Erreportajeak

«Konpartsetan aberatsak oroi­­­tzen ditugu, inude txiro eta herritarrak ahaztuta»

Kronika - Erredakzioa 2019ko mar. 23a, 01:00

Asteartean aurkeztuko duzu Berdintasun Arloko IV Iker­keta Bekari dagokion ?Bizi­rau­penerako Zaintza. Herna­niko inudeak 1900-1944?. Nola­tan aurkeztu zenuen proiektua? 

Ikasketak bukatu nituenean, kolaborazio txikiren bat egin nu­en memoria historikoaren gaiari lotuta. Proiektua aurkeztu nuenean, genero ikuspuntua eta emakumeon historiari ekar­pena egingo zion ikerketa bat egiteko erronka eta gogoa nuen. Lehendik ere, Hernanin aurkeztutako ikerketak ezagu­tzen nituen eta bekara aurkezteko aukera jakin nuenean, ez nuen bi aldiz pentsatu. 

Berez, beste proiektu bat aurkeztu nuen eta gai bat baino gehiago lantzeko asmoa nuen. Hala ere, artxibo lanetan hasi nintzenean inudeekin egin nuen topo eta horrekin aurrera egitea erabaki genuen.


Zer kontatzen duzu liburuan? Nola dago egituratuta? 

XX. mendearen lehenengo er­dialdean, Hernaniko inudeek zuten errealitateari buruz hitz egiten du liburu honek. Tes­tuin­gu­ruak pisu haundia du ikerketa honetan, inudeen ko­lektiboa hobeto ulertzeko ga­rrantzitsua baitzen niretzat. Goitik beherako bidea egiten saiatu naiz, testuinguru ma­kroak mikroan nola eragiten zuen islatzen saiatzeko.

Lehenengo ataletan testuinguru historikoa lantzen dut, ondoren, inude eta haur abandonatuen inguruan hitz egiteko. Jarraian, Hernaniko inudeen erradiografia eta kasu esanguratsuenak aipatzen di­tut. Azkenik, inude edo haur abandonatuen gaia gertutik ezagutu duten hiru hernaniarren testigantza biltzea lortu dut.

«Nire helburua Hernaniko inu­deen inguruko erradiografia ahalik eta fidelena egiten sa­iatzea izan da»

Zein ikuspuntutik burutu duzu lana? Nondik abiatu zara?

Nire helburua Hernaniko inu­deen inguruko erradiografia ahalik eta fidelena egiten sa­iatzea izan da. 

Hala ere, ikerketak ikuspuntu argia du. Garai historiko hartan ama, emakume edo inu­de bezala zer egin behar zuten eta nolakoak izan behar ziren errepikatzen zitzaien; eta bide ezberdinak erabili zituzten erreforma sozial horretarako. Erreforma horrek helburu konkretua zuen, nire ustez, eta hori mahai-gaineratzen sa­iatu naiz. Helburu hori argia zen: emakumeak ama eta emazte izan behar zuten. Ama izatea emakumeen pa­tu eta eginbehar garrantzi­tsuena li­tzake, eta haurrak ama biologikoek baino ezin zi­tuzten hazi eta hezi. 

Testu­in­guru horretan, inu­deak figura deserosoak ziren eta are gehiago, haur abandonatuak zain­tzen zituzten inu­deak, ezkon­tzaz kanpo jaiotako haur abandonatuak zaintzen baitzituzten. 

Haur abandonatuak berak ere figura zailak ziren: bekatu baten ondorioz jaio ziren, ez­kontzatik kanpo eta horregatik deitzen zitzaien ?ilegitimoak?. Estatuek haien ardura hartu zuten, haur ?ilegitimo? horiek nolabait bideratu behar baitziren. 

Hori horrela, inu­deen lana beharrezkoa zen eta funtzio so­zial garrantzitsua bete zu­ten, printzipioz, ama biologikoen edoskitzea hobesten ba­zen ere. Gai horiek guztiak kritikotasunez islatzen sa­iatu naiz.

«Pozik na­go lan honekin aitortza txiki hori egin ahal izan diegulako»

Zein dira atera dituzun ondorio nagusiak?

Gai asko ukitzen ditu ikerketak, inudeek kolektiboa bidegurutze askoren artean koka­tzen baitzen. 

