Erreportajeak

«Interesgarriagoak izan nahi dugu, Euskal Herriko musika sektore osoa EHMBEn egon dadin»

Kronika - Erredakzioa 2019ko mar. 9a, 01:00

Zein da Musika Bulegoaren papera?

2015ean sortu zenetik izan du Jaurla­ri­tza­ko Kultura Sailaren babesa, eta ez bakarrik ekonomikoa, baizik eta kontzeptuala eta filosofikoa. Sortu genuen lau elkarte azpisektorialek, de­nak musikari zuzenduak: Eus­kal He­rri­ko Musikarien El­kar­teak, Kul­tu­­ra Livek (aretoen el­kartea), MIEk (musika industriak) eta Mu­sikagileak-ek. Kan­­­pora begira ez da aldaketa haun­dirik egon, baina barne es­truktura indartu da. Orain, le­henengo al­diz Musika Bu­le­goak langile pro­pioak dauzka kon­tratatuta; elkarte hauetako koordinatzaileak, 6 lagun ari gara lan taldean. Lehen zuzendaritzako kide ere baginen; orain, elkarte ba­koitzeko zuzendaritzako kideak EHMBEn batu dira. Horrek bar­ne egitura areagotzen du eta es­pero dugu egunerokotasunean eta jardueran islatuko dela. Hel­buruak asko dira, baina motzean, garran­tzitsuena da, eta anbizio haundikoa da gainera, Eus­kal He­rri­an egiten den, sortu eta ekoizten den musikari babesa, la­guntza eta sustapena ematea. Hitz potoloak dira.


Jaurlaritzari lotuta, Euskal Herri osoan eragin dezake?

Euskal Herria esatean, euske­ra­ren eremu geografikoaz ari gara. Hor dauzka lan ardatz guztiak. Bazkideak ere Euskal Herri osokoak ditugu, eta be­raien alde egiten dugu lan. Lan ardatz desberdin asko ditugu.


Zein dira ardatz horiek?

Argi daukagu formakuntza eta sentsibilizazioa giltzarri direla, hortik, edozein esparrutan, de­na etortzen zaizulako. Zenbat eta formatuagoa eta kontzienteagoa izan publiko orokorra, hobe. Horretarako ekimen as­ko egiten ditugu, jarduera pol­tsaren bidez. Aurten 30.000 euro ditugu aurrekontu horretan. Honen bidez sektore osoari eskaintzen zaio aukera pro­iek­tuak gurekin partekatu di­tza­ten, eta guk, irizpide batzuk kon­tuan hartuta, babestu egiten ditugu: formakuntza, kon­tzertu didaktikoak, sustapena... Eta ez musikariari bakarrik; in­dustria eta aretoei ere bai.


Hain zuzen, sektore desberdin asko biltzen ditu elkarteak, eta interes kontrajarriak izan ditzakete. Nola saihestu liteke baten alde egiteagatik bestea kaltetzea?

Erronka haundi bat hori ere ba­da. Kanpotik begiratuta ikus­­ten da berez kontrako in­te­re­sak dauzkaten eragileak ma­hai berean ari garela lanean. Hori da gure balioetako bat, merituetako bat. Ezinezkoa ematen du, baina azpimarra­tzekoa da ahalegin haundiarekin egiten ari den lana. Le­henengo gure artean elkar uler­tu behar dugu, bata bestearen lekuan jarri eta zein behar dauden ikusi. Musika Bulegoak egiten duena da, eta oso ondo pentsatu genuen, amankomunean ditugun gauzen alde egin. Gustatuko litzaiguke Eus­kal Herriko sektore osoaren or­dezkari izatea. Orain sektorearen zati haundi bat ordezka­tzen dugu jada. Laginak denenak dauzkagu, eta oso potenteak. 500dik gora bazkide gara; batzuk musikariak, besteak mu­sikagileak, aretoak, management arlokoak, disketxeak... De­netatik dago atzean. Horrez gain, bazkide independente eta autonomoak, lau elkarte ho­rietakoak ez direnak. Bulegoa topagune irekia da edozein era­gile musikari, musikagile, enpresa, autonomo edo sektorean aritzen den edozein eragilerena. Etor daitezela. Hori ere bada gure helburuetako bat.


Zer falta duzue denengana iristeko?

Komunikazio aldetik ahalegin potenteago bat egin behar du­gu. Saiatu behar dugu iristen orain arte iritsi ez garen ho­riengana, eta interesgarriagoak izaten, Euskal Herriko sektore osoa hemen egon dadin. Anbizio haundiko helburua da, baina mentalitate horrekin egiten dugu lan.


Zein ekimen duzue orain esku artean?

