Erreportajeak

Hernaniko azkeneko zubi "kolgantea", erabiltzaileek auzolanean eraikia

Kronika - Erredakzioa 2019ko mar. 30a, 01:00

2011 urteko uholde haietan la­guna galdu zuenetik, zubi eseki edo kolgante bakarra da Txuri­e­nekoa, Osiñaga auzoan. Eta hala izaten segiko du, urak era­man zuen Elorrabiko zubiaren tokian, zubi finkoa eraiki baitute, ekainaren 1ean ofizialki inauguratuko dutena, Osiñaga auzoko festetan.

Txurienekoa, berriz, era­bili ezinik dago orain, urtarrilaren 30ean kotxe batek bere euskarrietako bat jo, eta zubia kolokan utzi zuenetik. Horregatik, «noiz konponduko duten esperoan» daude auzotarrak eta era­biltzaileak, haundia baita daukan garrantzia, eta 1955 urtean martxan jarri zutenetik izan duena. Zubiaren inguruan, iker­lana osatu du Josu Arrieta Irao­la Osiñagako auzotarrak.


1953ko uholdeek kaltetu zuten zubiaren ordezkoa, Txurienekoa

1954 eta 1955 urteetan eraiki zen Txurieneko zubia, aurretik ze­goen beste baten ordez. Urumea ibaiaren ibilbidean, 50 metro beherago zegoen, eta Loidiko bidea eta Biyak Bat paper fabrika lotzen zituen. Baina 1953ko urriaren 14an gertatutako «izugarrizko uhol­deek», kalte haun­diak eragin zituzten Urumea bailaran, Arrietak azaldu duenez. Eta horietako bat izan zen, oso hondatuta geratu zela zubi hori, ezkerreko ertza «guztiz txikituta» zuela.

Egoera horretan, gutun bat idatzi zion Biyak Bat enpresako gerenteak, Udalari: «gutunean adie­razi zion, ezin zuela bere gain hartu zubiaren berreraiketa; eta erregutu zion, Udalak bere bitartekoekin edo bestelakoekin konpondu zezala arazoa, oso garrantzitsua zelako bizilagunentzat eta auzoko en­presetan lan egiten zutenen­tzat. Era berean, azaldu zion Hez­kuntza Delegazioari komunikatu ziola, nolako arazoa sor­tzen zien egoera horrek, fabrikaren ondoko etxeetatik Arriatsuko eskolara joan behar zuten ikasleei», dio Arrietak.

Eskaera horren aurrean, zubia egunero erabiltzen zutenen zerrenda osatu zuen Uda­leko guardak, Javier Barrene­txeak, 1954ko abuztuaren 16an (ondoko orri­aldean dago ikusgai, Barrene­txe­ak berak osatu zuen dokumentua). «Zerren­dak erakusten du, Biyak Bateko gerenteak ez zuela arrazoirik falta», adierazi du Arrietak: «uholdeek txikitu zuten zubia, oso garrantzitsua eta beharrezkoa zen, eta ez bakarrik Osiñaga auzoko langileentzat eta baserritarrentzat; baita Portutik, Hernaniko kaleetatik, Urnietako baserrietatik eta Do­nostiatik, Biyak Bat eta Ziku­ñaga paper fabriketara lanera joaten ziren guztientzat ere; eta nola ez, ezinbestekoa zen, Eziago edo Zikuñagatik Arria­tsu eskolara joan behar zuten haurrentzako. Gainera, zerrendan ez dira sartzen, igandetan mezetara Zikuñagako ermitara joaten zirenak».

«Uholdeek zubi zaharra kaltetu zutenetik Txurienekoa eraiki arte, moldatu behar izan zuten Karabeletik eta Elorrabitik pasatuz; eta udaran, ibaia zeharkatuz»

Arrietak nabarmendu du, zerrendako gehienak baserrietako seme-alabak zirela, «denak gazteak, kasu gehienetan ba­se­rrietan jaiotako aurreneko proletarioak. Zerrendari erreparatuz gero, askok aurkituko ditugu senideak bertan».


Zubi zaharra konpontzea, hasierako asmoa

Hori ikusita, Udalak zubi zaharra konpontzea erabaki zuen, hasiera batean. Baina azkenean, zubi berri bat eraikitzearen alde egin zuen, beste kokaleku batean. Horrela, Txuriene edo Oianeder baserriaren parean egitea erabaki zuen, gaur egun dagoen tokian. Baina auzolanean egingo zuten zubia: Uda­lak ordainduko zuen materiala, 14.000 pezeta inguru, eta eskulana, zubi zaharraren erabil­tzaileek jarriko zuten: «horrela, erabiltzaileek, etxe bakoitzeko batek, lan egin zuten, zubi be­rria eraikitzeko».

Arrietak azaldu du, Her­na­niko Udal Artxiboan ez dagoela dokumenturik, zubia eraiki­tzeko lan antolaketaren inguruan: «dokumentu bat badago, hala ere, Javier Barrenetxeak berak sinatua, non azaltzen den lagun batek uko egin ziola lan egiteari, eta lanaren ordez, Udalak erredentzioa jarri ziola dirutan, 25 pezeta».

