Erreportajeak

Nekane Arzallus, GBC taldeko presidente ohia: «Donostiako alkateak deitu zidan bere zerrendan joateko eta aukerak aprobetxatu egin behar dira»

Kronika - Erredakzioa 2019ko mar. 9a, 01:00

Nekane  Arzallus ergobiarrak GBC saskibaloi taldeko presidente izateari utzi berri dio. Lau urte izan dira kargu horretan, baina hamabi, taldeko zu­zendaritzan sartu zenetik. 

«Ez nuen limiterik jarri. Zor­tzi urteko epea ona dela uste dut, baina Donostiako alkateak (Eneko Goia) deitu zidan bere taldean joateko datozen udal hauteskundeetan. Sorpresa bat izan zen, baina momentuak izaten dira eta ez dira beti sor­tzen aukera hauek. Pauso hori emateko momentua zen, ezin diozu esan lau urte itxaroteko eta hurrengoan izango dela. Politikan gauzak horrela izaten dira. Nire buruhaustea mo­men­tu horretan saskibaloi klu­ba zen, kirol egoera ez delako ona, baina atzera begiratu eta jende egokia zegoela ikusten nuen; eta beraiekin hitz egin ondoren, lasai aurrera joateko esan zidaten».

Gipuzkoa Basketeko zuzendari batzordean sartu zenetik hamabi urte pasa dira eta gauzak asko aldatu direla argi du Nekane Arzallusek. «Kontsei­luan sartu aurretik laguntzen ibiltzen nintzen taldean. Au­rre­kontuak asko aldatu dira, denborak ere bai. Urte guztiak desberdinak izan dira; gogorrak hein haundi batean, bainza pozik egindako lanarekin».

Bere presidente urteen ba­lan­tzea egiterakoan, positiboa dela adierazten du astigartarrak. «Ona da. Ikusten badugu ekonomikoki, gaizki geunden; pixkanaka hobeto gaude. Kirol ikuspuntutik, lehenengo urtean LEB Liga irabazi eta ACBra igo ginen. Aurreko urtea mirari bat izan zen, ez ginen jaitsierako postuetan jardunaldi bat bera ere egon, eta hamairugarren amaitu genuen. Aurten­goa zaila izaten ari da kirol arloan, baina egonkortasunaren bila gabiltza».


«Erronka sentimendua sortzea da, Gipuzkoako saskibaloian»

Saskibaloiaren erron­­ka nagusia Gipuzkoan «sentimendua» sor­tzea dela dio Arza­lluzek. «Tal­de­­arekiko atxikimendu ho­­ri lortu behar da. Badago zaletasuna saskibaloiarekiko, eta be­harra ere bai. Ezin da dena futbola izan, eta horretarako bes­te erreferenteak behar dira. Egia da sentimentu ho­rren bila gabiltzala. Kluba sentitzen duen jendea behar da eta horretarako lan haundia egin behar da, Gipuzkoa osoko beste talde guz­tiekin. Horretan gabiltza, jakinda ez dela erraza», azaldu du astigartarrak. 


«Minus bat jarri behar banie lau urte hauei, Ilunbera jende gehiago ez erakartzea izango litzateke»

Badaki erronka oso zaila dela, baina urte hauetan zerbaitetaz konturatu bada Nekane Arza­llus, da jendeari irabaztea gus­ta­tzen zaiola. «Saskibaloia gus­tatzen zaigu, bai, baina ba­tez ere irabaztea. Adibidez LEB irabazi genuenean, 2.000 per­tso­nak betetzen zuten Gaska, eta gustora, irabazten ze­lako. Pasa den urtean, irabazten hasi ginenean zaleak etortzen hasi ziren. Aurten, berriz, ez. Nola lortu zaleak erakartzea eta ilusioa piztea da, GBCk duen erronkarik haundiena».

