Astigarraga 6.000 biztanletik gora dituen DBHrik gabeko Gipuzkoako herri bakarra da eta aurreikuspenek diote gehiago haziko dela. Azken hamar urteotan 4.300 biztanle izatetik 6.300 izatera igaro dira eta 7.000 biztanlera berehala iritsiko da..
Baina duela hamar urte bezala, DBHko instituturik gabe jarraitzen du herriak. Gazteek, behin 12 urteak beteta, kanpora joan behar dute horrek berekin dakartzan zailtasunekin. Konparaziorako: Mutrikuk eta Debak, 5.400 biztanle ingururekin, badute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako institutua. Gauza bera gertatzen da Urnieta, Lezo, Orio edo Villabonarekin.
Baina Astigarragak, urteetako borrokaren ondoren ere, DBHrik gabe jarraitzen du. Udalak lur eremu bat erosi berri du institutua eraikitzeko erabil daitekeena, baina Hezkuntza Sailari dagokio orain hari baietz esatea. Eta lurra haren gustokoa balitz ere, lan asko dago egiteko. «Horregatik, bada garaia gure eskubideak aldarrikatzeko: Astigarragak DBHa behar du, ez bihar, ez etzi, ORAIN baizik!!!» diote elkarlanean hasi diren Astigarragako gurasoak.
Lehen pausoa: banderolak balkoietan
«Orain, Udalak eta Hezkuntza Sailak bide orri bat adostu behar dute, prozesua nola jarraitu zehazten duena. Zein da arazoa? Ez batak eta ez besteak ez dutela presarik. Horretarako hasi gara mugitzen. Astigarragan DBHko institutua egitea da gure helburua eta horretarako sortu dugu herri mugimendu hau. Baina laguntza behar dugu. Bakarrik ez gara ezer» argi dute. Horregatik astigartar guztien babesa eskatzen dute aurrera pausoak azkar eman daitezen.
«Ez dugu asko eskatuko. Antolatuko ditugun ekintzetan parte hartzea soilik». Lehena atzo hasi zen: balkoi, terraza edo leihoan banderola bat zintzilikatzea. DBH Astigarraga Orain! lelopean
Ondorengo tokietan jarri dituzte salgai: ikastolako sarreran astelehen eta ostegunean, 16:00etatik 17:00etara; Erribera plazan (Día supermerkatuaren ondoan) datorren asteartean, hilak 26, 17:00etatik 18:00etara; Santiagomendi auzoan asteazkenean, martxoak 27; eta Joseba Barandiaran plazan (Txiki ondoan) datorren ostiralean, hilak 29, 17:00etatik 18:00etara.
Asteazkenean bigarren
Bilera, 19:00etan, eskolako areto nagusian
Erabaki hau gurasoek egin zuten lehenengo bileran hartutako erabakia izan zen. Otsailaren 27an egin zuten hura eta asteazkenean bilduko dira berriz, martxoaren 27an, eskolako areto nagusian, 19:00etan.
«Lan taldeak antolatzen ari gara eta zein pauso eman behar diren zehazten». Hasteko komunikazio taldea ere sortu dute herriaren lehen mailako behar hori, Astigarragan DBH, gauzatzeko. «Sare sozialetan hasi gara lanean gure beharra ikusi arazteko asmotan». Facebooken Astigarraga DBH orrialdea ireki dute eta bertan ematen diren pausoak jarraitu daitezke.
Herriaren babesa eta inplikazioa beharrezkotzat ikusten dute. «Ez da guraso batzuen arazoa, herriak duen gabezia haundi bat da. Guraso elkarteak urteak daramatza DBH Astigarragan bultzatzen eta eskaera honekin. Pentsatu da herrian bisibilitatea ematea eta herri mugimendu bat sortu da».