Martxoan lehen aipatutako jarduera poltsa jarriko dugu mar­txan. Urtean 20-30 ekimen babesten ditugu. Basque Music markapean, adibidez, kanpo zabalkundea bultzatzen dugu; Etxe­pare Institutuak, Jaurla­ri­tza­ko Euskadiko Soinuak programak eta EHMBEk ordezka­tzen dugu. Musikarien eta eragileen lana ikusgarri egin eta azoka eta jaialdi desberdinetara joateko aukerak eskaintzen dizkiegu.?Beraientzat sortu daitezkeen aukerak izugarriak dira. Eta oso ondo ari gara la­nean. Beti esan izan dut Euskal Herrian musikagintzan izugarrizko kalitatea dagoela, eta ez bakarrik musikari eta sortzaileen artean, baizik eta baita ere, eragileen artean: industrian, booking zerbitzuetan eta musika bulegoetan, disketxeetan, aretoetan... Mu­si­kagin­tza­ko pro­­fesional guztiak kalitate oso haundikoak dira Euskal He­rrian. Celtic Connection ja­ial­dian izan berri gara, eta aukera paregabea da norberaren lana erakusteko. Egia da, baita ere, han izandako arrakasta lotuta dagoela bakoitzaren kalitateari. Nahiz eta zubi asko eraiki, kalitatezko ezer ez bagenu, alferrik ariko ginateke. Baina harrera oso ona izan da.


Horrelakoetan ez al dira talde haundiak indartzen txikienen kaltean?

Hori ez da konpontzen erraza. Argi daukagu musikagintza oso profesio lehiakorra dela. Ez dago EHMBE sortu beharrik ho­ri ikusteko. Baina denak ba­tera gaudelako saiatzen gara dauzkagun perfil desberdinei au­kera ematen. Bestalde, egia da guk ez dugula inoiz erabakitzen nor joango den batera eta bestera. Deialdiak sustatu eta zabaltzen ditugu, eta hauek irizpide ba­tzuk izaten dituzte: Wo­mex, Classical: NEXT, Mon­key Week... jaialdietan antola­tzaileek erabakitzen dute nor au­keratu. Oso kontziente gara profesio hau oso plurala eta ani­tza dela, eta bakoitzaren egu­nerokotasun eta lehiak des­­berdinak direla. Saiatzen ga­ra denei aukera berdinak ematen.


Publikoak ere izango du zeresana, ordea, bat edo beste arrakastatsu egiteko. Esan izan duzu kontsumitzeko era asko aldatu dela. Zein erantzukizun du?

Dena lotuta dago. Ez da EHMBE­ren meritua, talde as­kok lehendik ere egin baitute lan ibilbide bat izateko. Ez da musikari izatea bakarrik: konposatu, musika egin, diskak grabatu, lana erakutsi... Lan izugarria dago atzean publikoak hori guztia ezagutu dezan. Baina publikoak bere gustuak ditu. Noski, zenbat eta gehiago entzun zerbait, sor­tzen duzu jakinmin bat, eta arrakasta haundiagoa da. Urte gutxitan asko aldatu da. Ez bazaituzte ikusten, ez zara existitzen. Ez baduzu sare sozialik, ez bazaude prentsan, irratian, telebistan... ikusgarritasunik ez duzu. Bestalde, nire iritziz, eta sektorean ikusi dudanaren arabera, dagoen kontzertu, musika ja­ial­di, jarduera eta programazio aukera eta horretarako dagoen publikoa desorekatuta dago. Begiratu zenbat lagun joaten diren kontzertuetara eta zenbat joaten ziren lehen; ebidentzia bat dago hor. Izu­ga­rrizko programazioa da­go. Ho­rren atzean dago, baita ere, ge­ro eta musikari gehiago dagoela, eta gero eta errazagoa dela diska bat edo abesti bat egitea. Nolako irizpide eta zein kalitaterekin, beste kontu bat da. 


Autoekoizpenera jotzea ez al da disketxe eta musikariaren beharren arteko desorekaren isla?

Musika sektoreak oro har izan duen aldaketa azken 20 urtetan izugarrizkoa izan da. Le­hen kaseteak, biniloak, CDak... zeuden, eta saldu egiten ziren. Orain, nork saltzen du? Horri gehituta ekoiztetxe batekin egi­ten duzun kontratuaren baldintzak ez direla behar di­tu­zu­nak, eta aukera duzula ekoiztetxea edo grabazio estudioaren gastua kentzeko, egin egiten da. Ez dut partekatzen, baina uste dut kriterio oso per­tsonala dela. Musikariak ikusiko du zein ka­li­tateko produktua egin nahi duen, nola ba­bes­tua egon nahi duen eta no­la plazaratu nahi duen. Dena den, orain errazagoa da diska bat, edo abesti ba­kar bat deskargatzea; legalki ba­da, hobe! Ba omen daude taldeak helburu dutenak abesti ba­kar bat egi­tea. Beharbada ger­tatuko da, baina ez dugu mu­sika ho­rrela ikusten. Mu­si­kak balio kul­tural bat dauka, ondare bat uzten dizu musikak eta kulturak oro har. Hori nolabait de­sagertzen ari da. Hain­bes­te au­kera eta hain eskura, hain erraz izatearekin lotuta dago. Eta jaialdi asko doan. Ondo iru­ditzen zait, baina uste dut pu­bliko zati batek ez duela ho­rren balioa ikusten; doan de­nean, ez da baloratzen.