1955ean bukatu zuten zubia, eta bitarte horretan, ia urte eta erdian, moldatu behar izan zuten Karabeletik eta Elorra­bi­tik pasatuz; «eta udaran, ibaia zeharkatuz», azaldu du Arrie­tak: «oinez joaten ziren lanera, eta hiru errelebotan gainera, neguan zein udaran. Pentsatu dezakegu, zubirik gabeko tartea luzea eta gogorra izango zela batzuentzat; adibidez, Urnieta­ko Legarralde, Ezkerraenea eta Barkaiztegi baserrietatik, fabri­ketara lanera joan behar zutenentzat. Izan ere, bestela ere ordubete inguru behar zuten, fabrikara iristeko».


2002ko konponketa sakona, eta kolokan jarri duten bi istripu, azkeneko urteotan

Garai hartan eraiki zuten zubia da, gaur egun dagoena: «baina 2002 urtean, Mertxe Etxeberria alkate zela, Udalak konponketa sakona eta beharrezkoa egin zuen, Elorrabiko eta Txurieneko zubietan. Gaur egun ere, Txuri­e­neko zubiak erabiltzaile asko ditu, lanera joateko, paseatzeko... Eta urtero jasotzen du mantentze lanen bat, udal langileen eskutik», dio Arrietak.

Baina era berean, gogora ekarri ditu, Txurieneko zubiak azkeneko urteotan izan dituen kalte larriak: «azkeneko hiru urteotan, zubia bi aldiz egon da desagertzeko zorian. 1983ko eta 2011ko uholde erraldoiei eutsi die Txurieneko zubiak, baina bestelako arrazoiengatik egon da, guztiz hondatzeko zorian. 2016ko uztailean, furgoneta ba­tek jo zuen zubiaren euskarria, eta kableak hautsi zizkion, zu­bia erabili ezinik utzita. Horren ondoren, zubia konpondu zuen Udalak, eta aurten, urtarrilaren 30ean, beste kotxe batek jo zuen euskarria, zubia kolokan utziz berriro ere».


?Ahaldia?, makina bat lanetarako tresna

Auzolanean egin zen zubia, bai­­na garai haietan, ahaldia izenez ezagutzen zen auzolana Urumea inguruetan, Arrietak azaldu duenez: «ohiko zen lan publikoak, auzoko bideak garbitu eta berritzea adibidez, ahal­di lanez egitea. Baina elka­rri laguntzeko ere, baserrietako lanetan laguntza behar zenean, auzotarrei ahaldirako dei­tzen zitzaien. Auzoko arduradunak, gehienak pertsona bera izaten zenak, halako egunetarako ahaldi lanerako deitzen zituen auzotarrak, eta etxe ba­koitzeko bat edo bi joaten ziren lanera», kontatu du.

Txurieneko zubiaren lanen kasuan, dio berak, «ondorioztatu daiteke Javier Barrenetxea guarda izan zela arduraduna; berak koordinatu zuen lan egin behar zutenen egutegia».

Arrietak azaldu du, orain ez direla egiten, lehen bezala, bide garbiketa eta bestelako lanak auzolanean: «baina auzo­lanak badu bere tokia gure gi­zartean. Ikastolak, kooperatibak eta zenbait egunkari, adibidez, horrela sortu ziren. Hernanin bertan, zenbait kirol taldek, auzo elkartek edota kultur el­kartek, behar beharrezkoa izaten dute auzolana, bizirauteko».


Txurieneko labaderoa, zubiaren garai berekoa

Txurieneko zubia eraiki zen garai berean, 1954 urtean, egin zuten Txurieneko labaderoa ere. Zubiaren ondoan dago ko­katuta, Oianeder baserriaren al­dean, zubiaren eskuineko alde­tik jaitsita. Bide bat dago, nahiko erraz jaisteko aukera ematen duena: «nahiz eta bere egoera ez den onena, errespetua ematen du», dio Arrietak.

Etxe Alai eta Ibai Ondo etxeak eraiki zirenean egin zuten labaderoa, Galtzadaberrieta gu­neko bizilagunei zerbitzua ema­teko: «bertan garbitzen zituzten arropak, fabriketan lan egiten zuten langileen eta baserritarren emazteek», dio Arrietak. Eta nabarmendu du, arrisku haundiko lana izaten zela hori, zenbaitetan: «Urumea ez da erreka, ibaia da; eta neguan adibidez, ibaia ur askorekin joa­ten zenean, auzoko emakumeek arriskuan jartzen zuten bere bizitza, familiako arropa garbitzeko».

Ondoko argazkia, 1969 urte ingurukoa da, eta bertan ikusi daitezke, Etxe Alai etxean bizi zen familiako lau kide, arropa garbitzen: Alberta ama, bi ala­ba eta semea.


«Zubia eta labaderoa babestuta daude, eta errespetua merezi dute»

Arrietak gogorarazi nahi izan du, Hernaniko Udalaren arau subsidiarioek babesten dituztela, bai Txurieneko zubia, eta baita labaderoa ere: «Herna­ni­ko historia hurbilaren elementuak dira biak, eta garrantzi haundikoak. Beraz, errespetua eta babesa merezi dute». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!