Lehenengo bilerara 90 herritar hurbildu ziren eta eskakizuna argia da. «Astigarragan orain DBH edukitzea. Hori da lehentasuna DBH eta orain». Gauzatzeko ordea oztopo batzuk gainditu behar dira. «Udalak lurra erosi du eta lehenengo pausoa eman du. Orain kontua da herriak mugitu behar duela hurrengo pausoak emateko».
«Udalak erositako lurra hiritartu egin behar du»
Bigarren pausoa ere zein den argia da. «Lur horiek Udalak hiritartu egin behar ditu, bestela Hezkuntzak ez du eraikiko DBH eskola. Bildu dadila Udala Hezkuntzarekin eta pausoak eman. Herri mugimenduaren helburua instituzioek pausoak ematera bideratzea da, ahalik eta azkarren. Ez dago denbora galtzerik».
Udalak behin baino gehiagotan esan du beraiek Urumea Berriko eremua lehenesten dutela, baina herri mugimendutik diote horrek izugarri atzeratuko lukeela DBH Astigarragan. «Lekua berdin zaigu, ez dugu nahi DBH bost, hamar, hamabost urte atzeratzea edo itxaron. Nahi duten lekuan egin dezatela, baina orain».
Hilerri ondoko lurrak omen dira azkartasuna gehien bermatzen dutena. «Prozedura luzeagoa du Urumeako eremuak. Zortzi urte beharko lirateke eta hori ez da posible. Gure lehentasuna denbora da, ahalik eta azkarren, eta hori hilerriko lurrak bermatzen dute».
«Martutene ere gainezka egongo da hiru urtetan»
Astigarraga azkar ari da hazten eta arazoak sortu dira. «Pasa den urtetik Martutenen jangelan ez dira sartzen eta ordutegi trinkoa martxan jarri behar izan dute. Hiru urtetan Martutenen gainezka egongo dira dauzkagun aurreikuspenen arabera, baina hauek ez dira seguruak. Hemendik hiru urtera hemendik joango diren umeak ez dira sartuko hori horrela baldin bada».
Hezkuntzak lurra eskatzen zuen. Erosketa egin ondoren Udalak lurrak hiritartu gabe Hezkuntza Sailan aurkeztuko du proiektua honek ontzat ematen badu, ondoren hiritartzeko.
«Honek guztiak hainbat duda sorrarazi dizkigu, Hezkuntzari hiritartu gabeko lur sail bat eskaintzeak ekar dezakeen ondorioak esate baterako. Hor korapiloa sortzen da. Alde batetik Hezkuntzak eraikina egiteko hiritartutako lurra behar du eta bestetik Udalak dio ziurtatu gabe Hezkuntzak lur horietan eraikina egiteko prest dagoela ez duela lurra hiritartuko. Horrek prozesua atzeratzen du eta denborarik ez dago. Ez da posible».
«Hezkuntzan esan ziguten argi dagoela Astigarragan DBH behar dela»
Orain arte lurra edukitzearen babes hori ez zuen Astigarragak. Jaurlaritzara joateko ere prest agertu dira. Hezkuntzarekin Guraso Elkarteak egin zuen bilera orain hilabete inguru.
«Argi ikusten dute Astigarragan DBH behar dela, baina ez dute ikusten bi urtetan. Martuteneko arazoa iritsiko da hemen DBH egon baino lehen. Ez oso epe luzean herrian DBH behar dela diote, baina ez guk ikusten dugun presa horrekin. Hala ere zortzi urte baino lehenago ikusten dute eta guk ezin dugu horrenbeste denbora itxaron. Orain behar da DBH Astigarragan. Guk arriskua ikusten genuen Txomin-Enean egin eta hemen ez egitea, baina esan ziguten hori ez dela horrela izango».
Luzerako mugimenduak egin beharko dituztela ikusten dute. «Guretzako planteagarria da DBH hiru urtetan edukitzea, baina horretarako Udaletik eta hezkuntzatik konbentzimendu osoa egon behar du eta pausoak eman. Gero lizitazioak, proiektuak eta obrak denbora eramaten baitute».