Joera haundiagoa dago zerbaiten alde kontzertuak antolatzeko, eta musikariari doan aritzeko eskatuta...

Izugarria da. Ni ez naiz musikaria, eta sutu egiten naiz. Nor­baiti bururatzen zaio iturginari deitu eta ez ordaintzea??Zer­gatik eskatzen zaio musikariari doan jotzeko? Ez dut ulertzen. Tes­tuinguru eta salbuespen asko egon daitezke. Mu­sika kul­­t­ura da, eta aldarrikapen bat egin nahi izanez ge­ro, parteka­tzen duzun ideologia baten alde egin nahi izanez gero, oso ondo. Baina uste dut gutxieneko ba­tzuk jarri behar direla; musikariak erabaki be­har du, berari atera behar zaio doan jotzea, eta ez antolatzaileak eskatu. Horren atzean dago musikariak ez direla serio hartzen. 


Horretarako ari da lantzen Artistaren Estatutua?

Musikaritik hasi genuen, eta irailaren 6an Madrilgo Kon­gre­suan onartu zen zirriborrorako proposamenak praktikan jar­tzen hastea. EHMBE ari da orain lanean. Estatutuko aldarrikapenek eragile guztiei eragiten die; musikari eta musikagileen, sortzaileen estatutua da, baina sortzaileak ez dira ezer gainerako eragilerik gabe.


Zein dira aldarrikapenak?

Luze joko luke, baina motzean, fiskalitatearen aldetik eska­tzen da artistak izan ditzala ko­tizatzeko eta lan egiteko neu­rri egokituak, profesiora egokituak. Musikari batek lan egiten du modu intermitentean. Agian udaran egunero, eta irailetik aurrera edo abenduan gutxiago, hilabete batzuetan bat ere ez. Kotizatu behar luke modu intermitentean, Fran­tzi­an bezala. Behar dena da araudi bat artista baten egunerokotasunari erantzuten diona.


Horrekin lotuta, Ikuskizunen Dekretua, tabernetako 
kontzertu kopurua mugatzea ez al da kaltegarria?

Oraindik ez dut aukera izan osorik irakurtzeko. Ateak Ireki plataforman honek sortu duen ezinegona ulergarria da. EHMBEtik honen  gainean ez dau­­kagu ino­lako iritzirik orain­dik, aurrena ikusi nahi baitugu nola aplika­tzen den. Ez gara po­si­zionatu. Errealitate bat da, kon­tziente gara, entzuten ari ga­­ra eta egin behar duguna da itxoin. Uste dut zuhurra dela hau, eta ondo ari garela. Nire iritzi pertsonala da bati edo besteari galdetu eran­tzuna oso desberdina dela. Ho­rre­ta­ra­ko lizen­tzi­arik ez du­ten tabernetan, sorkuntzan hasierako pausuak ema­ten dituztenen  kultura sor­tzai­le giro hori beti egon da Eus­kal Herrian. Ez dio musikari ba­karrik eragiten, baizik eta edozein diziplinari: antzerki, mo­no­logo, performance... Profe­sio­na­lek esango dute ez dagoela on­do urtean 12 emanalditara mu­gatzea. Taber­na­riarentzat ere izango du kaltea. Bestalde, no­labait arautua egon behar duela pentsatzea lo­gikoa da. He­men nahasten dira bizikidetza, se­gurtasuna... Dena den, ez gau­de ez alde ez kontra, itxoiten ari gara. Sailburuak esan zuen mal­gutasunez aplikatu behar du­tela, eta ondo iruditzen zait. Mal­gutasun hori beharrezkoa da. Orain, udaberrian eta he­rri­e­tako jaiak hasten direnean iku­siko dugu nola funtzionatzen duen.


Eskaintza haundia dagoela diozu, baina ondo banatzen al da geografikoki? Goizueta bezalako herri batean ba al dago nahikoa aukera?

