Erreportajeak

Astigarragatik pantaila haundietara dantzan, «bizitzaren zikloaren garapena» munduratzeko

Kronika - Erredakzioa 2019ko mar. 23a, 01:00

Festa sortu du Dantzak. Fikzi­o­­an, sagarrak eman dio bidea; errealitatean, aldiz, fikziozko istorio horren arrakastak. Hori guztia da, hain zuzen, euskal dantza gailurrera eraman du­en pelikulak lortu duena. 

2018ko bigarren seihilekoan aurkeztu zuen Telmo Esnal zuzendariak Dantza pelikula Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean, lehiaketatik kanpo. Abenduaren 21ean es­treinatu zen ofizialki, ordea, eta orain zine-areto gutxi batzutan, DVDan eta hainbat plataformatan ikusi daiteke. 

«Es­fortzu pertsonal haundia eskatu dio partehartzaile guztiei; hori bai, errekonpentsa ere, haundia izan da»

Izenburuak dion bezala, dantza da protagonista nagusia, eta horrekin batera, noski, dantzariek ere paper garran­tzitsua dute. Haien artean, Jo­se­ba Astarte astigartarrak dauka protagonismo berezia, mutilagunaren papera egiten baitu. 

Baina ez da bertan aritu den astigartar bakarra, izan ere, Astigar dantza taldeak ordezkaritza zabala izan du pelikulan. Hain zuzen, Astarberekin batera, 9 eta 55 urte bitarteko beste hamalau kidek hartu dute parte proiektuan. Horiek dira: Estitxu Ugarte, Koral González, Eider Arco, Lierni Zinkunegi, Iña­ke Zubiarrain, Ainhoa Albe­rro, Oier Muxika, Naroa San Mi­guel, Ane Iparra­girre, Ekhi Ur­dangarin, Mattin Plazaola, Txu­man Arrizabalaga, Joxe Ma­ri Alberro eta Arantxa Ibarburu. 


Joseba Astarbe, hasieratik

4-5 urte atzera egin behar da, Dantza pelikularen hasiera nolakoa izan zen azaltzeko: «2013 bukaeran-edo, Argia dan­tza taldearekin Axeri Boda ikuskizuna egitetik autobusez gentozela, komentatu ziguten bazegoela proiektu bat euskal dan­tzen bitartez istorio bat konta­tzeko. Eta horretarako, grabazio txiki bat egin nahi zutela Igar­tubeiti baserrian, teaser mo­du­an erabili eta diru-laguntzak lortzeko», gogoan du Joseba Astarbek. 

Emozio haundiz jaso zuen berria astigartarrak, eta baiezkoa eman zuen. «Almute dan­tzako taldea osatzen genuenekin kontatu zuten aurreneko teaser horretarako; 9-10 bat la­gun ginen». Eta onartzen du: «erabat boluntarioa izan zen, eta ez genekien aurrera edo atzera egingo zuen ere!». 

Aurreneko irudi horiekin abiatu zen Telmo Esnal zuzendaria eta haren taldea finan­tziazio bila:?«esango nuke jada ahaz­­tuta geneukala 2017an Tel­mok [Esnalek] esan zigunean: ?aur­ten grabatu behar dugu dena!?». 


Astigar eta Argiaren artean harremana «betidanik»

Proiektuak aurrera egiten zuela jakin zutenean gehitu zen As­tigar dantza taldea proiektura, «behin ikusi zutenean pelikula honen di­mentsioa ze neurritakoa izango zen, eta dantzari as­koren partehartzea beharko ze­la», nabarmentzen du Ast­ar­bek.

Hori ikusita, Argia dantza taldearen eta Juan Antonio Ur­bel­tzen inguruan aritu diren dan­tza taldeengana jo zuten: «Asti­gar dantza taldeak betidanik izan du harremana bai Argia­re­kin, baita Juan Antonio­rekin [Urbeltz] ere». Are gehiago, «Asti­garragan hasiera-hasieratik, Ar­giako dantzariak izan ziren eta dira maisuetako batzuk», argi­tzen du Estitxu Ugartek. 

