Euria bueltatu den egunetan, beste lasaitasun batekin egiten dute hitz, Goizuetako suhiltzaile boluntarioen parkean. Ez dute berehalakoan ahaztuko, Goizuetan «aspaldi izandako suterik haundiena»; suhiltzaile gisa ari direnetik, bizi izan duten haundiena: bai Iñaki eta Martin Etxeberria anaiek, urte erdi baitaramaki aurrenekoak, eta laugarrena beteko baitu bigarrenak; bai Fernando Goia Pollok, parkeko arduradun nagusiak, hasi zenetik 13 urte pasa badira ere; baina baita Luis Elizegik ere. «1996an parkea martxan jarri zenetik daramaki Luisek hemen, bera da benetako nagusia», azaldu du Pollok.
Ez dute berehalakoan ahaztuko, nola ikusten zen sua herritik bertatik: «espektakularrak izan ziren. Gauez, sua oso eskandalosoa da, eta izugarria zen nola ikusten ziren», diote.
«Terreno lehorra eta zegoen zikinkeria guztiarekin, sekulako konbustiblea zen»
Baina espektakuluaz gozatzeko denborarik galdu gabe, lanean jarri ziren Goizuetako suhiltzaile boluntarioak. Ohikoa zen abixua jasotzeko modua, mugikorrera iritsi zitzaien mezu batekin: Sutea Goizuetan, Burugorriko pistan; azaltzeko aukerarik baduzu, deitu 112 zenbakira. Otsailaren 27ko goizaldea zen, 04:30ak aldera. Etxetik atera besterik ez zuten izan, konturatzeko sutea ez zela ohikoa: «hiru suhiltzaile etorri ginen aurrena parkera, eta ikusi genuen larria zela. Jendeari deika hasi, eta zortzi edo bederatzi elkartu ginen», azaldu du Martinek. «Hor ikusi zen, nolako konpromisoa duten batzuek eta zenbat bizitzen duten. Pare batek, jaiegun bat hartu zuten beraien lanean, hemen sua itzaltzen laguntzeko», dio Pollok.
Tokira iristen aurrenekoak izan ziren, eta suaren hiru flankoetatik, ezkerrekoan hasi ziren lanean. Gero iritsi ziren suhiltzaile profesionalak, Cordovillako parkekoak: «aurreneko interbentzioa inportantea izaten da beti, baina kasu honetan, terrenoa lehorra zegoela, zaila, eta zegoen zikinkeria guztiarekin, horrek aguro hartu zuen su; sekulako konbustiblea zen», kontatu du Pollok.
Gaua zuten, beste oztopoa: «ez duzu ikusten, eta ez dakizu suak zein jugada egingo dizun. Ongi planeatzen duzu, edo gainerakoan, ezin duzu sura sartu. Arriskua haundia da», azaldu du Martinek. Sura iristeko ere, ez zuten lan erraza izan, gainera: «ez da zonalde bat jende asko ibiltzen dena, eta pista batzuk itxita zeuden», dio Iñakik.
«Pare batek, jaieguna hartu zuten beraien lanean, hemen sua itzaltzen laguntzeko. Hor ikusi zen, nolako konpromisoa duten eta zenbat bizitzen duten»
«Zure etxean ikusten duzunean sua, hiru aldiz gehiago harrapatzen zaitu»
Hori guztia, «inpotentziaz» eta «oso urduri» bizitu zuten, suhiltzaile boluntarioek: «profesionalak lanera etortzen dira, eta poso haundia dute. Beste filosofia batekin etortzen dira. Baina zuk, zure etxea erretzen ikusten duzunean...», dio Martinek. «Zurean ikusten duzunean sua, hiru aldiz gehiago harrapatzen zaitu», nabarmendu du Pollok: «profesionalak etortzen dira su hori itzaltzera. Beraiei berdin zaie hemen itzali edo 100 metro harago. Baina zuk, herrikoa izanik, ikusten dituzunean erretzen plantazioak, gaztainondoak, bertako haritza? Horrek mina ematen dizu. Herriko diru iturria da hori, eta izorratzera dijoa dena. Inpotentzia da».
Otsailaren 27ko goizaldean piztu zen sua, 28ko goizaldean eman zuten itzalitzat. «Horrelako egunetan jendea eskas izaten da, eta guk jendea eta jendea behar... Eta azkenerako, lanera etorrarazi zituzten jaieguna zeukaten suhiltzaile profesional batzuk», azaldu dute. «Gu, berriz, indarrek eman zuten bitartean aritu ginen. Ni goizeko bostetan joan nintzen, eta arratsaldeko bostetan erretiratu nintzen, txikituta nengoelako», kontatu du Iñakik.
«Ibon, adibidez, goizeko bostetatik gaueko hamaiketara egon zen», gogoratu du Pollok: «baina zuk ikusten duzunean ezin duzula gehiago, handik alde egin behar duzu. Bestela, arrisku bat bihurtzen zara».
«Sua probokatzen duena, ez da kontziente zenbaterainoko mina egiten duen»
Sutea itzali bitartean, buruari buelta gutxi eman zizkioten goizuetarrek, kausen inguruan: «momentuan ez duzu pentsatzen; sua da, eta itzali egin behar duzu. Baina gero, jakinda intentzionatua izan dela, pentsatzen duzu eta konturatzen zara, hemen badela jendea ezberdin pentsatzen duena, gaiztoa edo intentzio txarrekoa», dio Martinek. «Eta beldurra sartzen zaizu, berriro gertatuko ote den», gehitu du Pollok.