Hala ere, GBCri gertatzen zaiona, talde gehiagotan eta orokorrean kirolean gertatzen ari den joera bat dela nabari­tu du Nekane Arzallusek. «Fut­bo­lean bertan ere ikusten dugu, Realak arazoak dituela azken urteotan, zaleen erantzunarekin, Anoetan. Beste taldeekin asko hitz egiten dugu; bai Bera Be­rarekin, bai IDKrekin, Do­nos­tiako taldeekin batez ere, baina baita Gurutz Aginagalde Bidasoako presidente berriarekin; eta denok arazo hori daukagu. Egia da Gipuzkoan goi mailako talde asko daudela, eta denen bazkide izatea zaila da».

«Egonkortasunaren bila dabil GBC eta baita taldearekiko zaletuaren atxikimendu bila»

Telebistaren eragina ere azpimarratzen du. «Alde batetik ongi datorkigu, dirua ekar­tzen duelako, baina bestetik, zaleak kentzen dizkigu. Tele­bis­tarekin eta internetarekin edozer ikusteko aukera duzu. Modak ere sortzen dira».

Gipuzkoako saskibaloiak be­re olatu haundia izan zuen GBC igo zen urteetan, 2005, 2006, 2007 eta 2008 urteetan. «Alde ba­­tetik, Reala ez zebilen ongi eta jaitsi egin zen; eta bestetik, Gipuz­koan urte askotan ez zen saskibalo talderik goi mailan egon, eta ilusio haundia piztu zen igoerarekin. 7.000 bazkide eduki genituen eta Ilunbe be­te­tzen genuen. Egia da gero emai­tza txarrak etorri zirela, eta ekonomikoki arazoak eduki ge­nituen. Aurrekontuak gutxitzen joan ziren. Modu batean esanda zalea ez genuen ongi zaindu eta hori berreskuratzea oso zaila da. Familientzako abonoak atera genituen, eta oraindik mantentzen ditugu».


«Helburua ACBn mantentzea da, baina bururik galdu gabe; jaitsierak naturaltasunez hartu behar dira»

Aurtengo urtea zaila izan arren, maila galtzea ez du drama be­zala ikusten Nekane Arza­llusek. «Naturaltasunez hartu behar da, daukagun aurrekontua mantentzen badugu. Igo­gailu taldea izango gara. Hel­burua ACBn mantentzea da, ho­ri lortu behar dugu, diru aldetik ere hobea da, diru ge­hiago jasotzen duzulako; baina ezin da burua galdu. Ikusi be­har da nondik gatozen, non egon garen eta buruarekin, pixkana-pixkana, egonkortasuna lortu behar da. Ezin da fitxatzeagatik fitxatzen hasi, eta dirua eskatzen. LEBen gaudela? Ba orain bi urte oso gustora egon ginen. Sendotzea da helburu nagusia. Pasa den urtean Betis eta Bilbao Basket jaitsi ziren, bi talde indartsu, eta Sevillan oso gustora daude aurtengo denboraldiarekin. Ilusioa sortzeko balio izaten du askotan».

Saskibaloian, eskubaloian gertatu dena ez gertatzea espero du GBCko presidente izan denak; hau da, talde profesional bakarra eta beste guztiak erdi profesional izatea. Baina arriskua hor dagoela dio. «ACB Ligaren barruan kezka hori badago, eta zerbait desberdina egin behar dela argi dago. Aztertu beharreko beste gaia, tal­deen arteko aurrekontuen arteko aldeak dira. Guk 2 mi­lioi euroko aurrekontua du­gu, eta 32 milioi euroko aurre­kon­tua duenik bada, Real Madril bezala. Mugak jartzea ere plan­teatu izan da». 

Formula egokia bilatzea ez dela erraza dio ergobiarrak. «Txapelketaren sistema alda­tzea pentsatu da, baina asma­tzea oso zaila da. Hor ibiltzen gara ika-mikan, baina denek argi dugu aldatu egin behar dela», azaldu du. 


«Emakume presidenterik gabe geratuko da ACB Liga; epaile bat dago, eta bigarren entrenatzaile bakarra»

Nekane Arzallus da emakume bakarra bilera horietan. «Ora­in emakumerik gabe geratuko da ACB Liga, eta pena bat da. Ni nintzen emakume lehendakari bakarra, Fuenlabradan nes­ka bat dago bigarren entrena­tzaile bezala, eta gero epaile bakarra dago. Hori ikusi eta galdetzen duzu, oraindik ho­rrela gabiltza? Hala ere, aurre­rapausoak eman dira, eta ea mantentzen diren. Erreferen­teak hor daude. Kuotak behar direla ikusten da». 