Eta haiek batera ere, dantzakera horren bueltan dabiltzan beste hainbat euskal talde ere izan ziren bertan:?Arkaitz (Añor­ga), Duguna (Iruñea), Ha­ritz (El­goibar), Gure-Kai (Deba), Kezka (Eibar), Urki (Andoain), Mari­tzuli (Miarritze), Elai Alai (Por­tugalete)... 

Izan ere, Telmo Esnalek be­rak onar­tu duenez, Juan An­tonio Urbeltzen hipotesiak eta Argia dantza taldearen dan­tzak dira pelikularen oinarri. Are gehiago, Urbeltz bera izan zen filmaren koreografoa, eta musika-konposizioa Mikel Ur­beltz eta Marian Arregi ama-semearenak dira.


Urte osoko lana

2017 urtean zehar grabatu zuten pelikula osoa, urte osoko lana izan zen, «grabaketak izan zi­tu­en berezitasun guztiekin», ai­tor­tzen du Joseba Astarbek. Izan ere, «Telmok [Esnalek] dioen bezala, pelikula bizitzaren zikloaren garapena da», Aran­txa Ibarbururen hitzetan; «bizi-ziklo hori, urtaro ezberdinekin dijoa, eta Telmok urtaro ezberdinekin grabatu nahi zuen», zehazten du Astarbek. Hori dela eta, luze jo zuen grabaketak. 

Baina hori ez da arrazoi bakarra; dantzarien egoerak ere eragina izan zuen: «kontuan izan behar da ez garela ez aktore, ez dantzari profesionalak; bakoitzak bere bizitza, lanbidea eta familia dauzka. Eta horregatik ere, proiektu hau guztia aurrera eramateko zailtasunak izan dira», onartzen du protagonistetako batek. 

Ohiko grabaketa batean hila­­­bete batzuetako lana izango litzakeena, beraz, urte osoko la­na bila­katu zen: «izan ere, behar duzu partehar­tzaile diren dantzari guztiek, sekuentzia ba­koitzean parte hartuko dutenek, libre eduki­tzea hori egiteko». 

«Eus­kal Herrian halako pelikula bat egitea kristoren pribilegioa da» 

Hori horrela, dantzariek onartzen dute asteburuak, Aste Santuak, oporrak... aprobetxatu zituztela horretarako. 

Astigar dantza taldeko kideen kasuan, «entseguak arra­tsaldeetan edota asteburuetan egiten genituen», dio Ainhoa Alberrok. 

Urtea zailagoa izan zen, or­dea, Joseba Astarberentzat. Pa­per nagusiagoa izanda, grabaketa gehiago izan baitzituen: «nire kasuan, 2017ko nire jaiegun eta opor guztiak izan ziren Dantza pelikulari eskaintzeko». Onartzen du: «niretzat urte gogorra izan zen».

Hala ere, dena ez da beltza berarentzat, izan ere, dio: «es­fortzu pertsonal haundia eskatu dio partehartzaile guztiei; ho­ri bai, errekonpentsa ere, haundia izan da».


Makina bat kokaleku, irudiari laguntzeko

Euskal dantza eta soinuei, pa­rajeek asko lagundu diotela onar­­tzen dute partehartzaileek, eta horri, hain zuzen, begirune haundia jarri dio Telmo Es­nalek pelikula honetan: Leitza, Aragoiko Belchite, Bardeeak, Arantzazu, Hendaia... agertzen dira bertan.

Protagonista gisa, Astarbe da kokaleku gehien bisitatu dituen astigartarra, baita Aran­txa Ibarburu ere: «Arantxak parte hartu zuen Arantzazuko grabaketan, Hen­daiako grabaketan, Leitzan eta Belchiten (Aragoi)». 

Gainontzeko helduak Bel­chi­ten eta Leitzan izan ziren; eta Astigar dantza taldeko txikienak, aldiz, Leitzan besterik ez ziren egon. Hain zuzen, azken honetan, 200 euskal dantzaritik gorak hartu zuten parte.


«Harrotasun eta ohore haundia»

Bai Astigar dantza taldearen­tzat, baita dantzari gisa pertsonalki ere «pribilegioa» izan da astigartarrentzat proiektuan pa­rte hartzea, «harrotasun eta ohore haundia», Ibarbururen hitzetan. «Euskal Herrian milaka dantzari daude, baina 200-250ek hartu dugu parte».