Batetik, gizarte eredu mo­dernoan, ez zeuden guztiz on­do ikusiak; egokiena ama ba­koitzak bere haurrei bularra ematea bai­tzen. Inudeen lana gutxietsia zegoen, baina, aldi berean, inu­deen beharra larria zen, haur abandonatuak asko bai­tziren eta Sehaska Etxeak (haur abandonatuak jasotzen zituzten instituzioak) gainezka zeuden. 

Bestetik, inudeentzat diru-iturri txiki bat zen haurrak zaintzea eta familia osoko biziraupen estrategia baten baitan kokatzen zen diru iturri hori: inudetzatik lortzen zuten diru sarrera, familia osoa manten­tzeko beste diru sarrera bat gehiago zen. Instituzioen soldata jasotzen zuten inudeek lan horregatik. Baina merkatuko soldata okerrenetakoa zen inudeena. 

Horregatik, inu­deen biziraupen estrategiak bi alderdi zituen. Epe motzera, haur hori zaintzeagatik lortutako diru sarrera txiki hori lortzea izaten zen helburua. Epe ertainera, haurra nagusitzen zenean, haur hori ?prohijazioaren? bi­tar­­tez etxeko kide bihurtzen zen. Horrela, etxean beste kide bat gehiago izango zen baserri lanetan laguntzeko, bi esku gehiago, hain zuzen. 


Zehazki, nolakoa izan zen inudeen kolektiboa Hernanin 1900 eta 1944 urte bitartean?

1900 eta 1944 artean 119 inude kontabilizatu ahal izan ditut [Hernanin]. Horiek 133 haur zaindu zituzten guztira; eta inude batzuek mo­mentu berean haur bat baino gehiago zaindu zituzten. Guztiek aurrez haurrak eduki zituzten eta soberan zuten es­nea aprobe­txatu nahi izan zu­ten haur bat etxera ekarri eta inude bezala diru-iturri bat lortzeko. 

Kasu normalena honakoa zen: kide askoko familia batera haur abandonatu bat iristen zen; eta 5-6 urtez bularra eman eta zaintzen egon ondoren, ?prohijatu? egiten zuten. 5-6 urte horietan zehar inude bezala soldata jasotzen zuten Gipuz­koako Foru Aldunditik. Prohija­tzean, haurra familiako kide bezala onartzen zen, prohijatzeagatik azken ordainketa bat jaso ondoren. Askotan, haur hori familiako beste kide bat bihurtzen zen eta baserriko eta etxeko lanetan laguntzen hasten zen. 

Bizirauteko estrategiak, be­raz, fase ezberdinak zituen: haurra jasotzen zenean, dirua zen helburua, eta ondoren, etxean lan egingo zuen beste kide bat gehiago izango zen.


Nola izan da liburua egiteko prozesua?

Prozesu luze eta gogorra izan da. Beka 2016ko udan esleitu zidaten, baina gaia aldatzea erabaki genuen eta gutxi gorabehera 2017ra arte ez nintzen bibliografia irakurtzeaz gain ikerketa egiten hasi. 

Horretarako, Udal artxiboko dokumentuak izan dira iturri nagusi, eta aipatu behar dut haur abandonatuen gaia egun ikertzea ez dela erraza. 

Gai honek ikerketa guztiz baldintzatu du, babes bereziko datuak direnez, artxiboetara sartzeko baimenik ez baikenuen lortu, baldintza gogorrak jartzen baitzizkiguten. 

Horretaz gain, garaiko pu­blikazioak testuinguru historikoan sakontzeko erabili ditut, nagusiki aldizkari eta egunkariak erabili ditut horretarako. Azkenik, herrian testigantzak biltzen saiatu gara. Ez da gai erraza eta oraindik gaiaren inguruan tabuak daude. Hala ere, azkenean hiru testigantza mamitsu jaso ditugu eta horrekin pozik nago.


Ba al da benetan harritu edo ahaztuko ez duzun pasarte, datu edo istoriorik?

Hasteko, haur abandonatuen gaia lantzea oso interesgarria izan da niretzat. Ezkontzaz kanpo haurra eduki arren, ohore kontuagatik haurra aban­­donatzea XVIII. mendean hasi zen fenomenoa izan zen. 