Gainera, kontuan hartu behar da emakumeek gehien joka­tzen duten kirola dela saskibaloia. «Ez hori bakarrik. Gi­puz­koako goi mailako lehen­da­kari denak emakumeak ga­ra; IDKn, Iraurgin, Honda­rribin?», nabarmendu du. 


«Erabilera anitzeko pabilioia behar da Gipuzkoan, baina ez berria; hor dago Ilunbe eraberritzearen aukera»

Nahiz eta presidentetza utzi, GBCtik hurbil jarraituko du, urte asko baitira, bertan eman dituenak. «Taldera eta saskibaloira oso lotuta nago. Eta noski, barruan dagoen jendearekin lotuta nago, bulegoan dagoen jendearekin». Orain, po­litikaren ikuspuntutik beste gai bati heldu beharko dio se­guru asko, eta hori Donostiako erabilera anitzeko pabilioiarena da. PSE-EEk berria eraiki­tzearen aldeko apustua egin du, baina EAJk zuzentzen duen Udala Ilunbe eraberritzearen aldekoa da. «Donostiak eta Gi­puz­koak erabilera anitzeko pa­bilioia behar du, baina leku hori Ilunbe da. Eraberritu edo birmoldatu egin behar da, ezin da hiltzen utzi orain dela ho­rrenbeste urte eraiki zen zezen plaza eta eraikina».

Gasteizen egin zena jartzen du adibide bezala. «Ganadu ferientzako erabiltzen zen, ha­sieran berritu zen eta gero bi­ga­rrenez birmoldatu da. Lekua badaukagu eta gauza asko egiteko egokitu behar da. Oso ongi geratuko da. Zezen plaza izateari utziko lioke seguru asko. Kontuan hartu behar da, baita ere, Anoetako instalakuntza guz­tiek behar dutela birmoldaketa. Belo­dromoan egin da be­rritze bat, baina gehiago ere ba­daude, eta berria egiten bada, ez da egongo dirurik Paco Yol­di­rentzako, esaterako». 


Kirol profesionala, gustuko

Kirol profesionala oso gustuko izan du beti Nekane Arza­llusek. «Ergobiko eskolan ikasi nuen zazpi urtera arte, eta gero Martutenera joaten ginen, Aran­tzazuko Amara. Kirola pa­sioa zen niretzat, eta hala da oraindik. Futbolean jokatzen nuen. Garai haietan mutilak fut­bolean aritzen ziren, eta nes­kak sokasaltoan edo briletean. Ni Reala ikustera joaten nintzen, eta futbolean jokatzean, entrenatzaileak esaten zi­dan ez zela posible». 


Nekane Arzallus Iturriza

- Ergobian jaio zen 1965ean. 

- Donostia Gipuzkoa Basket ACB taldeko presidente izatera heldu zen 2015an eta Espainiako Liga nagusian egon zen bigarren emakumezko presidentea izan zen eta lehendabizikoa urte bete baino gehiago karguan. 

-2009an Gipuzkoako Golf Federazioko presidente izendatu zuten, Basozabal klubeko presidente ordea izan zen.

-4 urtetan Metadeporte aldizkariak Espainiako eragin handienetakoa duen emakumea izendatu zuen kirol arloan.


Aspegik zuzendari onena izendatu du

«Izugarrizko ilusioa egin zidan saria jasotzeak. Erreferenteak behar dira, ezin zara izan ikusten ez duzuna»
Aspegik saria ere eman dio, zuzendari onenari. «Izugarrizko ilusioa egin zidan. Ez dut nire saritzat hartu, baizik eta emakume askoren sari bezala. Lan asko egiten dugu emakumeok, beti lan ikusezina izaten dena. Hor dauden emakume guztientzako errekonozimendu bat da. Honelako sariak enpresentzako izaten dira eta kirol munduan beti ezkutuan gera­tzen da. Horregatik egin dit ilusio haundia sari hori jasotzeak». 