Luisek uste du, sutea probokatzen duena ez dela konturatzen, eragin dezakeenaz: «min egiten dutela bai, baina uste dut ez direla kontziente, zenbaterainokoa den mina». Eta ezta ere, «jendeak bere bizitza arriskuan jartzen duela su hori itzaltzeko», dio Iñakik.
Bazekien, ordea, zeri eman zion su: «intentzio guztiarekin egin zuen», nabarmendu du Iñakik; «bestela mendiari ematen diozu su, zikinari, baina ez plantazioei», azaldu du Luisek. «Basozainak esan zuen, hau mina emateko egin dutela, izorratzeko. Plantazio horietan, 600.000 edo 700.000 euro inbertitu ziren, eta pikutara joan dira», salatu du Pollok.
Tokia eta baldintzak, kaxkarragoak bigarrenean: «euriak salbatu zuen»
Inauteriak «ondo eta lasai» igaro zituzten, gehienek. Ironiatik jo du Martinek, galderari erantzuteko: «primeran, bai; nik asteartekoa nuen gau bakarra libre, eta kalera atera bezala, sua zela. Ez zen posible. Eta ikusten dituzu lagun guztiak nola dabiltzan, enbalatuta. Denak parrandan, normala den bezala. Sutea ikusita, pentsatu nuen jendea beharko zela, eta jenderik ez zela; baldintza onenetan ez behintzat», kontatu du.
Inauteri astearteko gauerdian piztu zen bigarren sua: «abixua jaso genuenean, eta zebilen haizearekin, ikusi genuen bazela hor pastela. Bi lagun azaldu ginen, eta hortik pixka batera hirugarrena. Ikusten duzunean jende gutxi garela, urduri jartzen zara, gehiago elkartu eta ekipo bat bagarela ikusi arte. Baina norberaren arabera da hori. Luis, adibidez, ez duzu sekula urduri ikusiko», nabarmendu du Martinek. «Bere anaiak ere urte asko daramazki, baina urduri asko jartzen da!», zirikatu du Pollok. «Hasi berritan eta gaztea zarenean, normala da dena azkar egin nahi izatea», azaldu du Luisek: «baina azkenerako alperrik da. Hobe da parkean bost minutu gehiago pasatzea, zerbait ahaztu eta bueltan etorri behar izatea baino.?Denborarekin ikasten da».
Gau hartako baldintzek, hala ere, ez zuten laguntzen lasai egoteko: «toki txarragoa zen, eta baldintza metereologikoak ere bai. Sekulako haizea zebilen», azaldu du Pollok. «Eta aldakor, gainera», gehitu du Luisek: «oso arriskutsua da hori. Buelta eman dezake, eta suak zu harrapatu». Eta hala gertatu zitzaion, talde bati: «alde batean ari ginen itzaltzen, eta haizea aldatu zenean, minutu batean igo zen sua behetik gora. Bost lagun eta bi kamioi geratu ziren harrapatuta», kontatu du Pollok. Horien artean zen Martin, eta baita agintean zegoen sarjentua ere: «hark esan zuen, kamioiak erre behar baziren, erre zitezela; baina guk salbu jarri behar genuela, pago tartean, sua pasa arte. Suertea izan genuen, eta kamioiak ez ziren erre azkenean».
Haize horrekin, hidroabioiak eta helikopteroek ezin izan zuten lanik egin, aurrenekoan bezala. Baina laguntzaile bat, behintzat, izan zuten arratsaldean: «euriak salbatu zuen bigarrena», adierazi du Pollok.
«Jendea badago, gu parkean ikusi bezala laguntzera etortzen dena»
Beste laguntza bat ere izaten dute suhiltzaileek, horrelakoetan: herritarrena. «Gu gara uniformatuta goazenak, baina bada guk adina lan egiten duen jendea; atzeko eta azpiko lana egiten duena, eta gu parkean ikusi bezala, laguntzera etortzen dena», nabarmendu du Martinek. «Beti dago jendea laguntzeko prest, edozertan: zerbait igo behar den, bokatak egin behar diren, ura eraman... Goizuetan jendeak beti funtzionatu izan du horrela, eta berdin funtzionatzen du. Modu batera edo bestera, askok laguntzen dute», goraipatu du Pollok.
Edozein kasutan, azaldu dute, herritarrek «kontziente» izan behar dutela, suhiltzaileek protokolo bat jarraitu behar dutela horrelakoetan: «prestatu, bildu eta antolatu egin behar dugu, gauzak oso ondo egiteko. Edozein aktuaziotan, gauzak ondo eginda ere, gaizki atera daitezke. Beraz, pazientzia izan behar dute», dio Martinek. «Eta gertatzen da, laguntzeko saiakera horretan, gure lana oztopatu dezaketela, presaka aritu nahiagatik», azaldu du Luisek: «badakigu ez dutela intentzio txarrarekin egiten, baina traba egiten dute». Martinek dio, sua denean, jendeak ura ikusi nahi duela berehala: «baina gauzak ez dira horrela. Iritsi, eta bost minutu hartu behar dira egoera aztertu eta antolatzeko».
«Orain arte itzaltzen aritu gara, eta orain su ematea tokatuko zaigu...»
Guztien artean itzali zituzten bi su haundi haiek, piztuta segiko dute denbora baterako, haien memorian. Baina espero dute, hurrengo sute haundia beraiek eragindakoa izanen dela: «badaukagu erreketa haundi bat egin beharra, herriaren gaineko aldean. Madriletik etorriko dira, kema kontrolatuak egiten dituztenak, eta gurekin batera, Oronozeko suhiltzaileak ere egonen dira. Prestatzen ari gara, eta laster izanen da. Hori izanen da espektakularra, aurreko bi suteak bezala. Orain arte itzaltzen aritu gara, eta orain su ematea tokatuko zaigu...».