Gerriko beltza atera zenuten ekainean. Espero zenuten?
XABIER JAUREGI: Denbora asko daramakigu prestatzen, orduan, ez ateratzea izango zen… Hainbeste prestatzen duzunean gauza bat, espero duzu ondo ateratzea!
AINARA EIZAGIRRE: Seguru-seguru ez geunden, baina, bai… atera nahi genuen!
JONE IRASTORZA (IRAKASLEA): Federazioko hiru ikastarotara joan behar dira, aurretik, eta han ere bai, ikusten dute zer-nolako aukera daukaten.
Gutxi gorabehera zenbat daramakizue prestatzen?
X.J: Ni irailean hasi nintzen.
A.E eta I.E: Gu pixka bat gutxiago, lau hilabete-edo. Konpetizioak genituen, eta horiek bukatu arte itxaron behar izan genuen. Orduan, buru-belarri jarri ginen honekin.
Nola izaten dira azterketa prestatzeko entrenamenduak?
I.E: Azkenean, azterketa nola egin ikastera bideratzen da saio guztia, bertako ariketak egitera.
A.E: Hori da, ez da hainbeste fisikoa lantzea, ez zara hainbeste nekatzen. Egiten genuen beroketa besteekin, eta gero, gu azterketan zentratzen ginen.
XABIER JAUREGI: Azken finean dakizuna erakutsi behar duzu. Jendeak pentsa dezake: ‘honi edo hari irabazten badiozu, badaukazu gerriko beltza’, baina ez da horrela.
Eta konpetizio eta azterketaren artean ze desberdintasun dago?
A.E: Ez dauka zerikusirik!
X.J: Konpetizio eta entrenamenduetan efektibitatea bilatzen duzu.
J.I: Konpetitzeko, dauden teknika guztietatik, nahi duzuna erabili dezakezu.
A.E: Eta hemen, arau batzuk daude. Gehien bat da teknikak perfekzionatzea. Konpetizioetan, aldiz, egiten duzu ateratzen zaizun bezala; eta ondo ateratzen bazaizu, ondo; eta bestela, ba ez da ezer gertatzen.
Nola izaten da azterketa?
A.E: Alde teorikoarekin hasten da; gero goiko zatia; gero, lurrera joaten zara, hor ere, teoria dago. Eta gero egiten da kata (japoniarrez, mugimendu batzuen serie edo sekuentzia).
I.E: Goran eta beheran egin behar dira giltza desberdinak, eta bukatzeko, zuri gehien gustatzen zaizun giltza, modu desberdinetara.
Galdera bat erantzun beharra daukazue alde teorikoan?
Bai, galdetzen dute judoaren oinarriei buruz; agurra nola den, erorketak, zertarako egiten diren, zer esan nahi duen… Azken finean, dena japoniarrez dago, horregatik, ikasi egin behar da.
Eta zuek bakarrik jartzen al zarete aztertzaileen aurrean?
J.I: Ez, beraiekin batera beste hiru joan ziren, laguntzera. Judoan, ‘Tori’ da teknika egiten duena; eta ‘Uke’, bestea. Horrek ere garrantzia dauka judon, eta beraz, bikotea beharrezkoa denez, bilatu egiten da beste bat tamaina eta pisu berekoa, zurekin ondo moldatzen dena…
A.E: Gure ‘bikoteak’ dira. Beraiek bazeukaten gerriko beltza, laguntzera dijoaz.
I.E: Azkenean dira giltza egitean botatzen direnak.
Zuen helburua beti izan da gerriko beltza ateratzea?
I.E: Nik helburutzat ez neukan, baina pentsatuta neukan judoarekin jarraitzen banuen, aterako nuela. Gehienen helburua izaten da, gainera.
A.E: Azkenean judon urteak badaramazkizu eta jarraitzen baduzu, beti izaten da helburuetako bat. Nahiz eta gu konpetitzera joaten garen gehiago, gerriko beltza beti dago hor.
X.J: Ezin zara geratu marroiean, pauso batera.
J.I: Ba jende pila bat geratzen da!
X.J: Nik utzi nuen 15 urterekin, eta 21 urterekin bueltatu naiz. Utzi nuen beste kirol batengatik, denborarik ez neukalako. Hala ere, judoa beti gustatu izan zait. Orduan utzi nuen marroiean, eta errematatu beharra neukan!
Ainara eta Intza, zuek txikitatik ari zarete, ezta?
I.E: Ni nere gurasoek proposatuta hasi nintzen, nire anaia ere hasi zelako. Eta jarraitu dut asko gustatzen zaidalako.
A.E: Nire ahizpa eta bioi nire amak sartu gintuen honetan! Hasi, horregatik; baina gero pixkanaka gustatzen zaizu, eta geratu egiten zara.
X.J: Azkenean, txikitan denok egiten dugu judo Hernanin!
Zuen bizitzan, ze garrantzia dauka judoak?
X.J: Zure burua gehiago ezagutzeko balio du. Nik, eta Ainarak ere bai, probatu dugu taldekako kirola, baita indibiduala ere, eta niretzat hori da desberdintasuna.
A.E: Futbolean, adibidez, taldeko kirol bat izanda, ez dago zure menpe bakarrik, beste taldeko kide guztiak ere badaude; ondorioz, zuk egun txar bat baldin badaukazu, taldekideek atera dezakete aurrera. Judon, aldiz, zu bakarrik zaude.
Etorkizuna nola ikusten duzue?
I.E: Orain, konpetizioekin jarraituko dut.
A.E: Nik ere bai. Eta gero, ikusiko dugu! Guretzat ez da ezer aldatzen.
X.J: Nire asmoa ere judoarekin jarraitzea da, baina konpetitu gabe.
2. Dan-arekin jarraitzeko asmorik ba al daukazue?
I.E: Nik uste dut behin beltza aterata (1. DAN-a), ez duzula pentsatzen gehiago aterako duzunik. Konpetizioak utzita, 30 urterekin hemen jarraituz gero, ikusiko nuke.
A.E: Nik hemendik hiru urtetara judo egiten jarraitzen badut, eta esaten badidate ea prest nagoen, esango nuke: ‘Goazen prestatzera!’.
X.J: Azkenean, 30 urtetik pasata, kirola egiten jarraitzea… hori jende gutxik egiten du!
A.E: Hemen daukagu bat 65 urterekin gurekin entrenatzen. Futbolean, adibidez, ez duzu ikusiko halako adineko bat jokatzen.