Erreportajeak

«Halako ekimenak ezagutaraztea onuragarria da, bai Ereñotzurentzat, baita euskaltzaleentzat ere»

Kronika - Erredakzioa 2017ko urr. 7a, 02:00

Benito Ansola Saria emango dizute Euskalzaleen Topaguneak eta Euskal Zine Bilerak hilaren 21ean. Pozik?
Noski, gustura. Inolaz ere ez nuen espero halako errekonozimendurik, halako saririk ematea, eta beraz, atsegin haundiz jasotzen dut sari hau, baina baita erantzukizun haundiarekin ere. Azkeneko hiru proiektuetan ikusitako lanak oso politak izan direla eta horrek ematen dizu beldur apurtxo bat zuk ere halakoren bat egiteko.

Eta zer-nolatan aurkeztu zinen sariketa honetara?
Aurreko edizioetara ere aur­kez­tu naiz eta ez dut zorterik eduki, baina aurten erabaki nuen kajoitxo batean neukan ideia berreskuratzea. Eta aurten tokatu egin zait! 

Aipatu duzun gaia Ereñotzuko Atsolorrarena da. Zu, hemen, Astigarragan bizita, nola izan zenuen gai honen berri?
Orain dela 3-4 bat urte ezagutu nuen ideia, eta egunkariak eta abar irakurrita sakondu dut. Ideia oso erakargarria iruditu zi­tzaidan irakurri ahala eta no­labait zinearekiko harreman bat ikusi nion. Indar horrekin, ikus-entzunezko zerbait sortzeko beharra sortu zait nire barrenean.

Orduan, nola dago proiektua? Egon al zara Ereñotzun?
Nire kabuz egon naiz, baina oraindik informazioa, dokumentazioa… besterik ez dut bildu; une honetan aurreprodukzioan bainabil. Pixka bat ahalegintzen ari naiz informazio gehientsuena jasotzen nahi dudana aurkezteko, eta saia­tzeko nik nahi dudana egiten. Gerora ere ikusiko dugu ea ze aukera ditugun, eta zer-nolako harrera duen jendearengan. Aurreko astean jaso nuen berria eta oraindik ere ez dut askorik egin, baina apurka-apurka datozen asteetan saiatuko naiz pixka bat proiektua jendeari aurkezten eta ea zer-nolako harrera daukan eta zer-nolako prestutasuna daukaten laguntzeko. 

Hortaz, aurreprodukzioan zaude. Zein izango dira hurrengo pausuak?
Pixka bat jakinaraztea jendeari proiektua eta ea zer iruditzen zaien, zer-nolako harrera daukaten. Nik uste dut pozik egongo direla; halako ekimena, euskal kulturaren aldeko zerbait egitea, nik uste pozik egoteko modukoa dela eta denon artean zaindu beharreko gauzak direla. Ez bakarrik beraiek mantendu behar dutena, hori ezagutarazi behar dela; bai euskal kideei, baita gure mu­getatik kanpo ere. Hemendik kanpo ere jakin beharko lukete, nire usteetan, zer-nolako ekimenak mugitzen diren gure herrian gure kultura babesteko eta bultzatzeko. Hori da, nik uste, gehien azaleratu behar duguna. 

Eta zertarako aukera emango dizu 3.000 euroko beka honek?
Nolabait nire ideia edo proiektuaren ideia da gaur egungo Atsolorraren eta iraganeko Atsolorraren arteko paralelismoak bilatzea, eta horretarako, gustatuko litzaidake errekreazioak egitea aktoreekin. Orduan, saiatuko naiz jasotako dirua pixka bat ‘fikziozkoak’ diren halako gauzetarako bideratzen, eta gero, beharrezko material teknikoan ere joango da dirua. Bestalde, badaude bestelako gastuak: janarietarako, bidaietarako… Azkenean, 3.000 euroko bekak gauza askotarako eman diezazuke aukera. Eta horregatik, esker­tzen da. 

«Ereñotzuko Atsolorrak piz­tu du beste herri batzuetan ere iraganean burutzen zen ekintza hori berreskuratzeko beharra»

Dokumentala eta fikzioa nahastuko dituzu, orduan?
Hori da. Dokumentala izango da, peto-petoa, baina iraganeko Atsolo­rraren inguruan hitz egiten dugunean sartuko ditugu errekreazioak edo fikziozko ataltxoak, iraganeko errealitatea hobeto irudikatzeko.

Uztailaren 1era arte daukazu epea lana osatzeko, nola ikusten dituzu datak?
Ondo. Berehala hasita, behin harremanak finkatuta, nik uste dut denbora dexente dagoela. Normalean, nik dakidala, Atsolorrak apirilean ospatzen dira eta hori izango litzateke az­keneko pausotxoa. Egun hori baino lehen dagoeneko finkatuta izan behar ditugu elka­rriz­ketak, testigantzak eta he­rri­aren irudiak. Azkeneko bi hila­beteak, maiatza eta ekaina, izango lirateke muntaketa lanak egiteko, eta nola ez, lana aurkezteko. Ez dut uste uztailaren 1era arte iritsiko garenik, saiatuko naiz pixka bat lehenago bukatzen, ekainaren er­di­­al­derako edo. Urdurita­suna saihesteko, batez ere.

Pluralean hitz egiten duzu, zu bakarrik zaude proiektu honetan?
Momentuz, bai. Baina GU esaten dut, azkenean ez delako nire proiektua bakarrik; jende askok parte hartuko du hemen, eta horregatik ari naiz GUtaz. Nire ideia da, baina beste batzuengatik. Ez da nik neuk berez izandako ideia, baizik eta hor zegoen ideia, eta horregatik ez da nirea. Ni saiatuko naiz hori pixka bat ezagutarazten edo horretan ahalegintzen, behintzat. 

Zuk ze harrera uste duzu izango duela honek Ereñotzuko herritarrengan?
Nik uste dut ona izango duela. Lehen aipatu dudan moduan, nik uste dut halako ekimenak harro egoteko modukoak direla. Azkenean ez da zuretzat bakarrik den ohitura bat, baizik eta nik uste dut ongarria dela ezagutaraztea, bai Ereño­tzuko herriarentzat bere etorkizuna babesteko, baita euskaltzaleentzat ere. Eta dakidanez, Ereñotzuko Atsolorrak piz­tu du beste herri batzuetan ere iraganean burutzen zen ekin­tza hori berreskuratzeko beharra. Adibidez, Oiartzunen ere hasi dira egiten eta Bizkaiko Urduñan ere bai. Baina nik uste dut Ereñotzu izan dela antzindaria; beste herriek, ikusita zer-nolako garrantzia eduki duen, beraiek ere animatu egin dira, eta erabaki dute aurrera eramatea.

Eta muntaketa osoa zuk egingo duzu, ezta?
Bai, hori bai. Artisautza lana da, baina izugarri gustatzen zait halako erantzukizuna hartzea eta azkenean muntaketa da gauza oso partikularra. Printzipioz, 17-18 minutuko la­na izango da, baina gerora ikusiko dugu ea nola egingo du­dan eta zenbateko materiala daukadan. 

Bukatzeko, Sari hau jaso duzu, eta ekoitziko duzu zure proiektua. Baina etorkizunerako ze asmo daukazu?
Estreinaldia datorren urteko Zine Bileran egiteko asmoa daukat; izan ere, hori da Sariaren baldintzetako bat. Eta hortik aurrera, espero dut pro­iektua aur­keztea bai Euskal Herriko zine jaialdietan, baita gure mu­getatik kanpo ere. Kanpoan, uste dut dokumental jaialdietan izango duela ibilbidea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!