Emakumeen artean eragin haundienetakoa duena izan da aukeratua Espainia mailan behin baino gehiagotan. «Hori gehiegi esatea da, baina garrantzitsua da erreferente izatea. Emakumeari bisibilitatea ematea da garrantzitsua, eta kirolak horretan asko laguntzen du. Oso mediatikoa da, eta bide egokia emakumeen lana ikusarazteko gizarteari. Presidente izendatuta konturatu nintzen nola bihurtzen zaren erreferente, eta deiak jaso­tzen dituzu elkarrizketetarako, hitzaldiak emateko, mahai inguruetan egoteko? jende bitxiak idazten dizu. Ezin zara izan ikusten ez duzuna». 

Gipuzkoako Golf federazioko presidente ohia

«Pena da Gipuzkoan golf zelai publikorik ez egotea, Bizkaian eta Araban dauden bezala»

Nekane Arzallusek lesio larria izan zuen belaunean eta golfean jokatzen hasi zen. «Umeekin lanean aritu nintzen, eta oso esperientzia polita izan zen». Gipuzkoako Federazioan ere, lehendakari izan zen gero.

Golfa da, publikoki gutxi ezagutzen den Nekane Arzallusen beste pa­sioa. Gipuzkoako Fede­razioaren lehendakari ere izan da. «Kirola beti gustatu izan zait. Belauna apurtu nuen eta geratu zitzaidan gauza gutxirako. Golfean sartzeko aukera izan nuen eta probatu egin nuen. Kirolean jarraitzeko irteera bat izan zen. Konpetitzea asko gustatzen zait eta golfak aukera hori ematen dizu. Ez dago adinik bertan aritzeko, eta buru belarri sartu nintzen harrapatuta geratu arte». 

Umeekin lan egiteko aukera eduki zuen. «Oso polita izan zen, norbait behar zuten. Goza­da bat izan zen, aberasgarria eta polita. Gero Gipuzkoako Federakuntzan sartzea eskaini zidaten. Saskibaloiko eta golfeko ardurak uztartzen nituen. Hori bai, zortzi urte nahikoak zirela garbi nuen, eta behin bete eta gero presidentetza utzi nuen. Gero, gainera, GBCko pre­si­­dente izendatu ninduten, eta horrek dedikazio haundia eska­tzen zuen». 

Golfaren inguruan aurreiritzi asko daudela uste du Arzallusek. «Esteriotipo horiek puskatzen ari dira. Garai batean hemen klubak oso pribatuak ziren eta sartzea oso zaila zen; diru asko kostatzen zen bazkide egitea, baina orain aldatzen ari da. Pena da Gi­puz­koan zelai munizipal edo pu­blikorik ez izatea, Bizkaian eta Araban bezala. Gero eta jende gehiago ari da golfean sartzen eta oso kirol polita da». Ando­aingoa da irisgarriena, bazkide egiteko. 

«Golfaren inguruko estereotipoak puskatzen ari dira eskiarekin gertatu zen bezala»

Lehendabiziko pausoa ema­­tea oraindik ere garestia dela dio Arzallusek, baina «gero ez da hain garestia eta, eskiak bere garaian egin zuen ibilbidea bezala, orain gizartearen zati haundi bati iristen zaio». 

Kirolari izandako asko eta asko dabil golfean jokatzen. «Konpetitzen jarraitzeko aukera ematen du, eta asko harrapatuta geratzen dira golfaren sareetan. Eta nik izan dudan esperientzien artean, umeekin lan egitea izan da politena. Kapitain eta delegatu bezala ibiltzen nintzen, eta orain asko Estatu Batuetan daude ikasketak egiten, bekarekin. Hori oso pozgarria da niretzat. Gainera, gizonezkoek eta emakumezkoek txikitatik elkarrekin eta elkarren aurka jokatzen dute. Hori kirol askotan ez da posible; laguntasun eta gertutasun asko eskaintzen ditu».

Basozabalen, bederatzi zulo jokatzen ditu. «Denbora behar da. Goizetan jubilatuek joka­tzen dute, eguerdian enpresa gizonek eta ofizio liberaletakoek, eta hiruetatik aurrera fun­tzionarioak dira bertaratzen direnak», kontatu du.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!