Are urrutiago dijoa Joseba Astarbe: «nik uste dut dantzari bezala, dantza profesionalari hurbil dakiokeen esperientziarik gertukoena izan dela». 


Pelikula «berritzailea eta ausarta»

«Inoiz ez litzaiguke bu­ruratuko halako proiekturik gauzatuko litzakeenik», dio argi Arantxa Ibarburuk. Gauzatu da, eta ez nolanahi.

«Berritzailea» bezala deskribatzen du Iñake Zubiarrainek, eta Joxe Mari Alberrok «ausarta» hitza ere gehitzen dio.

Eta onartzen du: «Eus­kal Herrian halako pelikula bat egitea kristoren pribilegioa da. Nik esaten dut Europan edo munduan ez dela pelikularik egongo bakoitzaren kultura horrela, pelikula batean, jarri duena». Gainera, Alberroren ustez, «oso ondo egina dago». 

Jendeak ikusi ez duena ere jartzen dute balioan: «atzean kristoren lana dago, eta guk ikusi dugu», dio Eider Arcok. 


«Hitzik gabe ere, asko esaten du»

Hitzik gabeko pelikula bada ere,  atzean istorio bat egon badago: «Ekaitza lehertu da landako lan egun gogor baten ondoren. Atertu duenean, bizitza erne da lehen agor zen lurretik. Fruitu bat hazi eta heldu da, bizirik eutsi die izurrien erasoei, eta sagardoaren bizigai izango den sagar bihurtu da. Orduan, uzta ospatzeko tenorea da, topa egitekoa eta maitasunaren festan murgiltzekoa», dio pelikularensinopsiak. 

Hori guztia kontatzeko hizkuntza da dantza, eta horri, musikak laguntzen dio. «Hitzik gabe ere, asko esaten du», Iñake Zubiarrainen ustez. 

Ulergarria da, gainera, kultura eta hizkuntza ezberdinetako pertsonentzat: «ez duzu hizkuntza bat ulertu behar pelikula ulertzeko. Dantza espresio unibertsala da, eta istorioa bere horretan edozein kulturatan asimila daitekeen zerbait da!», argitzen du Astarbek. 


42.000 ikuslek egin dute "dantza" Esnalekin
Duela 4 urte proiektu soila zena, arrakasta bihurtu da azkeneko hilabeteetan. Dene­ra, egun arte, 42.000 ikusletik gora izan ditu Telmo Esnalen pelikulak.   

69 zine-aretoetako karteleran egon da pelikula.
Duela 4 urte proiektu soila zena, arrakasta bihurtu da azkeneko hilabeteetan. Dene­ra, egun arte, 42.000 ikusletik gora izan ditu Telmo Esnalen pelikulak.   
Orain arte, 69 zine-aretoetako kartelera egon da -oraindik ere, gutxi batzutan ikusi daiteke-, Txintxua Films ekoizpen-etxeak eskainitako datu-en arabera. Gehienbat Eus­­kal Herriko aretoetan gozatu ahal izan da Esnalen artelanarekin, baina horrez gain, Bartze­lonan, Valentzian eta Ma­drilen ere, izan dira pelikula ikusteko aukerak. Eta hemendik aurrera ere, aukerak ez dira faltako. DVDa dagoeneko kalean da, eta Mo­vistar+ edo Filmin bezalako plataformen bidez ere ikusi daiteke.
Horretarako deia egin dute, gainera, Astigarragako dantzariek: «pelikula honek erakutsi digu gure herriko paraje eta dantzekin ze artelan egin daitekeen!». Bitan ikustea go­men­datzen du, gainera; izan ere, «ardo go­xo bat probatzen duzunean be­zala, berriz dastatu nahi du­zu, zorrarazi dizkizun sen­tsa­zioak berriz ere bizitzeko». Baina, bai­ta ere, xehetasun guztiak harrapatzeko: «gau­­­za gehiegi esaten ditu hitzik gabe!», Eider Arcoren ustez. 


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!