Laubidieta zegoen tokia etxeko leihotik ikusten du orain Karmen Etxeberriak. Hantxe pasa du ia bizitza osoa, urbanizazio berria egiteko bota zuten arte. Ama Santa Barbarako Eguzkitza baserrikoa zuen, aita Zestoatik etorria. Ezkondu zirenean Laubidietako eraikina oraindik ez zegoen bukatuta eta Kale Nagusian jarri ziren bizitzen aldi baterako. Karmen alaba zaharrena Kale Nagusiko etxean jaio zen 1927an, baina hamabost egunen buruan Laubidietara aldatu ziren giltzak eskuan. Gainerako bost anai-arrebak Laubidietan sortu ziren, baita Karmenen seme-alaba guztiak ere, ohe berean: «a zer artaldea!», esan digu umoretsu.
Etxe berezia zen Laubidieta, terraza horiekin.
Ederra zen, Ilarramendi kontratistak egin zuen. Sei bizitza zituen eta eskailera kanpotik zeukan, terrazatik terrazara. Hasieran ez zegoen ikuilurik, guk hiru sagardo barrika edukitzen genituen hor, nahikoa urtea pasatzeko. Lopetegik ganadua jarri nahi zuela eta frailiatarrek ere bai… ukuilu bihurtu zuten azkenerako. Gero etxeari puska bat jarri zioten beheran, harrobiko langile batentzako, Barcenilla barrenadorea. Baratzak aparte genituen, gure aita lan asko egina zen hor.
Eta ingurua, nolakoa zen?
Karreteraren beste aldean soro haundi bat zegoen txabola batekin, olanotarrena. Dena soroa zen hemen, berde-berdea. Etxerik apenas: auzoa egiteko bota duten Axala zaharra edo Arrigoian-berri, Marieluts-berri, Arantzazu etxea… Oraindik zutik dago garai hartako bat: Gure Kabiya. Hasieran Villa Trinidad izena zuen, bertako andreak ere hala izena zuelako. Santa Barbara mendi ederra zen, pinudi ikaragarri bat zuen eta hor jolasten ginen gorde-gordeketan. Arrigoain baserri haundia ere hor zegoen, gero harrobia egiteko bota zuten.
Harrobian dinamita sartzen zutenean sumatuko zenuten…
Bai, behin gure etxe pareko soroan harri batek zaldia jo eta hura ere hil zuen. Etxeak berak puska bat zeukan zintzilik txupinazo horietako batek jo ziolako. Terrazako leihoek ere dar-dar egiten zuten, ez ziren gaur bezalakoak, baina niretzako eleganteak ziren. Guk beti egin izan dugu bizimodua hor, udara terrazan eta negua sukaldean.
Bizimodu gogorra zen?
Pentsa! Zenbat aldiz ez ote ginen joan ur bila. Bi lagunen artean hartzen genuen esku banarekin barreñua eta beste eskuarekin baldea; halaxe joaten ginen Leokara edo Bakerora. Gero herrian ura jarri zuten eta etxe gaineko depositoa betetzen genuen, hura bai adelantoa.
Zu haurra zinela zirkuituko errepidea egin berria zen, baina kotxerik pasatzen al zen?
Keba! Gu karreteran jolasten ginen saltoka eta txingoka. Halako batean «automobila!”» esaten zuen norbaitek, baztertzen ginen eta gero berriz jolastera; ordubetean kotxe bat edo bi pasako ziren. Gurdiak bai, horiek gehiago ibiltzen ziren, Iñistorretara joateko.
Kotxe karrerak ikusteko toki pribilegiatua zenuten.
Makina bat ikusi izan ditut. Jendea ere piloa igotzen zen gure terrazara. Kanpokoak etortzen ziren karrerak egitera, haietako biren izenaz akordatzen naiz: (Louis) Chiron eta (Tazio) Nuvolari; Lasarten barrena egiten zuten buelta. Laubidietatik Santa Barbara aldera zubia jarri zuten, egurrezko pasadizoa, eta Axalatik Potrokilloren aldera ere bai; hantxe egoten zen jendea begira.
Ordurako kanposanturik ez zegoen Txantxillan, baina futbol zelairik oraindik ere ez. Zer zegoen?
Ezer ez. Bagenekien kanposantua izan zela, baina handik eraman egin zituzten eta ez zen ezer geratu, toki arlote bat. Gero futbol kanpoa egin eta Txantxilla jarri zioten izena.
Txantxilla ez al zitzaion ba inguru guztiari deitzen?
