Denboraldi honetan majo ari dira lanean Hernaniko Arraun Elkarteko Maialen traineruko arraunlariak. Gipuzkoako Ligako azken jardunaldia igandean jokatuko dute, Donostian, eta oraingoz, sailkapen orokorreko bosgarren postuari eusteko moduan direla erakusten ari dira; iazko denboraldian baino, postu bat gorago. Hala ere, Xabier Zabala entrenatzaileak eta Miren Garmendia patroiak argi daukate postuak ez duela askorik inporta. Are gutxiago, Kontxako Banderari begira. Horretan pentsatzen jarriak baitira.
Sailkapenean gora egin duzue. Hobetzen ari zarete?
Postua anekdotikoa da. Bosgarren, seigarren edo laugarren geratu, ez dio inporta. Datu objektiboa da erdira jaitsi dugula, aurreneko ontziengandik geneukan diferentzia. Hor ikusten da eboluzioa, plantillak hobetu egin du.
Hain zuzen, aldaketak izan dira plantillan eta entrenatzailean. Zaildu egin du lana horrek?
Lehengo urteko 13 bat arraunlarik utzi dute aurten, eta fitxaje berriak egin ditugu. Baja izan diren gehientsuenak, gainera, titularrak ziren. Beraz, balorean jartzekoa da. Jende gazteagoarekin hobetzeko gaitasuna erakutsi dugu. Aurrerapausoak eman dira. Hala ere, merkatu txikia da gurea. Lehengo asteko I. Iparragirre Sagardotegia Sarian, 20 urtetik beherako 10 arraunlarirekin, atera ginen, eta horietatik 6 jubenilak ziren. Ez dago nahikoa merkatu, neska helduagoak mantentzeko. Beraz, oraindik talde gaztea daukagu, esperientzia gutxikoa, baina antzeko adineko taldekideak gara, eta giro ona daukagu. Denbora behar dugu.
Zein dituzue indargune eta ahulgune?
Gaztetasuna bera, bietarako: esperientzia falta dugu, baina baita ilusioa eta aurrera begira eboluziorako aukera ere.
Dagoeneko egindako eboluzioak lagunduko dizue Kontxarako sailkatzen?
Azkartasuna irabazi izanak ez dizkigu Kontxarako aukerak haunditu; askoz garestiago dago aurten! Gainera, ohiko 10 traineruez gain, Galiziatik ere 3 traineru berri ariko dira, lehendik esperientzia duten neskekin osatuak, eta Kantabriakoren bat, agian. Lehengo urtean, 40 bat segundo motelago ibiltzen zirenak irabaztea nahikoa zen ia, sailkatzeko. Aurten, aurrenekotik 20 segundora geratuta ere, ez da nahikoa izango!
Zein ote orduan, giltza?
San Juan eta Hibaika dabiltza goian. Atzetik, Orio. Eta gero gatoz Arraun Lagunak, Deusto, Donostiarra eta gu. Galiziako ontzien erreferentzia zuzenik ez daukagu, nahiz eta badakigun esperientziadun neskak dituztela. Guk, gure taldetxo horretan aurrena geratzea genuke onena, lehendabiziko hiru horietatik ahalik eta gertuen. Baina gure taldetxo horretako guztiek edukiko dugu helburu hori, muturrean ateratzea!
Zein dituzue denboraldi honetarako betebeharreko minimoa, eta helburu edo amets nagusia?
Minimoak dagoeneko beteta daude: arraunkera aldetik eboluzioa izan da, eta azkarrago gabiltza. Beste gauza bat da, lehiak non jartzen zaituen. Pena litzateke Kontxan ez sartzea, eta beraz, hori bada helburua. Baina behin barruan, helburua aldatuko litzateke; orduan ezingo ginateke edozerekin konformatu.
«Gaztetasuna bera dugu ahulgune eta indargune: esperientzia falta dugu, baina
baita ilusioa eta eboluziorako aukera ere»
Ligako azken jardunaldiak, igandekoak, lagunduko du Kontxarako prestatzen?
Azken estropadak ez du balio ezertarako. Urduritasun eta tentsio berarekin joango gara Kontxara. Denak ahalik eta talde onenarekin joango dira, eta jokatu egin beharko dugu. Jakinaren gainean egon behar dugu: potoak ere egin ditugu, baina oso ondo ere ibili gara Ligan. Hala ere, Kontxan, momentukoak inporta du! Saiatuko gara!
Eta hernaniarrek animatuko zaituztete, seguru!
Lehengo urtetik hona, estropadetan nabari da jende gehiago, eta kamixetak ere ikusten dira. Kontxari begira ere, ea animatzen diren! Azkenean, eskutik etorriko dira. Guk erakutsi egin behar dugu ondo ari garela, eta orduan, jarraipen haundiagoa izango dugu.
Eboluzio horri eusteko, datorren urtera begira, zer?
Aurrena, kontentu bukatu nahi dugu denboraldu hau, eta gerorako, jarraipena egon dadila. Taldeak 12 edo 24 hilabete barru eboluzio polita izan dezake, sekulako kolpea eman dezake. Iaz ere itxura bazuen, baina askok utzi zuten, zaila baita jarraitzea.
Oraingoz, Kontxan kontzentratzera, orduan! Itsasoak eraginik izango du?
Itsasora aterata, ona edo txarra, lehengo urtean baino gutxiago galduko dugu. Gure obligazioa da aurrera egitea. Aukerak badauzkagu, eta horretan jarri behar dugu!