Dena den, inudeen kolektiboak bere osotasunean harritu nau. XX. mendearen erdialdera arte, atzora arte, lanbide honek bizirik jarraitzen zuela da azpimarratzeko beste kontua. Inudeek kolektibo bezala gizartean eduki zuten funtzioa garrantzitsua izan zen, eta haur abandonatuen inudeak imaginario kolektibotik ezabatuta dauzkagula konturatzea izan da lan honek eman didan hausnarketa nagusia. Pozik na­go lan honekin aitortza txiki hori egin ahal izan diegulako.


Garai hartako inudeetan oinarritzen da egungo inude eta artzainen konpartsa. Egindako lanaren arabera, garai hartako isla dela esango zenuke? Zure ustez, galdu den eta berreskuratu beharko litzatekeen zerbait ba al dago?

Inude eta artzaien konpartsek inude mota batzuk soilik erakusten dituzte. Ikerketa honek az­pimarratu nahi duen lehenengo gauza da folklorean err­e­produzitzen ditugun inude ho­riek ez ziren inude gisara lan egiten zuten bakarrak. Errepre­sentazio horietan aberatsentzako inudeak erretratazen ditugu. 

Aztertu ditudan inudeen ko­lektiboak ume abandonatuak zaintzen zituzten haien etxe edo baserrietan jasota. Ez ziren konpartsa horietan agert­zen ziren bezain dotoreak, ez ziren zaintzara dedikatutako profesionalak, hamaika lan egiten zituzten batera: haur biologikoak zein etxera jasotako haurrak zaindu, baserriko lanak eta abar egiten zituzten batera. 

Konpartsetan aberatsak oroi­­­tzen ditugu, inude txiro eta herritarrak ahaztuta.

«1900 eta 1944 artean 119 inude kontabilizatu ahal izan ditut [Hernanin]» 

Halako gai baten inguruan egin duzun lan bakarra al da? Zer ikasi duzu lan honekin?

Aurrez memoria historikoaren inguruko lanen bat egin nuen, batetik, eta biziraupen estrategien gaia Frankismo garaiko migrazioen testuinguruan lan­du nuen, bestetik. 

Amatasunaz aurrez irakurrita nituen hainbat kontu, eta  erreformismo sozialaz ere bai. Inudeen eta haur abandonatu­en inguruan egin dudan lehe­nengo lana izan da. Buruan marko orokor argi bat nuen arren, bi gai horiek ondo dominatzeko lana egin behar izan dut, eta hori bera da lan honetan ikasi dudana.

Horrez gain, ikerketa prozesuaz beraz ikasi dut. Oso aberasgarria den bezala, gogorra ere izan daiteke. Prozesu luzeak dira ikerketak, buruan du­zu­nak forma hartzen duen arte lan asko egin behar da. Inguruko pertsonarik gabe ezinezkoa litzateke, nire ustez, ikerketa bat aurrera eramatea. 


Erakundeek ematen dituzten halako Bekak beharrezkoak al dira? Zergatik?

Nire ustez historia lokalean sakontzeko baliagarriak dira beka hauek. Maila mikroa lantzeko balio dute, eta uste dut, genero ikuspuntua ikerketa historikoetan txertatzeko ba­lia­garriak izan daitezkeela. 

Aukera on bat da herrietan egiten diren ikerketa horiek kritikotasunez egiteko, generoaren araberako paper ezberdindurik egon ote zen aztertzeko, herritarren inguruko historia lantzeko eta emakumeek edukitako paperari bereziki erreparatzeko. 

Gai berriak proposatzeko aukera edo landutako gaiei buelta bat emateko aukera ematen dute, baita ere, halako bekek. 


Zergatik animatuko zenituzke hernaniarrak batetik, liburuaren aurkezpenera; eta bestetik, liburua irakurtzera? 

Hernaniko historiako aktore garrantzitsu batzuk ezagutzeko interesa badute eta zehazki inudeen kolektiboa ezagutu nahi badute, etor daitezela. Aurkezpenean gaia interesgarria iruditu zaionari liburua irakurtzera gonbidatu nahiko nioke. Azken bi atalak irakur­tzea gomendatuko nieke testuinguruan galdu nahi ez dutenei. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!