Txantxilla toki horri baino ez genion deitzen, gainerakoa Laubidieta edo Cuatrocaminos zen. Baina hau ez zen barrio bat, etxeari deitzen zitzaion horrela.
Eskolara nora joaten zineten?
Lehenengo Portalez Kanpora, señorita Present eta señorita Agustinarekin. Gero Biterira, eta han Cara al Sol kantatu behar izaten genuen egunero.
Gerrak bete-betean harrapatu zintuen.
Adarratik Santa Barbarara izaten zuten metraila eta ika-mika. Aireplanoak bi txandatan etortzen ziren eta behin bonba bota zuten Villa Milagroserako bidean (Kerejetaren etxea). Hura lehertzean sekulakoa izan zen, kristalak eta guzti puskatu zizkiguten. Gu bodegara jaisten ginen eta Gure Kabiyakoak ere etortzen ziren, Laubidieta zokoagoan zegoen, agidanean. Beheko bizitzako sukaldean tranpa egin zuten, eskailera jarri eta horrela jaisten ginen bodegara, kanpora atera behar izan gabe; hortxe egoten ginen errezatzen. Azkenean joan egin behar izan genuen, egun gutxitarako baina.
Nora joan zineten?
Azkoitira joan ginen, gure aitak arreba bat zuen han. Hala geundela, autobus bat iritsi zen hemengo jendearekin eta batek esaten dio amari: «Bai neska, Eguzkitza erre diten eta Haritzola ere erre diten!». Gure etxearekin zer pasatuko ote zen beldurrez geunden eta itzuli ginenean Laubidieta osorik zegoela ikusi genuen. Gure aitona, Eguzkitzakoa, etorri omen zen.
Zeinek erre zien Eguzkitza zuen aiton-amonei?
Erreketeak ziren hemen triunfanteak, haien kontra zeinek egin? Aitona Laubidietara etorri zen eta esan zien «aquí vivo yo». Izeba jostuna ere bagenuen eta hark bandera espainola jarri zuen terrazan. Holaxe salbatu zitzaigun etxea.
Esan izan da Galarretan fusilatzen zituztenak Laubidietan barrena eramaten zituztela hilerrira. Zerbait ba al dakizu horretaz?
Cuesta de la Muertetik eta gure etxetik sartzen ziren gurdian. Ni ezagututa nago hori, baina barrenera bidaltzen ziguten gurasoek. Haiek terrazan. Eguerdiko denboran izaten zen, ordubiak edo ordu bata eta erdiak aldera, bazkalondoan jende gutxi nonbait, orduan pasatzen zituzten. Eta nik gogoan daukat gurdian pasa zirela eta (gorputzak) etzanda eta burua gurditik zintzilik. Hori begien aurrean daukat. Ez naiz ahaztuko. Gure aita-eta terrazan, eta gu ezkutuan zokoan jartzen ginen, ikusi egin nahi. Konturatzen zirenean «segi hemendik barrena!”» esaten ziguten. Hola pasatzen ziren hiru-lau gurdi. Nik gogoan daukat bai, emakumea edo gizasemea edo fraidea, ez dakit zer zen.
Baratza eta soro artean bizi zineten, goserik pasa al zenuten gerraostean?
Ni ez naiz akordatzen goserik pasa genuenik. Baserrian ere familia genuen eta amona gaixoak babarruna edo patata ematen zigun beti; taloa ere asko jaten genuen eta esnea ere handik ekartzen ziguten.
Herrian ez zen giro izango…
Aita errepublikarra zen eta falangez jantzita edukitzen zuten talde haundi batekin, obligatuta. Gorroarekin eta borlak zintzilik, firmes! Halaxe joaten ziren igandetan 11:30etarako mezetara. Presente daukat nola ibiltzen zituzten… Baina zigorren eta halakoen berri ez genuen izaten, kalerako grinarik ez genuen. Hau toki arlotea zen, ez kaleko ez baserriko.
Majo aldatu da geroztik. Txantxillara paseatzera joaten zara?
Atzo joan nintzen, gaur ere bai.
Zer sentitzen duzu?
Parkea dagoen horretan baratza geneukan. Poza ematen du, lehenago ere haurrak baginen, gurean sei, albokoan hiru… Baina orduan halako parkerik ez genuen!
Orain festak eta guzti ditugu.
Bai, aurrekoan ere esaten aritu ginen: 80 urtez hor bizitzen eta sekula festarik aitatu ez. Ene… ez zegok gure aita begira!