Goizuetan badago izugarrizko aktibitate kulturala! Azaro kulturala izaten da. Uste dut herri txikietan, batez ere hiriburutik hain gertu ez daudenetan, ak­tibitate kulturala egotea nahi eta nahiezkoa dela. Harre­ma­nak sustatzen ditu. Goizueta Nafarroa da, eta lege hau ez dagokio, baina Gipuzkoako beste edozein herri txikitan lege hau aplikatzeak izugarrizko kaltea egingo lioke. Ho­rre­ga­tik aztertu behar da kasuz kasu. Goizuetan bertan pintxo-potea bera onuragarria da, ka­lera atera, partekatu eta bizilagunak sozializatzera bultzatzen dituelako. Sozializatzea, kultur ekitaldi baten aitzakian, beharrezkoa da, bestela he­rri­ak hil egingo lirateke. Goizue­ta­ko fiestetan izugarrizko ekin­tzak daude, baina goizuetarrak ez dira abuztuan bakarrik bizi. 


Euskararen eremuan eragin ahal izateko, erakundeen arteko elkarlana badago?

Hori gure esparrutik kanpo dago. Legeak batean edo bestean aplikatzen dira, segun eta zein organo administratibok aplikatzen duen. Nafarroan, adibidez, erabaki da 16 urtetik beherakoak joan daitezkeela kontzertuetara, guraso edo tu­tore batekin. Hemen ez dago onartuta, eta begira zein gertu gauden. Erakundeen arteko bi­tartekaritza ez da gure lana. Ho­ri politika da eta gu kultura gara, nahiz eta eskutik doazen. Ezin dugu bitartekari lana egin, baina saiatzen gara gu­re sektorean sumatzen ditugun kezka, aldarrikapenak he­la­razten. Hor bukatzen da gure lana, eta nahikoa bada sektorearen pultsua hartu eta bozgorailu lana egitea. Orain mu­sika sektoreak badauka min­tzakide den elkarte bat, eta indar haundia dauka. Zenbat eta gehiago ordezkatu, gero eta indar gehiago daukazu eta zubi lana egiten dugu.


Zein dituzue aurtengo erronkak?

Komunikazioa hobetzea izuga­rriz­ko erronka da; sektorera ho­be­to iristea, iritsi ez garen azpi­sek­toreetara iristea, eta in­te­res­ga­rriak ez bagara, zergatia jakitea. Era berean, formakun­tza eta sentsibilizazio jardunaldiak areagotzea, ko­pu­ruz eta edukiz. Sektoreari interesgarri egiteko aukera za­baldu nahi du­gu. Eta azkenik, Musika Bulegoa Sa­ri­e­tan geldialdi txiki bat egingo du­gu. Hi­ru urtetan egin ditugu, eta gure proiekturik ikusgarriena izan da. Onura asko ekarri dizkigu, posizionatu gaituelako, he­da­bideek kasu egin digutelako eta jadanik ez garelako hain ezezagunak. Baina data kontu­en­ga­tik arraro geratzen zaigu. Aza­ro­an egiten dira, eta abuztutik irai­lerako proiektuak har­tzen di­ra kontuan. Orain urte natu­ra­la hartu nahi dugu kontuan. Beraz, hurrena 2020ko otsaila edo martxoan egingo da. Ha­si­e­ratik argi geneukan sariketa bat antolatu nahi genuela, Eus­kal He­rri­an hainbesteko kalitatea izanik errekonozimendurik ez ze­goe­la­ko. Ez dira Euskal He­rriko Mu­sika Sariak. Gus­ta­tu­ko li­tzai­guke. Baina hau proiektu xu­mea da eta errespetuz ari  gara, zein garen eta zein ordezkatzen dugun kontuan edukita. Izan du­gu laguntza Jaur­la­ri­tzarena, Diputazioarena, Uda­­lena... Bai­na Euskal He­rri­ko Sa­riak egiteko behar genuke sektore osoaren onespena eta babesa, eta orain ez daukagu. Eta baita ere, erakunde publiko guztien babesa, urtero. Euskal Herriko Mu­si­ka Bulegoa he­rrialde mailako proiektua da.


EHMBEko zuzendaritza:

Lehendakaria: Aitor Bengoetxea (Azpeitiako Sanagustin kulturguneko koordinatzailea).

Lehendakari-ordea: Jagoba Astiazaran (Musikagileak elkarteko idazkaria).

Idazkaria: Unai Moraza (Musikariko lehendakaria).

Diruzaina: Amaia Ispizua (MIEko lehendakari ordea).

Bokalak: Alvaro Sanz (ABS argi enpresa), Olatz Salvador (Musikari), Iñaki Otalora (Dabadaba), Mikel Urkiza (Musikagileak), Mikel Unzurrunzaga DJ Makala (Musikagileak).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!