 1727 edo 1728an izan zuen berrikuntza haundia, eta orduko itxura dauka orain, berritu ondoren.
«Desagertzeko zorian egon da hau dena»
Dorreak eta zubiak bezala, «olak ere merezi du pixka bat zaharberritzea», Etxeberriaren ustez: «gorabehera haundiak izan ditu, baina esango nuke 700 urtez funtzionatu zuela. Pena ematen dit orain horrela ikusteak. Hau dena desagertzeko zorian egon da».
Goizuetarrak dio, «herriaren historiaren oinarria» ezagutzeko aukera ematen duela, Iberora gerturatzeak: «ni eskolara joaten nintzenean, ez nekien Goizuetan burniolak izan zirenik. Orain jendeak badaki hori. Eta bistan da, industria inportantea izan zela, burniaren komertzioa inportantea izan zelako. Seguruenik, Goizuetarentzako garairik onena, olei esker, izango zen Amerika deskubritu edo konkistatu zen garaia. Ordukoak dira herriko etxe gehienak. Geroztik gutxi egin dira, eta zorionez, hautsi ere ez».
Iberoko burniolak, baditu berezitasunak; nagusia, ibaian dagoela, eta ez errekan, gehienak izaten ziren bezala. Horrek presa bat eskatzen zuen, eta oraindik ikusi daitezke oinarriak. Nabarmenago ikusten dira, olaren gela ezberdinak, barrura sartuta: «haundia da, eta nahiko ondo kontserbatu da. Ikusi daiteke mailuak non jotzen zuen, non berotzen zen burnia, ura nondik sartzen zen...».
«Kanpotik ez du ematen, baina barrutik zoragarria da dorrea»
Ekainean aurkeztuko diete Ibero herritarrei, Unai Loiartek aurreratu duenez. Burniola auzolanean berreskuratzea, hurrengo pausoa.
Ibero berritzeko lanak bukatuta, dorreko giltzak jaso zituzten modu sinbolikoan, Leitza eta Goizuetako Udalek, Nafarroako Gobernuaren eskutik, martxoaren 1eko ekitaldi ofizialean. Eta ekaina aldera, giltza horiekin ateak irekiko dizkiete bi udalek, goizuetar eta leitzarrei: ekitaldi bat eginen dute, herritarrei aurkezteko zer izan zen Ibero, eta zein lan egin diren berreskuratzeko.
«Gertu daukagu Ibero, baina ez dakigu zein den toki horren edertasuna»