Magia en Zapatillas izenburuarekin aurkeztuko duzu gaurko ikuskizuna Portun. Nolatan izen hau?
Egia esan izenburu hau lagun batekin asmatu nuen; izen bat behar nuen bai ikuskizunarentzat, baita niretzat ere. Andoni da nire izena; Euskal Herrian oso komuna bada ere, Argentinan nahiko bitxia da. Eta Magia en zapatillas janzkerarekin lotura duelako, estetikarekin, egiten dudan magiaren informaltasunarekin. Eta hala geratu zen!
Egiten duzun magia motarekin zerikusia duela esaten duzu. Hain zuzen, zer da gaur Portura bertaratzen direnek ikusiko dutena?
Familia osoarentzat ikuskizuna da. Magia da elementu nagusia; egunerokotasuneko hainbat elementu ere erabiltzen ditut, eta lengoaia eta janzkera ere magoen ohiko iruditik ateratzen dira; horregatik diot informala dela.
Jolas asko ere badago, partehartzailea da; malabareak ere badaude, zirko ukitu bat baita musika ere. Azkenean, nahastu egiten dut pixka bat magia ni naizenarekin eta gustatzen zaidanarekin.
«Publiko euskaldunari kostatu egiten zaio gerturatzea hasiera batean, baina bukaeran gozatu egiten dute»
Nolatan magia?
Betidanik gustatu izan zait kaleko artea, baita zirkoa ere. Gero magiara pasa nintzen, odolean neramalako; nire aitaren aita, euskalduna bera ere, mago afizionatua zen. Profesionala ez izan arren, denek ezagutzen zuten mago gisa.
Baina, ikasketarik-edo egingo zenuen, ezta?
Madrilen bizi ginenean, nire aitak liburu bat oparitu zidan magiako sekretuekin. Horrekin hasi nintzen ikasten, eta gainera, urtebeteko ikastaroa egin nuen Madrilgo Juan Tamariz mago ezagunaren eskolan. Ondoren jarraitu dut autodidakta gisa edo beste mago batzuekin harremanetan egonda. Joaneko bidaia izan zen hura; honekin hasi nintzenetik, ezin gelditu nabil!
Kaleko ikuskizunak hemen baino ohikoagoak dira Argentinan, ezta?
Bai, hori egia da. Baina oraingo honetan, kaleko testuingurua ez da izango Portukoa. Izan ere, jendeak badaki ikuskizun bat dagoela, eta ordutegi zehatz batean joango da. Baina kaleko xarma egon egongo da; kaleko egoeratik gertu osatuko dugu. Argentinan ohitura haundia dugu kalean lana egitekoa –«trabajar a la gorra» dio berak-; eta hemen ere, Euskal Herrian zehar lanean ari naizela, kalean lanean topatzen ditudan gehienak kide argentinarrak dira.
Eta publikoari dagokionez, zein desberdintasun dago hemengo eta hangoaren artean?
Publiko euskaldunari kostatu egiten zaio hasiera batean gerturatzea, baina bukaeran eskertu eta gozatu egiten dute, beste edozein lekutan bezalaxe.
Aipatu duzu dagoeneko argentinarra zarela… ze harreman daukazu Euskal Herriarekin eta zehazki, Hernanirekin?
Argentinak Euskal Herriarekin harreman haundia dauka garai batean izan ziren migrazio fluxuengatik. Nire aita euskalduna da, Eibarkoa; Argentinara joan zen txikia zenean. Ni Necocheako Euskal Etxean hazitakoa naiz, nire familiarekin eta anai-arrebekin eta jende askorekin batera, Euskal Herriko kultura eta ohiturekin.
Eta Hernanirekin lotura… Hernaniko Zubillaga abizenak, hemen eta han [Necochean] dauzka familiak. Horrez gain, 2000. urtean Etzakit taldea joan zen Argentinara, tartean Ander Barrenetxea hernaniarra. Eta bertan sortu zen Barrenetxea familiarekin aurreneko harremana.
Orduan, 2003an Madril ondoan dagoen herri batera etorri nintzen bizitzera eta lau urtez egon nintzen bertan nire familiarekin. Eta orduan, Euskal Herriarekin izan nuen aurreneko kontaktua Hernanin izan zen; Barrenetxeatarrak bisitatzera etorri nintzen. Gaur egun, Hernani gure bigarren etxea da; nekotxearrez betea dago eta orain gainera, nire arreba hemen bizi da bere familiarekin.